Robert Schumann
Robert Schumann (Zwickau, Saxonia, 1810eko ekainaren 8a - Endenich, Bonn, 1856eko uztailaren 29a) alemaniar musikagile erromantikoa izan zen. Pianorako obra poetiko eta lirikoak idatzi zituen 1829-1840 bitartean (Vienako ihauteria, 1835, Haur irudiak, 1838, Kreisleriana, 1838). Clara Wieck piano-interpretatzaile famatuarekin ezkondu ondoren, liedak konposatu zituen (Emakume baten bizitza eta ezkontza, 1840). Orkestrako musika eta ganbera-musika idatzi zuen, batik bat, 1841az gero. Konpositore sakona eta sentikorra izan zen, Erromantizismoko hoberenetakoa.
Robert Schumann | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zwickau, 1810eko ekainaren 8a |
Herrialdea | Saxoniako Erresuma |
Bizilekua | Schumann-Haus (en) Leipzig |
Heriotza | Endenich (en) eta Bonn, 1856ko uztailaren 29a (46 urte) |
Hobiratze lekua | Alter Friedhof Bonn (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Familia | |
Aita | August Schumann |
Ezkontidea(k) | Clara Schumann (1840ko irailaren 12a - 1856ko uztailaren 29a) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Leipzigeko Unibertsitatea Heidelbergeko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | alemana |
Irakaslea(k) | Friedrich Wieck Heinrich Dorn (en) Johann Gottfried Kuntsch (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, piano-jotzailea, musika-kritikaria, orkestra zuzendaria, musikologoa, musika-irakaslea eta idazlea |
Enplegatzailea(k) | University of Music and Theatre Leipzig (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Niccolò Paganini |
Kidetza | Leipzig Fraternity Germania (en) |
Musika instrumentua | pianoa |
| |
Bizitza
Zuzenbide ikasketak utzi zituen pianoa ondo ikasteko Friedrich Wieckekin. Hatzak arinago mugitzeko asmatu zuen tresna baten erruz, hatz baten mugimendua galdu zuen. Harrezkero musika eta kritika idazten hasi zen. Neue Zeitschrift für Musik («Musika Aldizkari Berria») sortu zuen eta musikaz zituen irizpideak argitaratu zituen, baita Brahms eta Mendelssohni zien mirespena adierazi ere. 1838an Clara Wieck, Friedrichen alaba eta pianista famatuarekin ezkondu zen.
1843. urtean Mendelssohnek irakasle postua eskaini zion Leipzigeko kontserbatorioan. Handik urtebetera postua utzi behar izan zuen, 1833. urtetik aurrera jaiotzetik zuen buru gaixotasunak eragiten zizkion nerbio krisialdiak zirela eta. 1844. urtean Dresden hartu zuen bizilekua piano irakasle gisa eta geroago, 1850. urtean, Düsseldorfeko musika zuzendari izendatu zuten. 1854an, krisialdi larriago batean, Rhin ibaira bota zuen bere burua, baina salbatu zuten. Eroetxe baten sartu zuten eta hantxe hil zen bi urte geroago.
Lanak
Erromantizismoko musikagilerik bikainetako bat izan zen Schumann. Aipagarriak dira, batez ere, pianorako musika, abestiak (Lieder) eta orkestrarako musika. Pianorako musika lan ezagunenak bere emaztearentzat idatzi zituen.
Lan aipagarriak dira, besteak beste, ahotserako liedak, Emakume baten maitasun eta bizitza (1840), Poetaren maitaleak (1840); Erromantzak eta baladak (1841-1847) bilduma; hirurogeita hamabi koru a capella; hamazazpi duo, hiru trio, hogeita hamaika kuarteto pianoarekin; oratorioak, Paradisua eta Peria (1841-1843); Manfred (1849); Mignonentzako requiema (1849); Genoveva (1847-1850) opera.
Pianorako lanen artean berriz, aipagarriak dira Pinpilipauxak (1829-1832); Kapritxoak (1833); 12 Estudio sinfoniko, (1834); Inauteria (1834-1835); Haur eszenak (1838); Kreisleriana (1838); Albuma gazteriarentzat (1848); Basoko eszenak (1848-1849).
Organorako Sei fuga Bachen izenaren inguruan (1845) idatzi zuen. Ganbera musika, lau sinfonia, oboe eta pianorako, eta biolontxelo eta pianorako lanak ere idatzi zituen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/8/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Robert Schumann |
- (Ingelesez) Robert Schumann: his life and famous works Guitarpress.com
- (Ingelesez) Schumannen lan guztiak Classical.net