Potasas de Navarra

Potasas de Navarra, baita ere PDN, (euskaraz: «Nafarroako Potasak»), frankismo garaiko INIk 1957ko maiatzaren 29ko dekretuaren bidez sortu zuen Nafarroako enpresa handia izan zen. Inguruko herrietan eragin handia izan zuen eta bertako langileria Nafarroako eta Euskal Herriko langile mugimenduarentzat benetako erreferentea izan zen. 1985ean itxi egin zen. Enpresaren helbidea Beriainen, Nafarroa Garaian zegoen.

Potasas de Navarra
Datuak
Motaenpresa
Jarduera sektoreaMeatzaritza
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Enplegatuak2.021 (1985)
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formasozietate anonimoa
JabeaIndustri Institutu Nazionala
Historia
Sorrera1957ko maiatzaren 29a
Desagerpena1985eko abenduaren 28a

Historia

1957ko maiatzaren 29ko dekretuaren bidez sortu zuten. 1970eko hamarkadan sindikalismo indartsua zuen lantegiak eta bertan aurrera eraman ziren grebak ospetsuak izan ziren. Potasasen langileek borroka bide berriak sortu zituzten, ezagunena mehategietan ixtearena. Protesta mugimendu ezagunena 1975eko urtarrilaren 7an hasi zen. Egun horretan itxialdia hasi zuten meatzariek. Enpresaren zuzendaritzak bi hilabetez lana eta soldata etena zien 2.000 bat langileri eta horren aurka, 47 langilek meatzeetara sartzea lortu eta protestaldia abiatu zuten. Guardia Zibilak gainontzekoei sarrera eragotzi zien eta beraz, hauek, egunero meatzearen sarreran kontzentrazioak egin zituzten.[1] Zizurretik 5.000 pertsonen manifestazioa mehategiraino hurbiltzen saiatu zen. Goardia Zibilen errepresioa horren aurrean oso gogorra izan zen. Estatuan lehen aldiz piloten jaurtigailuak erabili ziren eta errepresiorako zuten material guztia agortu zuten. Nafarroa osoan greba orokorraren bi egun antolatu ziren. Azkenean, urtarrilaren 21ean, langileak mehategitik atera ziren eta protesta amaitutzat eman zuten langileek. Zalantzarik gabe hau Nafarroan izandako greba handiena izan zen.[2] Hainbat langile prozesatu egin zituzten, baina elkartasun uholdeak epaiketa bertan behera uztea lortu zuen.

Lantegi hau itxi ondoren, urte berean, abenduaren 28an, INIk eta Nafarroako Gobernuak «Potasas de Subiza» sortu zuten. Lantegi berriak 1990ean 533 langile zituen eta ongarriak ekoizten zituen. Azkenik, 1990eko hamarkadan, betiko itxi zuten XX. mendean Nafarroako enpresarik handiena izandakoa.

Ezaugarriak

Potasa hobi handi bat ustiatu zuen. Oso lantegi mekanizatua zen. Bost izan ziren ireki ziren putzuak: Undiano I eta II, Beriain, Gendulain eta Espartza. Itxi egin zen urtean, 1985ean, 2.021 langile zituen. Hobitik ateratzen zen minerala bertan tratatu egiten zen, ondoren bidaltzeko Pasaiako portura non lantegiak kaiak eta biltegia zituen. Handik munduko toki askotara bidaltzen ziren produktuak: Estatu Batuetara, Ipar Europara, Marokora, Aljeriara...

Getzaurre auzoa

Getzaurre Beriain udalerriko auzoa da. Gaztelaniaz Poblado de Potasas izenarekin jaio zen Beriain herri zaharretik aldenduta eta N-121 errepidearen ertzean Getzaurre izeneko parajean[3]. Auzo hau XX. mendearen erdialdean sortu zuen "Potasas de Navarra" enpresak, langileak lantegitik hurbilago egoteko.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.