Roza Xanina

Roza Jegorovna Xanina (errusieraz: Роза Егоровна Шанина; 1924ko apirilaren 3an jaioa eta 1945eko urtarrilaren 28an hila borrokan) Bigarren Mundu Gerrako eliteko sobietar frankotiratzaile bat izan zen.

Roza Xanina

Bizitza
JaiotzaJedma, 1924ko apirilaren 3a
Herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaTxerepanovo, 1945eko urtarrilaren 28a (20 urte)
Hobiratze lekuaZnamensk, Kaliningrad Oblast (en) Itzuli
Heriotza moduaborrokan hilda
Hezkuntza
HeziketaFrankotiratzaileen Trebakuntzarako Emakumezkoen Eskola Zentrala
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakfrankotiratzailea, hezitzailea eta militarra
Lantokia(k)Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraArmada Gorria
Infanteria
Graduasenior sergeant (en) Itzuli
sergeant major (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra
Vilniusko erasoaldia
Q16655649 Itzuli
East Prussian Offensive (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista

Borondatez aurkeztu zuen bere burua lehen mailako frankotiratzaile gisa jarduteko,[1] eta 59 etsai naziren heriotza egozten zaizkio. Tiro egitean zuen doitasunagatik ezaguna, mugitzen ari ziren etsaiak jotzeko eta «bikoitzak» egiteko gai zen, hau da, bi helburu jarraian botatzea, segida azkarrean egindako bi tiroz.[2]

Biografia

Haurtzaroa eta hezkuntza

Roza Xanina Jedman jaio zen, Vologdako gobernazioko herri txiki batean (gaur egun Arkhangelsk oblastan). Ama Anna Alexeyevna Xanina izan zuen, behizaina kolkhoz batean, aita Georgi Mikhailovitx Xanine, Lehen Mundu Gerran izandako zauri batengatik gaixorik bizi zen egurketari bat. Rosa Luxemburg marxista iraultzaileagatik jarri zioten Roza izena.[3] Jaioterrian egin zituen lehen ikasketak, eta, gero, Bereznik ondoko herrian ikasten jarraitu zuen, oinez egin beharreko 13 kilometrora, ez baitzegoen eskola garraiorik. Larunbatean ere itzultzen zen, Agnia Borissova izeba gaixoa zaintzera.

14 urte zituela, gurasoen borondatearen kontra, 200 kilometro egin zituen taigan barna geltokiraino, Arkhangelsken ikasketak jarraitzeko, irakasle eskolan. Ikasketekin batera, haurtzaindegi batean batean lan egin zuen. 200 kilometroko ibilaldia berretsi zuen Alexandre Makarine irakasleak.[4]

Vsevobutx 16-50 urte bitarteko gizonentzako entrenamendu militarrean parte hartu zuen bere borondatez, eta geroago, 1943ko ekainean,[1] Eliteko Emakume Tiratzaileen Prestakuntza Akademia Nagusian sartu zen, Podolsken, Moskuko probintzian; bi urtez tirabirak izan zituen erreklutamendu zentroaren zuzendaritzarekin, bertan onartua izateko eskaera zela eta.[1] Han, «bikain» aipamenarekin graduatu zen, eta gerra frontera joan zen, 19 urte zituela.[1]

Gerran

Emakume sobietar tiratzaileen pelotoi baten errebista, borrokara abiatu aurretik (1943).

1943ko ekainaren 22an, Armada Gorrian sartu zen Roza Xanina, eta 1944ko apirilaren 2an, fusilarien 184. dibisiora bidali zuten, non emakume frankotiratzaileen pelotoia sortu baitzen. Bederatzi hilabetez borrokatu zen, eta 1944ko ekainaren 5ean Vilnius eskuratzeko sobietar eraso handian parte hartu zuen, Bagration Operazioaren barruan. Aintzaren Ordena (errusieraz: Орден Славы; sobietar armadak Bigarren Mundu gerran emandako bereizgarri militar gorenetako bat) ohorezko bereizgarria jaso zuen 1944ko ekainaren 18an, eta bigarrenez 1944ko irailaren 2an.[5]

Egun batean, batailoiko komandanteak atzeragoardiara atzerapenik gabe itzultzeko agindua eman zionean, Xaninak erantzun zuen: «borrokaren ondoren itzuliko naiz». Adierazpen hura, geroago, Nikolai Jouravliov-en lan baten izenburua bihurtu zen.[6]

1944ko abenduaren 12an, bala batek jo zuelarik sorbaldan, «Adorearen domina» (errusieraz: Медаль «За отвагу») eman zioten, 1944ko abenduaren 27an. Sobietar soldatu bati emandako ohorezko bereizgarri gorena zen.[4]

Heriotza

Roza Xaninaren heriotzaren jakinarazpena, 205. batailoi mediko eta sanitario bereiziak amari bidalia.

1945eko urtarrilaren 27an, Roza Xanina larri zauritu zen Richau herrixkatik gertu, Ekialdeko Prusian, aurrez zauritutako komandantea babesten ari zela. Bi soldaduk aurkitu zuten, zatikatze obus batek bularra lehertuta zuelarik.[7] Salbatzeko ahaleginak egin arren, hurrengo egunean hil zen, 1945eko urtarrilaren 28an,[7] Armada Gorria nazien aurkako borrokan gailendu baino hiru hilabete lehenago. Jekaterina Radkina erizainak gogora ekarri zuen Xaninak esan ziola damu zela, «hain gutxi» egiteagatik.[7] Hala ere, 59 etsai nazi hil ondoren, aitortu zuen etsita zegoela. Amak, alabaren heriotza jakin zuenean, esan zuen «hobeto zela horrela», kontuan hartuta haren borrokak sortzen zituen heriotzak.[8]

Xaninaren gorpua izan zen bakarra, inguru haietan hildakoetatik, 1953an Znamenskeko hilobi komun batera eraman ez zutena. Arkhangelskeko Lydia Melnitskaya kazetariak 1965ean egindako ikerketa baten ondorioz, haren gorpuzkiak identifikatu et, urte hartako maiatzaren 4an, lurperatzen eremua hesiturik gelditu zen.[2]

Bizitza pribatua

Roza Xaninak lau anaia eta ahizpa bat zituen: Fiodor, Julia, Marat, Mikhail eta Sergei. Mikhail Leningradeko Setioan hil zen, 1941ean, Fiodor urte horretan bertan hil zuten Krimeako kanpainan, eta Sergei ere ez zen gerratik itzuli. Marat izan zen bizirik geratu zen anaia bakarra.[5]

Xaninaren bizitza pertsonala guztiz baldintzatu zuen gerrak. 1944ko urriaren 10ean hauxe idatzi zuen bere egunkarian: «Ezin dut onartu Mixa Panarine jada bizirik ez egotea. Ze mutil ona! [Bera] hil egin zuten... Maitatu egin ninduen, badakit, eta nik ere bai... nire bihotza nahigabeturik dago, hogei urte ditut, baina ez dut lagun [gizonezko] hurbilik».[4] 1944ko azaroan, idatzi zuen «burua borrokan daukala maite duelako» Nikolai izeneko gizon bat, nahiz eta «eskolatzeagatik eta hezkuntzagatik distira egiten ez duen».[2] Orrialde berean idatzi zuen ez duela ezkontzaz pentsatzen, «ez baita unea orain».[4] Geroago, Nikolairekin «irten» zela idatzi zuen, eta ohar bat bidali ziola, esanez «berea zela eta ez zuela beste inor maitatuko».[4] Egunkariaren azken atalean, doinu ezin ilunagoz, Xaninak hauxe idatzi zuen: «ezin dut kontsolamendurik aurkitu» orain eta «ez naiz inorentzat baliozko».[7]

Nortasuna

Piotr Moltxanov gerra korrespontsalak, maiz topatu zuelarik Roza Xanina frontean, deskribatzen du ohiz kanpoko borondateko pertsona bat bezala, benetako izaera distiratsua zuena. Izaera sinplea zuen eta garrantzitsutzat jotzen zituen adorea eta besteengan norberekeriarik ez ikustea.[4] Apal janzten zen eta boleibolean jokatzea maite zuen.[9]

Xaninak «hitzontzi mugagabe eta ausartegitzat» zeukan bere burua eskolako urteetan. Berak bere izaera Mikhail Lermontov poeta, pintore eta idazle erromantikoaren irudiaren arabera definitu zuen, hark bezala erabaki baitzuen bere ikuspenen arabera jokatzea.[4]

Lidia Vdovina burkide eta adiskidearen arabera, Xaninak Ой, туманы мои, растуманы («Oi Tumany Moi, Rastumany», euskaraz «Oi lanbroa, ene lanbroa»)[10] kantatzen zuen bere arma garbitzen zuen bakoitzean. Pasadizo bat kontatu zuen behin, «berrogeita hamar bat faxista oihu basatiekin» erasoan sartu zirenean hamabi emakume tiratzaile, Xanina barne, hartzen zituen zanga batean, esanez «batzuk ondo tiratako balez erori ziren, beste batzuk gure baionetekin, granadekin, palekin, eta beste batzuk atxilo hartu genituen, armak harrapatu ondoren».[4]

Ohorezko bereizgarriak

Roza Xaninaren borroka egunkarietako bat.
Aintzaren Ordenaren domina, 3. mota. Aintzaren Ordenaren domina, 3. mota.
Aintzaren Ordenaren domina, 3. mota.
Adorearen Domina (SESB).

Roza Xaninak bi aldiz lortu zuen Aintzaren ordena. Hala, Bigarren Mundu Gerran sobietar borrokalari baten jaso zezakeen bereizgarri gorenetako bat jaso zuen lehen emakumea izan zen. Horrek ospea ekarri zion herrialde osoan, eta hari buruzko artikuluak nahiz argazkiak argitaratu ziren hedabideetan. Gerran, atzerriko kazetariek Ekialdeko Prusiako izu ikusezina deitu zioten, 1944ko udazkenetik eskualde hartan borrokatu baitzen.[11] Alabaina borroka egunkarian idatzi zuen ez zuela ahalko aintzarik merezi, uste baitzuen oso gutxi egin zuela gerran.[1]

Bere borroka egunkaria eta zenbait gutun argitaratu ziren Xanina hil ondoren, 1965etik aurrera, eta Xaninarekiko interesa piztu zuen sobietar hedabideetan. Arkhangelsken eta Xangaly edo Stroievskoie herrietan kaleak beraren omenez izendatu zituzten. Jedma herrian museo bat dago Xaninaren omenez, eta 1931-1935 ikasturtean ikasi zuen tokiko eskolak oroitzapenezko plaka bat du. Orduko propaganda komunistak omenaldia egin zion amari, «halako alaba miresgarriari bat munduratzeagatik».[6]

2013. urtean, gerrako errusiar sei pertsonaiaren grafitiekin egindako oroipen horma batean agertu zen (Pavel Oussov, Prokopy Galouchine, Alexandre Xabaline, Pavel Kojine eta Piotr Noritsyne), Arkhangelsken.[12]

Kulturan

Florian Ferrier frantses idazlearen Étoile rouge eleberriak (Buchet-Chastel, 2023) Lenka du protagonista, Roza Xaninaren benetako historian inspiratutako eliteko sobietar tiratzaile bat.[13]

Erreferentziak

  1. (Frantsesez) Timofeïtchev, Alexeï. (2017-06-22). «Lady Death et Terreur invisible: ces femmes tireurs d’élite» Russia Beyond (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  2. (Errusieraz) Люди земли Архангельской. (2023-12-17). «Шанина Роза Егоровна» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  3. (Errusieraz) «Что в имени тебе моем?» Ki Gazeta (Archive Today).
  4. (Errusieraz) «Снайпер Роза Шанина» web.archive.org 2016-05-27 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  5. (Errusieraz) «Снайпер Роза Шанина» Архангельский педагогический колледж (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  6. (Errusieraz) «Книги о снайпере Розе Шаниной - Ворошиловские стрелки: русские снайперы Великой Отечественной войны» web.archive.org 2023-04-03 (Noiz kontsultatua: 2023-12-16).
  7. (Errusieraz) «Она завещала нам песни и росы. Роза Шанина. ПРЕДВАРИТЕЛЬНЫЙ ЗАКАЗ* - Интернет - Магазин Патриот Поморья» web.archive.org 2023-04-03 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  8. (Errusieraz) «Война. Запечатленные дни» web.archive.org 2023-12-17 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  9. (Errusieraz) «Шанина Роза Егоровна - снайпер, неполный кавалер Ордена Славы» web.archive.org 2022-05-21 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  10. (Errusieraz) Pete Seeger. (1966). Ой, туманы мои, растуманы (Oi Tumany Moi, Rastumany - O Mists, My Mists). (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  11. (Ingelesez) «Red Army Girl Unseen Terror Of East Prussia» The Evening Citizen (Otawa: news.google.com) 1944-09-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  12. (Errusieraz) ««Стена памяти» украшает Чумбаровку» Правда Севера.
  13. (Frantsesez) Devevey, Bertrand. (2023-09-04). «Avis sur le livre Étoile rouge - Florian Ferrier» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).

Ikus, gainera

Bigarren Mundu Gerran borrokatu ziren beste frankotiratzaile sobietar batzuk

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.