Qingzang trenbidea

Qingzang trenbidea edo Qinghai-Xizang trenbidea (txinera sinplifikatuz: 青藏铁路; txinera tradizionalez: 青藏鐵路; pinyineraz: Qīngzàng Tiělù; tibeteraz: mtsho bod lcags lam མཚོ་བོད་ལྕགས་ལམ།), Qinghai probintziako Xining hiria eta Tibeteko eskualde autonomoan dagoen Lhasa hiria batzen dituen trenbidea da. Ibilbideak 1.956 kilometro ditu guztira.

Trenbidearen ibilbidea erakusten duen mapa.
Permafrostaren gainean eraikitako plataforma erakusten duen argazkia (2007).

Ezaugarriak

Ibilbidearen lehen zatia, Xining eta Golmud hirien arteko lehen 815 kilometroak, 1984 amaitu zen. Bigarren zatia, Golmud eta Lhasa artekoa 2006ko uztailaren 1ean inauguratu zuen Txinako Herri Errepublikako presidente Hu Jintaok. Trenbide hau, Txina behealdeko gunea Tibeteko goi-ordokiarekin batzen duen lehen trenbidea da.

Gaur egun, Lhasara heltzen diren Beijing, Chengdu, Chongqing, Guangzhou, Shanghai, Xining eta Lanzhouko trenak daude.

Punturik garaiena

Trenbidearen punturik garaiena Tanggulako igarobidea da, itsasoaren mailatik 5.072 metrora, munduan inoiz eraikitako altuera handieneko trenbidea.

Bestalde, 4.905 metroko altueran dagoen 1.338 metroko luzera duen Fenghuoshan tunela, garaiera handienean eraikitako tunela da.

Garaierak eragindako arazoak

Trenbidearen bigarren zatiaren %80a, itsasoaren mailatik 4.000 metro baino gehiagora dago batez beste. Hori dela, eta ibilbidearen zati handi bat, lurraren gainean eraikitako plataforma baten gainean eraiki behar izan zuten, Goi-ordoki tibetarraren zorua urte osoan zehar izoztuta dagoelako.

Horrela, ibilbidearen 550 kilometro, urte osoan zehar izoztuta dagoen permafrostaren gainean eraikia dago. Horrez gain, 675 zubi eraiki behar izan zituzten (159,88 kilometro guztira).

Eragin ekologikoa

Trenbideren eraikuntzak hainbat arazo ekologiko ekarri du ere. Haien artean Tibeteko goi-ordokiak ebakitzea, lanen hondakinen pilaketak eta bertako faunaren gaineko eragin ezkorrak.

Yangtze ibaiko iturriak ukituta geratu dira trena eraikitzeko lanaren ondorioz.

Trenbideak basa animalien populazioak banatu eta haien sasoiko migrazioen bideak moztu ditu. Trenbide berriarekin bereziki Tibeteko antilopeak eta jak basatiak kaltetuta suertatu dira.

Sakontzeko, irakurri: «Jak_basati#Mehatxuak»

Geltokiak

Golmud eta Lhasa arteko ibilbidean, 45 geltoki daude, eta horietatik 38, ez dute inolako langilerik bidaitxartelak ateratzeko. Horretaz, Xiningo kontrol bulegoa arduratzen da.

Eraikitako 45 geltokiez gain, etorkizunean beste hamairu eraikitzea espero da.

Tanggula tren geltokia

Sakontzeko, irakurri: «Tanggula tren geltokia»

Tanggula tren geltokia trenbidearen ibilbidean garaiera handienean dagoen geltokia da, itsasoaren mailatik 5.068. Munduan inoiz altuera handienean eraikitako tren geltokia da gainera.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.