Jean-Louis Larre
Jean-Louis Larre, Popo ezizenez ere ezaguna, (Heleta, Nafarroa Beherea, 1962ko apirilaren 6an - 1983an desagertua) Iparretarrak erakundeko militantea izan zen. 1983ko abuztuaren 7an Landetako Leon herrian Frantziako poliziarekin izandako tiroketa baten ostean desagertua, inoiz ez da haren berri gehiago izan. Haren adiskide eta burkideek uste dute poliziak atxilotu eta hil ondoren desagerrarazi egin zutela.
Jean-Louis Larre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Heleta, 1962ko apirilaren 6a (61 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Beherea, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista |
Kidetza | Iparretarrak |
Izengoitia(k) | Popo |
Bizitza
Heletako gaztea
Popo Larrek elektronika ikasketak egin, lanean hasi eta Heletan gurasoekin bizi zen. Gaztetik kirol, dantza eta antzerki taldeetan jardun zuen, Baigorriko Arrola taldean eta gero Xirristi Mirristi taldean. AEKn euskarazko eskolak ematen ere ibili zen. Herri Taldeetan hasi zen politikan militatzen.
Leongo tiroketa
1983ko abenduaren lehen egunetan Iparretarrak erakundeak hainbat ekintza burutu zituen turismo egituraren aurka. Horien harira Poliziak atxiloketa batzuk egin zituen. Abuztuaren 5ean, Jean Paul Hiribarren 23 urteko itsasuarra atxilotu zuten Baionako ZUP auzoko aparkalekuan beste lagun batekin zegoenean. Hiribarren armatuta zegoen, eta bere ondasunen artean Landetako Leongo akanpaleku bateko txartel bat topatu zioten.
Jendarmeak bertara joan ziren hurrengo egunean. Kanpineko gerentearekin izan ziren baina ezer gabe bueltatu ziren, IKko kide batzuk bertan zeudela ohartu gabe.
Abuztuaren 7an, ordea, kanpineko arduradunak abisua eman zien jendarmeei, emandako xehetasunekin bat zetorren pertsona bat bertan zelako. Yves Guimmarra eta Pierre Plouzeau jendarmeak abiatu ziren kanpinera. Jendarmeek militanteen Renault 4L autoa kanpinetik irteten ikusi eta haien atzetik abiatu ziren errefortzuak eskatzen zuten bitartean. Baina militanteen autoak buelta eman eta atzera etorritako bidetik jo zuen. Poliziak haien atzetik jarraitu zuten kanpineko ate nagusira iritsi artean. Bertan militanteen autoa blokatuta gelditu zen auto ilaran. Jendarmeak bertara iristerakoan armak eskuan autotik irten eta militanteengana jo zuten. Ondoko tiroketan Yves Guimmarra hil eta Pierre Plouzeau arin zaurituta gelditu ziren.
Filipe Bidartek horrela azaldu zuen gertatutakoa: «Tiroketa hasi baino lehen, dudazko memento bat izan zen, militanteak eta jendarmeak parean gertatu zirelarik. Dudazko memento hartan, Popok ihes egin zuen, konsigna zen bezala. Landetako oihanean barna sartu zen. Gero, jendarmeek tiroketa hasi zuten eta militanteek ihardetsi zuten. Baina arte horretan, Popo desagertu zen. Tiroketaren ondotik, jendarmeei armak kendu ondoan, militanteek ihes egin zuten. Orduan ziren ohartu Popo ez zela han. Entseatu ziren aurkitzen, baina ez zuten atzeman, beraz beren bidetik segitu zuten, ez baitzuten han gelditu behar.»[1]
Yolanda Molina abokatuak honela azaldu zuen 2000. urtean egindako epaiketan: «Tiroketa bi jendarmeen aldetik hasi zen. Militanteek erasoari erantzun zioten eta haietako bat zerraldo erori zen. Beste jendarmeak zuhaitz baten kontra tiroka jardun zuen eta esku batean zauritua izan zen. Militanteek hura kontrolpean izan zutelarik hilarengana hurbildu ziren. Armak kendu zizkieten jendarmeei eta euren 4-L urdinean ihes egin zuten.»[2]
Non da Popo?
Tiroketaren ostean Popo ez da inon azaldu. Desagertua da harrezkero.
Tiroketa gertatu orduko jendarmeria abisatuta zegoen eta berehala agertu zen gertakariaren tokira; bilaketa operazio itzela muntatu zuen. Berehala Epervier plana jarri zuten indarrean: kontrol ugari eta dispositiboak bidegurutzetan, helikopteroa...
Jendarmeen autoan ihes egin zutenek kilometro batzuk egin eta Simca bat lapurtu zuten. Poliziak ordu batzuk geroago aurkituko zuen Simca hori abarrez izkututata, baina ordurrako autoan ihes egindakoak lekutan zeuden.
Kanpinean ziren IKko kideen autoa Jean-Louis Larreren izenean zegoen. Autoaren paperak ere bertan aurkitu zituzten. Bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten berehala. Abuztuaren 8an goizeko 07:00etan Polizia Judiziala Poporen gurasoen Heletako etxera joan eta miaketa oso bortitza burutu zuten bertan. Etxean ez zuten ezer aurkitu. Filiperen familiaren etxea ere arakatu zuten goitik behera.
Popo mendizale eta kirolaria izanik ere, tiroketan berarekin izandako burkideen iritziz poliziaren operazio muntaia hura saihestea ezinezkoa izango zuen baldintza haietan. Hala ere, haren atxilotzea zabaldu ez zenez, hasieran ihes egingo zuelako esperantza izan zuten. Baina inondik azaltzen ez zela ikustean bere bila hasi ziren. Hasieran Iparraldean, gero Frantzian, Hegoaldean, Irlandan ere... ezagunak zituen edo ibil zitekeen leku guztietara jo zuten, baina ez zuten haren arrastorik aurkitu.
Erakundearen agiria
1984ko apirilean Iparretarrak erakundeak agiri bat zabaldu zuen. Popo poliziak desagerrarazi zuela salatu zuen: «Miaketak aitzina zoazelarik, gero eta gehiago iruditzen zitzaigun militante hori poliziak bere ihesean atzeman eta garbitu zuela [...]. Geroztik ez dugu haren berririk izan. [...] Hura aurkitzeko baliapide guztiak probatzen genituela, bere ihesean poliziek atzeman eta haien eskuetan hiltzea da sinesgarria egiten zaigun posibilitate bakarra.»
Poliziaren bertsioak
Poliziak Poporen gurasoei sinestarazi nahi izan zien Popo Parisen edo Ameriketan zegoela. Familia eta herriarengandik urrundu nahi izango zuela argudiatu zuen poliziak.
Beste aldetik, IK-k Popo hil zuelako zurrumurrua ere hedatu zuen poliziak Ipar Euskal Herrian.
Poliziek bilatzen zituzten IKko kideen argazkiekin afixa bat egin zuten, jendarmeria, polizia etxe, aireportu eta muga pasaia guztietan ezartzeko. Hasiera batean, Popo Larreren argazkia ere bazen afixa hartan, baina hilabete batzuk pasa eta bere argazkia kendu zuten.
Epaiketa
17 urte geroago, 2000ko martxoaren 22an, Ttotte Etxebeste, Filipe Bidart eta Gabi Mouesca epaitu zituzten Parisen Leongo tiroketan parte hartu izanaren akusaziopean. Epaiketa horretan Bidarti 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ez tiroketan parte hartzeagatik, baizik eta konplizitateagatik, taldeko buruzagia zelako; Mouescari hamabost urteko espetxe zigorra, konplizitateagatik ere, eta Etxebesteri lau urte baldintzapean.
Epaiketa honetan ez zen Popori gertatutakoaz ezer argitu. Etxebeste, Bidart eta Mouescak Popo poliziak hil eta Estatuak estali egin zuela salatu zuten. Bestela ere, auziaren instrukzioan eta Poliziaren operazioaren arduradunen deklarazioetan itzalgune ugari agertu ziren.
Pascal Dumonten auzia
1983ko abuztuaren 22an Pascal Dumont Carbon-Blanceko (Gironda, Frantzia) 15 urteko gaztea[3] Lacanau-Ocean hondartzan desagertu zen. Lau egun gerago Jendarmeriak gorpu bat aurkitu zuen Lacanautik 15 kilometrora, Porge herrian, Leongo kanpalekutik ez oso urrun. Poliziak Pascal Dumonten gorpua zela esan zuen, baina gurasoek beti ukatu dute gorpu hura beren semearena zenik. Gorpu hura mutiko helduago batena zela esan zuen bere amak. Poliziaren presioak jasan zituzten eta aitak poliziaren txostena sinatu zuen, ezer zehaztu aurretik, presioen eraginez, gerora salatu dutenez. Autopsia batek gorpu hura hiru aste uretan egon zela agertu zuen. Hartara, gorpua Popo Larrerena izan zitekeela susmoak zabaldu ziren.
Kasua berriro zabaltzea lortu zuten, eta Pascal Dumonten familiak Poitou izeneko detektibe bat kontratatu zuen txostena egiteko. Mehatxuak eta presioak ere jasan zituzten, eta ez zuen auzitegiaren prozedura gainditu.
1985ko martxoaren 15ean Pascalek etxera deitu omen zuen. Bere familiaren arabera prostituzio sare batek bahitu eta horretan jardutera behartuta zegoen. Horren datu gehiagoren bila ibili dira gai horretako adituekin, eta hainbat zantzu aurkitu bide dituzte.
Popo Larreren kasuko abokatuek familia deitu zuten auzira. Hala ere, ez zuten inoiz Pascal Dumonten hilobian zegoen gorpuaren DNA azterketa egiterik izan, prokuradore eta auzitegien aurkako jarrera zela kausa.
2003ko abenduaren hasieran ezezagun batzuek Pascal Dumonten hilobia ireki zuten, Carbon-Blanc herriko hilerrian. Horren aurrean, Bordeleko auzitegiak hilobi hartako gorpuaren DNA azterketa eskatu zuen. 2004ko apirilean eman zuten emaitzaren arabera gorpu hura Pascal Dumontena zen. Hala ere, hainbat zientifikoren arabera[erreferentzia behar] ezinezkoa da hezetasunak hain kaltetuta dauden hezurretatik DNA argi eta garbi ateratzea.
Bordeleko prokuradoreorde Gwénaelle Ledoigtek, bere txostenean, gorpuaren hezur guztiak han zirela esan zuen. Baina 2003ko abenduaren hasieran hilobia zabaldu zutenak IK-ko kideak ziren. Orkatilako hezurra eraman eta euren konfiantza osoko bi laborategitan azterketa egin zuten. Haien arabera, ordea, hezur haiek hezeegiak ziren DNA argi eta garbi zehaztu ahal izateko.
Erreferentziak
- Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia. Eneko Bidegain. Gatuzain. Euskal Herria, 2007. ISBN 2-913842-46-1
- Mikel Asurmendi: «Leongo tiroketaren auzia edo lau militanteen ohorea», Argia, 1755. zenbakia, 2000-03-26.
- (Frantsesez) Pascal Dumont: avis de recherche, Association Intercommunale d'Aide aux Victimes d'Infractions (Pays de Montbéliard).
Bibliografia
- Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia. Eneko Bidegain. Gatuzain. Euskal Herria, 2007. ISBN 2-913842-46-1
Kanpo estekak
- "40 urteren ondotik, non da Popo?", Berria, 2023/08/07.
- (Frantsesez) Leongo tiroketaren epaiketa Ekaitza
- (Gaztelaniaz) París cumple 25 años sin aclarar dónde está Popo Larre gara.net
- [AUDIOA] Kanpoko mintzaldia | Non da Popo? euskalirratiak.eus
- Eneko Bidegain: «Popo Larrez egia galdetu dute», Berria, 2008-08-08.
- Xalbat Alzugarai Etxeberri: «40 urteren ondotik, non da Popo?», Berria, 2023-08-06.
- (Frantsesez) [PODCAST] Popo Larre : 40 ans après, retour sur l’énigme d’une disparition mediabask.eus 2023-07-31