Potx eta Lotx
Potx eta Lotx, Algaraz elkartearen barruan, Josu Zubiak, Itziar Arkauzek, Danel Teranek eta Ander Murillok osatzen duten pailazo talde oñatiarra da.
Potx eta Lotx | |
---|---|
Xabi Sound (Ander Murillo), Potx (Josu Zubia), Lotx (Itziar Arkauz) eta Osaba (Danel Teran). | |
Datuak | |
Jatorria | Oñati (Gipuzkoa) |
Urteak | 2011ko abenduaren 3a - gaur egun (12 urte) |
Taldekideak | |
Josu Zubia Itziar Arkauz Danel Teran Ander Murillo | |
Informazio gehigarria | |
www.potxetalotx.eus | |
Antzerkia, dantza eta kantua uztartzen dituzte beraien ikuskizunetan, pailazo klasikoaren umore kutsuarekin osatuz. Familia osoari zuzendutako ikuskizunak egiten dituzte eta nahiz eta bereziki gaztetxoendako emanaldiak diren, helduentzako ere keinu ugari izaten dituzte antzezlanek.
Beraien hasierak 2011ko abenduaren 3 urtean izan ziren Potx eta Motx izenpean. Pailazo bikote honekin bi ikuskizun egin zituzten: Hartxoen lagun eta Naturan barrena.
2017an ordea, gaur egun ezagutzen ditugun Potx eta Lotx sortu ziren. Orduz geroztik beste hiru ikuskizun egin dituzte: Herriko festetan, Etxean eta Kaleak bizirik. Hiru denboraldi hauetan, ikuskizun bakoitzarekin disko eta DVD bana ere kaleratu dituzte.[1]
Taldekideak
Pailazoen urtez urteko bilakaera
Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Potx eta Lotx izenarekin ezagunak badira ere, beraien hasieratan Potx eta Motx bezala hasi ziren. 2014tik 2017ra, bi pailazo bikoteen artean bizpaihiru urte egon ziren oholtzetatik aldenduta.
Aktorea | 2011-2015 | 2016-2020 | 2021-2024 | ||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Josu Zubia | Potx | Potx | |||||||||||
Amaia Igartua | Motx | ||||||||||||
Itziar Arkauz | Beste pertsonaiak | Lotx | |||||||||||
Danel Teran | Beste pertsonaiak | ||||||||||||
Ander Murillo | Beste pertsonaiak |
Beste pertsonaiak
* errepikatutako pertsonaia |
Aktorea | Pertsonaia | Urtea | Ikuskizuna |
---|---|---|---|
Itziar Arkauz | Miope | 2013 - 2014 | Naturan barrena |
Setan basozaina | 2013 - 2014 | Naturan barrena | |
Zerraldo ehiztaria | 2013 - 2014 | Naturan barrena | |
Danel Teran | Osaba | 2017 - 2019 | Herriko festetan |
Rikardo Anakardo | 2017 - 2019 | Herriko festetan | |
Ximon postaria | 2019 - 2021 | Etxean | |
Izaskun | 2019 - 2021 | Etxean | |
Izaskun* | 2021 - 2022 | Kaleak bizirik! | |
Joserra Otero | 2021 - 2022 | Kaleak bizirik! | |
Izaskun* | 2022 - 2023 | Aireportuan | |
Joserra Otero* | 2022 - 2023 | Aireportuan | |
Ander Murillo | Eguzkilore | 2017 - 2019 | Herriko festetan |
Xabi Sound | 2017 - 2019 | Herriko festetan | |
Imanol (elkarrizketatzailea) | 2019 - 2021 | Etxean | |
Xabi Sound* | 2019 - 2021 | Etxean | |
Kaleko musikaria | 2021 - 2022 | Kaleak bizirik! | |
Alkatea | 2021 - 2022 | Kaleak bizirik! | |
Xabi Sound* | 2021 - 2022 | Kaleak bizirik! | |
Gartxot (pilotua) | 2022 - 2023 | Aireportuan | |
Susi Pusi (azafata) | 2022 - 2023 | Aireportuan | |
Txolo (polizia) | 2022 - 2023 | Aireportuan |
Josu Zubia
Potx pailazoa da Josu Zubia eta oñatiarra da sortzez. HUHEZIn hezkuntza bereziko irakasle ikasketak egin zituen eta honez gain, Euskal Kultur Transmisioaren graduondoko bat baita ere. Unibertsitatean euskara batzordean eta sormen lanetan ere parte hartu izan du. Herri mailan hainbat elkarteren sormen prozesuetan parte hartu du: ELTZIA egitasmoa, Irazan Antzerki Gunea eta Algaraz Ikuskizun elkartea. Talde hauetan parte hartzeaz gain, herri- mugimenduko beste egitasmo batzuetan ere hartzen du parte (Oñatiko iñauteriak,...). Orain urte batzuk Klownaren balioaz jabeturik hainbat profesionalen eskutik (Jesus Jara, Amaia Prieto, Caroline Dream, Alex Navarro...) clown formazioa jaso izan du Valentzian, Bartzelonan, Gasteizen eta beste leku batzuetan. Lehen aipatutako Irazan antzerki elkartean antzerki formatzaile eta dinamizatzaile bezala dihardu. Algaraz elkartearen bitartez, hainbat unibertsitate eta udaletan formazio eta hitzaldi puntualak ere eman izan ditu Itziar Arkauzekin batera. Honez gain, musikaria da eta guztira 5 disko kaleratu ditu. Gainera, egun, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearen parte da.
Itziar Arkauz
Lotx pailazoa da Itziar Arkauz. Jaiotzez Oñatiarra da. Gasteizko Erizaintza Unibertsitate Eskolan burutu zituen bere erizain ikasketak. 2013. urtetik kultur prozesu desberdinetan murgilduta egon da, besteak beste ELTZIA, Irazan Antzerki Gunean eta Algaraz Ikuskizun Elkartean. Horretaz gain, herri- mugimenduko beste egitasmo batzuetan ere hartu izan du parte, hala nola, Oñatiko Iñauterietan. Antzerkiaren beste arlo batzuk ere jorratu dituen arren (inprobisazioa..), klownean sakontzeko grina piztu zitzaion beronen esentzia ezagutu zuenean. Hori dela eta, formakuntza jaso du profesional desberdinen eskutik (Amaia Prieto, Jesus Jara, Irrikiclown...). Gaur egun, Irazan antzerki gunean dinamizatzaile lanetan aritzen da. Algaraz elkartearekin ere lanketa sakon bat egiten ari da Josu Zubiarekin batera, klownaren balioak gizarteari gerturatzeko asmoz. Hainbat unibertsitate eta udaletan hitzaldi puntualak eman izan ditu. Musikan ere oinarrizko formazioa jaso izan du.
Danel Teran
Osaba, Izaskun edota Rikardo Anakardoren pertsonaiak antzeztu ditu Danelek Potx eta Lotxeko ikuskizunetan. Oñatiarra da eta ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egiten dihardu, egun, HUHEZIn. Antzerkiari dagokionez, Gasteizko Ortzai Antzerki Eskolan eman zituen bere lehen urratsak eta ondoren herrian sortutako Irazan Antzerki Guneko gazteen taldeko kide izatera pasa zen. Bertan mota desberdinetako proiektuak egin ditu, baita aktore ezagunek emandako ikastaroak jaso ere. Horren ostean, “XUP!” antzerki taldea sortu du beste kide batzuekin batera. Bertan 15-19 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte. Gainera, gazteei zuzendutako antzezlan bat sortu eta antzeztu du. Horrez gain, bai antzerki taldean, baita pailazo taldean ere, komunikazioaz arduratzen da Danel, eta gaur egun Irazan Antzerki Guneko dinamizatzaile zein batzarreko kide da.
Ander Murillo
Ander Murillok, Xabi Sound ezaguna eta Imanol elkarrizketatzailearen pertsonaiak burutu ditu, besteak beste. Oñatiarra da eta orain Gasteizen erizaintza ikasten ari da laugarren urtez Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate - Eskolan. Kulturari dagokionez Oñatiko Irazan antzerki gunean ibili izan da ia 7 urtez, honen barnean “Irazankide gazteak” eta “XUP” taldeen kide izan da, eta Algaraz Ikuskizun elkartearen sormen prozesuan ere parte hartu zuen. Algaraz Ikuskizun elkartearen bidez 6 urte daramatza Potx eta Lotx pailazoekin antzerkia egiten Euskal Herri osoan zehar, eta beraiekin 4 disko kaleratu ditu. Pailazogintzari dagokionez, Valentzian Jesus Jara eta Amaia Prieto profesionalen eskutik clown formazioa jaso du. Institutuan ere bere klasekideek eta berak antzeztutako pailazo antzerkia aurrera eraman zuen, berak gidoilari, zuzendari eta aktore lanak eginez. Herriko hainbat jardueratan ere parte hartu izan du, esaterako, Oñatiko iñauterietan.
Taldearen bilakaera
Potx eta Motx (2011-2014)
Potx eta Motx pailazoak 2011ko abenduaren 3an sortu ziren Oñatin. Kasualitatez sortu zuten bikotea. Egun hartan, euskararen eguna zenez, herriko ikastetxe batean pailazoen saioa antolatu zuten. Pailazo haiek ordea, ez ziren iritsi eta jendeak eskatuta Josu Zubiak eta Amaia Igartuak egin behar izan zuten pailazoarena, 17 urte besterik ez zituztela.[2]
Bapateko saiakera hark harrera ona izan zuen ikusleen artean eta egun baterako sortu zen proiektu horrek aurrera segitu zuen. Oñatitik atera eta eskualdera zabaldu ziren eta saioak eskaintzen hasi ziren ikastetexeetan, gaztelekuetan, egun berezietan... Pailazo bikotearekin batera pertsonaia gehiago ere aritu ziren ikuskizunetan. Tartean Itziar Arkauz (gaur egungo Lotx).[3]
Etapa honetan bi ikuskizun egin zituzten: Hartxoen lagun (2011-2013) eta Naturan barrena (2013-2014). Azken honekin diskoa ere kaleratu zuten.[4]
Algaraz elkartea (2016)
2016. urtean Algaraz elkartea sortu zen Oñatin. Honen helburua pailazoaren begirada mundura zabaltzea da, gizartean dauden talde desberdinetan ekintzak burutuaz. Izan ere, gaur egungo bizimoduan, sudur gorriak zeresan handia du eta horretan erabat sinesten du elkarteak.
Algaraz elkartearen babespean egindako proiektuetako bat da Potx eta Lotx pailazo taldea.
Potx eta Lotx (2017-2023)
2017. urtean, Potx eta Motx pailazoak desagertu eta hiru urtetara (Algaraz elkartea sortu berritan), Potx eta Lotx bikotea sortu zen. Kasu honetan Amaia Igartua, Motx, Itziar Arkauzek ordezkatu zuen Lotxen pertsonaiarekin.[5]
Orduz geroztik lau ikuskizunekin aritu dira herriz herri Herriko festetan (2017-2019), Etxean (2019-2021), Kaleak bizirik (2021-2022) eta Aireportuan (2022-2023).
Denboraldi bakoitzeko abestiekin disko bana kaleratu dute. Kanten hitzei dagokienez, Oñatiko Txinparta Bertso Eskolaren laguntza izaten dute. Ikuskizunen kasuan, Herriko festetan eta Etxean ikuskizunak grabatu zituzten eta DVDak argitaratu.
Gainera, denboraldi bakoitzean, formatu txikiagoko antzezlan bat ere kaleratzen dute.
Potx eta Lotxen ikuskizunak
Herriko festetan (2017-2019)
Sinopsia
Auskalomendi herrian gertatzen da istorioa. Urteko jaiegun nagusia da, eta merendola prestatzeko ardura izango dute Potxek eta Lotxek. Aurreko urteetan osabak izan du ardura hori eta orain Potxi eta Lotxi emango die osabak aukera hau. Ohore eta erronka handia da eurentzat, baina hanka-sartze handi bat egingo dute, merendola eramatea ahaztuko zaie, eta hor hasiko dira gorabeherak eta buruhausteak gure pailazoentzat.
Pertsonaiak
- Potx (Josu Zubia)
- Lotx (Itziar Arkauz)
- Osaba (Danel Teran)
- Rikardo Anakardo (Danel Teran)
- Eguzkilore (Ander Murillo)
- Xabi Sound (Ander Murillo)
Bira, diskoa, DVDa eta bideoklipak
2017ko abenduaren 27an egin zuten antzezlanaren estreinaldia Oñatiko gaztelekuan eta honekin batera, Herriko festetan diskoa kaleratu zuen pailazo taldeak. 12 abestiz osatutako diskoa, Txinparta Bertso Eskolako bertsolariekin hitzekin eta Josu Zubiaren musikarekin. Diskoaren grabaketa 2017ko uztailean egin zuten Mutrikuko AME estudioan.
Urte bereko azaroan aldiz, Auskalomendi izeneko beraien lehen bideoklipa estreinatu zuten eta egun 700.000 ikustaldi baino gehiago ditu YouTuben.
Ondoren, 2018ko azaroan DVDa kaleratu zuten "Herriko festetan" denboraldia borobiltzeko asmotan eta azkenean, 2019ko martxoaren 5ean amaitu zuten denboraldia Arrasateko Amaia Antzokian.
Etxean (2019-2021)
Sinopsia
Potx eta Lotx beti abentura berri bila dabiltza eta ez die axola non! Oraingo honetan, ETXEAN gelditu beharko dute, osabak irten beharra izan duelako. Hasieran, asperdurak jota egongo dira, zer egin jakin gabe. Baina laster hasiko zaizkie bisitari desberdinak agertzen. Horien artean, elkarrizketatzaile fin bat, sekretu handiak gordetzen dituen bizilagun xelebre bat eta postari bat. Aukera paregabea izango da gure pailazoek asperdurari aurre egiteko! Zer egingo dute pailazo bihurri hauek?
Pertsonaiak
- Potx (Josu Zubia)
- Lotx (Itziar Arkauz)
- Ximon postaria (Danel Teran)
- Izaskun (Danel Teran)
- Imanol elkarrizketatzailea (Ander Murillo)
- Xabi Sound (Ander Murillo)
Bira, diskoa, DVDa eta bideoklipak
Herriko festetan denboraldi arrakastatsuaren ostean, Etxean antzezlana estreinatu zuten 2019ko maiatzaren 19an Aretxabaletako antzokian. Antzezlan berriarekin batera, noski, 2018ko uztailean AME estudioan grabatutako diskoa kaleratu zuten, baita Asper-asper bideoklipa ere estreinaldia baino zerbait berandutxoago.
Azkenik, 2020ko otsailaren 16an, DVDaren grabaketa egin zuten Urretxuko Labeaga aretoan eta apirilaren 3an estreinatu zuten YouTuben, berrogeialdiaren eraginez.[6]
Ikuskizunaren azken saioa Zarautzeko Villa Manuela pilotalekuan egin zuten, 2021eko uztailaren 26an.
Kaleak bizirik! (2021-2022)
Sinopsia
Oraingoan Osabak enkargu bat egin die Potx eta Lotxi: Kalera joan behar dira beren bizilaguna izandako Izaskunen etxera. Horretarako ez dute denbora asko izango; hala ere, bidean jende askorekin egingo dute topo: kaleko musikari batekin, herriko alkatearekin, OTA kontrolatzen duen udaltzainarekin… Hauekin hainbat abentura biziko dituzte, barregarriak zein negargarriak! Lortuko al dute agindutako orduan Izaskunengana heltzea?
Pertsonaiak
- Potx (Josu Zubia)
- Lotx (Itziar Arkauz)
- Izaskun (Danel Teran)
- Joserra Otero (Danel Teran)
- Kaleko musikaria (Ander Murillo)
- Alkatea (Ander Murillo)
- Xabi Sound (Ander Murillo)
Bira, diskoa eta bideoklipak
Kaleak bizirik! bira 2021eko ekainaren 11n aurkeztu zuten Oñatiko plazan egindako prentsaurrekoan. Egun hartan bertan estreinatu zuten izen bereko diskoa ere, plataforma guztietan. Ikuskizuna ordea uda ostean iritsi zen. 2021eko irailaren 19an estreinatu zuten Bilboko Campos Eliseos antzokian.
Aurreko emanaldietan bideoklip bana grabatu zuten, baina honetan hiru egin zituzten. Lehenengoa Txunpa txun izan zen eta 2021eko urtarrilaren 4an estreinatu zuten Gaztea irratiko Dida saioan. Bigarrena Pilota berria eta hau 2021eko maiatzaren 23an argitaratu zuten, oraindik ikuskizuna estreinatu gabe zegoela. Hirugarren bideoklipa berriz, Kaleak bizirik! izan zen eta 2021eko abenduaren 18an ikusi zuen argia.
Denboraldi honetan Geure mitologia izeneko ipuin musikatua ere sortu zuten. Liburua, abestia eta bideoklipa kaleratu zituzten. Proiektuaren aurkezpena 2022ko apirilaren 6an egin zuten Ataunen.
Bira honetako azkeneko saioa 2022ko azaroaren 29an egin zuten Barrikan.
Aireportuan (2022-2023)
Sinopsia
Heldu da eguna! Potx eta Lotxen ametsa betetzear da! Urteak daramatzate egun honekin amesten; denbora askoan aurrezten ibili eta gero, hegazkinez bidaiatu ahal izango dute. Pozez zoratzen sartu dira aireportura, baina megafoniatik entzuten dute euren hegaldia atzeratu egin behar izan dela ezinbestean. Horrela hasten da beraien abentura berria.
Aireportuan luzaro egon beharko dira zain. Norekin egingo dute topo? Zer abentura biziko dute? Lortuko al dute azkenean hegan egitea?
Pertsonaiak
- Potx (Josu Zubia)
- Lotx (Itziar Arkauz)
- Izaskun (Danel Teran)
- Joserra Otero (Danel Teran)
- Gartxot pilotua (Ander Murillo)
- Susi Pusi azafata (Ander Murillo)
- Txolo polizia (Ander Murillo)
Bira, diskoa eta bideoklipak
Aireportuan ikuskizunaren bira aurkezteko, 2022ko abenduaren 27an, Hegaldia abestiaren bideoklipa kaleratu zuten. Ondoren, abenduaren 8an, denboraldia aurkeztu zuten Durangoko Azokako Saguganbaran eta disko-liburua argitaratu zuten plataforma guztietan. Ikuskizuna aste batzuk geroago iritsi zen. Birako estreineko saioa abenduaren 26an egin zuten Bilboko Campos Eliseos antzokian.
Denboraldi honetan disko-liburua kaleratu zuten, Txanparta bertso eskolako haurrek sortu zituzten letrak Josu Zubiak musikatu zituen eta Pernan Goñi ilustratzaileak komiki eran marrazkiak sortu zituen gai bakoitzarentzat. Diskoaren grabaketa 2022ko urrian egin zuten Zestoako Gaztain estudioetan.
Lanak
Diskoak
Zenb. | Urtea | Pailazoak | Diskoa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 2014 | Potx eta Motx | Naturan barrena | |
2 | 2017 | Potx eta Lotx | Herriko festetan | Algaraz |
3 | 2019 | Etxean | Algaraz | |
4 | 2021 | Kaleak bizirik! | Algaraz | |
5 | 2022 | Aireportuan | Algaraz |
Filmografia (Grabatutako ikuskizunak)
Zenb. | Noiz grabatua | Pailazoak | Ikuskizuna | Non grabatua | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|---|
1 | 2018ko urriaren 14a | Potx eta Lotx | Herriko festetan | Oñatiko Santa Ana antzokia | Algaraz |
2 | 2020ko otsailaren 16a | Etxean | Urretxuko Labeaga aretoa | Algaraz | |
3 | 2022ko azaroaren 18a | Kaleak bizirik! | Lazkaoko Areria aretoa | Algaraz |
Ipuin musikatuak
Zenb. | Urtea | Pailazoak | Diskoa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 2022 | Potx eta Lotx | Geure mitologia | Algaraz |
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Potx eta Lotx reinvidican «el aburrimiento como palanca de la creatividad»» El Diario Vasco 2019-12-27.
- «Amaia Igartua: "Umeak zoriontsu egiten ditugu agertokira igotzen garenean; zoragarria da"» Goiena 2014-06-17.
- (Gaztelaniaz) «Potx eta Motx, dúo al que dan vida Josu Zubia y Amaia Igartua, presentan Naturan barrena» El Diario Vasco 2013-10-25.
- «Umeak, euskara eta Potx eta Motx» Potx eta Motx 2013-11-27.
- (Gaztelaniaz) «Potx eta Lotx, las narices rojas oñatiarras» Noticias de Gipuzkoa 2017-11-15.
- «Potx eta Lotx pailazo oñatiarren Etxean lana sareetan estreinatuko da bihar» Noticias de Gipuzkoa 2020-04-02.