Ron Stallworth

Ron Stallworth (Chicago, 1953ko ekainaren 18a) estatubatuar polizia ofizial erretiratua da. Ku Klux Klan-en sartu zen infiltratuta Colorado Springs (Colorado) hirian 1970eko hamarkadaren amaieran. Colorado Springs Polizia Sailean egon zen lehen polizia agente eta detektibe afroamerikarra izan zen.[1] 2018ko Spike Lee-ren BlacKkKlansman filma bere bizitzan eta karreraren hasierako gertaeretan oinarritzen da.

Ron Stallworth

Bizitza
JaiotzaChicago, 1953ko ekainaren 18a (70 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Hezkuntza
HeziketaAustin High School (en) Itzuli
Pikes Peak State College (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpolizia eta idazlea
Enplegatzailea(k)Colorado Springs Police Department (en) Itzuli
ron-stallworth.com
IMDB: nm9259302 Edit the value on Wikidata

Bizitzako lehen urteak

Stallworth bigarren hezkuntza ikasten ari zela, 1970ko urtekarian agertu bezala

Chicagon jaio zen, baina El Paso, Texas, hirian hazi zen, bere amak familia osoa hara bizitzera eroan ondoren[2].

« 'Amak familia El Pasora eramateko hartutako erabakia, bere bizitzako onena izan zen, Chicago hegoaldeko pobrezia, banda eta arazoetatik urruti zegoelako eta bestela bertan haziko nintzen'. ("My mother's moving our family to El Paso was the best decision she ever made, as the city was a far cry from the poverty, gangs, and conflict in Chicago's South Side, where I would have come of age if she had not left.")  »

Austin High School bigarren hezkuntzako institutuan graduatu zen 1971n. Bertan, ordezkari, ikasle kontseiluko kide eta barrutiko aholku batzordeko kidea izan zen. Era berean, eskolako "popularrena" izan zen bozkatua[3].

1972ko udan, bere familia Colorado Springs (Colorado) hirira joan zen bizitzera, non lehen aldiz polizia izateko interesa sortu zitzaion.

Hasierako pausuak polizia lanbidean

1972an polizia kadete gisa hasi zen Stallworth herrian. Garai hartarako ofizial kamuflatua izan nahi zuen. Bere lehen lana polizia kamuflatu edo sekreta bezala izan zen: Stokely Carmichael gonbidatu zutenean hitzaldia ematera Colorado Springs hiriko beltzendako diskoteka batean. Stallworth-i eskau zioten hitzaldia behatzera joateko eta gogoz onartu zuen lana. Ondoren, bere saileko inteligentzia atalean hasi zen lanean.

Ku Klux Klanen infiltraturik

1979an, Stallworth-ek iragarki bat ikusi zuen tokiko egunkari batean: Ku Klux Klan kide bila zebilen Colorado Springs-en aldi berri bat hasteko. Stallworth-ek iragarkian zetorren telefono zenbakira deitu zuen, eta gizon zuri arrazista plantak egin zituen "beltzak, juduak, mexikarrak eta asiarrak gorroto zituela" esanez. Elkarrizketan zehar, jakin zuen Klana bultzatu nahi zuen gizona gertuko Fort Carson-eko militarra zela. Stallworth-ek hitzordua antolatu zuen gizona ezagutzeko tokiko taberna batean eta narkotiko sailean kamuflatuta lan egiten zuen ofizial kide zuri bat bidali zuen bere ordez, mikroa zeramana elkarrizketak grabatzeko[4].

Amarrua arrakastatsua izan zen, eta Stallworth-ek hurrengo bederatzi hilabeteetan Ku Klux Klaneko kide plantak egin zituen. Normalean, telefonoz hitz egiten beste Klaneko kideekin, eta aurrez aurreko bileretara bere ordez ofizial zuria bidaltzen zuen bere tokian. Stallworth-ek dei egin zion David Duke KKK-ko buruari, New Orleans hiriko haren egoitzara, kide izateko bere eskaeraren egoerari buruz galdetzeko. Duke-k tramiteak arindu zituen, barkamena eskatu zion atzerapenagatik eta agindu zion pertsonalki arduratuko zela Stallworth-en eskaera bideratzen eta konponduta itzultzen. Denbora laburrean, Stallworth-i Klaneko kide izatearen ziurtagiria iritsi zitzaion, David Duke berak sinatuta. Stallworth-ek agiri hura markoan jarri zuen eta bere bulegoko horman zintzilikatu zuen, urte luzez.

Erretiroa eta ondoko urteak

Klanari buruzko ikerketa itxita, Stallworth-ek sekretuan mantendu zuen eta ez zion ezer esan inori ikerketan izandako paperaz. Utahko Segurtasun Publikoaren Sailera bidali zuten, non ikerlari moduan lan egin zuen ia 20 urtez, eta 2005ean erretiroa hartu zuen.

2006ko urtarrilean, Salt Lake City-ko Deseret News egunkariak elkarrizketa egin zion, eta horretan KKKri buruzko ikerketaz eta bere infiltrazio lanarekin zerikusia zuten xehetasun guztiak eman zituen. Azaldu zuen ikerketak agerian utzi zuela hainbat Klan kide Estatu Batuetako armadako kide aktiboak zirela, eta horietatik bik, NORADeko kideak, arma nuklearren detonaziorako gailuak kontrolatzen zituztela. Biak ala biak postuz aldatu zituzten horren ondorioz eta Stallworth-i esan zioten bidali zituztela "nonbait Ipar Polora edo Groenlandiara[5].

2014an, Stallworth-ek liburua argitaratu zuen: Black Klansman ('Klan kide beltza'). KKK ikertzen izandako esperientzia azaldu zuen bertan.

QC Entertainment-era eraman zuen liburua Shaun Redick ekoizleak filma egiteko; eta Spike Leek sinatu zuen ko-ekoizle eta zuzendari gisa[6]. Filmari BlacKkKlansman izenburua jarri zioten eta John David Washington aktoreak hartu zuen Stallworth-en papera. Cannes-ko zinemaldian aurkeztu zuten 2018ko maiatzaren 14an, eta Grand Prix saria irabazi zuen[7]. 2018ko abuztuaren 10ean zinema komertzialetan bota zuten estreinakoz eta Espainiar estatuan "Infiltrado en el KKKlan" bezala estreinatu zuten 2018ko urriaren 31n[8][8][9]

2018an, liburuaren eta filmaren arrakastaren ondorioz, Austin High School-eko ikasle elkarteak "Outstanding Ex" ('Ex Nabarmen') ezizena jarri zion Stallworth-i.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Taylor, Matt. (2014-05-30). «The Black Undercover Cop Who Infiltrated the Ku Klux Klan in Colorado» Vice (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  2. (Ingelesez) Stallworth, Ron. (2018-06-05). Black Klansman: Race, Hate, and the Undercover Investigation of a Lifetime. Flatiron Books ISBN 9781250299031. (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  3. (Ingelesez) AHS 2018 Outstanding Ex – Austin Alumni Association. (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  4. (Ingelesez) «How a Black Cop Joined the KKK» NPR.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  5. (Ingelesez) News, Deseret. (2006-01-12). «Black sergeant was 'loyal Klansman'» Deseret News (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  6. (Ingelesez) «'Black Klansman' KKK Thriller in the Works From Spike Lee, Jordan Peele (Exclusive)» The Hollywood Reporter (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  7. (Ingelesez) «71st Festival de Cannes Awards» Festival de Cannes 2019 2018-05-19 (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  8. (Ingelesez) «Spike Lee's 'BlacKkKlansman' hailed as 'wake-up call' on racism in America» NBC News (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  9. (Ingelesez) «‘BlacKkKlansman’: How black detective Ron Stallworth infiltrated the Colorado Klan» Washington Post (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.