QAnon

QAnon (Q + anonimoa = QAnon; ingelesez irakurtzen Kiu-anon) eskuin muturreko konspirazio teoria bat da, 2017tik puzten joan dena AEBetan, funtsean Donald Trump presidentearen aldeko narratiba bat eratuz joan dena.

QAnon sinisdun bat, manifestazio batean 2019an.

Historia eta ezaugarriak

Interneteko 4Chan foroan Q sinatzen zuen anonimo baten jarioan hasi ziren lehen zantzuak agertzen. Mezu horietan eta jarraitzaileek eratutakoetan Estatu sakonaren maniobra batzuk salatzen dira Trump-en kontra, eta hor nahasten dituzte eskuindarrek gorrotaturiko pertsonaia batzuk, hala nola George Soros inbertsore judu jatorrikoa edo Hillary Clinton. Ohiko antisemitismo eta anti-ezkertiar joerez gain, QAnon nabarmentzen da muturreko kontu sinesgaitzak gehitzen dituelako gorrotoaren zakura[1]. Esate baterako:

  • Pizzagate eskandalua. Hillary Clintonen aldeko buruzagi demokrata batzuk pedofilia sare bat antolatua omen zeukaten, Washingtoneko pizzeria baten inguruan.
  • Hollywood-eko izar ugari eta establishment liberaleko beste asko Satanen jarraitzaileak dira eta haurren sakrifizioan inplikaturikoak daude.
  • John F. Kennedy presidentea ez zuten hil: bizirik dago, eta bitxia bada ere, Trump-en aldekoa da orain.
  • Plan bat dago milaka estatubatuar atxilotu eta denak Guantanamora preso eramateko. Covid-19aren gaixotasun faltsua aitzakia gisa erabiliko dute horretarako.

2020ko QAnon konspirazioa lotu da Covid-19aren inguruko beste konspirazio-teoria batzuekin; eta bietan demonizatu dituzten pertsonaiak daude tartean, hala nola Soros bera edo Bill Gates[2]. 2020ko udan Twitterrek iragarri zuen QAnon-ekin lotutako kontu eta mezuak eteteko neurriak hartu zituela[3].

Erreferentziak

  1. «QAnon konspiranoia eroa isilarazi nahi du Twitterrek» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  2. (Ingelesez) Breland, Ali; Rangarajan, Sinduja. «How the coronavirus spread QAnon» Mother Jones (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  3. «https://twitter.com/twittersafety/status/1285726278868402177» Twitter (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.