Popomanaseu
Popomanaseu (2.330 m) Salomon Uharteak izena daraman Melanesiako estatuko mendirik altuena da, ez ordea uhartedi geografikoarena. Isatabu edo Guadalcanal uhartean dago. Azken erupzioa noiz izan zen ezagutzen ez den sumendi geldia da.
Popomanaseu | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 2.335 m |
Prominentzia | 2.335 m |
Mota | mendi eta Sumendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 9°42′13″S 160°03′43″E |
Leku geografikoa | Guadalcanal uhartea |
Mendizaletasuna | |
Lehen igoera | Ezezaguna |
Ohiko bidea | Tenarutik |
Estatuko garaiena
Urte luzeetan uharteko eta estatuko mendirik altuena mendilerro berean dagoen Makarakomburu zela uste izan da. Azken urteetako neurketa zientifikoek argi utzi dute mendi honek 2.249 m dituela eta ez, oraindik iturri batzuek aipatzen duten bezala, 2.447 m. Beraz, Popomanaseu bere 2332 metrorekin Salomon uharte politikoetako garaiena da.
Uhartediari zentzu geografikoan dagokionez, Salomon uharteetan politikoki Papua Ginea Berriaren menpean dagoen Me'ekamui edo Bougainville uhartea ere badago eta bertan dagoen Balbi mendia (2.715 m) litzateke, beraz, artxipelagoko sapaia[1].
Jakingarriak
Mendiko tontorrari ematen zaion izena Tetena Haiacha da[2]; "Haiacha" mendia dagoen gailur-lerroa da eta "zuhaitz lau" (hai = "zuhaitz") esanahia du. Popo "egurrezko katilu" da eta seu "kokoaren oskola" da; azken honek bizibidea irudikatzen du. Mendiaren ingurumarietan hitz egiten diren hizkuntzak malango (iparraldean) eta talise (hegoaldean) dira, biak "Guadalcanal" azpitaldekoak[3]. Mendia sakratua da uharteko herrietako tradizioen arabera[4] eta bere mendebaldean dagoen eremuan erraldoiak bizi direlako ustea dago[5].
Honiaratik 20 bat km hegoaldera dago, Guadalcanaleko hegoaldeko kostaldetik hurbil; oso ohikoa den lainoa ez dagoen egunetan mendia hiriburutik ikus daiteke[6]. Eremu menditsu berean Marakomburu (Popomanaseutik hego-mendebaldera dagoena) eta beste mendi batzuk daude.
Mendiaren inguruko oihan tropikala UNESCOk Salomon Uharteetan babestu nahi dituen esparruen artean dago[7]. Mendialde honetan fauna (hegaztiak bereziki) eta baso apartak daude baina meatzaritza garatzeko interesak lurraldea mehatxatzen du; urrea dagoen zonaldea da[8].
Igoera
Ingurua oso itxia da eta errrepiderik gabea. Eremu honetan turismo enpresen laguntzaz ibiltzen diren trekkingek zenbait egun ematen dute eskualdea zeharkatzeko eta hurbilen dauden herrietatik beste egun oso bat kalkulatu behar da mendira igotzeko; gainera lurren jabeak diru kopuru handiak eskatzen ari dira igoera baimentzeko. Tenaru herritik hiru bat egun eta Honiaratik joan-etorri osorako astea behar dela kalkulatzen da[9].
Punturik altuena oso gutxik bisitatzen dute; tontorra baino goi-ordoki txikia da. Igotzeko hilabeterik aproposenak maiatza-abuztua bitartekoak dira.
Erreferentziak
- Balbi mendia Peakbagger webgunean.
- Ricardo Hernani, Andoni Gorostiaga: Atlas de los techos de estados e islas del mundo, Pyrenaica, Bilbo, 2008. Ikus 40.or.
- Salomon Uharteetako hizkuntzetako mapa Ethnologue webgunean.
- Mount Popomanaseu, crown of the tropical Solomon Islands.
- Does a giant race still exist in the Solomon Islands?, Before us webgunea.
- Mendia Honiarako aireportutik ikusgai.
- Tropical Rainforest Heritage of Solomon Islands UNESCOren webgunean.
- Solomon gold webgunea.
- Popomanaseu Peakware webgunean.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Popomanaseu Peakbagger webgunean.
- (Ingelesez) Igoera Exploring Solomons webgunean.
- (Ingelesez) Mendiaren argazkia