Podcast

Podcast edo podkast (EITBk darabilen idazkera[1]) bat RSS jario bitartez mugikor eta ordenagailuetan erreproduzitzeko banatzen den multimedia fitxategia da. Normalean iraupen luzea izaten dute. Harpidetzeko aukera eskeini ohi dute eta deskargatzeko aukera izatea ere oso ohikoa da.

Podcast baten grabaketa

Podcastetan aurkezle bat edo aurkezle multzo bat izaten da eta gai zehatz baten inguruan eztabaidatu ohi da bertan. Aurkezleaz gain baliteke beste laguntzaile batzuk ere parte hartzea podcastean.

Gaur egun kazetariez gain zaletu asko ere badago podcastak egiten, gustuko duten gairen baten gainean informatu edo musika kaleratu asmoz. Beste batzuek, berriz, nahiago dute edukia landu, elkarrizketak eskainiz edo grabazioak eginaz. Podcastak kostu txikikoak izaten dira, askotan doan eskeintzen direlarik.

Izena

Hitzak jatorri ingelesa dauka. iPod eta broadcast terminoen batura da.[2] Podcast izena The Guardian egunkari ingeleseko Ben Hammersley kazetariak erabili zuen lehen aldiz 2004ko otsailaren 12an.[3] [4]Dannie Gregoire podcast hitza audioblogger-en munduan sartzen lehena izan zen eta berarekin harremana zuten hainbat domeinu erregistratu zituen, adibidez podcast.net domeinua. Honek Adam Curry moduko podcastgileek hitza erabiltzen hastea ekarri zuen.[5] Halako indarra hartu dute podcastek ezen New Oxford American Dictionaryk 2005. urteko hitz izendatu baitzuen.

Historia

Podcast baten grabaketa

2000. urteko urrian Tristan Louisek audio eta irudi fitxategiak RSS jariora eranstea proposatu zuen.[6] Ideia hau Dave Winer software garatzaileak garatu zuen.[7] 2003an Matt Schichterrek The BackStage Pass  saioa plazaratu zuen. Bertan besteak beste  B.B. King, Third Eye Blind, Gavin DeGraw, The Beach Boys, eta Jason Mraz izan ziren gonbidatuak. Saioa zuzenean grabatzen zen eta internetetik streaming bidez zabaltzen zen.[8] Online zabaldu zen lehen podcast modura onartu da saio hau.

2004. urtean podcast hitza lehen aldiz aipatu zen. Urte berean Adam Curreyk Daily Source Code saioa plazaratu zuen. Saioan bere egunerokoa kontatu ohi zuen eta podcasten garapenaren inguruan ere hitz egiten zen, podcast ezberdinak gomendatzeaz gain. Podcstek garapen handia jasan zuten garai honetan.[9]

2007rako podcastek historikoki irratiarenak izan ziren eremuak okupatu zituen, talk show zein berri emaile estiloko saioak eginaz.[10] 2010eko hamarkadan podcast munduak garapen handia jasan zuen hainbat konpainia handik beren podcasten munduan sartzean, adibidez Facebook,[11] McDonald's [12] eta Microsoft[13] enpresak.

Erabilerak

Podcastak audio bidez zabalduriko blog bezala hasi ziren. Hala ere, denborarekin garapen handia jasan dute podcastek. Komunikabide handiek mundu honetan erakutsitako interesa eta norberak podcast bat egiteak suposatzen duen zailtasun eza medio egun edozein gai eta formatutako podcastak aurkitu daitezke. Honen eraginez erabilera ezberdinak izan ditzaketen podcastak sortu dira. Hauek dira podcastek izan ditzaketen erabileratako batzuk:

  • Musika grabazioak: Badira beraien podcastak dituzten artistak eta podcast hauek beren lanen inguruan hitz egiteko edo albisteak hedatzeko erabiltzen dituzte.
  • Zientzia dibulgazioa: Podcastak ikerketa eta garapen zientifikoak zabaltzeko erabil daitezke.
  • Biltzarrak: Podcastak biltzar, hitzaldi zein mahai-inguruak igortzeko erabil daitezke.
  • Hezkuntza: Ikasleek nahi duten unean ikasgaiak lantzeko erabil daitezke podcastak. Modu horretan ikasleek edozein leku zein unetan ikasteko aukera izan dezakete.
  • Elkarrizketak: Podcastak elkarrizketak elkarbanatzeko erabili daitezke.
  • Literatura: Badira podcast eta audioliburu kontzeptuak nahastu dituzten sortzaileak. Modu honetan podcastak ipuin edo eleberri bat atal ezberdinetan banaturiko sail baten estiloan zabaltzeko erabil daiteke podcasta.

Podcast motak

Audiozko podcastak

Audio hutsez eginiko podcasta da. Normalean MP3 edo OGG formatua izaten dute, nahiz eta AAC ere izan daitekeen. MP3 formatua gailu gehienekin bateragarria da eta sorturiko artxiboak ez du asko pisatzen (normalean 10 MB baino gutxiago izaten dituzte). OGG formatua agian ez da hain ezaguna baina formatu irekia da eta baditu zenbait abantaila MP3rekin konparatuz. Podcast hauek oso erraz sor daitezke.

Audio edizioan gehien erabiltzen den softwarea Audacity da.

Bideozko podcasta

Bideozko podcasta, bodcast edo bideocast modura ere ezaguna da.[14] Podcast mota hau bideo bidez eginiko beste edozein produkzioren antzerakoa da, beraz audiozko podcastek baino denbora eta planifikazio gehiago eskatzen du. M4V edo MP4 formatuak dira erabilienak eta artxiboek 100 MB baino gehiago pisatzea oso ohikoa da.

Hobeturiko podcastak

Hauek podcast mota bereziak dira. Audiozko podcastak irudi sinkronizatu batzuekin konbinatzen dute, aurkezpen baten itxura hartuz. Normalean podcasta aurrera joan alaz bat aldatzen diren irudi finkoak izaten  dituzte, eta web orri ezberdinetarako estekak izan ditzakete. Podcast hauen abantaila nagusia irudiak dituzten arren audiozko podcastek izan ohi duten pisu urria mantentzea da.

Screencast podcastak

Screencast bat ordenagailu baten pantailaren grabaketa digitala da, audiodun pantaila irudi bat. Adoble flash eta MP4 formatuak erabili ohi dira, hauek edizioa egiteko orduan abantaila ugari eskaintzen bai dute.[15]

Podcastak entzuteko software librea

Badago software librez sortutako aplikaziorik podcastak zerbitzari nagusietatik deskargatzeko eta batzuetan publizitatea saihesteko ere bai.

AntennaPod aplikazioaren logoa.

Podcast zerbitzari nagusiak

Audioak biltegiratzeko zerbitzari ugari aurki daitezke sarean. Hauek dira ezagunenak:

SoundCloud

Alex Ljung eta Eric Wahlfossek 2007. urtean sortu zuten plataforma hau. SoundCloud audioak online banatzeko plataforma bat da. Erabiltzaileek audioen banaketa, promozioa edo grabaketak egin ditzakete. Hasiera batean Estokolmon abiatu zuten proiektua, baina urte bete pasa aurretik Berlinera lekualdatu ziren. Hasiera batean musikagileen artean grabaketak partekatzeko plataforma bat izan zen, baina denborarekin musika banatzeko plataforma bilakatu zen. Hilabete gutxitan Myspace, garai haietan musika banatzeko erabiltzen zen zerbitzari nagusia, atzean uztea lortu zuen.[16]

Ivoox

Ivoox audioak biltegiratzeko, argitaratzeko, entzuteko, sare sozialetan partekatzeko eta jaisteko balio duen zerbitzaria da. Bertan entzule komunitateak gomendioak egin ditzake, modu horretan audio edo podcast berriak ezagutzeko aukerak sortuz. Kategoria ezberdinen sailkapen bat izatean denbora aurrezteko balio duen zerbitzari modura aurkeztu zen. 2014. Urtean mugikorretara pasa autua egin zuten, Android zein IOS sistemetan eskuragarri jarriz.[17] Zerbitzariak SGAErekin akordio bat sinatu zuen, horrela bertako audioek musika komertziala eduki ahal izatea ziurtatu zen.[18]

Spreaker

Ivooxen antzerako funtzionamendua dauka. «Gustuko dut» botoian klik egitea nahikoa da podcast baten jarraitzaile bihurtzeko, modu honetan beste zerbitzariek eskatzen duten harpidetza gabe egin zaitezke podcast baten jarraitzaile.Honetaz gain interesatzen zaizkizun podcasten zerrenda egiteko aukera ematen du, entzun nahi dituzun podcastak antolatzeko aukera eskainiz. [19]

Euskaraz

Irrati kate batzuek[20] euren programazioetako saio batzuk podcast formatuan ere eskaintzen dute. Esate baterako, Norteko Ferrokarrilla (Zientzia dibulgazioa).

Euskarazko podcast asko topa daitezke Interneten, esate baterako webgune hauetan arakatuz:

Erreferentziak

Kanpo estekak

Hona hemen euskaraz topa daitezkeen zenbait podcast:

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.