Regulus (izarra)

Regulus (α Leonis bezala izendatua, latinizatuta Alpha Leonis eta hori laburtuta, Alpha Leo, α Leo, batzuetan gaztelaniaren eraginez Regulo) Lehoiaren konstelazioko izarrik distiratsuena da eta gaueko izarrik distiratsuenetako bat ere bada, Eguzkitik 79 argi-urtera kokatuta dagoelarik, gutxi gorabehera. Begi hutsez ikusita Regulusek izar bakarra ematen du, baina izar lautar bat da, bi izarreko bi taldek osatzen dutena. Regulus A izar bitarraren espektroskopiak erakutsi du sistema sekuentzia nagusiko izar urdin-zuri bat dela eta bere bizilaguna, zeina oraindik ez den zuzenean behatzea lortu, ziur aski nano zuri bat da. HD 87884 176″-k banatzen dute Regulusetik. Regulusek eta beste bost izar zertxobait ahulagok (Zeta Leonis, Mu Leonis, Gamma Leonis, Epsilon Leonis eta Eta Leonis) osatzen duten taldeari "igitaia" izena ipini zaio, zeina Leoren burua irudikatzen duen asterismo bat den.

Regulus (izarra)
Aurkikuntza eta kokapena
KonstelazioaLeo (konstelazioa)

Garaia: J2000.0
Igoera zuzena152,09375 gradu sexagesimal
Deklinazioa11,96722 gradu sexagesimal
Ezaugarri fisikoak
Masa3,8 Eguzki masa
Astrometria
Distantzia Lurretik24 parsec
Magnitude absolutua−0,52

Nomenklatura

α Leonis (latinizatuta Alpha Leonis) da izar-sistemaren Bayerren izendapena. Ohiturazko izena den Rēgulus hitzak latinez "printze" edo "errege txiki" esan nahi du. 2016an, Nazioarteko Astronomia Elkarteak Izarren Izenen Lantaldea sortu zuen, zeinaren helburua izarrak katalogatu eta euren izenak estandarizatzea den.[1] Lantalde horrek 2016ko uztailean argitaratu zuen buletinak Regulus izena eman zion izar honi.[2] Hortaz, izen hori agertzen da gaur egun NAEren Izarren Izenen Katalogoan.[3]

Behaketa

Regulus izarra gaueko zeruko hogeita batgarren izarrik distiratsuena da, +1.35-eko itxurazko magnitudea baitu. Argi gehien igortzen duen izarra Regulus A da. Regulus B bakanduta ikusiko balitz, +8.1-eko itxurazko magnitudedun gorputza izango litzateke ete bere bizilagun Regulus C izarrak +13.5-eko itxurazko magnitudea duenez, teleskopio sendo bat beharko litzateke begiztatzeko. Regulus A izar bitar bat da, baina bere bizilaguna ezin izan da behatu, bi izarren arteko distira desberdintasun handia dela eta. BC bikotea Regulus A-tik 177 arkusegundoko distantzia angeluarrean dago, hortaz, bikote hori teleskopio arruntekin beha daiteke.[4]

Regulus ekliptikatik 0.465 gradura dago,[5] izarrik distiratsuenen artean hurbilen eta sarritan Ilargiak estaltzen du. Merkuriok eta Artizarrak ere estal dezakete izarra, baina oso arraroa izaten da hori, asteroideek estalita ere oso gutxitan ikusten da. Badira Bayerren izendapena duten beste zazpi izar ekliptikatik 0.9 gradura baino gertuago daudenak. +3.53ko itxurazko magnitudedun δ (Delta) Geminorum da Regulus eta gero ekliptikatik hurbilen dagoen izar distiratsuena. Regulusek balio handia du astronomoentzat, izan ere, eguzki-sistemako objektu esanguratsuenen bataz besteko orbitekin lerrokatzen denean eta bere ezohiko magnitude altua dela eta, teleskopio bidezko behaketetan laguntzen du. Adibidez, asteroide batek estaltzen duenean asteroidearen ezaugarriak zehazteko lagun dezake.

Artizarra izan zen Regulus estali zuen azken planeta, 1959ko uztailaren 7an.[6] Hurrengo estalketa, Artizarrak burutuko duena, 2044ko urriaren 1ean gertatuko da. Beraien nodo-posizioak direla eta, beste planetak ez dira gai izango Regulus estaltzeko hurrengo milurtekoetan. 2005eko urriaren 19an 166 Rodope asteroideak Regulus estali zuen eta gertaera hori Portugal, Espainia, Italia eta Greziako hamabi ikerlarik behatu zuten. Argiaren kurbadura diferentziala behatu eta hura erlatibitate orokorrarekin bat datorrela egiaztatu da.[7] 163 Erigona asteroideak ere estali zuen Regulus, 2014ko martxoaren 20an.[8] Asteroideak Lurrean eragindako itzalezko bidea Ontario ekialdean hasi eta New Yorkeraino zabaldu zen, alabaina, inor gutxik ikusi zuen, eguraldi hodeitsua zegoelako.[9]

Ipar hemisferioan izan hau ikusteko garairik egokiena neguaren amaiera eta udaberria da. Hala ere, Regulus izarra abuztu aldean izan ezik (Eguzkia gainjartzen baitzaio) urte osoan zehar ikus daiteke gaueko uneren batean, gehienetan ilunabarrean.[10] Otsailean ordea, izarra gau osoan zehar ikus daiteke, zeru osoa zeharkatzen. Regulus Eguzkia gainjartzen zaionean igarotzen da SOHOren LASCO C3tik.[11] Izarra goizaldean, argitzen ari duenean, ikusi nahi bada iraila da hilabeterik egokiena Lurreko toki gehienetan. Zortzi urtetan behin Artizarra Regulus estaltzekotan egoten da iraileko egun jakin batzuetan, azken aldia 2014ko irailaren 5a izan zelarik.

Izar-sistema

Izar urdin distiratsuena da Regulus izarra.

Regulus gutxienez lau izarrez osatutako izar-sistema bat da. Regulus A da izar nagusia, bere bizilaguna 177"-ra duelarik eta hura fisikoki erlazionatuta dagoela pentsatzen da. Regulus D 12-ko magnitudea duen bizilaguna da, 212"-ra kokatua,[12] baina ez dirudi izar nagusiarekin fisikoki erlazionatuta dagoenik.[13]

Regulus A sekuentzia nagusiko izar bitar urdin-zuri bat da B7V espektro motakoa. Izar-bitar hori beste izar ustez nano zuri batek orbitatzen du, zeinak 0,3 eguzki masa izan beharko lituzkeen gutxienez. Bi izarrek berrogei egun behar dituzten beraien masa-erdigune komuna orbitatzeko. Izar nagusiaren forma desitxuratua dela eta, litekeena da izar-sistema hau ez izatean Keplerren bi gorputzen eszenario puru bat, izan ere, baliteke eszenario honetan mespretxatu ezin diren perturbazio orbitalak gertatzea, adibidez, orbita-periodoari lotutakoak. Hau da, Keplerren hirugarren legea ez da balizkoa Regulus izar-sisteman. Urte askotan zehar Regulus A izar oso gaztea zela pentsatu zen, soilik 50 eta 100 milioi urte artekoa. Kalkulu hori egiteko bere tenperatura, distira eta masa hartu ziren kontuan. Alabaina, nano zuri bat egoteak gaztetasun hori ezinezko egin eta sistemak gutxienez mila milioi urte dituela pentsatzera eramaten gaitu, denbora hori behar baita nano zuri bat sortzeko. Gaztetasun tankera hori, agian, garai batean Regulus A eta beste izar baten artean masa-transferentzia egon zelako da. Hori hala bada, Regulus A garai batean askoz txikiagoa izan zen.[14]

Regulus A izar bitarreko izar nagusiak Eguzkiaren masa halako 3,5 du. Bizkortasun handiz biratzen dabil, 15,9 orduko errotazio periodoarekin, horregatik du itxura obalatua.[15] Honek grabitatearen iluntzea deritzon prozesua eragiten du: ekuatorerekin alderatuta, Regulusen poloetako fotosfera beroagoa da eta azalera-unitateko bost aldiz distiratsuagoa.[14] Ekuatorean, izarraren gainazalak 320 kilometro segundoko abiadurarekin errotatzen du, hau da, haustura gertatzeko abiadura-angeluar kritikoaren %96,5ean. Aipatutakoagatik, argi polarizatua igortzen du.[16]

Regulus BC Regulus Atik bost mila unitate astronomikora kokatzen da.[17] Berezko higidura berdina dute eta euren artean orbitatzen dutela uste da.[18] Regulus B eta Regulus C izarrek osatzen dute bigarren bikotea, zeinak Henry Draper Katalogoan HD 87884 izendapena jasotzen duen. Lehen izarra K2V motakoa da eta bigarrena M4V motakoa. Bikoteak 600 urteko orbita-periodoa du[18] eta 1942an 2,5"-ko banaketa.[19]

Erreferentziak

  1. «International Astronomical Union | IAU» www.iau.org (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  2. (Ingelesez) Bulletin of the IAU Working Group on Star Names, No. 1. Izarrak Izendatzeko Lantaldea.
  3. (Ingelesez) IAU Catalog of Star Names (IAU-CSN). Nazioarteko Astronomia Elkartea.
  4. Pugh, Philip (2009). "Simple Deep Sky Viewing". The Science and Art of Using Telescopes. Patrick Moore's Practical Astronomy Series. 157–185. orrialdeak. doi:10.1007/978-0-387-76470-2_6. ISBN 978-0-387-76469-6.
  5. «Zodiac Stars» www.johnpratt.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  6. «www.pierpaoloricci.it/dati/occultazioni pianeti-stelle luminose VERSIONE EN» www.pierpaoloricci.it (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  7. Sigismondi, Costantino; Troise, Davide (2008). "Asteroidal Occultation of Regulus:. Differential Effect of Light Bending". THE ELEVENTH MARCEL GROSSMANN MEETING on Recent Developments in Theoretical and Experimental General Relativity: 2594–2596. Bibcode:2008mgm..conf.2594S. doi:10.1142/9789812834300_0469. ISBN 9789812834263.
  8. Sigismondi, C.; Flatres, T.; George, T.; Braga-Ribas, F. (2014). "Stellar limb darkening scan during 163 Erigone asteroidal occultation of Regulus on March 20, 2014 at 6:06 UT". The Astronomer's Telegram. 5987: 1. Bibcode:2014ATel.5987....1S.
  9. «Regulus2014 « IOTA» occultations.org (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  10. (Ingelesez) Ford, Dominic. «Online Planetarium - In-The-Sky.org» in-the-sky.org (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  11. «SOHO and STEREO Sungrazing Comets» sungrazer.nrl.navy.mil (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  12. (Ingelesez) Mason, Brian D.; Wycoff, Gary L.; Hartkopf, William I.; Douglass, Geoffrey G.; Worley, Charles E.. (2001 December). «The 2001 US Naval Observatory Double Star CD-ROM. I. The Washington Double Star Catalog» The Astronomical Journal 122 (6): 3466.  doi:10.1086/323920. ISSN 1538-3881. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  13. (Ingelesez) Brown, A. G. A.; Vallenari, A.; Prusti, T.; Bruijne, J. H. J. de; Babusiaux, C.; Bailer-Jones, C. a. L.; Biermann, M.; Evans, D. W. et al.. (2018-08-01). «Gaia Data Release 2 - Summary of the contents and survey properties» Astronomy & Astrophysics 616: A1.  doi:10.1051/0004-6361/201833051. ISSN 0004-6361. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  14. Rappaport, S.; Podsiadlowski, Ph.; Horev, I.. (2009-06-10). «THE PAST AND FUTURE HISTORY OF REGULUS» The Astrophysical Journal 698 (1): 666–675.  doi:10.1088/0004-637X/698/1/666. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  15. (Ingelesez) McAlister, H. A.; ten Brummelaar, T. A.; Gies, D. R.; Huang, W.; Bagnuolo, Jr., W. G.; Shure, M. A.; Sturmann, J.; Sturmann, L. et al.. (2005-07-20). «First Results from the CHARA Array. I. An Interferometric and Spectroscopic Study of the Fast Rotator α Leonis (Regulus)» The Astrophysical Journal 628 (1): 439–452.  doi:10.1086/430730. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  16. (Ingelesez) Cotton, Daniel V.; Bailey, Jeremy; Howarth, Ian D.; Bott, Kimberly; Kedziora-Chudczer, Lucyna; Lucas, P. W.; Hough, J. H.. (2017-10). «Polarization due to rotational distortion in the bright star Regulus» Nature Astronomy 1 (10): 690–696.  doi:10.1038/s41550-017-0238-6. ISSN 2397-3366. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  17. Sinachopoulos, D.; van Dessel, E. L.. (1996-11). [http://dx.doi.org/10.1051/aas:1996260 «UBV photometry of wide visual double stars. V. Double stars with mainly K- and M- type primaries»] Astronomy and Astrophysics Supplement Series 119 (3): 483–488.  doi:10.1051/aas:1996260. ISSN 0365-0138. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  18. (Ingelesez) Tokovinin, A. A.. (1997-07-01). «MSC - a catalogue of physical multiple stars» Astronomy and Astrophysics Supplement Series 124 (1): 75–84.  doi:10.1051/aas:1997181. ISSN 0365-0138. (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
  19. McAlister, H. A.; ten Brummelaar, T. A.; Gies; Huang; Bagnuolo, Jr.; Shure; Sturmann; Sturmann; Turner; Taylor; Berger; Baines; Grundstrom; Ogden; Ridgway; Van Belle; et al. (2005). "First Results from the CHARA Array. I. An Interferometric and Spectroscopic Study of the Fast Rotator Alpha Leonis (Regulus)". The Astrophysical Journal. 628 (1): 439–452. arXiv:astro-ph/0501261. Bibcode:2005ApJ...628..439M. doi:10.1086/430730.

Ikus, gainera

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Astronomia

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.