Politopo
Geometrian, politopoa irudi geometriko bat da, alde guztiak lauak dituena, zenbanahi dimentsiokoa. Bi dimentsioko politopoak poligonoak dira; hiru dimentsiokoak, poliedroak; lau dimentsiokoak, polikoroak... Beraz, poligono kontzeptua zenbanahi dimentsiotara orokortzea da politopoa.
Politopo terminoa Alicia Boole Stott-ek sortu zuen, George Boole irlandar matematikari eta filosofo ezagunaren alabak, hain zuzen ere.
Solido platonikoak (edo hiru dimentsioko politopo erregularrak) aztertzea izan zen Antzinako Greziako matematikarien ikergai nagusia —batez ere, Euklidesen Elementuak tratatuan—; ziur asko, politopoek dituzten berezko propietate estetikoengatik. Gaur egun, politopoak eta haiekin erlazionatutako kontzeptuak asko erabiltzen dira ordenagailuaren bidezko grafikoetan, optimizazioan eta beste arlo askotan.