Poliksena Xixkina
Poliksena Nestorovna Xixkina edo Xixkina-Javein (errusieraz: Поликсена Несторовна Шишкина (Шишкина-Явеин); Nikolaiev, Errusiako Inperioa, 1875eko apirila-Leningrad, SESB, 1947ko martxoa), errusiar politikari feminista izan zen, errusiar sufragismoaren aitzindarietako bat. Errusiako Berdintasunerako Emakumeen Ligako buru izan zen. Ogibidez medikua izan zen.
Poliksena Xixkina | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mykolaiv, 1875eko apirila (juliotar egutegia) |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Heriotza | San Petersburgo, 1947ko martxoa (71 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua eta sufragista |
Hastapenak
Egun Ukraina den Nikolaiev hirian jaio zen. 1897an hasi eta 1904an bukatu zituen medikuntza ikasketak eta ginekologian espezializatu zen, Errusiako lehen emakumezko ginekologoa izan zelarik. 1907an hasi zen militatzen, Errusiako Berdintasunerako Emakumeen Liga (Vserossiiskaia Liga Ravnopravija Zhenxtxin) sortu berri zen erakundean, 1905ko iraultzarekin bat sortu zen Errusiako Berdintasunerako Emakumeen Batasunaren (Vserossiiski Soiuz Ravnopravija Zhenxtxin) oinarrian sortu zen erakunde hori. Xixkina Ligaren San Petersburgoko atalaren buru zen hasieran; 1910an Liga osoko buru aukeratu zuten Marija Txekhovaren ordez, eta postu horretan iraun zuen baita ere 1917an zehar.
Errusiar mugimendu feminista masa-mugimendu bihurtuz
Irina Jukina historiagilearen arabera, Xixkinan zuzendaritzapean, Ligaren kide-kopurua hazi egin zen, eta horrez gain, emakumezkoen bozka eskubidea lortzea bihurtu zen honen helbururik handiena; hala ere, Rochelle Goldberg historiagilearen arabera, jada 1907ean Ligak sinadurak batu zituen Dumari bidaltzeko emakumezkoen bozka eskatuz, Xixkina lehendakari izan aurretik (1905ean tsarrak nolabaiteko parlamentu bat agindu zuen, baina hau gizonezkoena soilik izango zen sufragio zentsitario ez-parekidez aukeratzekoa zen). Poliksena Xixkinak erakundea nolabait haztea lortu zuen, hasierako osaketa sozial “filantropista” hutsa alde batera utziz klase sozial anitzetako emakumeak bildu zituen; eta bere arabera, errusiar feministek indar independente bezala jokatu behar zuten, koalizio politiko handiago baten parte izan gabe. Jukinaren arabera, Xixkina “antolatzaile eta agitatzailea zen; hitzaldi asko ematen zituen eta eztabaidetan parte hartzen zuen, baina gutxi idatzi zuen”. Nazioarteko kongresu feministetan ere ordezkaria izan zen, batez ere Britainia Handiko eta Eskandinaviako feministekin izan zuen harremana. Jukinaren arabera, Xixkinari askotan bere erakunde-kideek “gehiegizko pertsonalismoa” leporatzen zioten, halere, bere gidaritzapean erakunde honek eta errusiar mugimendu feministak prestigio handia lortu zuten[1].
Dumako legeetan borroka
Xixkinaren pe, Ligaren estrategia, betiere Rochelle Goldbergen arabera, Duma emakumeen eskubide-berdintasunaren norabidean zihoazten legeak atera zitzan presionatzea zen, adibidez ondare-eskubideen aldeko legeak, emakume ezkonduen mugarik edota senarren baimenik gabe bidaiatzeko askatasunaren aldeko legeak (1912an lortu zuten), dibortzioaren aldeko legeak, emakumeek abokatutzan eta epailetzan aritu ahal izateko legeak prostituten hiritartasuna eta eskubideak babesteko legeak edo Stolipinen 1910eko nekazal-erreforman emakumeen interesak babesteko emendakinak; aldi berean, emakumeen interesak kalte zitzaketen legeak ateratzea blokeatzen saiatzen zirelarik. Tokiko organoetarako (zemstvoetarako) boto eskubidea onartzen zuen Lege bat ere onartu zuen Dumak, baina Estatu Kontseilu Gorenak zokoratu egin zuen (eskaera hau feminista batzuek ere gogor kritikatu zuten, izan ere, orduan Errusian gizonentzat sufragio zentsitario eta ez-parekidea zegoenez gero, sistema hau emakumeei zabaltzeak –emakumeentzako sufragio unibertsala eskatu ordez- eskubide hau soilik emakume batzuei eta ez denei ematea zatekeelako). 1916an lantegietan emakumezko lan-ikuskatzaileak egon zitezen lortu zuen Ligak. Irina Jukinaren arabera, Ligaren eskaera gehienak Dumara kadeteek eraman zituzten. Dumatik at, nekazal-ikastaroak, kooperatibak eta 1912an Emakumeen Hezkuntzarako Biltzar Nagusia ere antolatu zituen Liga honek (baina ez martxoaren 8ko eguna, hori lehen aldiz emakume boltxebikeek antolatu zuten 1913an)[1].
Gudaren aurrean Poliksena Xixkinak nahiko posizio anbiguoa izan zuen. Alde batetik, bai berak zein Emakumeen Ligak errusiar emakumeen gudaren aldeko mobilizazioa babestu zuten (Ingalaterrako sufragista batzuk egin bezala), horrek “errusiar hiritar oso” jokatzeko eta eskubideak irabazteko aukera emango zielakoan, baina beste alde batetik nazioarteko bake ekimen ezberdinak ere babestu zituen, adibidez, 1915ean Hagan bildu zen Betiereko Bakearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Konferentzia. Xixkina bera, mediku bezala ibili zen Armadarekin. Xixkinaren arabera, guda “gizonen kulturaren” adierazgarria eta gainbehera zen, eta emakumeek aldi berean hiritar bezala eskubideak irabazteko eta guda gizatiarrago egiteko edo balaztatzeko parte hartu behar zuten mobilizazioan[1].
Manifestazio sufragistaren antolatzaile
Otsaileko Iraultzaren ostean sortutako Behin-behineko Gobernuaren programa dezepzioa izan zen Xixkinarentzat eta beste feministentzat, izan ere ez baitzuen emakumeen bozka eskubidea esplizituki adierazi. Martxoaren 4an, Xixkinak Ligaren izenean Behin-behineko Gobernuari zentzu orretan lehen eskaera bidali zion. Poliksena Xixkina 1917ko martxoaren 19ko emakumeen bozka eskubidearen aldeko manifestazioaren (40.000 emakume batu ziren) antolatzaileetako bat izan zen, honen buruan izan zelarik. Manifestazioak emakumeentzako bozka-eskubidearen promesa lortu zuen Gobernuarengandik, egikaritu ez bazen ere (Urriko Iraultzaren ostean egikaritu zen)[1].
Urriko Iraultzaren ostean
1917ko azaroan Xixkina Emakumeen Berdintasunerako Batasunarekin bat aurkeztu zen Asanblada Konstituziogiletarako hauteskundeetara, baina 5.000 boto pasatxo soilik lortu zituzten, beraz ez zen aukeratua izan. 1918an AEBra alde egin zuen, baina gutxira Estoniara joan zen. Estonian mediku gisa ezin izan zuen lan egin, emakumea zelako, hori dela eta 20ko hamarkadan Errusia Sobietarrera itzuli zen. Gutxi dakigu bere osteko bizitzaz. Bigarren Mundu Gudan Leningraden bizi zen, setioak eragindako gosearen gainetik biziraun zuen eta 1947an hil zen[1].
Izenaren gaineko oharra
Grigori Javein izeneko gizon batekin ezkondua zegoenez, askotan, garaiko iturri ezberdinetan, bere izena “Poliksena Xixkina-Javein” bezala dakar[1].