Popol Vuh

Popol Vuh edo Pop Wuj maia-kitxe (K´iche) hizkuntzan eta alfabeto latinoan idatzitako liburua da. Munduaren eta gizakiaren sorrerari buruzko antzinateko maien mitoak eta usteak jasotzen ditu, Guatemalar jatorrizko herriei buruzko berriez gain (emigrazioak, gerrak eta espainiarrek konkistatu aurreko tradizioak). 1540 inguruan idatzi bide zuen gizarte-maila altuko maia-kitxe batek. Galduta egon zen liburua urte askoan, baina XVIII. mendean aurkitu egin zuen Francisco Ximénez domingotar espainiarrak. Aztertu ondoren, espainierara itzuli zuen liburua. Liburu honek balio historiko eta espiritual handia du.

Popol Vuh
Jatorria
Ezaugarriak
Genero artistikoanarrazioa
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaQuiché' Kingdom of Q'umarkaj (en) Itzuli

Liburuaren historia

Popol Vuh liburuaren jatorrizko edizioa ez da ezagutzen. Horregatik, ikerlari batzuek, esaterako Delia Goetzek, pentsatu dute lehenengo liburua jeroglifikoez margotutako lana izango zela, ezagutzen diren maia kodexen moduan. Liburu horren bidez apaizek herriari haien arrazaren historia eta erlijoaren misterioak erakutsi zizkioten. Baina hau hipotesi bat besterik ez da. Francisco Ximénezek, liburua aurkitu zuen fraideak, informazio hau eman zuen: lehenengo bertsioa kiche hizkuntzaz idatzi zen horretarako alfabeto latindarra erabiliz; haren ustez XVI. mendearen erdian idatziko zen. Data hori emateko liburuak berak ematen duen informazioa erabili zuen: Juan de Rojas eta Juan Cortés dira aipatzen diren azken errege kicheak.

Geroztik liburua ezkutatuta gorde zuten 1701. urteara arte, zeinean Santo Tomás Chuwila (gaur egungo Guatemalako Chichicastenango) herriko komunitateak bilduma erakutsi zion. Ximénezek jasotako testuak ezagutzen den Popol Vuh liburuaren bertsio zaharrena jasotzen zuen. Fraideak aurkikuntzaren garrantziaz jabetu zenean testuaren itzulpena egitea deliberatu zuen. Gaztelaniaz bi itzulpen egin zituen, lehenengoa oso formala eta ulertzeko zaila; ondoren bigarren bat literarioago idatzi zuen eta bere Historia de la Provincia de Santo Vicente de Chiapa y Guatemala liburuan jaso zuen (1722). Ximénezen lanak gordeta gelditu ziren 1857. urtera arte; urte horretan Charles Scherzer ikertzaile austriarrak aurkitu zituen eta Las Historias del origen de los indios de esta provincia de Guatemala izenburupean argitaratu zituen. Ondoren Charles Étienne Brasseur de Bourbourg apaizak jatorrizko testua lapurtu eta Europara eraman zuen. 1861an frantsesez argitatu zuen, Popol Vuh, Le livre Sacré et les mythes de l'antiquité Américaine izenburuaz. Geroztik Popol Vuh bezala ezagutzen da. Ondoren, liburua eskuz esku ibili zen berriro Ameriketara itzuli arte. Gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan dago, Chicagoko Newberry Liburutegian. Ohiko Unibertsitateak, bestetik, faksimila Interneten eskuragarri jarri du. [1]

Izenburua

Lehenago aipatu bezala, liburuaren jatorrizko izena ez zen Popol Vuh; izen hori Brasseur de Bourbourg apaizak egindako edizioaren ondorioz zabaldu zen. Dena dela, liburuaren edukia oso ondo jasotzen du: Popol hitzak kitxe hizkuntzaz "komunitatea" edo "etxe amankomuna" esan nahi du; Vuh hitzak, aldiz, "liburua" esan nahi du. Beraz, Popol Vuh Komunitatearen Liburua izango litzateke. Liburu honek beste izen bat ere badu, gaur egun asko zabaltzen ari dena: Pop Wuj edo Denboraren Liburua, Gertaeren Liburua.[2]

Popol Vuh liburuaren edukia

Newberry Liburutegian dagoen testuak ez ditu atalak bereizten baina, orokorrean, 1861an Brasseur de Bourbourg moldatutakoa erabiltzen da. Horren arabera hauek dira liburuaren atal nagusiak:

  • Munduaren sorkuntza
  • Jun Ajpu eta Ixbalamkeren historiak
  • Arto-gizonen sorkuntza
  • Egunsentiaren itxoitea eta Jaqawitz-en egotea
  • Migrazioen narrazioak

Bibliografia

  • Pop Wuj. Adrián Inés Chávez-en bertsioa. Kitxez eta gaztelaniaz. Mexiko Hiria: CEIESAS-INAH-Diego Rivera Fundazioa, 2008.
  • Jens Rohark, Poopol Wuuj - Das heilige Buch des Rates der K´ichee´-Maya von Guatemala, 2007, ISBN 978-3-939665-32-8

Erreferentziak

  1. http://library.osu.edu/projects/popolwuj/folios_esp/PWfolio_i_v_es.php
  2. Pop Wuj. Adrián I. Chávez-en bertsioa, 19.or. Egile honen ustez Popol Vuh izena gaizki dago, ez da egokia, interpretazio oker bat baizik.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.