Saiakuntza nuklear
Saiakuntza nuklearra arma nuklear baten detonazioa da. Hori helburu esperimentalekin egiten da, hala nola arma baten errendimendua neurtzeko, haren efektu suntsitzaileak aztertzeko eta abar; halaber, etorkizunean arma nuklearren garapena definitzea bilatzen du. Dena dela, beste helburuekin detonatu egin omen dira baita ere: propaganda egiteko, helburu zibilekin, esaterako kanal bat irekitzeko, eta abar.
Saiakuntza motak
Saiakuntza nuklearrak honela sailkatzen dira:
- atmosferikoak (leherketa atmosferan gertatzen denean),
- estratosferikoak (arma nuklearra kohete batean atmosferatik kanpo garraiatzen denean),
- lurpekoak eta
- urpekoak.
Atmosferikoek kutsadura handiagoa sortzen dute, eta beste mota batzuetan euri erradiaktiboa mugatuagoa da. Saiakuntza nuklear exoatmosferikoek pultsu elektromagnetiko bat sor dezakete. Halaber, saiakuntza nuklearrak aireontzietatik (airdrop) jaurtita egin daitezke, edo bestela, arma nuklearra dorre baten tontorrean, ur azpiko edukiontzi iragazgaitz batean, ontzi baten gainean, lurpean, edo kanpoko espazioan kokatuz, kohete bat erabiliz (altitude handiko saiakuntza nuklearra).
Historia
Lehen bonba atomikoa 1945eko uztailaren 16an leherrarazi zuten Estatu Batuek, 20 kilotoiko errendimenduarekin. Manhattan proiektuaren pean egindako saiakuntza haren helburua geroago Japoniaren aurka erabilitako fisio-bonba nuklearraren bideragarritasuna frogatzea zen. Lehenengo hidrogeno-bonba, Mike kodea, Marshall Uharteetako Enewetak atoloian probatu zuten, 1952ko azaroaren 1ean, baita Estatu Batuek ere. Historiako detonazio nuklearrik indartsuena Sobietar Batasunak egin zuen: "Tsarraren bonba" edo "Tsar bonba", 50 Mt inguruko errendimenduarekin.