Gomasalto
Gomasaltoa edo gomajauzia muturreko kirola da, garaiera handi batetik hutsean jauzi egitean datzana, zubit, plataforma zein garabi batetik, orkatiletatik —oro har— gomazko soka bati lotuta, erorikoa mantsotzeko eta errebotatzeko.
Gaztelaniaz góming esaten zaio, frantsesez saut à l'élastique eta ingelesez bungee jumping (edo, Australia eta Zeelanda Berrian, bungy jumping).
Historia
Urtero, Vanuatuko Mendekoste uharteko Bunlap etxaldean, mutil gazteek gizon bihurtzeko errituala ospatzen dute. Makilez eraikitako (25m inguruko) egitura batetik jauzi egiten dute. Txorkatiletan liana banaz lotuta egiten dute, eta buruaz zorua ukitzeko moduan. Soka natural hauek tentsio gorena sufritzen dutenean oholezko tranpolina hausten da. Haustura horrek eta eta lurraren harrotzeak erorikoa leuntzen dute, lianek duten dinamika mugatuaz gain.
Malda batean dago eraikita dorrea, beraz luze jauzi eginez gero, erorikoan ez dute lurra jotzen, baino bai errebotean, atzera egiterakoan. Eta beharrezkoa dute hau, azpitik hain hurbil geratzea, ezen ez dute jausgailurik, lur hartzeko dispositiborik. Beraz, lurrean bertan amaitzea premiazko dute, ondoren saltaria askatu eta berau zutitu ahal izateko. Ez dute beti bizirik irtetea lortzen, baino, egiten duenak, gizon izatea lortu du, eta (haien sinistearen arabera) uzta ona ziurtatzea.
Kondairak dio balentria hau, lehen aldiz, emakume batek egin zuela, zuhaitz batetik jauzi eginez, bere atzetik zuen etsai batengandik (batzuek diote bere senarra zela) ihes egiteko. Etsaiak (=senarrak?) ez zuen loturarik egin, beraz, lurra jo eta hil zen. Bitxia da, egun, emakumeek ez dutela parte hartzerik, animatzaile modura baino. Zergatik ote? [1]
Mundura zabalpena
Honen moduko ekintza egiten hasi ziren 1970ko hamarkadaren amaieran, Londresen eta San Frantziskoko Golden Gate zubian, soka elastikoak (gomak) erabiliz. Hainbat urte geroago, 1985ean, zokoratuta zegoen ekintza berreskuratu zen Zeelanda Berrian, eta 1986an Frantzian sartu zen gomasaltoa. 1991n Espainian sartu zen. Hainbat urtetan kataluniar eta madrildar enpresen bitartez egiten ibili ostean, 2000. urteko abenduan Euskal Abentura Elkartea-ko kideek egin zuten estreinakoz gomasaltoa berta-bertakoen antolakuntzaz Euskal Herrian.
Teknika
Gomajauzia egiteko %400 arte luzatu ohi den material elastikoa erabiltzen da (eta %600 ingurun apurtzen dena). Zubisaltoan, ordea, eskalada sokak erabiltzen dira, pendulu modura egiten denez, oso gutxi luzatzen dira (%3 edo %5) eta puntako baldintzetan %30 inguru (2 faktoreko erorikoetan, eskaladan). Beraz material nagusiak erabat bestelakoak dira jarduera batean eta bestean.
Lehen gomajauzietan jauzikaritza( paratxutismo)-ko uhalak erabili izan zirenez, zutik egiten zuten jauzi. Baino horren arriskuaz jabetuta (erreboteetan gomarekin urkatzearena) laster batean hasi ziren txorkatiletik zintzilik jauzi egiten, horretarako uhal bereziak sortuta, zangouhalak. Espezialistek badute atzekoz, zutik, kiribilka, zango bakarretik... jauzi egiterik, baino hasiberrientzat aurrekoz eta buruz egitea derrigorrezkoa da, segurtasunagatik.
Zubi batzuetan jauziaren ostean saltaria igo beharra dagoenez, soinuhala (uhal integrala) ere eraman ohi da, lotura bularraldean egin eta zutik igo ahal izateko. Baita segurtasunagatik ere, hainbat aldiz, saltariari zangouhal biak irten izan zaizkionez (gehienetan behar bezala ez lotu edo estutu izanagatik).
Gomasaltoaren eta zubisaltoaren desberdintasunen ondorioz, beste bat sortzen da: gomasaltoa badela egiterik ura ukituz erorikoaren amaieran [2]. Zubisaltoan, ordea ez (pendulu modukoa denez, eta pendulu batean beheneko puntuan harrapatzen denez gehieneko abiada). Oso arriskutsua litzateke, eta gertatu izan dira istripuak, saltaria erditik ebakiz, urak zangoak aldebitara banantzearen ondorioz.
Gomasaltoko elastikoa, aurretik aipatu bezala, %400 arte luzatu ohi denez (eta gutxienez %200 arte luzatu beharko lukeenez), eroriko desazeleratua eroriko askea baino luzeagoa da (edo beretsua, gutxienez), beraz, desazelerazioa azelerazioa baino leunagoa izan daiteke (gauzak ondo eginda). Lehen errebotean, gorantz dakargun tiradurari Lurraren erakarpen grabitatorioa gehitu behar diogu, beraz, indarrak emendatu egiten dira. Halere, erorikoan zeharko azelerazioa 1G da (Lurrak erakartzen gaitu), desazelerazioa, gehienez 1G izan beharko luke (gauzak apur bat ondo eginez gero), eta errebotean sentitzen dugun pisua, 2G-ri dagokiona baino txikiagoa. Hori ez da gogorra ia inorentzat (osasuntsu eta sasoian dagoenarentzat), aulki batetik lurrera jauzi egindakoan indar handiagoak senti baititzakegu, etxean bertan.
Bizikizuna
Gomasaltoa oso esperientzia zirraragarria da, batetik norbere burua hutsunera botatzean datzalako (beste jauzi mota batzuetan bezala: zubisaltoa, tirolina, parabolajauzia, supersaltoa, jauzikaritza bera, uretara jauzi egitea) baino gomaren luzerak ematen digun eroriko askeak eta goma luzatu bitartean gainerako erorikoak oso berezi egiten dute, are gehiago erreboteetan sentitzen den ingrabitateak eta nahasmenak (erreferentziak galtzeak). Pentsa daiteke jauskaritzan (paraxutismoan), erorikoa askoz ere luzeago izan daitekeenez, zirrara biziagoa litzatekeela. Baina lurretik hurbilago egoteak, eta ondoriozko erreferentziak hurbilak (abiadura erlatiboa da) askoz adrenalina gehiagokoa egin ohi dute gomasaltoa (eta gisako beste esperientziak). Hori biak egin dituenak ondo daki.
Gomasaltoa atzekoz egiten denean, bizikizuna are latzagoa da, ze eroriko askearen sentsazioa nora goazen ikusi barik bizitzeak, areagotu egiten baitu jauzilariaren beldurra, eta hori aurpegian antzematen da. Oro har postura hau debekatua izaten da lehen jauzirako, zutik jauzi egitearen arriskua (tentazioa) handiagoa delako horrela.
Arriskuak eta segurtasuna
Gomasaltoa, behar bezala antolatua eta egina denean, oso arrisku txikiko jarduera dela esan daiteke (estaldura ematen duten aseguru konpainiek ederki asko dakite), baina jendeak kontrakoa uste du, jarduerarik arriskutsuenetakoa dela. Hona arriskuak, handienetik txikira:
- Jauzia gaizki egitea. Nabarmenena da, saltari gehienek lehen aldia dutelako, eta urduritasunak gaizki jokatzera bultzatzen dituelako sarri (edota antolatzaileak ez diolako beharrezko informazioa behar bezala eman). Barandilatik gaizki askatzea da aukeretako bat (edo askatu ostean berriz heltzen saiatzea), baino zutik egitea da ohikoena (goiko argazkian bezala). Kasu horretan saltaria zutik erortzen da goma tentsatu arte, eta oso bapatekoa gertatzen da posizio aldaketa (gogoan izan zangotatik zitzilik doala jauzilaria). 7'8G neurtu izan da hauetako kasuetan, eta hori ez da leuna (gure pisua ia zortzikoiztea da, hau da gu bezalako beste 7 barnean izango bagenitu bezala, latza!).
- Garabizale arduragabea. Gomajauzia garabi batetik egiten denean, garabizalea saltaria lurreratzearen arduraduna da, lurrean dagoen laguntzaile batek hartzen eta zutik ipintzen duen arte. Baina erraz gertatzen da jauzietara ohituta ez dagoen garabi teknikariak erreboteak aintzakotzat ez hartzea; beraz saltariak lurra buruaz jo lezake (zangoetatik zintzilik joan ohi denez) lurrera hurbiltzen duenean.
- Material desegokia erabiltzea. Batez ere Estatu Batuetan erabili ohi den moduko elastikoekin gertatzen da: gomaren inguruan ehunezko zorroa eramaten dutenez (polipropilenozkoa, poliestirenozkoa edo poliamidazkoa gehinetan), horrek gomaren luzapena mugatu egiten du, oso zakarki batzuetan. Horren ondorioz, tiraketa latzak, erretina askatzeak, begin gorritzeak, zango mintzeak, hezurdura arazoak, zangouhal irteerak... gertatu izan dira. Zeelanda Berrikoaren moduko materialeekin hori ez da gertatzen, erabat gomaz baitaude osatuta, metalezko bi bururen artean; hango arriskua segidakoa da:
- Goma gehiegi luzatzea. Zeelanda Berriko moduko materialetan gertatu ohi da (goma hutsez eginak daudenetan, beraz), bi arrazoirengatik: batetik, pisu jakin bati dagokion goma ez erabiltzeagatik, edo, bestetik, instalazioa gaizki egiteagatik, gomari ez dagokion moduan, bereziki goma behar dena baino beherago etxegitzeagatik, soka luzeegi batetik zintzilik, beraz. Bi hutsegite horiek ondoriook izan ditzakete: saltariak lurra buruz jotzea, edota, lekuan goiera soberakina izanez gero, goma apurtzea. Azken hori ez da erraza, gehienetan lurretik (edo azpiatik) hurbil xamar geratzeko moduan egiten denez jauzia, eta instalazioa bera (Zeelanda Berriko araudiak % 15eko gutxienekoa exijitzen du), eta goma % 600 arte luzatu barik apurtu ohi ez denez. Goma apurtzeko halako 4ko (edo halako 8ko edo 16ko) zama bota beharko genuke, behar bezala zainduta baldin badago, behintzat.
- Goma gutxiegi luzatzea. Norberari dagokion baino astunagoentzat egina dagoen goma erabiltzean datza. Edota gomaren diseinu desegokiaren ondorio ere izan daiteke. Horrek desazelerazioa gogorragoa egiten du, eta jauzilariak tiraketa gogorra sufritzen.
- Goma apurtzea. Oso zaila da, oro har haren erresistentziaren % 6,5 eta % 25 artean erabili ohi denez. Baina hainbat jokabide batzuek goma kaltetzen dute eta haietako batek (edota hainbatek, batera) horrelakoik eragin lezakete: goma gehigitan erabiltzeak (200 erabilera inguru onartzen dira); denbora luzeegian zehar erabiltzeak (6 hilabete ez luke pasatu behar); eguzkitan luzeegi egoteak (izpi ultramoreek goma gogor kaltetzen dute); gehiegizko tenperaturak (50 °C positibotik gora edo negatibotik behera); solutzaile organikoek; agente kimikoen abrasioak; abrasio fisikoak... 2002ko uztailaren 21ean Madrilen geratatutako istripuan, adibidez, goma eguteran jartzen zuten (zubiaren hegoaldean), egun guztia eguzkitan; saltariaren jauzi uneararte jasota mantentzen zuten eta kolpez botatzen; baita beheregi etxegitzen ere (horrek 40 km/h-ko kolpea zekarkion botaldi bakoitzeko), beraz tratu gogorregiaren ondorioz apurtu zen, zubira lotzen zuen hegiko metalaren ingurutik (tratu txar horiek gehien sofritzen zituen aldetik, alegia).
- Baimen barik jauzi egitea. Gauzak behar bezala egin gabe eta beharrezko diren azalpenak eta arauak eman gabe egitearen ondorio dira. Baina izan dira kasuak sokadun jauzietan saltariak behar baino lehenago jauzi egin duenetakoak. Hori salto puntuan dena prestatu barik jartzea eragotziz (edota norbere burua askatu ezinezko moduan lotuta mantenduz, bizkarretik, alegia) eta arau argi eta garbiak jarrita ekiditen da.
- Objektuen erorketa. Saltariak ez du erortzeko moduan deus ere eraman behar (poltsikoak hustuta, oinetakoak lotuta, kamerak eramanez gero birritan lotuta, betaurrekoak, pitxiak, kapelak... kenduta). Bereziki garrantzitsua da behean jendea denean. Eta zubian edo jauzi plataforman dagoen jendeak ere arau hori jakin eta bete beharko luke, noski.
Bbestelako arriskuak ere daude: lurrikarak, haize bortitza, hegazkinekin edo hegaztiekin tupust egitea, jauzilariaren edota antolatzailearen eskuetan ez daudenak, baina aurreikusiz gero, haien ondorioak txikitu edo saihestu beharko lirateke, ahal den heinean.
Motibazioa
Gizakiak, bere abstrakzio gaitasunari esker, erronkak gainditzeko gaitasuna du eta, horren ondorioz, beharra sentitzen du: erronka zenbat eta zailagoa izan, lorpenaren satisfazioa hainbat eta handiagoa da. Altuerari agertzen zaion beldurra gainditzeak gozamen handia ematen du. Saltariak ez dira suizidak, eta horrelako jarduerak bizizaletasuna areagotzeko eta segurtasun neurri eraginkorrak jakiteko baliagarri izaten dira.
Erreferentziak
- https://web.archive.org/web/20140221223458/http://www.puenting.net/gomasaltoaren-historia.htm
- http://www.youtube.com/results?search_query=the+highest+aquatic+bungy+bungee+jumping+in+the+world+touching+water&oq=the+highest+aquatic+bungy+bungee+jumping+in+the+world+touching+water&gs_l=youtube-reduced.12...5456.5456.0.6600.1.1.0.0.0.0.104.104.0j1.1.0...0.0...1ac.1.Ho5c2o_MTYA