Iratze

Iratzea edo garoa (Polypodiopsida edo Polypodiophyta) espora bidez ugaltzen den landare baskularren taldeko kidea da, hau da, xilema eta floema duten landareak dira. Goroldioetatik eta beste briofitoetatik bereizten dira baskularrak izateagatik, alegia, ura eta mantenugaiak eroaten dituzten ehun espezializatuak dituztelako eta euren bizi zikloko fase nagusia esporofitoa delako. Iratzeek megafilo izeneko hosto konplexuak dituzte, eta gehienak iratz leptosporangiatuak dira. Polypodiopsida klase gisa bezala ulertzen da zentzu zabalean. Klase horrek leptosporangiatuak (Polypodiidae) eta eusporangiatuak barne hartzen ditu (azeri-buztana, psilotazeoak, iratze maratiazeoak eta iratze ofioglosazeoak).

Iratze
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
Subdivision (en) Itzuli Polypodiophyta
[[|]]
Subklaseak
  • Equisetidae
  • Marattiidae
  • Ophioglossidae
  • Polypodiidae
  • Cladoxylopsida †
  • Zygopteridales †
  • Stauropteropteridales †
  • Rhacophytales †
Sinonimoak
  • Monilophyta
  • Polypodiophyta
  • Filicophyta
  • Filices

Iratzeak duela 360 milioi urte inguru agertu ziren erregistro fosilean Paleozoikoko laugarren garaian, hau da, devoniarrean, baina gaur egungo familia eta espezie asko ez ziren agertu duela 145 milioi urte arte, lehen kretazeoetan alegia, loredun landareek hainbat inguru konkistatu ondoren. Ebidentzia paleontologikoa behatuz ikus daiteke Osmunda claytoniar iratzea aldatu gabe egon dela gutxienez 180 milioi urtez nukleo fosilizatuetan, bai, kromosometan ere.

Iratzearen frondea

Iratzeek ez dute garrantzia ekonomiko handirik, baina honako erabilerak ditu: elikagai eta sendagarri gisa, ongarri organikoetan, landare apaingarri gisa eta lurzoru kutsatuen berreskurapenean. Horrez gain, atmosferatik kutsatzaile kimiko batzuk ezabatzeko duten gaitasuna aztertu dute. Iratze-espezie batzuk, hala nola Pteridium aquilinum eta Azolla filiculoides, belar garrantzitsuak dira mundu osoan. Zenbait iratze-generok, esaterako Azollak, nitrogenoa finka dezakete eta ekarpen nabarmena egin dezakete arroz-soroen nitrogenoaren elikaduran.

Hona hemen izen arrunt hori duten taxonak:

Deskribapena

Haziak garatzen dituzten landareak (espermatofitoak) eta iratzeak zurtoin, hosto eta sustraiez osaturik daude. Iratzeak espermatofitoetatik bereizten dira esporen bidez ugaltzen direlako. Era berean, esporak ekoizten dituzten briofitoetatik bereizten dira, espermatofitoak bezala Polisporangiofitoak direlako, hau da, beren esporofitoak adarkatu eta esporangio ugari sortzen dituztelako. Gainera, briofitoak ez bezala, iratzeen esporofitoak bizitza librekoak dira, denbora gutxiz daude amaren gametofitoaren mende.

Zurtoinak: iratzeen zurtoinei errizoma esaten zaie askotan. Hala ere, aipagarria da  soilik espezie batzuetan hazten direla zurtoinak lur azpian. Espezie epifitoek eta lurtar askok estoloi herrestariak dituzte (adibidez, Polypodiaceae). Beste talde askok erdi-zurezko enbor tenteak dituzte (adibidez, Cyatheaceae), eta honi esker, espezie gutxi batzuk 20 metrotako altuera har dezakete (adibidez, Cyathea brownii Norfolk uhartean eta Cyathea medullaris Zeelanda Berrian)[1].

Hostoak: Landarearen alde berde fotosintetikoa megafilo bat da teknikoki, eta iratzeetakoari fronde esaten zaio. Frondea hazkunde zirtzinatuz hazten denez egitura kiribilkatu bat osatzen du; eta geroago egitura hori zabaldu egingo da[2]. Hostoak bi motatakoak dira: trofofilo eta esporofiloa. Fronde trofofiloa hosto begetatibo bat da, esporarik sortzen ez duten hazidun landareen ohiko hosto berdeen analogoa, eta fotosintesiaren bidez soilik sortzen dituzte azukreak. Esporofiloa, aldiz, hosto emankorra da, eta soroetan multzokatzen diren esporangioetan sortzen ditu esporak. Iratze gehienetan hosto emankorrak antzuen oso antzekoak dira morfologikoki eta fotosintesia modu berean egiten dute. Talde batzuetan hosto emankorrak hosto antzuak baino askoz estuagoak dira, eta baliteke ehun berderik ez izatea (adibidez, Blechnaceae, Lomariopsidaceae). Hostoen anatomia sinplea edo oso zatitua izan daiteke. Horrez gain, iratze zuhaizkaretan hostoa zurtoinarekin lotzen duen zurtoin nagusiak (estipe) askotan hainbat foliolo ere izaten ditu. Estipetik hazten diren hosto-egiturak pina gisa ezagutzen dira eta hauen adarkadurak berriz, pinula gisa.[3]

Sustraiak: Lur azpiko egitura ez-fotosintetikoak dira eta ura eta elikagaiak xurgatzen dituzte. Haritsuak dira eta egitura aldetik hazidun landareen sustraien oso antzekoak.

Beste landare baskular guztiek bezala, esporofito diploidea bizi-zikloko fase edo belaunaldi nagusia da. Iratzeetako gametofitoa, ordea, espermatofitoen oso desberdina da. Bizitza librekoak dira eta hepatikoen antzekoak dira; hazi-landareenak, berriz, esporaren paretaren barruan garatzen dira, eta esporofitoaren menpe daude elikatzeko. Iratze gametofitoa honako hauek osatzen dute:

  • Protaloa: egitura berde fotosintetikoa, zelula baten lodierakoa, orokorrean bihotz edo giltzurrun formakoa, 3-10 mm luze eta 2-8 mm zabal. Protaloak egitura hauen bidez sortzen ditu gametoak:
    • Anteridioa: Espermatozoide flagelatua sortzen duten egitura esferiko txikiak.
    • Arkegonioa: obulu bakarra sortzen dute. Espermatozoidea arkegonioaren lepotik behera igeri eginez obulura iritsiko da.
  • Errizoidea: oso luzanga den zelula bakar batez osaturiko sustrai-motako egiturak dira. Ura eta gatz mineralak xurgatzen dituzte eta protaloa lurrean ainguratzen dute.

Taxonomia

Carl Linnaeus-ek (1753) iratzeen artean 15 genero bereizi zituen jatorriz eta honako bi taldeetan banatu zituen: Filices (adibidez: Polipodioa) eta Musci (goroldioak).[4][5][6] 1806rako sailkapena 38 generora igo zen eta ordutik aurrera pixkanaka handitu egin da.[7] Iratzeak Filices klasean sailkatu izan dira tradizionalki eta geroago Pteridophyta edo Filicophyta izeneko Landare Erreinuaren banaketan. Pteridofita ez da baliozko taxon gisa ezagutzen, parafiletikoa baita. Iratzeak Polypodiophyta izenaz ere ezagutzen dira edo Polypodiopsida izenaz Tracheophyta (landare baskularrak) subdibisio gisa hartzen direnean (nahiz eta izen hau batzuetan soilik leptoesporangiatuentzako erabili). Esporak sortzen zituzten landare baskular guztiei pteridofito esaten zitzaien, eta iratze hitzaren sinonimoa zen. Aurrekoa nahaspilatsua izan daiteke Pteridophyta dibisioko kideei pteridofito (sensu stricto) ere esaten baitzitzaien.

Tradizioz, iratzeak hiru taldetan banandu dira: batetik, eusporangiatutako bi talde, Ophioglossaceae familia eta Marattiaceae, eta bestetik, leptosporangiatuak. Marattiaceae familia iratze tropikalen talde primitiboa da eta errizoma mamitsu handiak dituzte. Orain uste da filogenetikoki iratze leptosporangiatuekiko gertu daudela. Lycopodiophyta, Psilotaceae eta Equisetaceae iratzeetatik hurbil dauden espezieak kontsideratu izan dira; baina, taldekatze polifiletikoa denez, espezie horien terminoak baztertu egin behar dira, testuinguru historiko batean izan ezik.[8] Azterketa genetiko berrienek erakutsi zutenez, Lycopodiophytak eta landare baskularrak elkarrengandik urrunago daude, landare baskularraren kladoaren oinarrian irradazioa ebolutiboa gertatu zelako. Psilotum generoko iratzeak eta azeri-buztanak, berriz, lotura estua dute leptosporangiatu iratzeekin, adibidez, Ophioglossaceae eta Marattiaceae iratzekin. Izan ere, demostratuta dago, batetik, Psilotum generoa eta Ophioglossaceae klado bat direla eta, bestetik, azeri-buztana eta Mariattiaceae beste klado mota bat.

Filogenia

Iratzeak beste taxon batzuekin erlazionatuta daude, hurrengo kladograman azaltzen den bezala:[9]

Tracheophyta - Landare baskularrak

Lycopodiophyta (Lycopodiopsida) - lycophytes

Euphyllophyta

Polypodiophyta (Polypodiopsida) - iratzeak

Spermatophyta - hazidun landareak

Gymnospermae

Angiospermae - landare loredunak

Banaketa eta habitata

Iratzeak oso zabalduta daude beren banaketan, hala nola tropikoetan aurkitzen da iratzeen aberastasun handiena, eremu artikoetan, berriz, txikiena. Aniztasun handiena oihan tropikaletan dago.[10] Zeelanda Berrian iratzeak sinbolo gisa hartzen dira eta 230 bat espezie daude herrialde osoan banatuta.[11]

Ekologia

Iratze-espezieak hainbat habitatetan bizi dira: mendi-altitude garaietan, arroka lehorretan, ur eremuetan edo eremu irekietan. Oro har, iratzeak habitat marjinaletan aurkituko direla pentsa daiteke, baina askotan arrakasta izaten dute loredun landareen arrakasta mugatzen duten ingurumen-faktoreetan. Zenbait iratze espezie belar kaltegarritzat hartzen dira, hala nola Eskoziako lur garaietan hazten den Pteridium generoa, edo laku tropikaletan hazten den Azolla generoa, biek hedapen oldarkorreko kolonia handiak osatzen dituzte. Iratzeek dituzten lau habitat mota berezi daude: baso hezeak eta itzaldunak; arroketako erlaitzak, batez ere eguzkitik babestuta daudenean; hezegune azidoak, zingirak barne; eta zuhaitz tropikalak, bertan espezie asko epifitak dira.[12]

Iratze epifitoak, bereziki, hainbat ornogaberen bizileku dira. Uste da Pteridophytum nidularium espezieak bakarrik oihan tropikaleko hektarea bateko ornogabeen biomasaren erdia hartzen duela.[13]

Iratze asko onddo mikorrizikoekin sortzen dituzten asoziazioen menpekoak dira. Iratze asko pH maila espezifikoen barruan baino ez dira hazten; adibidez, Ipar Amerikako Lygodium palmatum espeziea soilik lurzoru heze eta oso azidoetan hazten da; Cystopteris bulbifera, berriz, kareharrizko substratuan baino ez dago.

Esporek lipido, proteina eta kaloria asko dituzte, horren ondorioz, hainbat ornodunek elikagai gisa hartzen dituzte. Esaterako, Europako basasaguak (Apodemus sylvaticus) Culcita macrocarpa iratze espeziearen esporez elikatzen da, eta Azoreetako gailupak (Pyrrhula murina) eta Zeelanda Berriko saguzaharrak (Mystacina tuberculata) ere iratze-esporak jaten dituzte.[14]

Bizi-zikloa

Polystichum setiferum-ren frondearen garapen zirtzinatua

Iratzeak landare baskularrak dira, eta likofitoetatik bereizten dira benetako hostoak dituztelako (megafiloak), eta sarritan hostoak pinatuak izaten dira. Haziak garatzen dituzten landareetatik (gimnosperma eta angiospermoak) desberdintzen dira espora bidezko ugalketan eta ez dute lore eta hazirik. Lehorreko landare guztiek bezala, belaunaldien txandakatze izeneko bizi-ziklo bat dute, hau da, fase esporfita diploideak eta haploideak txandakatzea dira. Esporofita diploideak 2n kromosoma pare dituzte eta n kromosoma kopurua espezie batetik bestera aldatzen da. Gametofito haploideak n kromosoma ditu, hau da, esporofito kopuruaren erdia. Iratzeen gametofitoa bizitza askeko organismoa da eta gimnosperma eta angiospermen gametofitoa, berriz, esporofitoaren menpe bizi dira.

Iratze tipiko baten bizi-zikloa honela sortzen da:

  1. Esporofito diploideak espora haploideak sortzen ditu meiosi bidez (zelula-zatiketako prozesu bat da eta kromosoma kopurua erdira murrizten da).
  2. Espora bat mitosiaren bidez bizitza libreko gametofito haploidea bilakatzen da (kromosoma kopuruari eusten dion zelula-zatiketaren prozesua). Gametofitoa protallo fotosintetiko bat da.
  3. Gametofitoak mitosi bidez gametoak sortzen ditu (sarritan espermatozoideak eta obuluak protaloan berean daude ).
  4. Espermatozoide flagelatu eta mugikor batek protaloari lotuta dagoen obulu bat ernaltzen du.
  5. Momentu horretan ernaldutako arrautza zigoto diploidea da eta mitosi bidez hazten da, esporofito diploidea garatuz (iratze-landare tipikoa).

Euskal Herrian

Euskal Herriko espezie ezagunena eta hedatuena, eta giza-erabilpenaren aldetik nagusia, iratze arrunta (Pteridium aquilinum) da.

Euskaraz forma asko daude landarea izendatzeko: ire, ira, iratze, iraztor, iñaztor, garo... Iraila hitza ere "ira biltzeko hiletik" dator. Hain zuzen ere, sasoi horretan egiten da iratzearen bilketa ganaduaren azpiak prestatzeko, eta ondoren hortik simaurra egiteko[15].

Eurasiako edo Ipar Hemisferioko iratze zabalduenak aurkitzen ahal dira Euskal Herrian, baina ez horiek bakarrik. Iratze paleotropikalen espezie batzuk ere badaude, hala nola Vandenboschia speciosa[16]. Iratze paleotropikalak gorde diren ingurune bat Jaizkibel izan da (Gipuzkoa). Euskal Herrian klima tropikala zeneko landareek iraun egin dute hemen, duela milioika urte zeudenak bezalakoak eta, hori Jaizkibelen ezaugarri bereziengatik da[17].

Erreferentziak

  1. Large, M. F.. (2004). Tree ferns. Timber Press ISBN 1-4175-6823-2. PMC 57436269. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  2. (Ingelesez) «Rediscover ferns» Sunset Magazine 2006-08-11 (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  3. (Ingelesez) Chase, Mark W.; Reveal, James L.. (2009-10). «A phylogenetic classification of the land plants to accompany APG III: PHYLOGENETIC CLASSIFICATION OF LAND PLANTS» Botanical Journal of the Linnean Society 161 (2): 122–127.  doi:10.1111/j.1095-8339.2009.01002.x. (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  4. Browne, Janet. (2007-08-15). Linnaeus, Carl (Linné) (1707-1778). John Wiley & Sons, Inc. (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  5. Linné, Carl von. (1753). Caroli Linnaei ... Species plantarum :exhibentes plantas rite cognitas, ad genera relatas, cum differentiis specificis, nominibus trivialibus, synonymis selectis, locis natalibus, secundum systema sexuale digestas.... Impensis Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  6. (Ingelesez) Schuettpelz, Eric; Rouhan, Germinal; Pryer, Kathleen M.; Rothfels, Carl J.; Prado, Jefferson; Sundue, Michael A.; Windham, Michael D.; Moran, Robbin C. et al.. (2018-06-01). «Are there too many fern genera?» Taxon 67 (3): 473–480.  doi:10.12705/673.1. ISSN 0040-0262. (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  7. Swartz, Olof; Chase, Agnes; Hitchcock, A. S.; Smith, John Donnell. (1806). Olai Swartz Acad. Imp. nat. cur. rel. sodalis Synopsis filicum : earum genera et species systematice complectens : adjectis lycopodineis, et descriptionibus novarum et rariorum specierum : cum tabulis aeneis quinque.. impensis Bibliopolii novi academici, (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  8. Christenhusz, Maarten J. M.; Chase, Mark W.. (2014-02-13). «Trends and concepts in fern classification» Annals of Botany 113 (4): 571–594.  doi:10.1093/aob/mct299. ISSN 1095-8290. (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  9. Smith, Alan R.; Pryer, Kathleen M.; Schuettpelz, Eric; Korall, Petra; Schneider, Harald; Wolf, Paul G.. (2006-08). «A classification for extant ferns» TAXON 55 (3): 705–731.  doi:10.2307/25065646. ISSN 0040-0262. (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  10. Dodge, John Vilas, (25 Sept. 1909–23 April 1991), Senior Editorial Consultant, Encyclopædia Britannica, since 1972; Chairman, Board of Editors, Encyclopædia Britannica Publishers, since 1977. Oxford University Press 2007-12-01 (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  11. «The University of Waikato» The Grants Register 2019 (Palgrave Macmillan UK): 921–924. 2018-11-13 (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  12. Campany, Courtney; Pittermann, Jarmila; Baer, Alex; Holmlund, Helen; Schuettpelz, Eric; Mehltreter, Klaus; Watkins, James (Eddie). (2021-02-04). «Leaf water relations in epiphytic ferns are driven by drought avoidance rather than tolerance mechanisms» dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  13. «AAAS Western Divisions to Meet in Utah in June» Science 220 (4597): 597–597. 1983-05-06  doi:10.1126/science.220.4597.597. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  14. «ODMH Kids News, January/February 2010» PsycEXTRA Dataset 2010 (Noiz kontsultatua: 2021-10-29).
  15. «Iratzea, ganaduaren azpiak egiteko - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  16. «Gure erreketako altxor ezkutua» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  17. (Ingelesez) «Teknopolis: Iratze paleotropikalak Jaizkibelen» teknopolis.elhuyar.org (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.