Robert Ryman
Robert Ryman (Nashville, Tennessee, 1930eko maiatzaren 30a - New York, 2019ko otsailaren 8a) estatubatuar margolaria izan zen.
Robert Ryman | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Nashville, 1930eko maiatzaren 30a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Greenwich Village, 2019ko otsailaren 8a (88 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Lucy R. Lippard (1961 - 1966) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, ilustratzailea eta marrazkilaria |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | New York |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia American Abstract Artists (en) |
Genero artistikoa | Margolaritza |
1952an New Yorkera aldatu zen, musikarako zaletasunak erakarrita (saxoa jotzen zuen), baina hara iritsi eta berehala hasi zen margolaritzan. 1950eko hamarraldian zehar hainbat lan egin zituen New Yorkeko Arte Modernoko Museorako, eta liburutegi baten arte-sailerako; lan horiek eta Lucy Lippard arte-kritikariarekin ezkondu izanak eman zioten prestakuntza artistikoa. Adierazpen errealistak alde batera utzirik, margolaritza hutsa landu zuen, autoerreflexiboa, pinturaren ezaugarri oinarrizkoenak ikertuz. Lehen koadro eta collageetan, 1955 ingurukoetan, materialarekin, koloreekin eta pintzelkadarekin esperimentatu zuen, margolaritza prozesuaren ikerketa harturik bere produkzioaren gai nagusitzat. 1965. urte inguruan, ordea, koloreak alde batera utzi eta zuria bakarrik erabiltzen hasi zen; zuriaren ñabardurekin beste kolore guztiak iradoki zituen Rymanek. Harrezkero, gardentasun, trinkotasun, tonu eta argitasuna euskarriaren eta pintzelkadaren arabera aldatu izan zituen. Margolaria ikertzaile zientifikoaren mailara eramanez, tankera, ehundura, ertz, euskarri eta distiraren arabera lor daitezkeen ikusmen-efektuak ikertu zituen Rymanek, eta garrantzi handia eman zien xehetasun guztiei, piezaren pertzepzioan duten eraginagatik. Erakusketa garrantzitsuak egin zituen Europan eta Amerikan. Kasseleko zenbait Documenta erakusketetan parte hartu zuen (1972, 1977 eta 1982) eta atzera begirako erakusketak egin zituen Amsterdam (1974), Zurich, Paris eta Düsseldorfen. 1992. urtean MoMAn eta Tate Galleryn atzera begirako erakusketa bat egin zuten bere lanarekin. American Academy of Arts and Letterseko kide izan zen 1994. urtetik. 2005. urtean, Praemium Imperiale saria eman zioten.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.