Rafah
Rafah (arabieraz: رفح) Gazako zerrenda eskualdeko hiria da. Bertan 70.000 biztanletik gora bizi dira. 1993ko Osloko Hitzarmenaz geroztik Palestinaren menpe dagoen hiria da. Hiri honetan Egipto eta Palestinaren arteko muga-pasabide bakarra dago.
Rafah | |
---|---|
hiria | |
Administrazioa | |
Herrialdea | Palestina |
Gobernazioa | Rafah |
Alkatea | Sa'ad Zoarub |
Geografia | |
Koordenatuak | 31°17′19″N 34°15′07″E |
Demografia | |
Biztanleria | 164.000 (2016) 5.586 (2015) |
Informazio gehigarria | |
Hiri senidetuak | Pesaro |
Rafahko muga-pasabidea
Rafah herrian dago Rafahko muga-pasabidea, Egiptora Gazatik pasatzeko aukera ematen duen pasabide bakarra da. Israelgo indar militarrek kontrolatzen zuten lehenago, eta 2005eko irailean kontrola Palestinako Agintaritza Nazionalari eskualdatu zioten, Gazako zerrendatik Israel erretiratzeko itunaren barruan zegoen neurri hori. Europar Batasuneko Batzorde bat 2005eko azaroan hasi zen pasabidea kontrolatzen Israelgo segurtasun-kezken erdian, eta 2006ko apirilean, Mahmud Abbas presidente palestinarraren Lehendakaritzako Guardiak bere gain hartu zuen erantzukizun hori, Palestinako Agintaritza Nazionalaren izenean.[1] Egiptoko aldean, erantzukizuna 750 Muga Zaindarik hartu zuten, Egipto eta Israelen arteko akordio baten bidez horrela onartu eta gero. Akordioa 2005eko azaroan sinatu zen, Ameriketako Estatu Batuen presiopean, eta Israelek eskatutako segurtasun-baldintzak betetzen zituela zehazten zuen.
2008ko urtarrilaren 23an 2:00etan zabaldu zen muga, gizon armatuek hesia leherrarazi eta gero. Hurrengo lau egunetan, gutxi gorabehera 700.000 palestinarrek zeharkatu zuten Egiptora pasatzeko, asko hornidurak erosi eta jarraian Gazara itzultzeko. Egiptoarrek kopuru txikiagoan zeharkatu zuten Gaza aldera.
2010eko ekainaren 1ean, Israelek itsasontzi zibil baten aurka egindako erasoaren ondorioz hildako batzuk izan zirenean eta nazioarteko kommozioaren erdian, Egiptok iragarri zuen mugako pasabidea irekitzen zuela.
2011ko maiatzaren 28an, Hosni Mubarak presidente kargugabetuaren politika lotsagarria leuntzearren, Palestinarentzat eta bere jendearentzat, Egiptok, lau urteko itxituraren ondoren, Gazako setioa amaitu zuen, eta Rafahko muga behin betiko ireki zuen, palestinarrak Egipton libreki onartzen. Muga zeharkatu zuten lehenak anbulantziak izan ziren, tratamendu medikoa behar zuten gaixoekin; Kairorantz eraman zituzten.[2]
2023ko urriaren 7an hasi zen gatazka armatuan muga itxita egon zen, azaroaren lehenean Rafahko pasabidea pertsonentzat berriro ireki zuten arte, baina soilik larri zeuden palestinarrak eta atzerriko pasaportea zutenak handik ateratzeko.[3] Milizia palestinarren erasoaz geroztik, urrian ehun kamioi baino gutxiagok igaro zuten Egipto eta Gaza arteko Rafah pasabidea, laguntza humanitarioarekin. Erasoaren aurretik, 500 kamioi inguru pasatzen ziren, eta Gazak eguneko ehun kamioi behar zituen bere behar larrienei erantzuteko. Urriaren 21a arte, Israelek erabat itxita izan du Gaza. Ordutik, eguneko hamabi kamioik igaro zuten muga, batez beste.[4]
Etimologia
Robihwa deitzen zioten antzinako egiptoarrek; Rafihu, asiriarrek; Ραφία (Rafia), grekoek; Raphia erromatarrek; Raphiah [Rafiach ahoskatua] aspaldiko israeldarrek; eta Rafah, kalifatoaren garaian.[5]
Demografia
1922an 599 pertsona bizi ziren Rafahn, eta 1945ean 2.220. 1982an, 10.800 biztanle zeuden gutxi gorabehera.[6]
1997an, erroldaren ardura zuen Palestinako Estatistika Bulego Nagusiak (PCBS) zabaldu zuen Rafahk eta haren inguruko zelaiak 91.181 biztanleko populazioa zutela. Errefuxiatu palestinarrak biztanleria osoaren %80,3 dira.[7] 1997ko zentsuari dagokionez, Rafahn (Rafahko errefuxiatu-zelaiarekin batera) % 50,5 gizonezkoak ziren eta % 49,5 emakumezkoak.
2006an, iturri beraren arabera, Rafah hiriak 71.003 biztanle zituen, Rafah zelaia eta Tall as-Sultan herri bananduak ziren zentsuaren ondorioetarako, 59.983 eta 24.418 biztanle zituzten, hurrenez hurren.[8][8]
Hiritar ezagunak
- Jamal Abu Samhadana (1963-2006), politikaria
- Khaled Juma (j. 1965), poeta eta idazlea
- Loai Deeb (j. 1975), politikaria
- Said Al-Sobakhi (j. 1985), futbolaria
Erreferentziak
- Mitch Potter, Something that works: the Rafah crossing, The Toronto Star, 21 de maig, de 2006.
- Egypt opens Rafah border with Gaza. .
- «Rafahko pasabidea ireki dute larri dauden palestinarrak eta atzerriko pasaportea dutenak handik ateratzeko» EITB 2023-11-01 (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
- BerasategiOtamendi, Gorka. (2023-11-01). «Gaza, inkomunikaturik eta Israel erasoen indartze betean» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
- Polybii Historiae [5,80].
- Welcome to Rafah Palestine Remembered.
- Palestinian Population by Locality, Sex and Age Groups in Years. .
- PCBS [Palestian Central Bureau of Statisctics (PCBS) Projected Mid-Year Population for Rafah Governorate by Locality 2004-2006]