Problemetan Oinarritutako Ikaskuntza

Problemetan oinarritutako ikaskuntza (POI), Erronketan oinarritutako ikaskuntza[1], edo Arazo egoeretan oinarritutako ikaskuntza ikaslea erdigunean kokatu nahi duen pedagogia da (batzuetan PBL ingeles akronimoarekin izendatua)[2][3][4][5]. Ikasleek taldeka ikasten dute, modu kooperatiboan irakasleak ekarritako problema ireki edo hertsi baten konponbidea bilatu bitartean. Irakasleak edo irakasleek erronka edo problema bat proposatzen du eta gero, irakaslea ikasleen bidelagun bihurtuko da, betiere ikasleei protagonismo osoa utziz, ikasleen iniziatiba sustatuz eta elkarrekiko laguntza, kooperazioa, bultzatuz. Kontua ez da bakarrik problema konpontzea, kontua da bide horretan ikasleen konpetentziak garatzea. Ikaste prozesuan, ikasleek eduki batzuetaz jabetu beharko dira, elkarri laguntzeko gaitasuna garatu beharko dute, komunikatzeko gaitasuna... Ikasleek balorazio eta ebaluazio kritikoak egin beharko dituzte euren eta kideen ekarpenei buruz, ikasleek behar duten informazioa bilatzeko gaitasuna garatu beharko dute, elkarri lagundu beharko diote guztion helburua lortzeko bidean, misio komun batek, problema bat ebaztea, taldea sortzen lagunduko die.

Problemetan oinarritutako ikaskuntza talde bat Sydneyko Hortz Ospitalean.
Problemetan oinarritutako ikaskuntza. (Buru-mapa www.wiki2map.org webgunearen bidez automatikoki sortua).

XX. mendeko 60. hamarkadan agertu ziren metodologia honen lehen aipuak. John Robert Evans Kanadako ikertzaile, kardiologo eta medikuntza irakasleari egozten zaio Problem-based learning terminoaren (PBL akronimoa erabili ohi da, baita euskaraz ere)lehen aipu akademikoa.

Ikaskuntza metodologia hau ikertu denean[6][7] eta beste metodologia batzuekin konparatu denean, oro har, emaitza onak lortzen direla ikusi egin da. Ebidentzietan oinarritutako metodologiatzat hartu da. EAEko Heziberri 2020 egitasmoan programazioak arazo egoeretan oinarrituta egitea aholkatzen da[8][9][10].

Ikasleen rolak

Problemetan oinarritutako ikaskuntza aurrera eramateko ikasleak protagonismo osoa hartu beharko dute taldeka antolatu beharko dira. Taldeak ezin dira handiegiak izan. Partaide guztiek rolen bat jokatu beharko dute eta guztiek batera, talde bezala jokatu beharko dute, problema bat konpontze aldera. Ikasleen rola irakasleak bideratua izan daiteke edo ikasleen berezko joerei utz daiteke kontua. Rolak prozesuan bertan alda daitezke. Prozesua bideratu behar da ikasleek ahalik eta hausnarketa sakonen egin ditzaten. Ikasleak metodo zientifikoa erabiltzera bideratu behar dira, metodo esperimentalak, arrazoiketa logikoak, dedukzioak... Ideien zaparradak proposa daitezke, hipotesien formulazioak, bitarteko helburuak, azken helburuak, laburpenak, sintesiak, esperimentuak...

Irakasleen rola

Irakaslearen rola ikasleak animatzea izan behar du, galderak egitea, zalantzak planteatzea, ordezko aukerak aipatzea edo proposatzea... Lidergoa monopolizatu gabe bideratzea. Irakasleak ez du bere jakinduria zuzenean transmitituko, zeharka baizik. Horrek lan handia eskatuko dio problema egokiak planteatzea ez baita erraza eta talde bat bideratzea lidergoa erabat monopolizatu gabe ez baita xamurra. Horrelako lana bideratzeko baliabideak aurkitzea ez da erraza izaten eta testu-liburu tradizionaletan, esate baterako, ez dira baliabideak erraz topatuko.

Problemetan oinarritutako ikaskuntza[11]
Ikasteko osagaia Irakaskuntza tradizionala Problemetan oinarritutako irakaskuntza
Ikasteko giro egokia sortzeko ardura. Ikasteko materialak sortzeko ardura. Irakasleak sortuko du ikasteko giro egokia. Irakasleak sortu eta kudeatuko ditu ikasteko materialak. Irakasleak aurkeztuko du egoera bat eta ikasleek bilatu beharko dute hori ikasteko materialak eta ikasteko giroa ikasleek sortu beharko.
Ikas sekuentziak Irakasleak sortu eta kudeatuko ditu. Ikasleek protagonismo osoa izango dute ikasteko bideak sortzen, diseinatzen.
Problemak eta ariketak noiz landu Teoria landu eta ikasi eta gero. Problemek eta ariketek sortuko die ikasleei teoria ikasteko beharra.
Ikasteko ardurak nork hartuko ditu bere gain Irakasleak. Ikasleek.
Ikaslea: Hartzaile. Sortzaile.
Aditua non Irakaslea da aditua eta ikasleek irakaslearengandik ikasiko dute. Irakaslea ikasten ari den taldearen partaide edo laguntzaile rola hartuko du, bidea eta helmugak gehiegi erakutsi gabe.
Ebaluazioa Irakasleak erabakiko du zer, nola, noiz ebaluatu. Ikasleek euren buruak ebaluatuko dituzte, taldekideak ebaluatuko dituzte, prozesuak ebaluatuko dituzte...

POIko ezaugarri batzuk

  1. Ikaslearengan zentratutako metodologia aktiboa.
  2. Ikasleek gidatuko dute ikaste prozesua, haiek identifikatuko dituzte helburu nagusiak eta ebaluatzen dituzte hartutako erabakien emaitzak.
  3. Ikasleei autonomia handia ematen zaie, hasieratik. Ikasleek gidatutako talde txikietatik handiagoetarako dinamikak proposa daitezke.
  4. Taldeak ezin dira handiegiak izan. Hiruzpalau kideetako taldeetan ikasleek autonomia osoa izan dezakete eta komunikatzeko aukera osoa. Talde handiagoetan irakasleak moderatzailearen rola har dezake.
  5. Abiatzeko materialak erabil daitezke. Txosten bat interpretatzeko erronka izan daiteke abiapuntua, argazki batzuk ulertzea, artikulu baten zati bat, bideoren bat, gaixo batek kontatutakoa (benetakoa edo antzeztua) ulertzea...
  6. POI hori helduentzako ikaskuntza prozesuen teorietan oinarriturik dago.
  7. Taldekide guztiei esleitzen zaie rol bana.
  8. Ikasketa prozesu aktiboa izan beharko du, pentsatu, bilatu, hitz egin, eztabaidatu, aukeratu, esperimentatu, asmatu egin beharko.
  9. Talde lana, talde dinamikak, komunikazioa, problemen ebazpena, norberaren auto-kontrola... Hainbat konpetentzia eta trebezia garatuko dira.
  10. Taldekide guztien esku egon beharko du ekarpen positiboren bat egitea taldearen helburuak lortzeko.
  11. Nola edo hala arrakasta lortuko du taldeak. Hasieran proposatutako problemaren ebazpena lortzen ez bada ere, prozesuak ikasketa esanguratsu batzuk, lorpen batzuk egongo dira.

POI Glosarioa

Arazo egoera, problema egoera

Ikasle batek edo ikasle talde batek testuinguru jakin batean dagoen informazioa lortu eta kudeatu beharko du eginbehar bat burutzeko, problema bat ebazteko, erronka bati aurre egiteko[12]. Arazoa, problema, egoeraren konpontze lana ikaslearentzat edo ikasle taldearentzat ez da errazegi izan behar. Adin horretako gaitasunen araberakoa izan behar du.

Ariketa konplexua izan behar du, ikasleen gaitasunen neurriko oztopo, erronka izan behar du. Erronkari aurre egiterakoan ikasleek ikasi egingo dute. Ikasleek, euren konpetentziak erabiliz, euren konpetentziak garatuko dituzte.

Testuingururik gabeko arlo-edukiak ikastea saihesten da.

Konpetentziak garatzea da helburu eta garapen hori ebaluatzeko bideak topatu behar[13].

Arazo egoera baten ezaugarriak

Problemak, arazoak edo erronkak ikaslearen testuinguruan sinesgarri gerta daitekeen egoera korapilatsu bat deskribatu behar du. Problemaren deskripzioak problema ebazteko informaziorik garrantzitsuena bideratu behar du, baina beharrezkoa ez den informazioa edo garrantzi eskaseko informazioa ere eskaini daiteke. Problema ebazteko, erronkari aurre egiteko ikasleek aurretik ikasitakoa erabili beharko dute eta arazo egoera konpontze bidean konpetentziak garatuko dituzte, zerbait berri ikasiko dute.

  • Ikasleei azken ekoizpen bat eskatu egingo zaie: problemaren ebazpena paperezko formatuan eskatuko da, edo audio, bideo, infografia edo beste formatu batean emango da azken ekoizpena. Azken ekoizpena objektu funtzionala izan daiteke, plan bat izan daiteke, arte lan bat izan daiteke... Ekoizpena itxita, bukatuta aurkeztuko da edo erabat amaitu gabe, irekita.[14]
  • Arazo egoera ikaslearen bizitzan txertatzeko modukoa izan beharko du. Bizitzan gerta daitekeen zerbait izan behar du, sinesgarritasun hori bilatu behar da. Saihestu behar dira "egoera didaktiko" hutsak diren proposamenak; arlo akademikotik at inoiz gertatuko ez diren egoerak ez dira POI metodologia honetan proposatu behar direnak.
  • Ikasleek problemari aurre egiteko hainbat bide daudela ikusi beharko dute eta bide horien artean hautatzeko nolabaiteko askatasuna daukatela sentitu behar dute. Taldeka egiten badiote aurre erronkari bideak hautatzeko adostasunak bilatu beharko dituztela ere ikusi eta ikasi beharko dute.
  • Arazo egoera ikasleentzat esanguratsu izateak:
    • ikasleen egunerokotasunari lotuta egon behar du,
    • ikasleen jakin-mina piztu behar du,
    • ikasleen aurretiko ezagutzak erabiltzera behartu behar du,
    • ikasleen aurretiko ezagutzaren araberako jakintza maila eskatu behar du,
    • ikasleen konpetentzien araberako erronka izan behar du, ez errazegi, ez zailegi,
    • ikasleek problema praktikoa dela, euren bizitzari lotuta dagoela ikusi beharko lukete,
    • ikasleek problema konpontzen egindako lan horrek ikasten lagunduko diela ikusi beharko lukete,
    • arazo egoerari aurre egiten ikasleek euren jakintza maila eta euren konpetentzia maila mugaraino eta harago eraman behar dituztela ikusi beharko lukete,
    • erronkari, arazo egoerari, aurre egiteko, hainbat arlo eta diziplinatan ikasitakoak lagungarri suerta daitekeela ikusi beharko lukete,
    • ikasleek arazo egoerari aurre egiteko prozesuan zer dakiten eta zer jakin beharko luketen antzeman beharko lukete.

Arazo egoera bateko osagaiak

Unitate didaktiko bat diseinatzerakoan, arazo egoera edo erronka batetik abiatzea proposatu da.[15]
    • Testuingurua. Problema egoera batek ikaslearentzat ezagutzeko moduko hainbat elementu izan behar ditu. Ikaslearen egunekotasunari lotuta egon behar du. Ikaslearen esperientziei lotuta. Ikasleak bizi izan duena edo etorkizun ez oso urrun batean ezagutuko dituen kontuei lotua egon behar.
    • Problema, arazo egoera, erronka. Ikaslearen egunerokotasunari lotuta dagoen testuinguru horretan, sinesgarri izan daitekeen problema, arazo egoera edo erronka bat proposatu behar zaio ikasleari.
    • Xedea, helburua, azken ekoizpena. Ikasleak edo ikasle taldeak zerbait ekoiztu beharko du, zerbait jendaurrean aurkeztu.
    • Lan bat, zeregin bat, egiteko jain bat, ataza bat, eginkizun bat proposatuko zaio ikasle taldeari arazo egoerari aurre egiteko.
    • Kontsigna batzuk, argibide batzuk, jarraibide batzuk ere emango zaizkie ikasleei. Ikasleek batzuetan argibide batzuk beharko dituzte erronkari behar bezala aurre egiteko; nondik hasi, nondik segi...

Erreferentziak

  1. (Moodle Moot Euskadi 2019 Egitaraua. > Jone Rodríguez: "Erronketan oinarritutako ikaskuntza Moodlen").
  2. (Gaztelaniaz) «Aprendizaje basado en problemas: El Método ABP» Educrea 2012-09-27 (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
  3. (Ingelesez) John Spencer. (2017-11-12). What is Problem-Based Learning? (5 minutuko bideoa). (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  4. (Ingelesez) «Problem-Based Learning: Tips and Project Ideas | Education World» www.educationworld.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  5. (Ingelesez) «Problem-Based Learning | Center for Teaching Innovation» teaching.cornell.edu (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  6. Jone Aliri Lazcano, Nerea Lertxundi Iribar, Laura Vozmediano Sanz, Ana Isabel Vergara Iraeta, Arantxa Gorostiaga Manterola; "Problemetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI) unibertsitatean: bere aplikazioa ikerketa metodologiako irakasgai batean". Tantak. bol: 28, zk: 1 (2016)UPV/EHU.
  7. (Gaztelaniaz) Mesanza, Ricardo Bustillo. (2020). «Comparativa de la utilización del Aprendizaje basado en problemas en distintos cursos» e-pública: revista electrónica sobre la enseñanza de la economía pública (27): 14–26. ISSN 1885-5628. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
  8. EAEko Berritzegune Nagusia. Arazo-egoera – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
  9. EAEko Berritzegune Nagusia. Oinarrizko Hezkuntza – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
  10. Programazioa Didaktikoak egiteko gidak eta txantiloiak, Unitate didaktikoak programatzeko txantiloiak – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  11. (Gaztelaniaz) Aprendizaje basado en problemas. Monográfico. (18 orrialde).
  12. amaiafilo. (2015-09-10). «Arazoetan oinarritutako ikasketa» Irakasle Ikasle (Noiz kontsultatua: 2021-01-19).
  13. (Gaztelaniaz) EAEko Berritzegune Nagusia:. «Caracterización de la situación problema. Educación básica. Modelos.» Google Docs (Noiz kontsultatua: 2019-05-21).
  14. 1. 2. Arazo-egoera – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
  15. Unitate didaktikoak diseinatzeko gida – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.