Rhizobium
Rhizobium generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, bazilo itxura dutenak. Aerobio eta mugikorrak dira, eta ez dute esporarik sortzen.
Rhizobium | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Pseudomonadota |
Klasea | Alphaproteobacteria |
Ordena | Rhizobiales |
Familia | Rhizobiaceae |
Generoa | Rhizobium Frank, 1889 |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Bakterio hauen ezaugarririk nabarmenena nitrogenoaren finkapena burutzeko gaitasunean datza. Nitrogenoa finkatzen duten beste bakterioen aldean, baina, Rhizobium-ek landareekin sinbiosian dagoenean besterik ez du finkatzen. Landarerik gabe nekez finkatzen du nitrogenoa mikrobio honek.
Rhizobium-ek landare lekadunekin bakarrik egiten du sinbiosia (soja, ilarra, alpapa, leka, babarruna...). Landarearen eta Rhizobiumaren arteko sinbiosiarekin egiten den nitrogenoaren finkapenak garrantzia handia du nekazaritzan, lurraren emankortasunari eragiten baitio. Nitrogeno organikoz era naturalean hornitzen da lurzorua, eta landareak ez du ongarri nitrogenatuaren beharrik.
Rhizobium landareen erroetan hazten da. Bertan nodulu batzuk eratzen ditu, eta nodulu horietan nitrogenoaren finkapena burutzen da. Noduluetan ingurugiro anaerobio dago, finkapena egiteko egokia dena (oxigenoaren aurrean ez baita finkapenik garatzen, oxigenoak finkapena prozesuan parte hartzen duen nitrogenasa izeneko entzima inhibitzen baitu).
Rhizobium/lekadun elkartea benetako sinbiosia da, kideetako bakoitzak zenbaitetan laguntzen baitio besteari. Landareak nitrogeno organikoaren horniketa bermatuta dauka, lurzoruak nitrogeno gutxi eduki arren. Eta bakterioak ingurumen ezin hobea aurkitzen du sustrai-noduluetan, hauek babesa eta elikagaia ematen baitiote.
Ikus, gainera
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rhizobium |