Raymond Poincaré
Raymond Poincaré (Bar-le-Duc, Frantzia, 1860ko abuztuaren 20a - Paris, Frantzia, 1934ko urriaren 15a) frantses politikari eta estatu-gizona izan zen.
Biografia
Parisko Unibertsitatean zuzenbideko ikasketak egin ondoren, abokatu-lanetan hasi zen, 1882an. Diputatu hautatu zuten 1887an, eta Hezkuntzako ministro, sei urte geroago. Finantzako ministro izendatu zuten 1894an, eta Hezkuntzako ministro, berriro ere, urtebete geroago.
1903tik 1912ra bitartean, Senatuko kide izan zen, eta 1906an gobernura itzuli zen, berriro, Finantzako ministro gisa. 1912an lehen ministro hautatu zuten, aldi berean Kanpo Arazoetako ministro ere bazela. Alemaniaren aurkako politika zorrotza bideratu zuen. Alemaniaren erasoaren ondoren, Errusiak Frantziaren laguntza jasoko zuela segurtatu zion Poincarék Nikolas II.a tsarrari, eta, gerra saihestezina zela ikusten zuenez, Frantzia inguraturik gera zedin eragotzi nahi izan zuen.
1913an Frantziako lehendakari hautatu zuten. Lehen Mundu Gerran (1914-1918), Georges Clemenceau lehen ministroa izan zuen arerio, baina harekin batean lan egin behar izan zuen, Frantziako batasun nazionala gordetzearren. Gerra amaitutakoan lehendakaritza utzi, eta senatura itzuli zen, eta Alemania jo zuen gerraren errudun nagusitzat.
Lehen ministro eta Kanpo Arazoetako ministro izan zen 1922tik 1924ra bitartean, eta Alemaniak gerra-zorrak ordaintzeko luzapena eskatu zuenean, frantses armada Ruhr ibai-arroraino joateko agindua eman zuen Poincarék.
1926an lehen ministro izendatu zuten, berriro ere, eta beharrezko neurriak hartu zituen Frantzia pairatzen ari zen ekonomia-egoera zaila gainditzeko.
Idazlanak
Harena da Au service de la France (1926-1933, Frantziaren zerbitzuan) oroitzapen-liburua.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Raymond Poincaré |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.