Roberto Verino
Roberto Verino, jaiotza-izenez Manuel Roberto Mariño Fernández (Verín, Ourense, Galizia, 1945eko maiatzaren 3a) espainiar diseinatzailea eta moda-enpresaburua da.
Roberto Verino | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Verín, 1945eko maiatzaren 3a (78 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | moda-diseinatzailea |
Jasotako sariak | ikusi
|
robertoverino.com |
Biografia
Arte-ikasketak egin zituen, Parisen. 1967an jaioterrira itzuli zen, familiaren negozioa bere gain hartzera, eta hiru urteren buruan negozio hura jantziak egiteko lantegi bihurtu zuen. Frantzian Billy Bonnyk diseinatutako lana sartu zuen Espainian, eta emakumearentzako lehen arropa-bilduma sortu zuen, 1982an. Handik urtebetera denda zabaldu zuen Parisen, eta Parisko Emakumearentzako Goi Jantzigintzaren Azokan, Milango Moda Azokan eta Montecarloko Lihoaren Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen. 1984an Kotoiaren Nazioarteko Institutuak bere diseinuetako bat hautatu zuen Jantziaren Museoan erakusgai jartzeko.
Hurrengo urteetan salmentak eta esportazioak etengabe handituz joan ziren, bere ospea bezala. 1992an bi mila eta bostehun milioi pezeta inguru (15.000.000 euro inguru) fakturatu zituen. Urte hartan bere markako lehen perfumea merkaturatu zuen, eta Verinen duen enpresa zabaltzeko asmoa iragarri zuen, behar den azpiegitura industriala ez duten moda sortzaileen diseinuak produzitu ahal izateko. Modaz gain,
Roberto Verinok beste zaletasun batzuk ditu, horien artean ardoa. Diseinatzaileak Terra do Gargalo ekoizten du, Monterrey (Galizia) izendapena duena.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.