Richard Brinsley Sheridan
Richard Brinsley Butler Sheridan (Dublin, Irlanda, 1751ko urriaren 30a - Londres, Ingalaterra, 1816ko uztailaren 7a) irlandar antzerki-idazlea, antzerki-ekoizlea eta politikaria izan zen.
Biografia
1775ean aurkeztu zituen bere lehen bi obra arrakastatsuak: The Rivals (Aurkariak) komedia eta The duenna (Aialdekoa) opera komikoa.
Drury Lane Theatre-ren jabe eta zuzendari eginik, bere antzerki-lan garrantzitsuenak aurkeztu zituen: The School of Scandal (1777, Eskandaloaren eskola), gizartearen hipokresiaren salaketa zorrotza, eta The Critic (1779, Kritikoa), antzerki-munduaren satira gupidagabea.
1780an politikan hasi zen, eta kargu batzuk bete zituen Kanpo Arazoetako Ministerioan eta Itsas Armadan.
1812an galdu zituen Westminsterko Parlamenturako hauteskundeak, eta jokoan diru guztia galdurik, pobrezian hil zen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.