Rosario Tomasena Alzuri
Rosario Tomasena Alzuri "Txaro" (Urnieta, Gipuzkoa, 1946ko martxoaren 13a) igerilaria eta triatleta da. 2023an erronkarik inportanteena gauzatzea lortu zuen, Gibraltarreko itsas-zeharkaldia egin zuen, igerian, sei ordu pasatxoan, 16,2 kilometroko ibilbidea.[1]Gibraltarko itsasartea zeharkatu duen andrerik helduena bihurtu zen, 77 urterekin. Aurretik, Angela Elda Marchettik zuen titulua; 2017an egin zuen ibilbidea, 69 urterekin.[2]
Rosario Tomasena Alzuri | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Urnieta, 1946ko martxoaren 13a (78 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kirolaria eta triatloia |
Izengoitia(k) | Txaro |
Biografia
Txaro, genetika nahiko berezia duen emakumea da; tomasenatarrak zein alzuritarrak sasoi onekoak izan dira. Ama hamasei urterekin mutilekin aritzen zen pilotan jolasten Aranoko pilotalekuan. Buruko eta gorputzeko osasunagatik egiten du kirola Txarok, osasunari bereziki jaramon eginez. Berriki antzeman diote gaitz arraro bat: Arteritis de celulas gigantes delakoa, gertuko jarraipena eginez kontrolpean duena. Erronka zailak gainditzea izan ohi da beretzat garrantzitsuena.[3]
Kirolari ibilbidea
Txaroren egunerokoan ez zegoen kirolerako aparteko lekurik. Mendizaleak dira senarra eta biak, eta, asteburuan, irteerak egiten zituzten. Kirolari ibilbideari, bere horretan, 65 urterekin ekin zion, entrenatzaile pertsonal batekin, fundamentu handiz. Erronka gogorren atzetik dabil igerian, bizikletan eta korrika, orain hamarkada batetik hona, batez ere.
Mundua oinez ezagutu du, Himalayara adibidez bi aldiz joan da. Igeri egiten hasi zen kotxe istripu baten ondoren, erreabilitazioa behar zuelako eta 69 urterekin txirrindaz ibiltzen ikasi zuen triatloiak egin ahal izateko.[4]
2003an, Astigarragako lagun batekin batera, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia egin zuen, baita asko gozatu ere. Horregatik, igeriketari heldu zion hasieran, 69 urte bete arte. Ondoren, hankak indartzeko asmoz, korrika egiten hasi zen. Horrela, bere lehen triatloiean hartu zuen parte. Bizikletan ibiltzen ikasi egin behar izan zuen, ez batzekien.[5]
Ibilbide oparokoa. Igerian nahiz triatloian hainbat errekor eskuratzeaz gainera, 2021ean 13 urre lortuak ditu.[3]
Kairoscore taldeko kirolaria da Txaro eta 2022 tik zeukan buruan Gibraltarreko itsas-zeharkaldia. Horrela aitortu zion Aiurri aldizkariari, 2022ko maiatzaren 15ean argitaratutako elkarrizketan:
Sei hilean behin egiten ditut osasun-azterketak, nire bizitzako probarik handiena egitear nago-eta: Master Joko Olinpikoak garrantzitsuak dira, baina, inportanteetan inportanteena, Gibrartalgo itsas-zeharkaldia da. Izan ere, mugara eramango dut gorputza: erritmo jakin batean egin behar dut, sei edo zazpi bat orduz.[1]
Lorpenak
- 2015ean, Errusian izan zen, Kazan hirian. Ur irikien munduko txapelketan parte hartu zuen, Kazanka ibaian, Volgaren adarrean. Zilarrezko domina lortu zuen.[3]
- 2016an Bled lakuan (Eslovenia) ere murgildu zen, ur hotzetan, 3000m egin behar izan zituen egun batean, eta, biharamunean 5000m. Bere denborarik onenak eskuratu zituen bietan.[3]
- 2021ean Madrilen triatloi super-sprint izenekoan parte hartu zuen eta lehen postua lortu zuen. Bi triatloi ziren, elkarren segidan, birritan honako itzuli hau: 300m igerian, 5km bizikletan eta 1km eta 300m korrika. Espainian, triatloi olinpikoa, sprint-a eta super sprint-a egin duen lehen emakumea da (+70 urte eta +75 urte adin bueltan).[5]
- 2023an Gibraltarreko itsas-zeharkaldia egin zuen. 11:15ean irten zen Tarifatik (Cadiz), eta 6 ordu eta 23 minutu eta 24 segundu ondoren iritsi zen Cires muturreko kai muturra (Maroko) kostaldera, 16,1 kilometro igerian egin ondoren. Gibraltarko itsasartea zeharkatu duen andrerik helduena bihurtu zen, 77 urterekin.[2]
Erreferentziak
- «Txaro Tomasena, besakada luzeko igerilaria - Urnieta» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
- Leonet, Julen Otaegi. (2023-07-19). «Txaro Tomasena bihurtu da Gibraltarko itsasartea zeharkatu duen andrerik helduena» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
- Cabrera Jauregi, Alba. (2022). «Elkarrizketa: Rosario Tomasena Alzuri, Txaro. Triatleta eta igerilaria.» Aiurri. (Beterri-Buruntza: Aiurri) 733: 2-3..
- «Bizitasuna, Txaro - Kirolak - Gipuzkoako Foru Aldundia» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).
- «"Niretzat kirola osasuna da, sendagaia" - Urnieta» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
- «c37d920a-02c0-45af-98a3-e1c0d07381af.pdf» Google Docs (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).