Roland Simounet

Roland Simounet (Guyotville, Aljeria, 1927ko abuztuaren 31 Paris, 1996ko otsailaren 10a) frantses arkitektoa izan zen. Bere herrialdeko klima, edertasun eta pobretasunetik atera zituen Simounet-ek bere artearen ezaugarri nagusiak.

Roland Simounet
Bizitza
JaiotzaAïn Bénian, Algiers (en) Itzuli, 1927ko abuztuaren 31
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis, 1996ko otsailaren 10a (68 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Ikasketak bere jaioterrian egin zituen, eta ondoren Frantziara joan zen. Arkitektura ikasketak Aljer-en hasi zituen eta Parisko Arte Ederretako eskolan jarraitu zituen, baina ez zituen amaitu. Aljer-era itzuli zenean hasi zuen arkitekto karrera. Arkitektura modernoko Nazioarteko IX. Kongresuan (1953), biltzarrerako txabola baten azterketa egin zuen. Espazioaren antolamendu horren ezagutza balio handikoa gertatu zen aldi baterako etxeak edo larrialdietarako hiriak eraikitzeko: Aljer-en, Maison Carrée auzoan, 300 etxebizitza (1955), 1955-1956 urteen bitartean La Montagne hirian 2.500 etxe eta Orléansvillen, lurrikara baten ondoren, 200 etxebizitza, etab. 1956-1959 urteen bitartean Djemam-el-Hasan-en 200 etxebizitza egin zituen txabolak kentzeko egitasmo batean: hektareako 900 lagun bizi ziren, banakako etxeetan, maldetara egokitutako, eta gehienetan, gela bakarrekoetan; harlanduz eginak ziren, eta adreiluzko gangek estaltzen zituzten. Maldara egokitzea, klimaren gorabeherak kontuan hartzea, soiltasuna, errepikapenak eta espazio aniztasunak izan ziren Simounet-en lanaren ezaugarriak. Lan horiez gainera, eraikuntza landuagoak egin zituen: Louis Miquel-ekin Orléanvilleko Albert-Camus zentroa, Margarita Andre Mariaren eliza Tefeschoun-en 1956-1957 urteen bitartean. 1957an Timgad-en erakin sail berri bat egiteko azterketa egin zuen, antzinako hiri baten arrastoen ondoan: solairu bakarreko etxeak, bi solairuko etxe komunitarioak, korta eta lorategia zutenak, ukuilu kolektiboak, dendak, bainu mairuak, eskola, kulturuneak, meskita, kiroldegiak. 1961ean Frantziara itzuli zen Noisy-le-Grand-en 700 etxebizitza egitera. Garai horretan unibertsitateko egoitza bat egin zuen Antananarivon. Frantzian hainbat etxebizitza sozial egin zituen: Neuf-Brisach 1968-1970 urteen bitartean, Évry-Courcouronnes 1972-1975 bitartean, Saint-Denis 1977-1985 bitartean, Cergy-Pontoise 1977-1980 urteetan, Villejuif 1983-1986 bitartean. Kulturaren inguruko eraikinak ere egin zituen: arkitektura eskola Grenoblen (1973-1978), Île-de-Franceko Historiaurreko museoa Nemours-en (1976-1980), Arte modernoko museoa Villeneuve-d´Ascq-en (1978-1983), Picasso museoa Parisen (1976-1985), Dantzako goi mailako eskola nazionala Marseillan (1985-1992).

Erreferentziak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.