Plastozianina

Plastozianina edo Pc elektroien garraioan parte hartzen duen kobre-proteina bat da, kolore urdineko metaloproteina bat hain zuzen. Tilakoideen mintzean agertzen da eta beraz fotosintesiaren fase argidunean hartzen du parte[1].

Plastozianinaren egitura.

Etimologia

Plastozianina izenak "plastoetako urdina" esan nahi du. Landareen plastidiotan agertzen da eta kobrea oxidatzen denean kolore urdina hartzen du.

Sorrera

Plastozianina zelularen nukleoko genoman kodeturik dago eta zitoplasman sintetizatzen da. Tilakoidearen lumenean kokatzu behar denez hainbat mintz zeharkatu behar ditu. Horretarako konplexu proteiko handia eratzen du[2].

Egitura

Kobre atomoa eta berarekin lotzen diren aminoazidoen erradikalak.

I multzoko kobrezko metaloproteina bat da. Kolore urdina du eta 600nm eta 620nm-ko uhin luzerako argia xurgatzen du.

X-izpien bidezko kristalografiaz identifikatu zen aurreneko kobre-proteina izan zen[3]. Kate polipeptidiko bakarrak osatzen du, kate horrek 99 aminoazido ditu eta 10'5 kDa-eko pisu molekularra[2]. Kofaktore bat du, kobre atomoa hain zuzen ere. β-orriaren konformazioa duten zortzi kate antiparalelok inguratzen dute kobre atomoa. kobrearekiko loturak eratzen dituzten aminoazidoak bi histidina (His37 eta His87), zisteina baten tiola (Cys84) eta metionina baten (Met92) tioeterra dira.

Plastozianinaren erredox potentziala 370 mV-takoa da[3] eta puntu isoelektrikoa pH 4-an dauka[4].

Uretan disolbagarria denez ez dago mintzean txertatua, baina elektroien garraio kateko gainerako elementuetatik gertu egon behar du eta loturak eratzen ditu mintzaren tilakoidearen aldearekin, eta beraz proteina periferikoa da. Lotura horiek eratu ahal izateko kobre atomoaren inguruan dauden aminoazidoen erradikalak hidrofobikoak dira[2].

Zianobakterioek plastozianina handiagoak dituzte, 107 aminoazidotakoak. Eremu hidrofoboan ez dute aldaketarik ordea[2].

Funtzioa eta erreakzioak

Plastozianina tilakoideen mintzean aurkitzen da eta Fotosistema bien arteko elektroien garraio katean hartzen du parte. Zitokromo b6f konplexuak elektroia ematen dio eta plastozianinako kobre atomoa erreduzitu egiten da. Plastozianinak orduan elektroi hori I Fotosistemari (P700) ematen dio[5] eta hasierako egoerara itzultzen da[1].

Honako erreakzio hauek gertatzen dira:

  • Elektroia jasotzerakoan erreduzitu egiten da:
Cu2+Pc + e → Cu+Pc
  • Elektroia ematerakoan oxidatu egiten da:
Cu+Pc → Cu2+Pc + e

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Redinbo, Matthew R.; Yeates, Todd O.; Merchant, Sabeeha. (1994-02-01). «Plastocyanin: Structural and functional analysis» Journal of Bioenergetics and Biomembranes 26 (1): 49–66.  doi:10.1007/BF00763219. ISSN 1573-6881. (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
  2. «Plastocianina» www.quimica.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-15).
  3. (Ingelesez) Xue, Yafeng; Ökvist, Mats; Hansson, Örjan; Young, Simon. (1998). «Crystal structure of spinach plastocyanin at 1.7 Å resolution» Protein Science 7 (10): 2099–2105.  doi:10.1002/pro.5560071006. ISSN 1469-896X. PMID 9792096. PMC PMC2143848. (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
  4. (Ingelesez) Ratajczak, Rafael; Mitchell, Rowan; Wolfgang, Haehnel. (1988-04-22). «Properties of the oxidizing site of Photosystem I» Biochimica et Biophysica Acta (BBA) - Bioenergetics 933 (2): 306–318.  doi:10.1016/0005-2728(88)90038-2. ISSN 0005-2728. (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
  5. «Anabolismo autotrofoa - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-15).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.