Nicolas Poussin

Nicolas Poussin (Villers, Les Andelysetik hurbil, Normandia, Frantzia, 1594ko ekainaren 15a - Erroma, Italia, 1665eko azaroaren 19a) frantziar margolaria izan zen.

Nicolas Poussin

Premier peintre du Roi (en) Itzuli

1641 - 1665
Bizitza
JaiotzaLes Andelys, 1594ko ekainaren 15a
Herrialdea Frantziako Erresuma
 Frantzia
HeriotzaErroma, 1665eko azaroaren 19a (71 urte) (71 urte)
Hobiratze lekuaSan Lorenzo in Lucina basilika
Familia
Ezkontidea(k)Anne-Marie Dughet (en) Itzuli  (1630eko abuztuaren 9a -  1664ko urriaren 16a)
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
italiera
Irakaslea(k)Quentin Varin (en) Itzuli
Ferdinand Elle (en) Itzuli
Noël Jouvenet (en) Itzuli
Georges Lallemand (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, artista grafikoa eta arkitektura proiektuen marrazkilaria
Lantokia(k)Paris
Erroma eta Florentzia
Lan nabarmenak
InfluentziakQuentin Varin (en) Itzuli eta Domenichino
MugimenduaKlasizismoa
Genero artistikoamargolaritza historikoa
margolaritza erlijiosoa
margolaritza mitologikoa
Margolaritza
allegory (en) Itzuli
figure (en) Itzuli
paisaia margolaritza
erretratua
Autorretratua
arte sakroa
gudu margolaritza

Musicbrainz: 309f9a8a-9b0a-4ea9-ab90-cac8c395348f Discogs: 2235967 Find a Grave: 20421346 Edit the value on Wikidata

XVII. mendeko Frantziako margo klasikoaren sortzailea dugu.

Frantziako Luis XIII.aren gorteko margolari gisa egin zituen bi urteetan izan ezik, Erroman egin zuen karrera osoa. Haren lanek —adibidez, Artzainen adorazioa (1637 ing; National Gallery, Londres)— eta filosofia estetikoak frantses margolari askorengan izan zuen eragina, belaunaldi askotan gainera: besteak beste, Jacques-Louis David, Eugene Delacroix edo Paul Cezanneren maisu izan zela esan daiteke.

Lan nagusiak: Eliezer eta Rebeka, Orfeo eta Euridize, Bakoren haurtzaroa, Arkadiako artzainak eta Apolo eta Dafne.

Bizitza eta obra

Nicolas Poussin Paris inguruko herrixka batean jaio zen (1594), Les Andelystik gertu, familia pobre batean. Dirudienez, ez zuen pinturari buruzko batere zaletasunik izan, harik eta Quentin Varin margolariak (1570-1634) bere herria bisitatu zuen arte.

Margolaritzari lotzeko erabakia harturik, eta Les Andelysen ikastea ezinezkoa izanik, jaioterria utzi eta aurrena Rouen aldera eta gero Parisa jo zuen, maisu bila. Pobre eta ezjakin, arazo larriak izan zituen, ez zuen irakasle egokirik aurkitu, eta urte baten buruan etxera itzuli zen, gaixorik eta umiliaturik.

Egonaldi hartan, ordea, Italiako Bigarren Berpizkundeko margolaritza ezagutu zuen, Rafaelen margolanen grabatuen bidez. Orduz geroztik Erromara joatea izan zuen helburu nagusia, hura baitzen garai hartan Europako artearen ardatza. Asmo horrekin, Parisa abiatu zen berriz ere, baina hirugarren saioa arte ez zuen Erromara iristea lortu. Hirugarren eta azken saioan Giambattista Marino izan zuen laguntzaile, Mediciko Mariaren gorteko italiar poeta.

Philippe de Champaigne flandestar pintorearekin lan egin zuen 1621. urtean Luxenburgoko jauregian.

1624an iritsi zen Poussin Erromara, eta han geratu zen 1640an Frantziara itzuli zen arte. Erroman artearen munduko jende eraginkorrena ezagutu zuen, besteren artean Cassiano dal Pozzo, Barberini kardinalaren idazkaria. Antzinako artelanen bilduma aberats baten jabe zen Pozzo, eta, Poussinen beraren arabera, artelan haiek erakutsi zioten arte klasikoaz ikasi zuen ia guztia. Pozzoren bidez, Poussinen babesle bihurtu baitzen, erromatar zibilizazio zaharraren miresle sutsua bihurtu zen margolaria. Bere borondatez erbesteraturik, frantses kultura eta arte estiloa gorrotatzen hasi zen, eta estilo berezi bat lantzen, Erroman edo Frantzian bizi ziren frantses margolarien estiloarekiko alde handia zuena. Hala, laster ukatu eta baztertuko zuen Barberini kardinalaren aginduz egin zuen Erromako lehen lanetako bat, San Erasmoren martiroa (1628-29; Vatikanoko Museoa, Erroma), bere garaikideen estilo barrokoari jarraituz eginda.

Poussinek bere bizimodu bitxia egiten jarraitu zuen, ezkongabe eta sarritan aldatuz Erromako bizilekua, zergatik ez dakigula.

1630 inguruan oso larri gaixotu zen (dirudienez, sifiliak jota), eta bizimodua aldatu beste erremediorik ez zuen izan. Oinaze gogorrak pairatuz eta gizarteak bazterturik, italiar-frantses familia batek lagundu eta zaindu zuen. Esker onez, edo komeni zitzaiolako, Anne-Marie Dughet etxe hartako alabarekin ezkondu zen, bera baino hemezortzi urte gazteagoa zen arren. Ez zuten haurrik izan, eta elkarrekin bizi izan izan ziren beti, harik eta Poussin bera baino urte batzuk lehenago, Anne-Marie hil zen arte.

Bere lana oso estimatua bazen ere, eta Erromako pintore handienen artean jartzen zuten arren, zirkulu artistikoetatik aldendu zen Poussin. Gainerako artisten helburua Erromako barrokoan leku bat lortzea zenean, Poussinek bere garaiko joerak gainditu nahi zituen, kristau aroaren aurreko erromatar arkitekturak eta jokabide molararen gaineko latindar liburuek inspiraturik, eta orobat Rafaelen lanen noblezia eta handitasunaren ildotik, zeinak, Poussinen ustetan, antzinatasunaren izpiritua berriztatu baitzuen.

1638-1639 urteetan frantses gortearen atentzioa erakarri zuen Poussinen arrakastak. Luis XIII.aren ministro ahaltsua zen Richelieu Kardinala Poussin bere jaioterrira erakartzen saiatu zen, bera antolatzen ari zen Académie royale de Peinture et de Sculptureko kide izan zedin. Ofizialki gonbidatu zuten arren, eta erregeak berak ere gutun bat bidali bazion ere, Poussinek ez zuen joateko asmorik agertu. Urte t'erdiz aitzakia eta luzapenetan ibili zen, ondo asko baitzekien frantses gorteko giroa ez zitzaiola aise egokituko bere bizimoduari eta egin ohi zuen arteari. Azkenean, goi mailako aditu eta bildumazale bat, Freart de Chambray, bidali zuten Erromara negoziazioak egiteko; Poussinek amore eman zuen, azkenean, eta 1940an Frantziara abiatu zen, zenbait laguntzailerekin. Emaztea Erroman utzi zuen.

Parisen ohore handiz hartu zuten, baina berehala sortu zitzaizkion arazoak, bai erregearen ministroekin, bai frantses margolariekin, harrokeriaz hartu baitzituen denak. Egin zizkioten aginduak -erretaulak, liburu azalak, apaingarriak- ez ziren berak maite zituen tankerakoak; han zituen lanek ez zuten berak espero zuen estimua izan, eta, hala, bi urteren buruan, alde egin zuen Paristik, bakarrik herriz ere, eta inoiz baino umiliatuago.

Erroman aldatu egin ziren Poussinen jokamoldea eta itxura. Bere bi autoerretratuetan garbi antzematen da nola nahi zuen besteek ikustea (1649 eta 1650, Louvre Museoa): bere buruaz segurtasun handia duen gizon noble gisa. Bere miresleez inguraturik, pasieran ibiltzen zen Erromako lorategietan, arteaz eta bizitzaz hizketan, filosofia pagano bati-edo jarraituz. Hain zuzen ere, bere bizitzaren garai honetan osatu zen gerora ezaguna izan zen margolarifilosofo hura. Azken aldi honetan, mitologia klasikoko gai sofistikatuak eta Bibliakoak landu zituen. 1660. urtetik aurrera, gaixorik baitzegoen, oinazeek etenarazten zioten lana. 1665an utzi behar izan zion margotzeari, eta urte hartan bertan hil zen, Erroman. Azken urteetako lanetan, aipagarriak dira bi Familia Sakratuak (1648, Washingtongo Galeria Nazionala; 1653, Leningrado).

Estiloa

Bere bizitzan zehar, garaiko Frantziako arteetan hain ohikoa zen apaingarrirako joera herrikoitik, urrundu egin zen Poussin. Errenazimentuko bulkaden biziraupenak eta antzinate klasikoko artearen erreferentzia kontzienteak, bikaintasun estandar gisa, bat egiten dute Poussinen lanetan. Kolorea baino maiteago zen diseinuaren nobleziaren bidez lortzen zen adierazpenaren argitasuna zen bere helburua[1]. Beharbada, bere lanen kopia grabatuetan ikus daiteke hobekien diseinuarekiko zuen kezka; bere margolanak erreproduzitzen zituzten askoren artean, arrakasta handiena lortutakoak dira: Audran, Claudine Stella, Picart eta Pesne.

Poussinen lanean, tragedia eta heriotza gaiak nagusitu ziren[2]. Et in Arcadia ego, birritan margotu zuen gaiak (behin 1627an eta bestea 1637-38an), bere garun-ikuspegia erakusten du. Konposizio horretan, artzain idealizatuek izenburuaren esaldiarekin grabatutako hilobi bat aztertzen dute, maiz, memento mori gisa interpretatzen dena: Heriotza pertsonifikatuak «Arkadian ere banago» esango balu bezala. Christopher Wright arte historialariaren arabera, Poussinek, bere lanekin, «jokatzen ari diren rolarekiko jarrera eta emoziorik finena eta tipikoena erakusteko» asmoa zuen, baina emozioaz arduratuta zegoen modu orokorrean, baina ez zehatzean... Horrela, Et in Arcadia Ego-ren bi konposizioetan (Chatsworth eta Louvre), bizitzan heriotzaz jabetzea da gaia. Eredu zehatzek ez dute axolarik. Ez dugu haiekin sinpatiaren itxurak egin nahi, eta, horren ordez, artistek gai bati buruz pentsatzera behartzen gaituzte[2].

Poussin pertsonaia garrantzitsua da paisaia-pinturaren garapenean. Bere lehen koadroetan, normalean, paisaiak atzealde dotorea osatzen zuen figura talde batentzat; beranduago, paisaia-pinturari ekin zion bere kabuz, nahiz eta figura ez zen inoiz guztiz kanpo gelditu. Adibidez, Paisaia, Saint John-ekin Patmos-en (1640, Chicagoko Art Institute) eta Paisaia erromatar galtzadarekin (1648, Dulwich Gallery)[3].

Irudi galeria

Erreferentziak

  1. Pace, Claire, "Disegno e colore", Oxford Art online. Consultado el 16.02.2013.
  2. Wright 1985, p. 13.
  3. Poussin y el paisaje heroico por Joseph Phelan, consultado el 17.12.2009.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nicolas Poussin
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.