Rodano (ibaia)
Rodano[1] (frantsesez, Rhône; frankoproventzeraz, Rôno; okzitanieraz, Ròse; alemanez, Rhone; Valaisko alemanieraz, Rotten) Europako ibai nagusietako bat da, Suitzan jaio, Léman aintziratik igaro eta Frantziako hego-ekialdea zeharkatu ondoan, Mediterraneora isurtzen dena. 812 kilometro luze da eta 97.800 kilometro koadroko arroa drainatzen du.
Rodano Rhône (fr), Ròse (oc), Rôno (frp), Rhone (de) | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 2.209 m |
Mota | Ibai nagusi |
Luzera | 812 km |
Geografia | |
Koordenatuak | 46°34′27″N 8°22′49″E |
Estatu | Suitza |
Suitzako kantonamendua | Vaud kantonamendua |
Hidrografia | |
Ibaiadarrak | ikusi
|
Arroaren azalera | 98.000 km² |
Arro hidrografikoa | Rhône basin (en) |
Ur-emaria | 1.780 m³/s |
Lakuak | Léman |
Iturburua | Rodanoko glaziarra |
Bokalea () | Mediterraneoa (Arles Port-Saint-Louis-du-Rhône) |
Geografia
Rodano Mediterraneoan isurtzen den Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da. Rodanoren glaziarrean du iturburua, 1.750 m-ko garaieran, Aare mendialdean, Suitzako erdi-hegoaldeko Alpe mendietan. Mendebalderantz egiten du, eta Léman aintziran barneratzen da. Aintzira alderik alde igaro ondoren, Frantziako estatuan sartzen da (Rhône-Alpes), Jura mendiak inguratzen ditu eta Saona ibaiaren ura jasotzen du Lyon hirian.
Hegoalderako norabidea hartzen du puntu horretan, eta Alpe aldeko ibaien ura biltzen du: Isère, Durance, Ardèche. Gard eta Vaucluseko behe-lautadak zeharkatzen ditu behe-ibilguan eta, Arles hirira iritsi baino lehen, bi adar nagusitan banatzen da, Mendebaldeko Rodano edo Rodano Txikia eta Rodano Handia. Marseillako hiriaren mendebaldean isurtzen du ura Mediterraneoan, ibai delta zabala eratuz.
Lyon hiritik bokaleraino ontziz ibil daiteke, Frantziako gobernuak 1940-1970 urteetan egin zituen bideratze-lanei esker. Beste ubide batek Rodano eta Rhin ibaiak lotzen ditu Saonatik Rhineraino luzatzen den ubidearen bidez.
Hidrometria
Rodanoren emaria 95 urtez, 1920-2014 bitartean, neurtu zen Bellcaireko estazioan[2]. Ibaiak 95.590 kilometro koadroko eremua drainatua du gune horretan, arro osoaren % 97,7. Batez besteko emaria 1.700 m³/s da. Emari handiena otsailean du (2.020 m³/s), eta txikiena abuztuan (1.080 m³/s).
Rodanoren batez besteko emariak (m³/s) Bellcairen neurtuak
Datuak: 1920-2014 bitartean
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
- Synthèse de la Banque Hydro - Le Rhône à Beaucaire (V7200010). hydro.eaufrance.fr (Noiz kontsultatua: 2016-05-20).