Renée Gailhoustet
Renée Gailhoustet (Orán, 1929ko irailaren 15a - Iv-sur-Seine, Frantzia, 2023ko urtarrilaren 4a) frantziar arkitekto eta hirigilea izan zen, berrogei urtez lan egin zuen bere konpromiso soziala bideratuz etxebizitza kolektiboa birformulatzeko.[1] Team X-en ideien eraginpean, hiria berritzeko prozesuaren buru izan zen Iv-sur-Seinen. Hirurogeiko hamarkadako arkitekturan eta hirigintzan ekarpen handia egin zuen erabileren aniztasuna aldarrikatzean, eta esplizituki arbuiatzen zituen garai hartako bizigune handietan nagusi ziren funtzioak banatzeko printzipioak.[2]
Renée Gailhoustet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oran, 1929ko irailaren 15a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Ivry-sur-Seine, 2023ko urtarrilaren 4a (93 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Arte Ederren Goi Eskola Nazionala |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa |
Jasotako sariak | ikusi
|
Prestakuntza
Renée Gailhoustetek literatura-ikasketak egin zituen Parisko Sorbonan, eta Letretako lizentziatura lortu zuen. 1952an Parisko l’Ecole Nationale des Beaux-Arts delakoan sartu zen, eta Marcel Lods, André Hermant eta Henri Trezziniren tailerrean parte hartu zuen, garai hartan emakumeak onartzen zituen bakarra. Han Jean Renaudie ezagutu zuen, eta harekin harreman bat izan zuen 1968ra arte, harekin bi alaba ere izan zituen. Unibertsitateko karreran zehar, biek Frantziako Alderdi Komunistako Gaztedietan militatu zuten.
1958an lantegi hau utzi zuen Jean Faugeronena osatzeko, eta 1961ean arkitektura-diploma lortu zuen garai hartan arraroa zen gai batekin: gizarte-intereseko etxebizitza kolektiboa.[3]
Ibilbidea
1964an bere arkitektura-bulegoa sortu zuen eta Parisko zenbait udalerriren plangintzan lagundu zuen. Estatuko Arkitekto Aholkulari ere izendatu zuten Nièvre departamenturako.
Seine-et-Oise Plangintza eta Eraikuntza Bulegoan hasi zen lanean, Roland Dubrulleren zuzendaritzapean, eta 1962az geroztik Ivry-sur-Seine berritzeko ikerketan parte hartu zuen.
1969an, herri horretako Arkitekto Buru postua hartu zuen Ivryko zentroa berritzeko proiektua abian jartzeko, eta Jean Renaudie proiektuan parte hartzera gonbidatu zuen. Jean Renaudiek urte horretan bertan, 10 urte lehenago sortutako Atelier Montrouge utzi zuen, eta hortik teoria berritzaileak garatu zituen, konplexutasunaren hirigintzan oinarrituta.
Gailhoustetek Ivryrentzat diseinatu zituen Raspail, Lenine, Jeanne-Hachette eta Casanova dorreak, Spinozako gunea eta Le Liégat eta Marat etxebizitza atxikien eraikuntzak. Eskala handiko proiektu hori 1980ko erdialdera arte zabaldu zen, eta gaur egun Ondaroine du XXe siècle gisa katalogatuta dago. 1968an eta 1970ean Raspail eta Lenine dorreak eraikitzea izan zen lehen mugarria HLM –Habitation à Loyer Modéré– Programa Publikoak egindako asmo handiko berrikuntzaren programan. Programa hori errenta kontrolatuko etxebizitzen politika publikoa zen, eta estatu frantsesak 1950ean sortu zuen, etxebizitzen eskasia eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo jaiotza-tasa gero eta handiagoa konpontzeko.
Renée Gailhousteten proposamen integralak berrogei urtetan garatu eta gauzatu ziren, eta batez ere etxebizitza sozialeko eragiketei zegozkien. Gehienak Parisko aldirietan daude, batez ere Ivry-sur-Seine eta Aubervilliersen, baina baita Saint-Denis, Villejuif, Romainville eta Villetaneusen ere.
Aipatzekoa da, halaber, Aubervillierseko La Maladrerie auzoaren garapena, 1984an amaitua. Horrez gain, bi hiri-azterketa egin zituen La Réunion uharteko udalerri komunistarentzat.[4]
Gailhoustet-en eragina izan zuten Team X-ko kontzeptu apurtzaileek, Georges Candilis-ek, Alexis Josic-ek eta Shadrach Woods-ek, haiekin lan egiten zutenek, eta baita Jean Renaudiek egin zituen gogoetek ere. Interes sozialeko etxebizitza kolektibo bat defendatu zuen, eta hiria egiteko apustua egin zuen, aniztasun tipologikoaren eta ekipamenduen, zerbitzu komunen, espazio publikoen eta saltokien bidez: erabilera mistoen plangintza, topaketak, trukeak eta ongizatea erraztuko zituena. Haren arkitekturak ezaugarri hauek izan zituen: terraza bidezko eraikuntza, saltokietarako behe-solairuak, maila ertaineko tratamendua duten duplex etxebizitzak, irekiera handiak, ibilbide eta fatxaden araberako ezohiko espazioak, zabaltzeen okupazioa, lorategi-terrazak eta hormigoi armatuaren erabileraren azterketa formala.
Gailhoustetek irakasle-lanetan jardun zuen denbora laburrean l’Ecole Spéciale d’Architecture-n, 1973tik 1975era. 1993an Eloge du logement (Etxebizitzaren gorespena) liburua argitaratu zuen. Bertan, bere lana eta 1998. urtean Des racines pour la ville (Hirirako erroak) egin zituen.
1999an itxi zuen bulegoa eta berak sustatutako milaka etxebizitza sozialetako batean bizitzera joan zen.
Aintzatespenak
- 2018an Frantziako Arkitektura Akademiaren ohorezko domina lortu zuen.[5]
Erreferentziak
- Décès de Renée Gailhoustet, pionnière de l'architecture du quotidien. 2023-01-05.
- Arias Laurino, Daniela. (19 de junio de 2015). Renée Gailhoustet 1929. .
- «Renée Gailhoustet» FRAC, Centre Val Loire.
- «Renée Gailhoustet (ARCHIGUIDE)» www.archi-guide.com.
- Marc Barani et Renée Gailhoustet, médaillés de l'Académie d'architecture. .