Rovaniemiko armarria

Rovaniemiko armarria (finlandieraz, Rovaniemen vaakuna) Finlandia iparraldean dagoen Rovaniemi hiriburuaren ikur nagusia da.

Rovaniemiko armarria
Rovaniemiko armarria

Armarria Rovaniemi hiriak eta Rovaniemen maalaiskunta udalerriak bat egin zutenean bihurtu zen hiriko ikur nagusia. Hasiera batean, landa herriko udalbatzak 1956ko abuztuaren 15ean hala erabaki zuenetik, Rovaniemen maalaiskuntaren armarria izan zen; hala ere, batzea gauzatu zenean, Lappiko hiriburu berrituak udalerriko armarri ofizialtzat hartu zuen. Artelan hau Toivo Vuorela finlandiar artistak sortu zuen eta bere helburua, bertan agertzen diren objektuekin, hiriaren ezaugarri nagusiak adieraztea izan zen; zelai berde baten gainean, goiko bi izkinetatik bera egiten duten tximista itxurako zilarrezko bi zuzen daude, armarriaren erdigunean, urrezko sugarraren azpian bat egin eta beheko muturrean bidea bukatzen dutenak. Hain zuzen, zilarrezko egiturarekin, Vuorelak Kemi eta Ounas ibaien bat egitea irudikatu nahi izan zuen, alegia, hiriaren historian eta orainean ezinbesteko izan diren bi ibaien batasuna; hauen egungo zeregin nagusia udalerria elektrizitatez hornitzea denez, autoreak tximista itxura ematea erabaki zuen. Goian dauden urrezko sugarrak, azkenik, ipar argiak dira; izan ere, oso ohikoa da Finlandia osoan fenomeno hau gar bidez irudikatzea, ipar argien finlandierazko izena revontulet baita, euskaraz, "azeriaren sua" [1][2].

Bat egitea baino lehenago, Rovaniemi hiriaren armarria beste bat izan zen; 1930-2005 bitarteko armarria, hain zuzen ere.

Erreferentziak

  1. Rovaniemen kaupunki Kunta info. Vaakuna. 2013.07.31
  2. Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 160 or. ISBN 951-773-085-3..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.