Rokafort gaztelua
Rokafort gaztelua Nafarroa Behereko Izturitze eta Donamartiri udalerrien arteko mugan kokaturik dagoen gaztelua da. Gaur egun, aztarnak nahiko suntsiturik daude.
Rokafort gaztelua | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Lurraldea | Nafarroa Beherea |
Eskualdea | Arberoa |
Udalerria | Izturitze |
Koordenatuak | 43°21′11″N 1°12′27″W |
Arkitektura | |
Eraikina
Hiruki zuzen baten formadun oina zuen, dorre nagusi bat, zenbait dorre laguntzaile eta bi ataridun harresi batez inguraturik. Harresiaz gain, jakina da XV. mendean oholesi bat ere bazuela eta harresien gainean, egurrezko egiturak zituela. Hormarik luzeenak 30 metroko luzera zuen eta beste biek, 28 metrotakoa. Harrizko egitura guztia bertako kareharria erabiliz eraiki zen.
Gaur egun, gazteluko dorre nagusiaren aztarnak ikusi daitezke, oin biribila zuena, 7,40 metro diametroduna. Murruaren lodiera oinean 1,80 metrotakoa da eta barruan zorua, kanpoaldean baino 1,4 metro sakonago dago. Egun duen altuera 8 metrotakoa da.
Oraindik ikusgai dago baita, mendebaldeko muturreko dorrea eta hegoaldeko harresiaren zati bat, azken honen lodiera metro bat ingurukoa zelarik.
Historia
Nahiz eta Arberoa Nafarroako erresumaren zati zen XII. mendearen bukaeratik, gazteluaren lehen idatzizko aipamena 1249. urtekoa da. Behe Erdi Aroan, hainbat gazteluzainek izan zuten gotorlekua eta inguruko lurrak babestu eta kudeatzeko ardura eta askotan aldatu zen eskuz.
Nafarroako Gerra Zibilak ordea, gazteluaren suntsiketa ekarri zuen. 1456. urtean, Foixko kondea zen Gaston IV.ak gaztelua suntsitu zuen, aurretik Zuberoa eta Lapurdi Frantziar koroarentzat harturik.
XX. mendeko 50. hamarkadan zenbait indusketa egin zituzten, ikerketak egiteko, dorre nagusian eta hiru dorre laguntzailetan. 1996an gazteluaren plano on bat egitea lortu zen, A. Turcq eta Ch. Normand-en gidaritzapean.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |