Ronald M. Schernikau
Ronald M. Schernikau (Magdeburg, Alemania, 1960ko uztailaren 11a - Berlin, Alemania, 1991ko urriaren 20a) alemaniar idazlea izan zen. Errepublika Demokratikoko herritartasuna eskatzen azkena izan zen.
Ronald M. Schernikau | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Magdeburg, 1960ko uztailaren 11 |
Herrialdea | Alemania |
Heriotza | Berlin, 1991ko urriaren 20a (31 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | German Communist Party (en) Socialist Unity Party of West Berlin (en) |
Biografia
1960ko uztailaren 11an jaio zen Ronald M. Schernikau Magdeburgen, Alemaniako Errepublika Demokratikoan. 1966an, amarekin auto baten maletategian ezkutatuta mendebaldera gurutzatu, eta Hannover inguruko herrixka batean bizitzen jarri ziren. 1976an, Errepublika Federaleko Alderdi Komunistako kide egin zen[1].
1980an, 20 urte bete gabe, Kleinstadtnovelle argitaratu zuen. Nerabe homosexual batek bere herrixkako eskolan dituen dilema moralak kontatzen ditu nobelak. 1980an bakarrik, liburuaren 16.000 kopia saldu ziren[2].
Germanistika, filosofia eta psikologia ikasten hasi, eta Ladies Neid antzerki taldea osatu zuen zenbait adiskiderekin. Komunismoak, literaturak eta abangoardiako arteak hartzen zuten haien arreta. Kritika soziala zorrotzagatik ezagunak egin ziren. Schernikau, oholtza gainean eta oholtzatik kanpo trabestitzeko zuen ohituragatik ere bai[2].
Leipzigeko Literatura Institutua —harresiaz bestalde— sortu zen urte berean, 1986an, bertan ikasteko baimen berezi bat lortu zuen. Bi urte geroago, izen arranditsuko tesina aurkeztu zuen: Egunak L.-n. Errepublika Demokratikoa eta Federala ados sekula ez jartzeko arrazoiak, are gutxiago literaturaren bitartez[2].
1989an, Errepublika Demokratikoko herritartasuna eskatzen azkena izan zen. Irailaren 1ean, Berlingo Harresia jausi baino bi hilabete lehenago, ekialderako bidea egin zuen, behin betiko[1]. Herritartasuna lortu eta bi hilabetera Berlingo Harresia erori zen. Azaroaren 9ko gertakariei kontrairaultza goitizena ipini zien. Ekialdeko herritarrak gainera zetorkienaz jabetu izan balira kapitalismora jauzi egiteari uko egingo lioketela konbentzituta hil zen[2].
Bere testamentutzat jo izan da, bereziki, Legende, hil baino egun batzuk lehenago amaitu eta zortzi urtera argitaratua. Bertan, bere nortasun isekari eta tragikoa inoiz baino gordinago ageri dira. Pasarte ikonoklastak zenbaezinak dira. Ezagunena Errepublika Demokratikoa Eurovision kantu txapelketan parte hartu eta garaile irten zenekoa da —mendebaldeko telebistek antolatzen zuten orduan; ezinezkoa litzateke guztiz—. Kontaketaren muina irabazleari antolatzea tokatu ohi zaion hurrengo saioan kokatu zuen[2].
1989ko irailaren 1ean estreinatu zuen apartamentu berean hil zen, Berlin ekialdeko Hellesdorf auzoko Cecilienstraße kaleko 241.ean, 1991ko urriaren 20an[2].
Bere esanak
Berlingo harresia eraitsi eta gutxira, hil baino hilabete batzuk lehenago honako aipamenak egin zituen:
« | Ekialdean gustura daude orain txantxetako demokraziarekin. Gustura Honecker baboa dela esan dezaketelako. Ondo ba![3] | » |
« | Kapitalismoa oso indartsua da. Orain bere azken arora iritsi da; ez da mugitzen. Mugituz gero, okerrera izango da[3] | » |
« | Muga irekita dagoenez, Errepublika Demokratikoa hirugarren munduko anabasaren konplize da orain[3] | » |
Lan nagusiak
- Kleinstadtnovelle, Rotbuch, Berlin 1980
- die heftige variante des lockerseins. ein festspiel, Selbstverlag, Berlin 1981
- petra. ein märchen (con disegni di Uliane Borchert), Mariannenpresse, Berlin 1984
- die schönheit, Berlin, 1987
- die tage in l. - darüber, daß die ddr und die brd sich niemals verständigen können, geschweige mittels ihrer literatur, Konkret Literatur Verlag, Hamburg 1989
- das märchen von der blume, Selbstverlag, Berlin 1990
- Dann hätten wir noch eine Chance - Briefwechsel mit Peter Hacks; Texte aus dem Nachlaß, Konkret, Hamburg 1992
- legende, ddp goldenbogen, Dresden 1999
- Königin im Dreck. Texte zur Zeit, Verbrecher Verlag, Berlin 2009. ISBN 978-3-940426-34-5
Erreferentziak
- «NORTASUN AGIRIA», Berria, 2014-11-02
- Danel Agirre, «Azken komunista», Berria, 2014-11-02
- «ESANAK. RONALD M. SCHERNIKAU, BERLINGO HARRESIA ERAITSI ETA GUTXIRA, HIL BAINO HILABETE BATZUK LEHENAGO», Berria, 2014-11-02