Posio
Posio Lappi lurralde finlandiarreko udalerri bat da, Ouluko lurraldearen mugan dagoena. Ia Gipuzkoaren bikoitza den udalerri honen azaleraren %15a, ur-eremua da, izan ere, aintzira gehien dauden Lappiko eremua da; esaterako, Livojärvi, Posionjärvi eta Yli-Kitka aintzirak. Gainera, eremu babestuenetariko bat ere bada, bertan baitaude Riisitunturi eta Syöte Parke Nazionalak; izan ere, udalerria aintziraz eta basoz, izeidiez (izei gorriak) josita dago. Bertako animalia ospetsuenak Lappiko elur-oreinak eta hartz arreak dira. Gutxi gorabehera, 4.000 biztanle bizi dira eta denak suomieraz mintzo dira; izan ere, Erdi Aro amaieran hemen bizi ziren samitarrak iparraldera joaten hasi ziren finlandiarren etorrera zela-eta, eta honela, samiera galduz joan zen.
Posio | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Posion kunta | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Ekialdeko Lappiko barrutia | |
Alkatea | Heli Knutars | |
Sorrera | 1916 | |
| ||
Koordenatuak | 66°06′40″N 28°10′00″E | |
Azalera - Ur-azalera |
3.544,90 km²[1] 505,15 km² (%14,3) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Suediera - Besteak |
3.367 (2017.08.31)[2] 1,11 bizt/km² (2016)[2] % 99,0 (ofiziala) % 0,1 % 0,8 | |
Webgune ofiziala |
Industriak eragina izan du, izan ere, bertan sortuak baitira Fenestra ate eta leihogintza eta Pentik zeramika erakundeak. Hala ere, turismoak eragin handiagoa du, hala nola, Riisitunturi eta Syöte Parke Nazionalei eta Korouma arroila eta Simojärvi eta Soppana aintziretako eremu babestuei esker. Urtero hamaika turista gerturatzen da naturaz gozatzeko asmoz.
Udalerriaren biztanleria herrixka askotan dago banatua; garrantzitsuenak, Ahola, Aittaniemi, Jumisko, Kuloharju, Lohiranta, Maaninkavaara, Raistakka, Sirniö eta Posion kirkonkylä bera. Bizilagunak Kemijärvi, Rovaniemi eta Salla udalerriak iparraldean, Ranua mendebaldean eta Ouluko lurraldeko udalerriak diren Kuusamo, Pudasjärvi eta Taivalkoski hegoaldean dira.
Geografia
Udalerria Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dago, Ekialdeko Lappi azpieskualdean eta Zirkulu Polar Artikoaren azpian. Bere bizilagunak, Kemijärvi eta Salla iparraldean, Ranua eta Rovaniemi mendebaldean, eta Kuusamo, Pudasjärvi eta Taivalkoski udalerri ipar ostrobotniarrak hegoaldean dira. Posiok 3.545,23 km²-ko azalera dauka, Iparraldea baino handiagoa da, eta aintzira eta zingira gehien dauden Lappiko eremuan dago. Uraz gain, baso borealak dira nagusi; sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta izeidiak dira zuhaizti ohikoenak [3].
Klima subartikoa da nagusi, prezipitazio urriekin urte osoan zehar. Udak motzak eta epelak dira, eta ekain eta uztail bitarteko hiru astetan (ekainaren 9tik uztailaren 4ra), eguzkia ez denez guztiz ezkutatzen, gau zuri fenomenoa ematen da; hau da, nahiz eta eguzkia ez den ikusten, honen argitasunak gau osoan zehar argitzen jarraitzen du. Negu izoztuak aldiz, luzeak izan ohi dira (zazpi hilabete gutxi gorabehera), eta lurzoru elurtuak azarotik maiatzera arte irauten du. Samiek, antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten dituzte: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan, batez ere, irailean, urrian, otsailean eta martxoan [4].
Posio | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima subartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | 2,3 | -2,5 | 2 | 11,6 | 25,4 | 26,4 | 24 | 25 | 21 | 4 | 1,3 | 2 | 11,8 | |
Batez besteko maximoa ºC | -7,2 | -8,2 | -3,2 | 2,6 | 13,1 | 15,6 | 17,9 | 18,2 | 12,5 | 0,4 | -0,7 | -7,7 | 4,4 | |
Batez bestekoa ºC | -11,6 | -12,1 | -7,2 | -2,5 | 7,9 | 11,1 | 13,7 | 13,7 | 8,9 | -2,2 | -2,2 | -11 | 0,5 | |
Batez besteko minimoa ºC | -17 | -17,3 | -13 | -10,4 | 1,8 | 5,6 | 8,8 | 8,1 | 4,9 | -5,3 | -4,3 | -15,3 | -4,4 | |
Minimoa ºC | -29,2 | -29,4 | -27,6 | -25 | -2,5 | -1,2 | 1,6 | 3 | -2 | -11,6 | -9,5 | -31,4 | -13,7 | |
Prezipitazio-egunak | 27 | 27 | 28 | 14 | 19 | 21 | 23 | 18 | 25 | 21 | 27 | 31 | 281 |
Guztira, ia 3.000 baino aintzira eta zingira gehiago daude udalerrian, eta Livojoki eta gainontzeko ibai emaritsuekin batera, 506,17 km²-ko ur-azalera osatzen dute; udalerriaren azalera osoaren %14a baino gehiago. Ur-azalera handiena duen Lappiko udalerria da. Aipatzekoak dira hala nola, Ala-Suolijärvi, Kemijärviko mugan dagoen Irnijärvi, Kaukuanjärvi, Kynsijärvi, Livojärvi, Murtoselkä, udalerriaren izen bereko Posionjärvi, Yli-Suolijärvi eta, batez ere, Yli-Kitka aintzira erraldoia. Yli-Kitka hain zuzen, Finlandiako hamazazpigarren eta Lappiko hirugarren aintzira handiena da. Ibaien nagusien artean Livojoki dugu luzeena, eta lutxoperka eta izokina bezalako ur gezatako arrainak gustora bizi dira bertan [6].
Udalerrian Karelidak hasten dira, eta Posioko muino garaiena mendikate honetako muinoa dugu, 465 metroko Riisi hain zuzen. Korouoma arroila ere aipatzekoa da, 130 metroko sakonera duen Lappiko arroila sakonena.
Landaredia eta udalerriko faunak oso aberatsak dira eta ondorioz, Posiok natura babesteko hainbat egitasmo gauzatu ditu; guztira, bi parke nazional (Riisitunturi eta Syöte), natura erreserba hertsi bat (Korouoma) eta Simojärvi eta Soppana izeneko ingurune babestu bat daude. Bertan, altzeak, azeri artiko eta gorriak, elur-orein basati eta etxekotuak, hartz arreak, igarabak, ipar katamotzak, jatunak, otsoak eta urtxintxa hegalariak bezalako ugaztunak aurki daitezke. Hegaztien artean, aipatzekoak dira aliota arktikoak, arrano beltz eta belatz txikia bezalako harrapariak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, enara azpizuriak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arruntak, itsas arrano buztanzuriak, kaskabeltz arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-eskinosoak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokokerrak, negu-txirtak, negu-txontak, paparrurdinak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurkitu daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira [7].
Historia
Glaziarrak urtu zirenean lehen gizakiak iristen hasi ziren paraje hauetara, baina aurkitu diren aurkikuntza zaharrenak k.a. V. mendekoak dira. Eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena eman zitzaion eta Kemijoki ibaiaren inguruan antolatu ziren, baso eta lurralde hauek eskaintzen duten emankortasun guztitik hurbil.
Harri Aroan, Suedia iparraldeko eta Itsaso Zuriko biztanleak iritsi zirela uste da. Samitarrak, kultura guzti hauen nahasketaren eta ondoren iritsi ziren Fino-Ugriar taldeen baturaren ondorio dira. Honenbestez, samitarrak izan ziren udalerriko eta Lappi lurralde finlandiarreko biztanle bakarrak XX. mende arte. Udalerrikoak, kemiko samitarrak deitura hartzen zuten eta neguan gehien bat ehizaz bizi zirenez, erdi-nomadak zirela esan daiteke; udan aldiz, Kemijoki ibaiko arrainez eta fruituez elikatzen ziren. Hala ere, ez zaizkigu lehen biztanle hauen aztarna gehiegirik gelditzen gaur egun eta kristautasuna iritsi bezain pronto, XIV. mendean, iparralderantz jo zutela uste da.
Udalerria Errusiako Inperioaren esku gelditu zen 1809. urtean, Suediak Finlandiako Gerra galdu ondoren, eta Finlandiako Dukerri Handiaren barnean finkatuta gelditu zen. Urte hauetan, inguruko udalerrien hazkundea eman zen, Kemijärvi, Sodankylä, Rovaniemi eta Kemi-Tornio inguruko portuena esaterako, eta udalerria, garai berriak asetzeko behar zituen produktuak (zura esaterako) lortzeaz arduratu zen. Inguruko udalerrien hazkundea buztanetik heltzea lortu eta lehen azpiegiturak iristen hasi ziren; errepideak, esaterako.
Azkenean, jatorriz bertakoak ziren biztanleak, kemiko samitarrak, garai berrien haizeak etorri bezain laster eta Finlandiak 1917. urtean independentzia lortu baino lehen desagertu egin ziren, eurekin kemiko samiera hizkuntz berezia eta kultura eramanez [8].
Finlandiak 1917. urtean independentzia aldarrikatu zuenean SESBko muga gori-gorian jarri zen. 1926. urte aztoratuan sortu zen udalerria. Independentzia aldarrikapena lasaitasun handiarekin eroan zen II. Mungu Gerrak Europa kontinente zaharrean eztanda egin zuen arte. Finlandiarrak, sobietarren beldur ziren eta Alemania naziarekin tratuetan zebiltzan zurrumurrua zabaldu zen. Honek, Neguko Gerra bultzatu zuen eta udalerriak gertutik ikusi zuen arriskua; hala nola, Salla inguruko herrixketako hainbat biztanle etxez aldatu baitzituzten edo bertara ihes egin behar izan baitzuten. Azkenik, lehen aipatutako udalerriaren zati garrantzitsua hartu ondoren, bake-akordioak, gerra urrunarazi zuen Posiotik.
Hala ere, 1941. urtean Jarraipenaren Gerraren eskutik iritsi zen berriro gaitza, oraingo honetan alemaniarrak sartu zirelarik jokoan. Hauek, mugetan kokatu ziren eta udalerrian, hainbat bataila bizi izan ziren sobietarren eta nazien artean, tarteko hainbat bizilagun axolagabe akabatuz. Alemaniarren porrotaren ostean, finlandiarrek bake-akordio bat sinatu behar izan zuten SESBekin, eta alemaniarrak haserre, Posioko hainbat herrixka suntsitu zituzten Kuusamotik Rovaniemi hiribururako bidean (Rovaniemiko Bataila).
Gerra ondoren, etxeen berregituratzea egon zen, eta ekonomia gutxi gorabehera egonkortu egin zen basogintzari esker.
90eko hamarkada hasieran aldiz, ekonomia finlandiarrak hondoa jo zuen. Hainbat faktorek eragin zuten ekonomiaren gainbehera, baina garrantzitsuenetarikoa, SESBen desegitea izan zen. Ondorioak langabeek jasan behar izan zuten gehienbat, eta hauen kopurua izugarri hazi zen, batez ere oinarri industriala zuten udalerrietan. Herrialdea EBn sartu ondoren, ekonomia suspertu egin zen baina Posion industria garatu gabe zegoenez, atzean gelditu eta apurka biztanleak ihes egiten hasi ziren Rovaniemi hiriburura, batez ere.
Administrazioa
Azpiegiturak
Udalerritik errepide bidez baino ezin daiteke mugi; izan ere, VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea ez da bertara iristen Kemijärvi eta Salla udalerrietan baititu azken geltokiak; gainera, aireporturik ere ez dago, hurbilenak Kuusamokoa eta Rovaniemikoak dira [9].
Valtatie 5 errepidea Heinola udalerritik Sodankylärako bidean Posiotik igarotzen dena, honela, herrialde guztiarekin komunikatzen du.
Banaketa
Udalerria hain handia denez, eta nahiz eta biztanleriaren ia Posio kirkonkylä delakoan bizi den, erdigunetik urrun dauden herrixka asko dago; hauen artean, Kangosjärvi, Kätkäsuvanto, Särkijärvi eta Ylimuonio herrixkak. Izan ere, Finlandia Errusiatik independentzia lortu ostean, Kuusamo eta Rovaniemi udalerrien artean banatuta zeuden herrixkak batu eta 1926. urtean Posio udalerria sortu zuten.
Hauek dira herrixka garrantzitsuenak:
|
|
|
|
100 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.
Hiri senidetuak
Udalerriak 1997. urtetik hiri senidetu bat dauka, Varanger penintsulan dagoen Nesseby edo Unjárga udalerri norvegiarra. Bi udalek kultura eta hezkuntza arloan lan egiten dute batik bat [10].
Udala
Posioko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Posioko Udalbatza [11] | |||||
---|---|---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | Posioko udalbatza | |
-- | Zentroko Alderdia | 16 | 1 | % 64,0 | |
-- | RYHMÄ 2008 | 3 | 5 | % 13,4 | |
-- | Benetako Finlandiarrak | 1 | 1 | % 7,9 | |
-- | Ezker Elkartasuna | 1 | 1 | % 7,5 |
Lappi lurraldeko gainontzeko udalerrien antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile, hamabost eserlekurekin, aurreko agintaldian baino zortzi gutxiagorekin; hala ere, gehiengoari eutsi egin zion. Bigarren indarra 2008 Taldea herri plataforma izan zen, zortzi zinegotzirekin, Zentroko Alderdiaren nagusitasuna hautsi nahian sortua. Azkenik, udalbatza osatzen duten Ezker Elkartasuna eta Alderdi Sozial-Demokrataren bi eserlekuak dira.
Hurrengo hauteskundeak, 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.
Demografia
Biztanleria
Antzinean, samitarrak ziren udalerri honetako etnia nagusi; hala ere, industrializazioaren, kristautasunaren eta finlandiar etorkinen ondorioz, samitarrak iparraldera immigratu behar izan zuten, Enontekiö, Inari eta Utsjoki udalerrietara batez ere [9].
Hizkuntza nagusi eta bakarra finlandiera da, udalerrian ez baita beste hizkuntzarik hitz egiten, etorkin kopurua dela eta.
Estatistiken arabera, hamalau urteko beheko biztanleria %13a da, eta hirurogeita bost urteko gorakoak aldiz, %23,4a. Udalerria husten ari da; izan ere, biztanleria, Lappi lurraldeko zaharrenetarikoa da, batik bat, gazteek lan bila Rovaniemi hiriburura joaten direlako.
1970 | 1975 | 1980 | 1985 | 1990 | 1995 | 1998 | 2000 | 2002 | 2004 | 2006 | 2008 | 2010 | Orain |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
6.317 | 6.118 | 5.950 | 5.906 | 5.478 | 5.260 | 4.938 | 4.602 | 4.458 | 4.319 | 4.200 | 4.020 | 3.911 | 3.858 |
Hezkuntza eta Osasuna
Posio kirkonkylä delakoan, ikastetxe bat dago; handiak egiten diren heinean, haurrak Rovaniemi hiriburura joan behar izaten dute.
Kultura
Armarria
Armarria Gustaf von Numers artista kangasalarrak sortu zuen eta 1958. urteko urtarrilaren 20an Posioko udalbatzak udalerriko ikur nagusitzat hartu zuen (Barne Ministerioak maiatzaren 2an). Egileak, bertan agertzen diren irudiekin, udalerriaren natura eta kultura adierazi nahi izan zituen. Atzealde beltzaren aurrean, sarrera gorria duten eta 2+1 kokapena duten zilarrezko hiru lavvu daude. Antzinean, eskualde honetako jatorrizko biztanleak diren sami nomadek leku batetik bestera mugitzeko erabiltzen zituzten karpa edo etxebizitzak dira lavvuak eta, hala, armarriko sinbolismoak Posiok antzinako kulturarekin eta, zehazki, samiekin duen harremana irudikatzen du. Azkenik, aipatzekoa da Posioko armarriak ere atzealde iluna duela; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua irudikatzen dutenak [13].
Ekonomia
Abere-udalerri eta industriala da; hala nola, Fenestra ate eta leihogintza eta Pentik zeramika erakundeak bertan sortuak dira. Bi enpresa hauek, udalerriaren motorra dira, Riisitunturi eta Syöte Parke Nazionalak eta Korouoma arroilak erakarritako turismoarekin eta abeltzaintzarekin, esnegintzarekin zehazki, batera [14].
Ikus, gainera
|
Kanpo estekak
|
|
Rovaniemi | Kemijärvi | Salla |
Ranua | Kuusamo | |
Pudasjärvi | Taivalkoski | Kuusamo |
Erreferentziak
- Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
- Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
- Syötteen kansallispuisto
- Posion ilmasto
- Posion ilmasto
- Riisitunturin kansallispuisto
- Korouoman luonnonsuojelualue
- Posion kotiseutumuseo
- Posioko udala
- Ystävyyskunta Uuniemi
- Vaalien tulokset 2012 2012.10.28
- Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
- Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 156 or. ISBN 951-773-085-3..
- Pentik Oy