Renata Viganò

Renata Viganò (Bolonia, 1900eko ekainaren 17a - Bolonia, 1976ko apirilaren 23a), Italiako idazle, poeta eta partisanoa izan zen.

Renata Viganò
Bizitza
JaiotzaBolonia, 1900eko ekainaren 17a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1900eko ekainaren 17a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  1976ko apirilaren 23a)
HeriotzaBolonia, 1976ko apirilaren 23a (75 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Antonio Meluschi (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta partisanoa
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Gaztetatik hasi zen idazten, eta 13 urterekin eman zuen argitara bere lehen poesia bilduma, Ginestra in fiore. 1915ean argitaratu zuen bigarrena, Piccola fiamma. Sona, ordea, ez zuen bereganatu 1949ra arte, argitaratu zuelarik L’Agnese va a morire, eleberri neoerrealista bat, Italiako Erresistentzian eta gertaera autobiografikoetan inspiratua. Italian, emakumeak gerra partisanoan protagonista gisa tratatzen dituen lehen eleberria izan zen[1].

Biografia

Renata Viganòk txikitatik maite izan zuen literatura, baina bere ametsa medikua izatea zen. Familiako arazo ekonomikoak zirela eta, ordea, institutua utzi eta lanean hasi behar izan zuen Boloniako ospitaleetan erizain.

Nolanahi ere, idazten jarraitu zuen, aldizkari eta egunkarientzat, literatura artikuluak, poesiak eta kontakizun laburrak gehienbat. Baina guztia 1943ko irailaren 8an eten zen.

Renata Viganò alderdi komunistako kidea zen eta, Armistizioa sinatu zenean, bere senarrarekin (Antonio Meluschi[2]) eta semearekin batera Erresistentzian sartu zen, Contessa [3]ezizenarekin, Emilia-Romagnan postari eta erizain lanak egiteko, eta prentsa klandestinoan laguntzeko, bereziki La Comune aldizkarian (Le donne e i tedeschi, Le donne e i fascisti, Le donne e i partigiani).

Gerra ondoren, garai gogor baina idealismoz betetako hartan oinarritu zuen bere literatura, eta idazlan nabarmenena L'Agnese va a morire (1949) eleberri arrakastatsua izan zen; Viganòk 1947an idatzi zuen, eta zatika argitaratzen joan zen Il Progresso d'Italia egunkarian. Natalia Ginzburgek, garai hartan Einaudi argitaletxeko editorea baitzen, lan hura irakurri eta haren aldeko apustua egitea erabaki zuen. Viareggion saritu zuten urte hartan berean, eta izen bereko film baterako gaia eman zion Giuliano Montaldori. 14 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da liburua.

Eleberrian partisanoen bizipenak kontatzen ditu kronika baten gisa, gertaeretan zintzotasunez inplikatuta dagoenaren ikuspegitik. Izaera antifaxista agerikoa du. Protagonista, Agnese, partisanoen sinbolo bihurtu zen.

Italo Calvinoren esanetan, L’Agnese va a morire Sobiet Batasunean liburu gogokoena eta irakurriena izan zen 1950eko hamarkadaren hasieran eta Italian garrantzi handia izan zuen 1970eko hamarkadara arte: garai hartako Franco Calamandrei politikari eta kazetariak honela definitu zuen: “il miglior libro che la nostra narrativa ci abbia dato sulla guerra di liberazione”[1].

Gerra urte haiei buruzko beste bi liburu idatzi zituen Renata Viganòk: Donne della Resistenza (1955), hildako antifaxista boloniarren erretratuak, eta Matrimonio in brigata (1976), partisanoei buruzko kontakizun laburren bilduma bat, hil zen urtean argitara emandakoa. Gerraren gaiaz gain, bere lanetan maiz agertzen dira lana eta emakumeen papera Italiako gizartean, batez ere bere kazetaritza lanetan, Il Ponte, Il Progresso d'Italia, L'Unità, Rinascita, Corriere Padano eta Noi donne hedabideetako kolaboratzailea izan baitzen, besteak beste[4].

Hil baino bi hilabete lehenago, Bolognese del mese kazetaritza saria eman zioten, hiri horretako herriaren errealitatearekin zuen harreman estuagatik[5].

2018an, Boloniako Udalak plaka bat ezarri zuen haren omenez, Renata Viganò eta bere senarra bizi izandako etxean[6][7]

Idazlanak

  • Ginestra in fiore, 1913.
  • Piccola fiamma, 1916.
  • Il lume spento, 1933.
  • L'Agnese va a morire, 1949.
  • Mondine (saiakera), 1952.
  • Arriva la cicogna, 1954.
  • Donne della Resistenza, 1955.
  • Ho conosciuto Ciro, 1959.
  • Una storia di ragazze, 1962.
  • Matrimonio in brigata, 1976.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.