Portales kalea (Logroño)

Portales kalea (gaztelaniaz: Calle Portales) Logroñoko alde zaharrean kokaturik dagoen kalea da. XX. mendeko zabalkundea izan artean hiriko kale nagusia izan zen. Logroñoko konkatedrala eta merkatuaren plaza daude bertan.

Portales kalea
Calle Portales
Portales kaleko arkupeak
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Errioxa
Q123680441Logroño

    Kokapena

    Hiriaren iparraldean kokaturik dago, alde zaharraren erdi erdian. Muro del carmen kalean hasten da eta Murrieta iturrian amaitzen da. Guztira 610 metrotako luzera du.

    Historia

    Portales kaleak alde zaharra alderik alde zeharkatzen du.
    Portales kalea.

    Portales kalea XV. mendean eraiki zen eta hiriko merkatariek bertan ezarri zituzten denda eta tabernak[1]. Denboran zehar izen desberdinak izan ditu, kale nagusia izanik Espainiako historiako garaiaren arabera aldatuz joan baitzen.

    Ezagutzen den aurreneko izena Rúa de las Tiendas ("dendak dauden kalea") da eta berandugo Calle de la Herventia izan zen. "Herventia" izena "hervir" (egosi) hitzetik dator eta hipotesi baten arabera gaizkileak bizirik egosten zirelako jarri zioten izena[1]. 1812an Calle de la Constitución bihurtu zen, Espainiako 1812ko Konstituzioaren omenez eta 1839an Bergarako besarkada izan ondoren Calle de la Paz ("Bakearen kalea") izena hartu zuen. Izen aldaketa honen inaugurazio ekitaldian Baldomero Espartero jenerala izan zen, Logroñon bizi baitzen[2].

    XIX. mendearen amaiera aldera Calle del Mercado bihurtu zen[2], merkatuaren plaza alboan baitu, baina logroñotarrek Calle Portales deitzen hasi ziren Francisco de Luis y Tomás arkitektuak hegoaldeko espaloian 1875 eta 1880 artean arkupeak eraiki ondoren[2]. Udaletxeak arkupeak eraikitzea erabaki zuen XVIII eta XIX mendean altxaturiko etxeen artean zeuden desorekak konpontzeko[3]. Ordurarte etxeen zutabeak ez zeuden lerrokaturik eta etxeen artean tamaina desberdineko hutsuneak zeuden[2].

    XX. mendean ere izan zuen izen aldaketarik. Espainiako Bigarren Errepublika garaian Calle de la República izena izan zuen eta Gerra Zibilaren ondoren Calle del General Mola izena hartu zuen Emilio Mola jeneralaren omenez. 1979ko urriaren 4an orduko alkate zen Miguel Ángel Marínek Calle Portales izena berreskuratu zuen.

    1973 artean Café de los Leones ("Lehoien kafetegia") izan zen. Urte horretan bota egin zuten eraikina eta Portales eta Hermanos Moroy kaleen artean pasabide komertzial bat sortu zen. Lau lehoiren irudiek apainduriko pasabidea da eta Pasaje de los Leones izena du[2].

    Eraikin aipagarriak

    Konkatedrala, merkatuaren plaza eta barrenean Portales kalea.
    • Redondako Andre Mariaren konkatedrala (XVI. mendekoa)
    • La Merced komentua (XIX. mendekoa). Errioxako parlamentuaren egoitza da.
    • Txapitelen etxea (XVIII. mendekoa): Portaloiko etxea 300 urtez Logroñoko udaletxea izan ondoren 1915ean honek hartu zion lekukoa, gaur egungo udaletxea eraiki zen arte[2].
    • Merkatuaren plaza (XVI. mendekoa): Hasierako "plaza nagusia" izan zen eta merkatua bertan izaten zelako hartu zuen "merkatuaren plaza izena"[4]
    • San Agustín plaza eta Correoseko eraikina.
    • Lehoia armadilloarekin borrokan (XVI. mendekoa). Logroñoko erliebe zaharrena izan daiteke. Portales kalearen erdialdean kokaturik dago, Sagastarekin izkina egiten duen tokian[5].

    Ospakizunak

    San Bernabe eguneko arkua.

    Ekainaren 9an Errioxaren eguna ospatzen da eta 11n Logroñoko patroia den San Bernaberen jaiak izaten dira.

    San Bernabe jaietan 1521eko urriaren 11n Asparrotseko jaunaren tropa nafar-frantsesen setioaren aurkako erresistentzia ospatzen da. Portales kalearen hasieran, Txapitelen etxearen alboan, ezpel hostoz apainduriko San Bernaberen arkua ezartzen da. Jendearen artean, amuarrain frijituak, ardoa eta ogia banatzen da[6].

    Zinema

    1956. urtean Juan Antonio Bardem zuzendariak Calle Mayor filmea grabatu zen Logroñon, Portales kalean eta Moderno kafetegian. Veneziako Mostran nazioarteko kritikaren saria jaso zuen[7].

    Erreferentziak

    1. (Gaztelaniaz) «Visitas Guiadas a la Calle Portales de Logroño | HolaRioja.com» Hola Rioja (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
    2. (Gaztelaniaz) Calle Portales | Historia de la calle Portales de Logroño. 2018-02-27 (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
    3. (Gaztelaniaz) «Portales surgidos tras la alineación de finales del siglo XIX» La Rioja 2017-12-11 (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
    4. (Gaztelaniaz) «Plaza del Mercado - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
    5. (Gaztelaniaz) «Logroño, un museo a pie de acera» El Correo 2015-07-05 (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
    6. Txantiloi:Es-GT «Fiestas de San Bernabé Logroño | Guía accesibilidad La Rioja» La Rioja Sin Barreras (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
    7. «bermemar - cine - Calle Mayor» www.bermemar.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.