Quebeceko nazionalismo
Quebeceko nazionalismoa Quebec nazio berezia dela eta autodeterminazio eskubidea duela aldarrikatzen duen ideologia politikoa da, Kanada barruan autogobernu maila handiagoa eskuratzeko edo Kanadatik bereizteko estatu berri bat sortuz.
Nazionalismo honen funtsa Quebeceko berezko hizkuntzan eta kulturan datza. Quebeceko herritarrak frankofonoak dira nagusiki, Kanadako gainontzeko lurraldekoak anglofonoak diren bitartean. Kultura erlijiosoari dagokionez quebecetarrak katolikoak dira, eta Kanadako gainontzeko biztanleak protestanteak.
Historia
Arlo politikoan Quebeceko nazionalismoa XX. mendeko 60ko hamarkadan garatzen da. Aldarrikapen linguistikoek antolakuntza politikoa eskatzen zutelakoan, abertzale quebectarrek Mouvement Souveraineté-Association herri-mugimendua sortu zuten, 1968an alderdi politiko abertzale bat bihurtzen dena (Alderdi Quebecarra). Kontzientzia nazionalaren garatze-prozesuan ere garrantzia handia izan zuen Charles de Gaulle presidente frantziarraren bisitak (1967an), bere "Vive le Québec libre!" (Gora Quebec Askatuta!) ospetsua bota zuenean.
Urte horietako buruzagi abertzale nagusiak Jacques Parizeau eta René Lévesque izan ziren.
Borroka armatua
Quebecek erakunde independentista armatu baten agerpena ere ikusi zuen urte horietan, Quebeceko Askapenerako Fronte deritzona. 1963tik 1970 arte talde horrek 200 ekintza baino gehiago burutu zituen, horietako batzuk odoltsuak (1970ean Kanadako Gobernuaren ministro bat bahitu eta hil zuen). Gobernu federalak Quebeceko okupazio militarra burutzen erantzun zuen (1970ean), 300 pertsona susmagarriak atxilotuz eta talde armatua deseginez.
Hizkuntza ofizialtasunean aldaketak
1970ean Kanadako Gobernuak frantsesa onartu zuen Estatu osoan hizkuntza koofizial gisa, keinu esanguratsua eginez Quebeceko abertzaleei. 1977an Quebeceko Gobernuak, bere aldetik, frantsesa izendatu zuen hizkuntza ofizial bakarra Quebecen, anglofonoei eta bertako komunitate indigenei eskubide linguistiko batzuk ere onartuz.
Lehen independentzia erreferenduma (1980)
Alderdi Quebecarrak hazkunde azkarra lortu eta 150.000 kide zituen 1980ean [1]; Quebeceko independentzia (estatu libre elkartua, zehatzago) eta zentro-ezkerreko politikak defendatzen zituen bere programan. Bere oinarri soziala populazio frankofonoa eta gazteak ziren, eta kaleko mobilizazioak jarduera parlamentarioarekin uztartzen zituen.
1980an René Lévesque Lehen Ministro abertzaleak autodeterminazio erreferenduma bultzatu zuen, 1980ko maiatzaren 20an burutu zena. Unionistek irabazi zuten, botoen %59,56 lortuta (boto independentista %40,44 izan zen). Porrota pairatu arren, datorren urtean (1981ean) Alderdi Quebecarrak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen, botoen %49a eskuratuz.
Bigarren independentzia erreferenduma (1995)
1990eko hamarkadaren hasierak Kanadako Gobernu kontserbadorearen emaitza txarrak dakartza: krisi ekonomikoa, langabeziaren igoera, kaleko protestak.... Alderdi Quebecarrak Quebeceko hauteskundeak irabazten ditu 1994an, eta bigarren erreferendum bat planteatzen du. Oraingo honetan, independentziaren aldeko argudioetan ongizateak eta estatu sozialaren onurek protagonismo handiagoa hartzen dute.
1995eko urriaren 30ean bozkatzen dute quebectarrek, eta %49,42ak bai esaten dio independentziari (%50,58ak, ez). Parte hartzea %93koa izan zen. Bigarren porrot horrek Alderdi Quebecarraren gainbehera dakar, botoen %44tik (1994an) %25era (2014an) pasatuz.
Erreferendumaren ondorenean, Quebecen sezesio posibleaz galderak planteatu zizkion Kanadako Gobernuak estatuko Auzitegi Gorenari, eta honek ebazpen edo iritzi funtsezkoa eman zuen (Renvoi relatif à la sécession du Québec delakoa), auzia etorkizunean nola ebatz daitekeen zedarritzen duena.
Quebec nazio gisa ezagutua
XXI. mendearen hasieran nazionalismo quebecarraren lorpen nagusia 2006an izan zen. Urte horretan Kanadako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, Quebec "Kanada batuaren barruko Nazioa" zela aitortzen zuena [2]. Kanadako Gobernuaren barnean desadostasun batzuk egon arren, ebazpena aurrera atera zen.
Erreferentziak
- Letamendia, Francisco: Juego de Espejos, Ed. Trotta, 1997, 160-162 orr. ISBN: 84-8164-156-1
- Kanadako Parlamentua Publications de la Chambre, 2006ko azaroaren 27an