Rembrandt

Rembrandt Harmenszoon van Rijn[1] ([ˈrɛmbrɑnt ˈɦɑrmə(n)soːn vɑn ˈrɛin], Leiden, Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, 1606ko uztailaren 15a - Amsterdam, Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, 1669ko urriaren 4a) herbeheretar marrazkilari, margolari eta irarle barrokoa izan zen. Artearen historiak eman dituen artista aipagarrienetakoa da. Haren obren ezaugarri garrantzitsuenak koloreen aberastasuna eta argi-ilunen erabilera bikaina dira.

Rembrandt

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRembrandt Harmenszoon van Rijn
JaiotzaLeiden, 1606ko uztailaren 15a
Herrialdea Zazpi Herbehere Batuen Errepublika
BizilekuaRembrandt House Museum (en) Itzuli
Talde etnikoaHerbeheretarra
HeriotzaAmsterdam, 1669ko urriaren 4a (63 urte)
Hobiratze lekuaWesterkerk
Familia
AitaHarmen Gerritszoon van Rijn
AmaNeeltje Willemsdr. Zuytbrouck
Ezkontidea(k)Saskia van Uylenburgh  (1634ko ekainaren 22a -  1642ko ekainaren 14a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaStedelijk Gymnasium Leiden (en) Itzuli
Leidengo Unibertsitatea
(1620 - 1621) : Arteak
Hizkuntzaknederlandera
Irakaslea(k)Jacob van Swanenburgh (en) Itzuli
Pieter Lastman
Joris van Schooten (en) Itzuli
Jan Pynas (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, marrazkilaria, grabatzailea, arte bildumagilea, akuafortista eta bildumagilea
Lantokia(k)Leiden
Amsterdam
Leiden eta Amsterdam
Lan nabarmenak
KidetzaAmsterdam Guild of St. Luke (en) Itzuli
MugimenduaHerbehereetako margolaritzaren Urrezko Aroa
Genero artistikoaerretratua
margolaritza erlijiosoa
margolaritza mitologikoa
genero-margolana
margolaritza historikoa
Autorretratua
paisaia margolaritza
erretratua
Troniea
izadi hila
Vanitasa
hunting still life (en) Itzuli
mythological art (en) Itzuli
winter landscape (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaKalbinismoa

Musicbrainz: 561856c5-2f55-4127-8eb9-c19cec9126dc Discogs: 2240926 Find a Grave: 6238810 Edit the value on Wikidata

Bere garaiko artista nagusietako bat izan zen, genero asko landu eta guztietan berezitasunak erakutsi zituena; teknika bikaina zuen eta irudi figuratiboetarako hainbat isuritatik edan zuen: bere garaiko artista herbeheretarrak, flandriarrak, XVI. mendekoak, eta Italiako Pizkundeko margolariak. Gaztaroan indar dramatiko handiko obrak egin zituen, baina gerora lehentasuna emozioari eta misterioari eman zien. Errealitatea adierazteko gero eta jarrera barnekoiagoa hartu zuen, bere garaiko gustuak agintzen zuenetik aldendu bazen ere, errealitatearen eta gertaeren atzealdea, alderdirik sakonena aztertzeko ahalegina egin zuen.

Bizitza

Ikasketak

Kalbindar baten semea zen, eta Bibliaren eta kultura klasikoaren ezagutza sakona izan zuen gaztetatik. Leidengo unibertsitatean hasi zen ikasten, baina ikasketok utzi zituen, margolaritza ikasteko. Jacob van Swanenburchekin egin zituen margolaritzako lehen ikasketak Leidenen, eta Amsterdamen osatu zituen, Pieter Lastmanekin. Bi irakasle horiek Carraci anaien eta Caravaggio pintore handiaren ikasleak izan ziren eta argi-ilunaren teknika menderatzen zuten; geroago, teknika hark Rembrandten lanetan eragin handia izan zuen. Amsterdamen flandriar artearen oparotasunarekin topo egin zuen eta XVI. mendeko herbeheretar eta ingeles maisuez arduratu zen.

Leidengo aldia

Jesusen agerraldia tenpluan, 1631.Mauritshuis, Haga

1627an jaioterrira itzuli zenean, Jan Lievensekin batera —hura Lastmanen ikasle izan zen— jarri zen margolari independente gisa lanean, eta bere lantegi sortu. Constantijn Huygensek idatzi zuenez, Lievensen dohainak sorkuntza ahalmena, monumentaltasuna eta formen edertasuna zuen, eta erretratu egilea hobea zen, baina Rembrandt psikologo hobea zen eta efektu biziagoak sortzeko gai. Hortaz, historiarako hobea zen, bere pertsonaiei ematen zien bizitasunagatik; koadro txikiagoetan maisutasun tekniko handia erakutsi zuen eta espazio mugatuagoan gauza gehiago adierazteko gaitasuna zuen.

Lehenengo urteetako koadro eta grabatuetan erlijio gaiak erabili zituen, batez ere; gerora ere landu zituen gai horiek, baina hasieran dira bereziki aipagarriak gai kristauak eta Bibliakoak. Estiloari dagokionez, obra horiek Lastmanen eta Caravaggioren eragin nabaria dute, eta hasieratik antzeman zitzaion argiaren lanketarekiko kezka:argi-ilunen kontrastea eta argiaren efektu biziak bilatu zituen eta bizitasun handia eman zien pertsonaiei, Kristo Emausko erromesekin koadroan (1629, Jacquemart-André museoa, Paris) esate baterako.

Baina oso goiz hasi zitzaion antzematen berezko estiloa eta, horrela, 1630erako bere bideari heldu zion: argiaren kontraste bizien eta dramatismo bortitzaren ordez, irudiak argi-ilun lauso misteriotsuetan bildu zituen, eta gaietan emozioaren interpretazioari lehentasuna ematen hasi zitzaion. Aldaketa hori nabari da, besteak beste, Jesusen agerraldia tenpluan (1631, Mauritshuis, Haga) eta Egiptoko ihesaldia (1627, Toursko Arte Ederretako museoa) obretan. Zenbait koadro, marrazki eta akuafortet,an aurpegien estudio bikainak eta autoerretratuak (1626, Museum Schloss Wilhelmshöhe, Kassel) egin zituen, berezko estiloa eta teknika zehatza erakutsiz. Lehen aldian grabatu ugari ere egin zituen, eta haien bitartez ospea lortzen hasi zen, Europa osora zabaldu baitziren.

Amsterdamgo aldia

Grabatuekin zuen arrakastak bultzatuta, 1631n Amsterdamera aldatu zen. 1634an Saskia van Uylenburghekin ezkondu zen eta, ikasleak hartzen hasi zela, haren ospea areagotu egin zen. 1630az aurrera erretratugintza lantzen jarri zen, eta arrakasta handia izan zuen hiriko erdi-goi mailako biztanleei erretratuak eginez. Agerian geratu zen pintoreak gizarte nahiz diru mailan izan zuen hobekuntza, emazteari eta bere buruari eginiko erretratuetan ikusten den bezala. Izan ere, Emaztea erretratuetan eredu gogokoena izan zuen, harik eta 1642an hil zen arte. Herbehereetako erretratugintza, talde-irudiei dagokienez bereziki, eraberritu eta margolaritzako jenero nagusien mailara eraman zuen. Oro har, erretratuetan xehetasun errealistez beteriko irudiak agertzen ditu, eta marrazki naturalista oso zainduak; gorputz erdiko erretratuak egin zituen, batez ere, banakako erretratuen alorrean, baina gorputz osoko zenbait irudi aipagarri ere ditu, adibidez, Marten Soolmans eta Oopjen Coppit senar-emazteenak (1634; Rothschild bilduma, Paris).

Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia, 1632
Mauritshuis, Haga

Ezaugarri psikologikoen azterketa zorrotza, errealismoa eta teknika maisutasun handia (aberastasun handiko testurak eta argi efektu bikainak) koadro haien ezaugarri nagusiak dira. Aipagarriak dira erretratu ofizial aristokratikoak eta baita bere autoerretratuak eta emazteari egindakoak ere: Autoerretratua (1634, Gemäldegalerie, Berlin), Saskia irribarretsu (1633, Gemäldegalerie Alte Meister, Dresde), Maria Bockenolle (1634, Museum of Fine Arts, Boston), Gizona ekialdeko jantziekin (1635, Rijksmuseum, Amsterdam), Maria Trip (1639, Rijksmuseum). Talde-irudietan berrikuntza handiak egin zituen, adibidez Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia (1632, Mauritshuis, Haga); ordu arteko Herbehereetako erretratugintzan ohi ez bezala, pertsonaia guztiak ekintza berari lotuak agertzen dira koadro horretan. 1630eko hamarkadan utzi zuen agerian nolako trebetasuna zuen argi-ilunekin jokatzeko, eta nolako sentsualtasunaz adieraz zitzakeen testurak. Gai erlijiosoko eta mitologikoko koadroetan nabaria izan zen barrokismorako joera, naturalismoa eta emozioa adierazteko gaitasuna, humanismoa eta poesia lotzeko gaitasuna; joera horren erakusgarri dira Familia sakratua (1634-1635, Alte Pinakothek, Munich)[2], Gurutzetik jaistea (1633, Alte Pinakothek)[3], Rembrandtek berak aitortu zuen bezala, Kristoren nekaldia gaiari buruzko bost oihal (1633-1639, Alte Pinakothek, Munich), Ganimedesen bahiketa (1635, Staatliche Kunstsammlungen, Dresden)[4] eta Danae (1636, Ermitage, Leningrado)[5]. Garai hartan, azpimarratzekoak dira, azkenik, Amsterdam inguruko parajeetako paisaiak, kutsu fantastikokoak, argi efektu bikainekikoak, adibidez Harrizko zubiaren ikuspegia (1638, Rijksmuseum)[6].

Gaueko erronda, 1642
Rijksmuseum, Amsterdam

1642an erabateko aldaketa gertatu zitzaion, emaztea eta lau seme-alabetatik hiru hil baizitzaizkion; Titus semea (1641ean jaioa) salbatu zen soilik. Garai hartan margotu zuen bere maisulanik goraipatuena, Gaueko erronda (1642, Rijksmuseum) deitua, benetako izenburua Frans Banning Cocq kapitainaren eta Willem van Ruytenburch tenientearen konpainia duena eta, orain gutxi arte besterik uste izan zen arren, egunez jazotako gertaera bat azaltzen duena. Hor, Rembrandten pintorearen ezaugarri nagusiak biltzen dira: pertsonaiak koadroan antolatzeko era, argi eta itzalen teknika zehatza, xehetasunak eta eszena beraren dinamismoa.

Bestetik, ospea itzaltzen hasi zitzaion, ezin izan baitzion aurre egin Herbehereetako pinturan gauzatzen ari zen aldaketari: garai hartako gizarteak arrandia formala eta komenientzia eskatzen zituen, eta Rembrandt, aldiz, gero eta gehiago murgildu zen izpiritualtasunean, gero eta obra barnekoiagoak eginez. Horrenbestez, ospeak behera egin zuen, eta lan gutxiago, erretratu ofizial gutxiago batez ere, agintzen zioten, baina artean hasi zen bere heldutasun beteko garaia eta garai hartakoak ditu obra nagusiak: Aristoteles Homeroren buruarekin (1653, Metropolitan Museum of Art, New York)[7] eta Emausko afaria (1648, Louvre, Paris)[8]. Pintura jasoagoa eta konplexuagoa landu zuen, askeagoa, nabardura askoko kromatismo harrigarria ageri dute koadroek, kolore epelak eta urre kolorea nagusi direla, eta efektu magikoez hornituak dira. Bibliako gaietan arrandia eta maitasuna islatzen hasi zen, eta kutsu barnerakoia eta mistikoa hartu zuten haren obrek. Koadroez gainera, oso aintzat hartzekoak dira 1640-1650 hamarkada inguruko grabatuak ere, batez ere Hiru zuhaitz (1643), Hiru gurutzeak (1653), etab.

Jan Sixen erretratua, 1654
The Six Collection, Amsterdam

Azken urteak

Bildumagile eta arte-merkatari bihurtu zen, eta Hendrickje Stoffels gaztearekin izan zituen harremanen ondorioz, 1649an Cornelia alaba jaio zen. Bere jauregi handiaren ordainketak eta Ingalaterraren aurkako gerraren ondorioz arte-merkatariaren negozioen gainbehera zirela eta, 1656an porrot egin zuen[9] eta, etxea saltzeaz gainera, bere obrak nahiz bildutakoak saldu behar izan zituen.

Bere azken urteetan, pintatzeari buru-belarri ekin zion eta haren pinturak mailarik gorena lortu zuen. Hainbat autoerretratu egin zituen: aipagarrienak Washingtonen, Amsterdamen (1661) eta Kolonian (1662 aldean) daude. Azterketa psikologikoa da, halaber Nicolaes Bruyningh (1652, Staatliche Museen, Kassel), Jan Six (1654, The Six Collection, Amsterdam), Emakumea larrosarekin (1660-1669, Metropolitan Museum of Art, New York) koadroen berezitasun nagusia. Talde irudi bikainak egin zituen, konposizio landua eta harmonia handia dutenak; giro naturalista eta egiazkoa eman zien: Staalmeesters, oihalgileen sindikoak (1662, Rijksmuseum, Amsterdam).

Irudi galeria

Erreferentziak

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. La Sagrada Familia. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  3. El descendimiento de la cruz. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  4. Rapto de Ganímedes. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  5. Danae. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  6. Paisaje con un puente de piedra. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  7. Aristóteles contemplando el busto de Homero. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-11).
  8. La cena en Emaús. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-11).
  9. Rembrandt. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-11).

Ikus, gainera

  • Rembrandten margolanen zerrenda

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rembrandt Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.