Indalecio Prieto
Indalecio Prieto Tuero[1] (Oviedo, 1883ko apirilaren 30a - Mexiko Hiria, 1962ko otsailaren 11[2]) bizkaitar politikari sozialista izan zen[3].
Biografia
Indalecio Prieto Tuero Oviedon jaio zen, 1883ko apirilaren 30ean. Horrela izan bazen ere, umea zela Bilbora joan zen bizitzera eta, 1899an Bilboko Elkarte Sozialistan sartu zen. Haurtzarotik lan egin zuen, hasieran takigrafo moduan eta, gero, kazetari bilakatuta El Liberal egunkarian. Han Horacio Etxebarrieta politikari eta industrialari bizkaitarrarekin harreman estua izan zuen.
Bilbon lortu zituen lehen kargu publikoak, hasieran Aldundian (1912 eta 1915 artean) eta, gero, 1916tik 1918ra bitartean, udalean, alkateorde eta zinegotzi izan zelarik. 1918an, Gorteetarako diputatu egin zuten Bilbotik lehen aldiz[4] eta horrek bizkaitar sozialisten artean zuen ospea espainiar sozialismora ere zabaldu zuen.
Diputatu zen bitartean, II. Internazionalaren alde egin zuen behin baino gehiagotan eta Internazional Komunistaren kontra, oso gogor gainera.
XX. mendearen hasieratik, pixkanaka-pixkanaka bere itzala gero eta handiago bilakatu zen sozialisten artean, hasieran Bizkaian, non 1911n Facundo Perezagua izan zuen arerio eta, gero, Madrilen, non, 1921 eta 1922ko Espainiako Alderdi Komunistaren zatiketa eta gero, zuzendaritza-batzordean sartu zen.
I. Mundu Gerran zehar Espainia neutral mantendu izanak abantaila ugari ekarri zion espainiar industria eta merkataritzari. Onura horiek, ordea, ez ziren langileen soldataren mesederako izan eta, ondorioz, 1917ko Espainiako greba orokorrari hasiera eman zitzaion. Grebak Errusiako Iraultzan izandako gertaerak errepikatuko zirenaren beldurra sortu zuenez, gogorki erreprimitua izan zen armadaren eskutik eta greba batzordearen atxilotzea eman zen Madrilen. Prietok, greba honen antolakuntzan nahasia zegoenez, atxilotua izan baino lehen Frantziara egin zuen ihes eta ez zen 1918ko apirilean diputatu izateko aukeratua izan zen arte itzuli.
Benetan kritikoa agertu zen Prieto armadak eta Gobernuak Marokoko gerran izandako parte hartzearekin. Garai zailak bizi izan zituen Gorteetan, 1921eko Annualgo hondamendia zela-eta, eta baita, baieztatua ez izan arren, Alfontso XIII.aren erantzukizunean zegoen Manuel Fernández Silvestre jeneralaren jarrera militar zuhurtzigabearen ondorioz, Melilla komandantziaren inguruan burutu zituen operazioetan ere.
Primo de Riverak 1923ko irailean jo zuen estatu kolpearen aurka egin zuen Prietok eta PSOE alderdiak kolpearen kontra plazaratutako manifestua berak idatzia zen.
1930eko abuztuan Donostian egin zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen[5] eta iraultza batzordeko kidea ere bai; Espainiako monarkiaren kontra sutsu borrokatu zen. 1930eko abenduaren 15eko grebak huts egin zuenean, Frantziara erbesteratu zen eta han bizi izan zen, harik eta Espainiako Bigarren Errepublika eratu zen arte.
Buruzagitza PSOEn
PSOEren zuzendaritzan sartu zenean, alderdian izan zuen eragina eta legebiltzarkide bezala lortu zuen ospea nabarmen hazi ziren. III. Internazionaletik at mantenduz, 1921 eta 1922. urteetan Espainiako Alderdi Komunistaren zatiketaren ondoren, PSOEn esku-hartzen jarraitu zuen.
Primo de Riveraren aldeko kolaborazioa bermatzen zuen eta Largo Caballero buru zuen fakzioaren aurka egin zuen, Largorekin konfrontamendu latzak izan zituelarik; horrek, alderdiaren zuzendaritzatik banatzea eraman zuen Prieto. Zentzu honetan, Prieto erdibidean mantendu zen Besteiroren moderazioaren eta Largoren erradikalismoaren artean.
Diktaduraren amaieran herrialdea krisitik ateratzeko Errepublikaren alde egin zuen apustu, 1930ean Donostiako Itunaren eraketan pertsonalki aurkeztu zuelarik bere burua, Julián Besteiroren aurkako oposizioan; alderdi errepublikazale ugarik monarkia eraisteko osatu zuten koalizioan, alegia. Azken ekimen horretan, hala ere, aipagarria da Largo Caballeroren eskutik jaso zuen sostengua. Izan ere, Largoren aburuz, monarkiaren erorketa zen sozialismoak boterea eskuratzeko zeukan aukera bakarra.
Espainiako Bigarren Errepublika
PSOEren ordezkari gisa errepublikaren gobernuko kide izan zen, hasieran Finantza ministro, eta, gerora, Herri Lanen ministro gisa[6].
1931ko apirilaren 14an, II. Errepublika aldarrikatuta, Prieto, Niceto Alcalá-Zamora buru zen behin-behineko Gorbernuko Ogasuneko Ministro izendatu zuten eta Errepublikaren lehen kabineteetan parte hartu zuen Manuel Azaña gobernuburu eta Alcalá-Zamora Errepublikako Presidente zirelarik.
Ogasun ministro zela, Madrilgo udalari Casa de Camporen entregatzea sinatu zion bizilagunen erabilpen eta gozamenerako eta espainiar krisi ekonomiko internazionalak sortutako oihartzunei hotz erantzun behar izan zien, ortodoxia liberal zorrotzean mantenduz bere burua. Guztia gorabehera, Prietogan sinesten ez zuten enpresarien oposizioari aurre egin zion eta baita Espainiako Bankuaren oposizioari ere, erakunde honetan, Estatuaren esku-hartze handiago bati eutsi nahi izan zionari alegia.
Espainiako Sustapen Ministerioko buru izanik, Primo de Riveraren diktadura garaian hasitako eraikuntza-lan hidroelektrikoak aurrera eramaten jarraitu zuen. Horrez gain, Madrilgo azpiegituren hobekuntzarako planak ere egin zituen; adibidez, Chamartingo Clara Campoamor geltokiaren eraikitzea eta geltoki berberaren eta Atochakoaren arteko lur azpiko tunelarena. Horietako lan ugari, ordea, ez ziren urte batzuk geroagora arte argira atera Gerra Zibilaren ondorioz.
Legebiltzarrean, emakumeen boto eskubidearen aurkako jarrerak nabarmendu zuen, Clara Campoamorrekin enfrentamendu gogor batera eraman zuelarik.
1933ko iraileko krisiak sozialistak gorbernutik irtetea ekarri zuen eta euren kaxa aurkeztuko ziren azaroko hauteskundeetan. Eskuinaren garaipenak eta CEDAk boterea eskuratzeko zuen aukerak, PSOE 1934ko urriko greba orokor iraultzailea antolatzera eraman zuten eta Prietok gogotsu hartu zuen parte. Urte batzuk geroago, ekimenari buruzko iritzi pertsonala eta esku-hartzea islatu zituen publikoki Prietok, argi eta garbi, Mexikoko batzar batean eta bera egile zuen liburu batean:
« | Me declaro culpable ante mi conciencia, ante el Partido Socialista y ante España entera, de mi participación en aquel movimiento revolucionario [de octubre de 1934]. Lo declaro, como culpa, como pecado, no como gloria. Estoy exento de responsabilidad en la génesis de aquel movimiento, pero la tengo plena en su preparación y desarrollo. Por mandato de la minoría socialista, hube yo de anunciarlo sin rebozo desde mi escaño del Parlamento. (...)[7] | » |
Greba orokor iraultzailea aurrera atera baino lehen, Parisera egin zuen ihes Prietok. Alderdian bertan, ikuspegi liberala aurkezten zuen eta ezkerreko alderdi errepublikazaleekin egindako elkarlanen aldekoa zen, erbestetik bueltatu ahal izateko eta erakunde errepublikazaleen egonkortasuna bermatzeko. Horretarako, bere alderdiko ezkertiarren ideia iraultzaileen aurka egin zuen, PCE eta CNTren kolaborazioaren aurka eta gazteriaren erradikalizazioaren kontra.
Erbestetik gogor ekin zion geroko Fronte Popularra koalizioa sortzeko lanari; talde horrek 1936ko hauteskundeetan izan zuen garaipenaren ondoren Espainiara itzuli zen.
Hauteskundeetan Bilboko zirkunskripzioaz aukeratu zuten 143.868tik 69.193 botorekin, 184.787 hauteslerekin, Mariano Ruiz-Funes eta Julián Zugazagoititiaren atzetik hirugarren hautagai bozkatuena izanez.
Espainiako Gerra Zibila
Prietok garbi zeukan 1936an Espainiaren egoera politiko eta sozialak Gerra Zibilera eramango zuela estatua, eta hala idatzi eta argitaratu zuen hainbat bider, urte bereko udaberrian. Gerra piztu zenean, Lezo Urreiztieta aurkeztu zioten eta, kontrako mutur politikoetan egon arren, konfiantza eta elkarren begirune handia izan zuten.
Espainiako Gerra Zibilaren garaian, gobernuaren parte izan ez zen arren, jarduera politiko handia izan zuen gobernu beraren baitan. Eremu errepublikazalean piztu zen biolentzia iraultzailearen aurka agertu zen, eta Madrilgo Modelo kartzelako hilketak gertatu zirenean, izututa geratu zen eta gerra, jada, galduta zuten ustean jarri zen.
1936ko irailean, Talavera de la Reina hiriaren erorketaren ondoren, Largo Caballero Gobernuko lehendakari bihurtu zen eta Prieto, berriz, Itsasoko eta Aireko ministro (1936-37 urteetan) eta Defentsa ministro ere izan zen Negrín gobernuburu zela (1937-38 urteetan).
Matxino eskuindarren armada Bilbora sartzear zela eta industria beren alde aprobetxa ez zezaten, Indalecio Prietok Ezkerraldeko industria suntsitzeko agindu zuen, baina Agirre lehendakariaren aginduz eragotzi egin zen manu hori betetzea.
Bartzelonan izandako 1937ko maiatzeko gertaera iraultzaileen ondoren, Largo Caballeroren kabinetea erori zen Espainiako Alderdi Komunistaren eta Prieto beraren oposizioagatik. Juan Negrínek gidatu zuen gobernu berria, berez, Prietoren taldekoa zena eta Defentsa Ministerioa esleitu zioten honi. Egia esan, ezkor zen Errepublikaren balizko garaipenaz, potentzia demokratikoek ez baitzioten beharrezko laguntzarik ematen (bere agindupean, italiar urpekoek sobietarren hornikuntza moztu zuten eta Frantziarekiko muga itxita zegoen).
Urrian, Iparraldeko Frontea erori ondoren, Prietok onartua izan ez zitzaion dimisioa aurkeztu zuen, baina 1938ko apirilean Aragoiko Frontea erortzean eta Negrínekin eta ministro komunistekin izandako iskanbilen ondoren, gobernutik atera egin zen.
1938an, errepublikaren ordezkari gisa, Txilera alde egitea erabaki zuen, harreman txarrak baitzituen gobernuko zenbait kiderekin, Negrín berarekin, besteak beste.
Deserria
1939an, Mexikon hartu zuen bizilekua eta, han, espainiar sozialismoa berriro antolatzen saiatu zen. Prietok nazioarteko presioa beharrezkotzat hartzen zuen diktadura kentzeko, eta Espainiako estatuaren etorkizun politikoa demokratikoki erabakiko zukeen bozketaren beharra azpimarratu zuen.
Politikatik urrundu zen, baina Hego Ameriketako hainbat herrialdetan ezohiko enbaxadore izatea onartu zuen. Hantxe zegoen gerra amaitu zenean eta Mexikoko erbestetik Alderdi Sozialistako gehiengoaren taldeko buruzagi aritu zen. 1939an, Junta de Auxilio a los Republicanos Españoles (JARE) sortu zen eta, gero, Prieto egin zuten Junta Española de Liberación taldeko Idazkari Orokor (1943-1945).
1946an PSOEren kongresua izan zen Toulousen eta bere tesiak garaile izan ziren. Negrín eta bere politika kondenatu zituzten, antikomunista sutsuak izan ziren eta Espainian demokrazia berrezartzeko xedean monarkikoekin elkarlana nahi zuten. Hala ere, diktadura militarra kontsolidatu zen eta proiektu haiek hutsean geratu ziren eta, 1950eko azaroan, dimisioa aurkeztu zuen. Esan bezala, Espainiako aliantzei buruzko haren iritzia garaile atera zen atzerrian ziren sozialisten artean (1946) eta, hala, 1948an, monarkikoekin itun bat sinatzea lortu zuen Donibane Lohizunen, baina Francoren eta Joan Borboikoaren arteko elkarrizketek eta nazioarteko presioa gutxitu izanak indargabetu egin zuten itun hura.
1948an, hartutako erbesteko PSOEren zuzendaritza 1950ean utzi eta Mexiko Hirian hil zen 1962an[8].
Euskal estatutuari buruzko jarrera
Etorkizunean Nafarroa, baldintza batzuk betez, Euskal Estatutuarekin bat egin ahal izateko klausula kendu egin zen 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutuan. Klausula hori agertu egiten zen 1933an Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian plebiszitatu zen Estatutuan, baina ez 1936ko urriaren 1ean onartutako behin betiko Estatutuan, asko moztu zutelako, batez ere Prietok, Agirreren esanetan, uko egin baitzion Nafarroa Estatutuan sartu ahal izateko paragrafo gehigarriari[9][10].
« | Prietok ez zuen bozkatu 1933ko azaroaren 5eko autonomiari buruzko plebiszituan (bai, ordea, Zugazagoitiak, Madriletik berariaz etorriz), eta bere ordezkaritza-betebeharretan halaxe huts egin zuen lehenago ere Iruñeko 1932ko ekainaren 19ko batzarretik ihes eginez, elementu monarkikoek eta karlistek egin zuten bezala, boycott helburu berdinaz. Geroago, 1936ko irailean, euskal autonomia Largo Caballerok esku hartu izanari esker egin zen errealitate, euskal ahaleginak eta Martinez Barriorenak irmo babestu baitzituen[11]. | » |
Mexikoko erbestean, 1940ko urteen hasieran, Nafarroaren Aldeko Batzordea eratu zen, Nafarroa Euskal Estatutuan sartzearen aldekoa, espainiar eta nafar errepublikazaleen artean ia aho batez onartutakoa. Sozialista nafar batek, ordea, kontra egin zuen: Luis Elio, Prietok horretara bultzatuta. Jarrera horri lotuta, Esparzak kontatzen du garai hartan zabalduta zegoela Bilbori oso atxikia bai baina Prietok Euskal Herriarekin batere interesik ez zuelako iritzia.[12]
Lanak
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- http://www.argia.eus/astekaria/docs/2307/pdf/40.pdf
- Estornés Zubizarreta, Idoia. Indalecio Prieto Tuero. Auñamendi Entziklopedia.
- http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/es/hizt_el/index.asp
- https://web.archive.org/web/20170422213416/https://indalecioprieto.com/biografia/
- Thomas, Hugh. (2001). The Spanish Civil War. Londres: Penguin Books, 40 or..
- Jarraitzen du ere: "Por indicaciones, hube de trazar en el Teatro Pardiñas, el 3 de febrero de 1934, en una conferencia que organizó la Juventud Socialista, lo que creí que debía ser el programa del movimiento. Y yo –algunos que me están escuchando desde muy cerca, saben a qué me refiero– acepté misiones que rehuyeron otros, porque tras ellas asomaba, no sólo el riesgo de perder la libertad, sino el más doloroso de perder la honra. Sin embargo las asumí"; ikus https://es.wikiquote.org/wiki/Indalecio_Prieto.
- Zugazagoitia, Julián. (2001). Guerra y visicitudes de los españoles. Bartzelona: Tusquets ISBN 84-8310-760-0..
- http://www.euskonews.com/0141zbk/elkar14101eu.html
- Esparza, Jose Mari (2016), 169-170. or.
- Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2016). Nuestro pueblo despertará. David Jaime y la República vasco-navarra. Tafalla: Txalaparta ISBN 978-84-16350-44-5.. 169-170. or. Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzak.
- Esparza Zabalegi, Jose Mari (2016), 169-170