Plazida Otaño

Plazida Otaño Odriozola (Zizurkil, 1867ko otsailaren 18a - Zizurkil, 1954ko otsailaren 18a)[1] gipuzkoar bertsolaria izan zen, Joxe Bernardo Otañoren alaba, Adriana Otañoren ahizpa eta Pedro Mari Otañoren lehengusina. Emakume bertsolari aitzindarien artekoa da. [2] Ezagutzen den emakumeen lehen bat-bateko bertsoa berea da[3].

Plazida Otaño

Bizitza
JaiotzaZizurkil, 1867ko otsailaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaZizurkil, 1954ko otsailaren 18a (87 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Bizitza

Zizurkilgo Errekalde baserrian jaioa, Joxe Bernardo Otaño eta Inazia Odriozolaren alaba zen. 1892an ezkondu zen Joxe Migel Zalduarekin eta Zizurkilgo Benta baserrian jarri ziren bizi izaten. Etorri handiko emakumea zen, erantzun azkarrak ematen trebea. Alaba bat izan zuten: Klara. 1950ean, Pedro Mari Otañori Zizurkilen egindako omenaldian parte hartu zuen. Hantxe abestu zuen lehendabiziko aldiz eremu publikoan, 84 urte zituela[4]. 1954an hil zen Plazida Otaño. Egun, Zizurkilen dagoen Aiztondo bailarako liburutegiak bere izena darama[5].

Bertsoak

18 urte zituela, etxeko sukaldean, adinez aurrera zihoala esan omen zion aitari eta, ezkontzeko asmoa zuenez, dotea prestatzen joateko. Joxe Bernardo aitak bertso hau kantatu omen zion[6]

« Ezkondu behar denala,
ho(r)i den baloria!
Hemezortzi urte den
hire edadia.
Pikara, gaizki hazi,
lotsarik gabia,
hik aberastuko naun,
lehen banaiz pobria.
 »

Eta alaba Plazidak erantzun:

« Aita, zahartu ta gero,
garai hobia ez da,
neska gaztiak ere
badu bere kezka.
Ilea zuriturik
nobiorik ez-ta,
orduan alperrik da
soinua ta festa.
 »


Behin, Txirrita Zizurkilera joan eta Plazida Otaño ikusi omen zuen zelaian pagotxa ebakitzen ari zela. Bertso hau bota omen zion Txirritak[6]:

« Gauz bat esango dizut
modu ondraduan,
noski ez naiz hasiko
hemen endreduan.
Nonbait egongo zara
aldarte eruan,
gaur horla zabiltzanean
udako beruan,
ez da atsegin izango
zure inguruan.
 »

Eta baita Plazidak erantzun ere:

« Arrazoi horrek badu
bere parezera,
konprenituko dezu
mutila bazera.
Udarako beruaz
kejatzen al zera?
Lana hortan badezu
egiten atzera,
fraile sartu zintezke
komentu batera.
 »

Erreferentziak

  1. Zavala, Antonio. Pedro Mari Otaño eta bere ingurua liburua. Auspoa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  2. Illarregi, Joanes. «Bertsoaren bidegileak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-19).
  3. Etxea plaza zeneko bertsolaria. Argia (Noiz kontsultatua: 2017-10-04).
  4. Plazida Otaño Odriozola, Errekaldeko bertsolaria. Aiurri (Noiz kontsultatua: 2017-10-04).
  5. Plazida Otaño liburutegiko ateak zabalik. El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2017-10-04).
  6. Zavala, Antonio. (1993). Pedro M. Otaño eta bere ingurua. Auspoa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-10-04).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.