Putumayo (ibaia)

Putumayo (kitxuaz: Putu mayu), Brasilen Içá deitua, Amazoniako ibaia da. Kolonbiako Andeetako Nudo de los Pastosen du iturburua, Putumayo departamenduko San Francisco udalerrian. Kolonbia eta Ekuadorren arteko muga eratzen du hasieran eta Peru eta Kolonbiaren artekoa ondoren. Brasilen barneratzen da gero, Amazonas ibaiarekin bat egiten duen arte. Ontziz ibil daiteke ia bere ibilgu osoan zehar[1]. 1.813 kilometro luze da[2], eta 148.000 kilometro koadroko arroa dauka.

Putumayo
Putumayo (es)
Datu orokorrak
Motaibai
Luzera1.610 km
Geografia
Map
Koordenatuak3°08′06″S 67°58′27″W
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera123.000 km²
Arro hidrografikoaAmazonasen arroa
Ur-emaria7.000 m³/s
Bokalea
()
Amazonas

Izena

Putumayo izena kitxuazko putu, «zuhaitz frutuz eginiko pitxerra», eta mayu, «ibaia», hitzetatik dator; «beraz euren fruituak pitxer bezala erabiltzen diren landareak hazten diren tokian jaiotzen den ibaia» esan nahi du.

Geografia

Putumayo mugako ibaia da ia bere ibilgu guztian. Nudo de los Pastos mendigunean jaio eta hasierako zatian Kolonbian zehar doa, Cehembí ibaiarekin elkartu rte. Toki horretatik aurrera, Kolonbia eta Ekuadorren arteko muga egiten du lehenik, eta Kolonbia eta Peruren artekoa gero. Ezkerraldeko isurialdea, Kolonbiako aldean dagoena, eskuinaldekoa baino garaiagoa izateagatik bereizten da. Tarte horretan dago biztanleriaren dentsitaterik handiena, eta abeltzaintzarako erabiltzen diren larredi zabalak daude[3]. 1.500 kilometroan herrialdearen hegoaldeko muga eginik, berriz sartzen da Kolonbian, eta Leticiako trapezioa zeharkatzen du. Azkenik, Brasilen barneratu eta Amazonasera isurtzen da, Santo Antônio do Içá herritik hurbil.

Ibaiadarrak

Hauek dira Putumayoren ibaiadar nagusiak:

Kolonbiako zatian:
  • Guamúez, 140 kilometro luze, 4.772 kilometro koadroko arroa, 500 m³/s-ko emaria.
  • Cehembí
Kolombia eta Ekuadorren arteko mugan:
  • Güepí, 110 kilometro luze, 4.435 kilometro koadroko arroa, 240 m³/s-ko emaria.
  • San Miguel, eskuinetik, 240 kilometro luze, 6.404 kilometro koadroko arroa, 630 m³/s-ko emaria.
Kolonbia eta Peruren arteko mugan:
  • Yavineto, ezkerretik.
  • Campuya, eskuinetik.
  • Cara Paraná, ezkerretik, 260 kilometro luze, 8.027 kilometro koadroko arroa, 500 m³/s-ko emaria.
  • Algodón, eskuinetik, 230 kilometro luze, 3.307 kilometro koadroko arroa, 160 m³/s-ko emaria.
  • Igara Paraná, ezkerretik, 440 kilometro luze, 12.945 kilometro koadroko arroa, 810 m³/s-ko emaria.
  • Yaguas, eskuinetik, 330 kilometro luze, 10.863 kilometro koadroko arroa, 410 m³/s-ko emaria.
Brasilgo zatian:
  • Cotuhe, eskuinetik.
  • Pureté edo Puretá, eskuinetik.

Hidrometria

Putumayoren emaria 1979 eta 1993 artean neurtua izan da São Paulo de Olivençan (Brasil), ahoa baino 320 kilometro lehenago[4]. Drainatutako eremuak 990.781 kilometro koadroko azalera hartzen du puntu horretan, arro osoaren % 80. Urteko batez besteko emaria 7.035 m³ segundoko da. Emari handiena maiatzean du (9.261 m³/s), eta txikiena otsailean (5.644 m³/s).

Putumayoren batez besteko emariak (/s), São Paulo de Olivençan neurtuak
Datuak: 1979 eta 1993 artean

Nabigazioa

Putumayo ibaia 1.800 kilometroan zehar da nabigagarria, Puerto Asísetik Amazonasekin elkartu arte. Urte osoan zehar da nabigagarria Peruko El Estrecho herritik Amazonaseraino, lau oineko kalatua duten itsasontzientzat. Korrontearen batez besteko abiadura 0,5 eta 1,5 metro segundo artean dago, urte garaiaren eta kontuan hartzen den ibai zatiaren arabera. Adibidez, 1,5 metro segundoko abiadura du ibaiaren goiko zatiak emari ertaineko garaietan (500 metro kubiko segundoko), agorraldian (250 metro kubiko segundoko) 0,60 metro segundoko abiadurara iristen den bitartean. Ibaiaren erdialde eta behealdeko zatietan, 4 eta 9 metro arteko sakonera dauka, eta 0,9 metro segundoko abiadura, Tarapacá herri inguruan duen 7.000 metro kubiko segundoko emariarekin. Putumayo ibaiak maila aldaketa handiak izaten ditu arroaren goiko aldean, 48 ordutan 2 metro baino gehiagoko gorabeherak izaten baitira. Baina maila horiek egonkorragoak izaten dira erdialde eta behealdean; Tarapacán, esate baterako, 0,5 metrokoa da gorabehera handiena 48 ordutan.

Ibaiaren uraldiek higadura eta luizi handiak eragiten dituzte. Ibaiak garraiatzen dituen materialak, buztina, hondarra eta neurri handiko zuhaitzak, oso arriskutsuak nabigaziorako. Hondarpeak ere eratzen dira[3].

Erreferentziak

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Zavaleta Alegre, Jorge. El oro azul del Putumayo. miputumayo.com.co (Noiz kontsultatua: 2016-12-19).
  3. Río Putumayo. ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2016-12-19).
  4. Putumayo São Paulo de Olivençan. grdc.sr.unh.edu (Noiz kontsultatua: 2016-12-19).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.