Protoplasto

Protoplastoa, biologian, bere zelula horma galdu duen zelulari deritzo. Hainbat prozedura fisiko-kimikoren bidez bakterio bati, landare-zelula bati edo onddo-zelula bati bere zelula horma kendu ahal izaten zaio, protoplasto bat sortuz.

Landare-zelula baten protoplastoak

Protoplastoak ez dira berez agertzen, era naturalean ez baitira inoiz sortzen. Protoplastoen agerpena eragile fisiko-kimiko batzuen bidez (lisozima, zelulasa, hainbat antibiotiko...) gertatzen da. Bakterioen artean, hala ere, bada salbuespen azpimarragarri bat, Mycoplasma generoko bakterioena, hauek ez baitute era naturalean zelula hormarik.

Bi protoplasto mota daude:

  • benetako protoplastoak, zelula horma osoa galdu dutenak
  • esferoplastoak. Zelula hauek zelula hormaren hondarrak dituzte, ez baitute zelula horma osorik galdu

Zelula horma funtsezko egitura da bakterioentzat, bakterioa babesten duelako "shock" osmotikoaren aurrean. Hots, gogortasun handia ematen dio bakterioari. Sarritan bakterioak hipertonikoak dira haien ingurunearekiko (alegia, dauden inguruneetan solutuen kontzentrazioa txikiagoa da bakterio barnean dagoena baino): egoera horretan, eta zelula hormaren ezean, ura bakterioaren barnealdera sartu eta zelularen lisisa gertatzen da.

Animalia-zelulek, aldiz, ez dute zelula hormarik behar, haien ingurunea isotonikoa baita (ez dute arazo osmotikorik). Baina bakterio bezalako bizimodu askeko zelularentzat zelula horma derrigorrezkoa da, ingurune ez isotonikoetan irauteko.

Beste ezaugarri batzuk

Aurrerago esandakoarengatik, protoplastoak bizirik mantentzeko ingurune isotoniko batean mantendu egin behar dira, zelula hormarik gabe erraz apurtzen baitira oreka osmotikoa aldatzen denean.

Protoplastoak sortzeko, zelula horma desegiten duten entzimak oso erabiliak dira. Gehien erabilitakoak hauek dira:

Zelula mota Entzima
Landare-zelula Zelulasa, pektinasa, xilanasa
Bakterio Gram positiboak Lisozima (+EDTA)
Onddoen zelulak Kitinasa

Bakterioengandik datozen protoplastoek ez dituzte fagoak atxikitzen. Bestalde, protoplasto hauek itxura ameboidea hartzen dute, pseudopodoen antzeko protuberantziekin, egitura babesle eta gogorra ez dutelako.

Haien erabilerari dagokionez, protoplastoak ingeniaritza genetikoaren teknikak aplikatzerakoan oso egokiak dira: zelula horma ez dutenez, bakterioen transformazioan aise sartzen da kanpoko DNA horiengan. Landareen genetikan protoplastoen fusioa erabiltzen da: teknika honen bitartez landare ezberdinetako protoplastoak elkartzen dira, ehun hibridoak sortzeko eta hobekuntza genetikoa lortzeko.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.