Odol beroko eta odol hotzeko animaliak

Animaliak odol berokoak edo odol hotzekoak izan daiteke euren gorputzean dagoen odolaren tenperatura erregulatzen duten gaitasunaren arabera.

Odol beroko animaliak

Animalia odol berokoa izango da bere gorputzeko tenperatura maila konstantean mantentzen duena, inguruneko tenperaturarekiko independentea izanda; hau da, homeostasia termikoa dauka. Orokorrean, ugaztunek eta hegaztiek mota honetako metabolismoa aurkezten dute.

Honek baldintza dezake ez soilik beroa sortzeko ahalmena, baizik eta hoztearena ere. Odol beroko animaliek beraien gorputzeko tenperatura kontrolatzen dute beren tasa metabolikoa erregulatuz; esaterako, tasa metabolikoa emendatuz inguruneko tenperatura murrizten den heinean. Odol bero terminoak hiru aspektu garrantzitsu hartzen ditu bere baitan:

  • Endotermia (grekoko endo = barne, therm = bero): zenbait animaliek duten ahalmena beren gorputzeko tenperatura kontrolatzeko dardar egitea edo koipeak erretzea bezalako barne aktibitatearen bidez.
  • Homeotermia (grekoko homoios = berdin, therm = bero): kanpo baldintzak edozein izanda ere, beren gorputzeko tenperatura konstante mantentzen duten animalien ohiko termoerregulazio mota da. Gorputzeko tenperatura ingurune hurbileko tenperaturarena baino altuagoa izan ohi da.
  • Takimetabolismoa (grekoko tachos = azkar, metabolo = aldatu): atseden egoerako tasa metaboliko altua mantentzen duten animalien ohiko termoerregulazio mota da. Izaki takimetabolikoak beti daude “piztuta”. Animalia hauek zailtasun handiagoak dituzte elikagai eskasiari aurre egiteko.


Endotermoen kontrol mekanismoak

Animalia endotermoen barruan ugaztunak eta hegaztiak sartzen dira. Endotermiaren abantailak aktibitate entzimatiko handiagoa eta gorputzeko tenperatura konstantea dira, animalia hauei tenperatura baxuetan aktibo mantentzeko ahalmena ematen diena. Desabantaila da termoerregulazioa martxan eduki behar dutela inaktibitate periodoetan ere, bestela organismoak hilko lirateke.

Neguan baliteke endotermo baten tasa metabolikoa egun osoan orekan mantentzeko elikagai nahikorik ez egotea, eta horregatik organismo batzuek “hibernazio” edo “letargia” izeneko hipotermia egoera kontrolatu batera pasatzen dira. Hibernazioan, gorputzeko tenperatura murrizten da energia kontserbatzeko. Klima bero batean, endotermoek energia gehiegi erabiltzen dute gehiegi ez berotzeko, arnasestua eginez, izerdiaz, itzalak bilatuz edo ura edaten.

Mekanismo ezberdinak erabiltzen dira gorputzeko tenperatura erregulatzeko, esaterako, dardar egitea (uzkurketa muskularren bidezko bero sorrera), zurbiltasuna eta gorritzea (larruazalean bero fluxua emendatu edo murrizteko zirkulazio aldaketak) edo arnasestua egitea eta izerdia (ebaporazio bidezko bero galera).


Odol hotzeko animaliak

Odol hotzeko organismoak izango dira beraien gorputzeko tenperatura ugaztun eta hegaztiek burutzen duten era ezberdinean mantentzen dutenak. Hasiera batean suposatu zen mota hauetako izakiek erabat ezinezkoa zutela haien gorputzeko tenperatura mantentzeko, inguruneko esklaboak zirela eta inguruneko tenperatura edozein izanda, haien gorputzaren tenperatura horixe bera izango zela. Hau da, inguruko tenperatura emendatzean organismoen gorputzaren tenperatura ere emendatuko da, eta ingurukoa jaistean gorputzekoa jaitsiko da ere.

Odol hotzeko animaliei “poikilotermo” deitzen zaie, eta termino honek termoerregulazioaren hiru area barneratzen ditu:

  • Ektotermia (grekoko ecto = kanpo, therm = bero): gorputzeko tenperatura kanpo medioen bidez kontrolatzeko izaki batzuek aurkezten duten metodoa.
  • Poikilotermia (grekoko poikilos = aldakor, therm = bero): barne tenperatura maiz aldatzen den izakien termoerregulazio mota da, inguru hurbileko tenperaturaren berbera dena.
  • Bradimetabolismoa (grekoko brady = geldo, metabolo = aldatu): izaki baten atseden egoerako metabolismoa baxua dela adierazten duen termoerregulazio mota da. Animalia bradimetabolikoek metabolismoaren abiadura bortizki maiz alda dezakete, elikagai eskuragarritasunaren eta tenperaturaren arabera. Basamortuetako eta negu gogorretako organismo bradimetaboliko askok haien metabolismoa “itzal” dezakete eta hilda moduan mantendu baldintza faboragarriak bueltatu arte.


Ektotermoen kontrol mekanismoak

Ektotermoen barruan gainerako animaliak sartzen dira (ugaztunak edo hegaztiak ez direnak): narrastiak, anfibioak, arrainak, intsektuak... Poikilotermoek askotan oso organo konplexuak dauzkate. Erreakzio kimiko garrantzitsu baterako 4-10 arteko sistema entzimatiko ezberdin izan ditzakete tenperatura ezberdinetan jarduten dutenak. Horregatik animalia hauen genomak askoz ere handiago eta konplexuagoak izaten dira.

Haien metabolismoa hain aldakorra denez, animalia poikilotermoek orokorrean ezin dezakete burmuinak edo hegoak bezalako energia kontsumo handiko organo konplexuak eduki. Adaptazio konplexurik ezagunenetarikoek kontutan hartzen dituzte organo mota hauek dituzten poikilotermoak. Orokorrean, animalia ektotermoek ez dute haien metabolismoa gorputza berotzeko edo hozteko erabiltzen.

Tenperatura kontrolaren adibideen artean hauek dauzkagu: arroketan eguzkia hartzen duten narrastiak, sakoneraz aldatzen duten arrainak tenperatura egokiagoa lortzeko, egunez harea azpian ezkutatzen diren basamortuko animaliak, hegan egiteko muskuluak dardar eginez berotzen dituzten intsektuak, inguruneko tenperaturara azkarrago edo geldoago moldatzeko odol hodi periferikoen dilatazioa edo uzkurketa…

Dimentsio handitako zenbait poikilotermoek tenperatura altuak eta tasa metaboliko handiak manten ditzakete bolumen/azalera arrazoi altuaren erantzunean. Fenomeno hau gigantotermia izenez ezagutzen da eta itsas dordoka zein marrazo zurian behatu izan da, eta seguruenik dinosauro eta iktiosauro askok ere ezaugarri hau aurkeztuko zuten.

Termoerregulazio estrategia ezberdinen abantailak eta desabantailak

Prozesu biokimikoak tenperaturaren menpekoak dira. Orokorrean esan daiteke prozesu hauek beroarekin bizkortzen direla eta hotzarekin moteldu. Organismo homeotermiko baten abantaila da tenperatura optimo baten inguruan manten daitekeela zeinean barne erreakzio kimikoak hobeto funtzionatzen duten. Desabantaila da kaloria kantitate izugarriak behar direla, eta gorputzeko tenperatura aldatzean organismoak funtzionatzeari uzten dio berehala, nahiz eta gradu gutxi batzuengatik izan.

Odol hotzeko organismo baten abantaila, kontrara, elikagai gutxiago behar duela da, baldintza desfaboragarrietako biziraupena erraztuz. Baina desabantaila izango da tenperatura ezberdinetan jarduteko ahalmena duten sistema kimiko multipleak edukitzea.

Odol beroko animaliek (endotermo) odol hotzekoek (ektotermo) baino 10 aldiz elikagai gehiago behar dute.

Nitxo ekologikoak

Poikilotermo batentzako errazagoa da konparatiboki ugaltzeko energia nahikoa lortzea. Nitxo ekologiko berberean poikilotermoek homeotermoek baino belaunaldi askoz ere motzagoak izan omen dituzte gehienetan, asteak urteen ordez.

Energia diferentzia honek ere esan nahi du nitxo jakin batek homeotermoak baino 3 eta 10 aldiz handiagoa den poikilotermo kopuruari aurre egin diezaiokeela. Dena den, nitxo ekologiko jakinean askotan homeotermoek poikilotermoak gailentzen dituzte, hauek elikagaiak egunean zehar denbora luzeagoz eskuratzeko kapazagoak direlako.

Poikilotermoak arrakastatsuak dira irlak bezalako nitxoetan edo eskualde biogeografiko zehatzetan. Hau horrela da eremu hauek askotan ez dutelako elikagai nahikorik animalia homeotermoen populazio bideragarri bat mantentzeko. Nitxo hauetan musker handiak, karramarroak eta apoak bezalako poikilotermoek ugaztunak eta hegaztiak ordezkatzen dituzte.

Estrategien konbinazioa: Heterotermia

Odol beroko animalia gehienek (ugaztunak eta hegaztiak) aurreko ezaugarri guztiak aurkezten dituzte. Dena den, azken 30 urteotako termofisiologia ikerketek erakutsi dute ugariak direla talde bi horietako espezieak odol beroko hiru ezaugarri horiek aurkezten ez dituztenak. Badaude, esaterako, gauez edo egunez lo egitean poikilotermoak eta bradimetabolikoak diren sagu-zaharrak eta txori txikiak. Eta gauza bera gertatzen da odol hotzeko animalien kasuan, non odol berokoen aldagai ezberdinen konbinazioak ematen diren. Mota honetako izakiak deskribatzeko termino berri bat erabili zen: heterotermia. Era horretan gorputzeko tenperatura mota espektro zabala eratu izan da.

Erreferentziak

    Bibliografia

    • Fisiología Animal, Hill, Wyse, Anderson, Ed.Panamericana (222-272),2006 Madrid.
    • Fisiología Animal, Hill, Wyse, Ed.Akal 2ªed. (83-91), 1992.
    • Principios Integrales de Zoología, Hickman, Roberts, Keen, Larson, I’Anson,
    • Eisenhour, Ed:Mc Graw Hill 14ª ed. (679-682), 2008.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.