Polinesiar uharte periferikoak
Polinesiar uharte periferikoak (ingelesez Polynesian outliers) Polinesiako esparru geografiko edota politikotik kanpo dauden polinesiar kulturako uharteak dira. Melanesian eta Mikronesian daude eta gehienak oso txikiak dira.
Hizkuntza polinesiarrak hitz egiten duten populazio talde txikiak bizi dira uharte hauetan. Ikerketa linguistiko eta arkeologikoen arabera mendebaldeko Polinesiatik (Samoa, Tonga, Tuvalu, Uvea, Futuna) lekualdatu ziren taldeak dira.
Oro har uharte bakoitzean hizkuntza polinesiar bana dago. Zenbait kasutan hizkuntza polinesiarra gorde bada ere, mikronesiar edo melanesiar inguruaren eragin kulturala ere hartu dute.
Kokapena
Hauexek dira polinesiar uharte periferikoak, estatu eta lurraldeka sailkatuta:
- Mikronesiako Estatu Federatuetan bi daude; beren hizkuntzak antzekoak dira.
- Kapingamarangi atoloia: Pohnpei estatuan, desberdintasun handiz hegoaldeen dagoen Karolina uharteetakoa da.
- Nukuoro atoloia: Pohnpein, aurrekoaren iparraldeko auzokidea.
- Fijitik iparraldera:
- Rotuma. Estatuko beste lurraldeetatik urrun, Tuvalu eta Wallis eta Futuna polinesiarrak ere ditu auzokide; beraz, periferikoa da batez ere Fijiren barruan dagoelako.
- Kanakiako Leialtasunaren uhartedian:
- Uvea, frantsesez Ouvéa. Uhartean fagauvea hizkuntza polinesiarrarekin batera iaai hizkuntza melanesiarra dago.
- Papua Ginea Berrian:
- Nuguria uharteak: Irlanda Berritik 200 kmra.
- Nukumanu uharteak: Papua Ginea Berriko lur gehienetatik oso urrun (682 km Irlanda Berrira) baina beste polinesiar periferiko batetik (Ontong Java, 38 kmra) hurbil.
- Takuu atoloia (baita Tauu edo Mortlock Islands): Bougainvilleren aldirietan.
- Salomon Uharteetan:
- Anuta: Temotu probintzian.
- Mu Nggava edo Rennell. Rennell eta Bellona probintzia osatzen du hurrengoarekin.
- Mu Ngiki edo Bellona.
- Ontong Java edo Luangiua munduko atoloirik handienetakoa. estatuaren iparraldeko bazterra.
- Pileni (Reef uhartedian) uharteak hizkuntza bati ematen dio izena; hizkuntza hori uhartedi bereko Nupani, Nukapu, Nifiloli, Aua eta Matema uharteetan zein Taumako uharteetan ere hitz egiten da. Jatorria Tuvalun dutela uste dute ikertzaileek.
- Sikaiana: Malaitatik 212 kmra.
- Tikopia: Anutatik hurbil.
- Vanuatun:
- Emae: Shefa probintzian; iparraldeko efatera bigarren hizkuntzaren gisan erabiltzen da.
- Futuna: ez konfunditu Wallis eta Futunako homonimoarekin.
- Mele: gaur egun biztanleak Efate uharteko Mele herrian eta ondoko Fila uhartean kokatuta daude.
Kontzeptu honetan sar litezkeen beste uharte batzuk:
- Australiaren mendeko lurraldea Norfolk uhartea: hala ere desberdintasun batzuk daude, kultura britainiar eta polinesiarren nahasketa 1856an Pitcairn uharteetatik etorritako biztanleengandik datorrelako.
- Geografia aldetik Zeelanda Berria Australasian kokatzen delako baina bere jatorriko kultura (Aotearoako maoriak) polinesiar uharte periferikoa delako iritzia defenda daiteke. Polinesiako triangeluan erpinetakoa da.
Hizkuntzen sailkapena
Polinesiar uharte periferiko guztietan hitz egiten diren hizkuntzak bi taldetan sailkatzen dira:
- Mikronesian, Papua Ginea Berrian eta iparraldeko Salomon uharteetan daudenetan "hizkuntza ellicear" delako azpitaldean sailkatzen dira, tuvaluera bezala[1].
- Hegoaldeko Salomon uharteetan, Vanuatu eta Kanakiakoak "hizkuntza futunar" izena hartzen duen taldean sartzen dituzte adituek; Wallis eta Futunako bi hizkuntza polinesiarrak ere kideak dira.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Polinesiar uharte periferiko gehienak erakusten dituen mapa bat.
- (Ingelesez) Uharte hauei buruzko bibliografia.