Ramón Luis Valcárcel
Ramón Luis Valcárcel Siso (Murtzia, 1954ko azaroaren 16a) espainiar politikaria da. Murtziako Autonomia Erkidegoko lehendakaria. Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen Murtziako Unibertsitatean. Ikasketak bukatuta, artearen historiako eskolak eman zituen, ikerketak egiteaz eta zenbait aldizkaritan idazteaz gainera. 1982an, Alianza Popular (gero, Partido Popular) alderdiko kide egin zen. Gero eta erantzukizun handiagoko karguak hartzen hasi zen alderdian, eta Murtziako Batzordeko kide izendatu zuten azkenik. 1987an, alderdiko Murtziako lehendakariordetza hartu zuen, eta PPren udal-taldeko lehendakari izendatu zuten Murtziako Udalean. Bi urte geroago, Murtziako Partido Popularreko lehendakaritza eskuratu zuen, baina hurrengo urtean utzi zuen, alderdiko lehendakariorde izendatu zutelako. 1991n, Murtziako Alderdi Popularreko lehendakari hautatu zuten, eta, 1993an, berriro. 1995ean, Murtziako Erkidegoko lehendakaritza eskuratu zuen, María Antonia Martínez sozialistaren lekua hartuz. 2010az geroztik, Europako Batasuneko Lurraldeen Batzordeko lehendakariordea da, eta lehendakari da 2012tik aurrera.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ramón Luis Valcárcel |