Raif Dizdarević
Raif Dizdarević (Fojnica, Bosnia, Jugoslaviako Erresuma, 1926ko abenduaren 9a) Jugoslavia ohiko politikaria da.
Raif Dizdarević | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Fojnica (en) , 1926ko abenduaren 9a (97 urte) | ||
Herrialdea | Bosnia-Herzegovina | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria, komisario politikoa, diplomazialaria, sindikalista eta idazlea | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | islama | ||
Alderdi politikoa | Our Party (en) Jugoslaviako Komunisten Liga |
Biografia
Hamasei urterekin Titoren gerrilletan parte hartu zuen alemaniar eta italiarren aurka, Bigarren Mundu Gerran.
1945ean Alderdi Komunistako kide egin zen, eta 1951. urtea arte Estatuko Segurtasun Batzordeko kide izan zen. Azken urte hartan Kanpo Arazoetako ministerioan hasi zen lanean, eta hurrengo hiru urteetan Enbaxadako Arazoetarako idazkari eta arduradun izan zen Bulgarian. 1956-1959 bitartean Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko enbaxadako lehen idazkari izan zen. 1963an Txekoslovakiako enbaxadara bidali zuten, eta lau urtez aholkulari-lana bete zuen.
Jugoslaviara itzuli zenean, 1967an, Sindikatuen Konfederazioko Batzordeko idazkari izendatu zuten. 1972an diplomazia-lanetara itzuli zen, Kanpo Arazoetako federazioko idazkariorde gisa. Bi urtez kargu horretan aritu ondoren, Batzordeko Presidentetzako kide eta Bosnia-Herzegovinako Sindikatuen Konfederazioko Batzordeko presidente izan zen, 1978. urtea arte. 1975-1978 bitartean, gainera, Bosnia eta Herzegovinako Langileen Alderdiko eta Errepublikako Lehendakaritzaren Konfederazio Sozialistako kide izan zen. 1978-1982 bitartean Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialistako presidentetza eskuratu zuen, eta Defentsa Nazionaleko Batzorde Goreneko presidente izan zen. Gainera, Jugoslaviaren Defentsarako Batzordeko kide izan zen 1978tik 1983ra. 1982an Jugoslaviako Elkarteen Federazioko kide izendatu zuten, eta presidente geroxeago. 1987. urtea arte Kanpo Arazoetako ministro izan zen, eta azken urte horretan Federazioko presidentetza eskuratu zuen, Hamdija Pozederac dimisioa ematera behartu zuen finantza-eskandaluaren ondoren. 1988ko maiatzean Jugoslaviako Batzar Federalak Jugoslaviako presidente izendatu zuen. Urtebete geroago Tito presidenteak ezarritako txandakatze-sistemaren arabera hala baitzegoen zehaztuta, Janez Drnovšek bosniar ordezkariak hartu zuen haren lekua.
Dizdarević Federazio jugoslaviarra elkartuta mantentzen saiatu zen, baina Jugoslaviako Gerrak hastean galdu zuen han zuen eragin politikoa. Aurrerago Sarajevon bizi izan da eta han argitaratu ditu bere oroitzapenak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.