Roentgen (unitatea)
Roentgen edo röentgena erradiazio ionizagarrien eragina neurtzeko balio duen antzinako unitatea da. Esposizio erradiometrikoa kuantifikatzeko erabiltzen da, hau da, presio eta tenperatura baldintza estandarretan askatu diren ioien aire lehorreko masa unitateko karga neurtzeko baliatzen da. 1928an ezarria, Wilhelm Röentgen zientzialariari zor dio izena, zeinak X izpiak aurkitu zituen. Gaur egun ordea, magnitude hau neurtzeko erabiltzen den ohiko unitatea kilogramoko Coulomb-a (C/kg) da.
Roentgen (unitatea) | |
---|---|
Neurtzen du | esposizioa eta ion dose (en) |
SI sistemarako konbertsioa | 0,000258 C/kg |
Honen izena darama | Wilhelm Conrad Roentgen |
Ikurra | R |
Roentgen bat airezko zentimetro kubiko batean askatu den kargazko unitate elektrostatiko baten aurreko esposizioaren baliokidea da. Nazioarteko Sistemako unitateetan, roentegen batek 2.58×10−4 C/kg balio ditu, 1998an NISTak eman zuen definizioaren arabera.[1] Bere notazioa honakoa da: .
Beste unitate erradiometrikoekiko erlazioa
Hasieran, roentegenak neurtzen zuen magnitudeari "erradiazio dosi" izena eman zitzaion. Roentgena izan zen erradiazio ionizatzaile kopurua kuantifikatzeko gehien erabili zen unitatea eta erradiazio hori bere eraginekin lotzekoa, batez ere azterketa biologikoetan hartzen baitziren aintzat eragin horien kuantifikazioa. Erradiazioak ingurune materialekin duen elkarrekintza hobeto ulertu zenean, jakin zen esposizioa soilik airearekin elkarrekintza duten fotoientzat (X edo gamma izpiak) definitu zitekeela modu zehatzean. Era horretan, unitatearen erabilgarritasuna mugatuta geratu zen, izan ere, ez da aplikagarria beste erradiazio motentzat (alfa partikulak, elektroiak, etab.), ez eta beste materialentzat. Horregatik definitu ziren beranduago beste magnitude orokorrago batzuk, zeintzuek edozein ingurunetan biltzen den erradiazioa kuantifikatzen duten. Horien artean esanguratsuena dosi xurgatua da, zeinaren Nazioarteko Sistemako unitatea gray-a den, nahiz eta oraindik rad-a ere oso erabilia izan, zeina gray-aren ehunenaren berdina den. Rad-aren eta roentgenaren artean nahasketak gerta litezke, izan ere, roentgen bateko esposizioa eragiten duen X izpien sorta batek giza azalean 0,96 rad-eko dosia metatuko du, antzekotasun numeriko horrek batzuetan bi unitateak nahastea eragiten du.