Plankton
Planktona itsasoetako nahiz ibai eta aintziretako uretan bizi diren organismo mikroskopikoen multzoa da; animalia, landareak, algak edo bakterioak izan ohi dira. Planktonak garrantzi handia du, uretako kate trofikoaren lehenengo maila baita.
Uretako azalean edo goialdean egon ohi da, gehienez 100 metroko sakonerara hedatzen da. Bi multzo handitan bereizten dira, autotrofismo edo heterotrofismoaren arabera: fitoplanktona landare-planktona da, autotrofoa, hau da, fotosintesia egiten du. Zooplanktona, aldiz, animalia txikiez osatuta dago, eta hortaz, heterotrofoa da.
Bizi ziklo osoa plankton komunitatearen barne irauten dutenei holoplankton deritze (esaterako, diatomeak). Plankton komunitatean bizi zikloko fase bat (gehienetan larba fasea) besterik egiten ez dutenei, aldiz, meroplankton (krustazeo edo ekinodermoen hainbat larba, adibidez).
Ur-inguruneetako kate trofikoa planktonarekin hasten da, eta planeta osoaren ekoizpen primario (materia organikoaren sintesia) totalaren erdia baino gehiago fitoplanktonak egiten du. Hori dela eta, planktonaren garrantzi ekologikoa egundokoa da.
Klasifikazioa
Zooplankton
Bigarren eta hirugarren sektoreko ekoizleak diren kontsumitzaile guztiek osatzen dute. Oro har, organismo mikroskopiko helduek zein haien larba faseek (holoplanktonak) eta fase helduan ur-hondoan edo ur-zutabean bizi diren beste organismo batzuen larba faseek osatzen dute talde hau. Zooplanktoneko organismo-talde ugarienetako eta bereizgarrienetako batzuk kopepodoak, kladozeroak, errotiferoak, knidarioak, kretognatoak, eufusidoak eta arrainen larbak dira. Azken horiek, organismo gazte eta helduek gizartean eta ekonomian duten garrantziagatik, “iktioplankton” terminopean aztertu eta deskribatu ohi dituzte. Fitoplanktonak bezala, dauden ingurunearen arabera, ur gezan edo itsasoan, zooplanktoneko talde edo espezie bakoitzaren aniztasuna eta ugaritasuna aldatu egiten dira. Gutxi aztertutako zooplanktonaren osagai bat parasitoak dira. Horiek organismo fitoplanktoniko zein zooplanktonikoek baino dibertsitate handiagoa erakusten dute, planetan dagoen organismo bakoitza hainbat parasitok kutsatzeko joera baitu.
Fitoplankton
Landare-planktona, fitoplankton izenekoa, itsas ertzeko uretan garatzen da eguzki-argiz eta gatz mineral ugariz (30 metro arteko sakonerako urak), fotosintesi bidez elikatzen baitira.
Zooplanktonaren elikagaia dira, eta Lurreko bizitzarako behar den oxigeno molekularraren % 50 sortzen dute. Fitoplanktonean ugarienak diren organismoak zianobakterioak eta diatomeoak dira, alga gorri zelulabakarrak. Dinoflagelatuak ere aurki ditzakegu, marea gorrien arduradunak.
Itsas kate trofikoaren oinarria izanda, fitoplanktonak beherakada nabarmena izan du, erradiazio ultramorea emendatzearen ondorioz. Esaterako, ikusi da Antartikako ozono-geruzaren zuloaren azpian fitoplanktonaren produktibitatea % 6 eta % 12 artean jaitsi zela[1].
Beste klasifikazio batzuk
Zenbait autorek planktonaren tamainaren arabera sailkatzen dute, nahiz eta sailkapen hori “artifizialtzat” har daitekeen; izan ere, printzipioz, harrapaketak egiteko erabiltzen zen bahearen sareko zuloen tamainan oinarritu zen, eta ez da behin betiko adostasunik lortu. Sailkapen erabilienetako bat hau da:
- Femtoplanktona (0,02-0,2 µm): birusak, bakterioak.
- Pikoplanktona (0,2-2 mikra): bakterioak, zianobakterioak, prasinofizeoak.
- Nanoplanktona (2-20 mikra): fitoflagelatuak.
- Mikroplanktona (20-200 mikra): diatomeak, peridineoak, tintinidoak, erradiolarioak, ostrakodoak, kladozeroak.
- Makroplanktona (0,2-2 mm): marmokak, arrainkumeak.
- Megaloplanktona (2 mm baino gehiago): marmokak, tunikatu-koloniak.
Kokapenaren arabera ere sailka daiteke (horizontala edo bertikala):
- Horizontala edo kostarekiko distantzia:
- Plankton neritikoa: plataforma kontinentalaren gainean dago.
- Plankton ozeanikoa: plataforma kontinentaletik kanpo dago.
- Bertikala edo sakonera:
- Epiplanktona: 0-50 metrotan bizi da.
- Subplanktona: 50-200 metrotan bizi da.
- Infraplanton: 200-500 metrotan bizi da.
- Batiplanktona, gainazalaren azpian 500 metro baino gehiagotan bizi da.
Migrazioak
Landare-planktona uraren gainazaletik gertu dago beti, argia behar baitu fotosintesia egiteko. Zooplanktona, berriz, mugimenduan dago beti, goitik behera, eta eguneko ziklo bat osatzen du, 100-500 metro edo gehiagoko ibilbidearekin. Gauean, gehienetan, gainazaletik gertu egoten dira elikatzeko, eta egunez beherago, eguzki-erradiazio indartsuetatik ihes egiteko, nahiz eta talde batzuetan alderantziz gertatu.
Ezaugarriak
Espezie gehienak gardenak eta irideszenteak dira, eta koloreak soilik mikroskopioan nabaritzen dira. Azaleko espezieak urdinxkak dira, eta gainontzekoak gorrixkak. Genero batzuek luminiszentzia igortzen dute, adibidez, noctiluca.
Planktoneko espezie gehienek milimetro bat baino gutxiago neurtzen dute. Beste batzuk, berriz, handiagoak dira, hala nola sifonoforoak, ktonoforoak eta marmoka akalefak.
Planktona kate trofikoan
Fitoplanktona zooplanktonaren elikagaia da. Ekinodermatuen, krustazeoen eta larba-egoeran dauden arrainen elikagaia ere da. Hazten direnean, larba horiek arrain txikien sardak jaten dituzte. Arrain horiek, era berean, planktiboro handiak elikatzen dituzte, hala nola baleak edo marrazo baleak, eta arrain handiagoak ere jaten dituzte. Arrain horiek, batzuetan, ozeanoetako harrapakari handiak elikatzen dituzte, hala nola zetazeo haragijaleak, marrazoak, atunak edo arrain ezpatak. Proportzioan, azken horien tona batek bost mila tona fitoplankton beharko ditu, existitu eta garatzeko.
Marea gorriak
Dinoflagelatuen (fitoplanktonaren) proliferazioek eragindako fenomenoa “marea gorri” izenez ezagutzen da. Garatzeko baldintza egokiak direla eta (tenperatura, argi-kalitatea eta -kantitatea, mantenugaiak eta ur-zutabearen pasibotasuna) dinoflagelatuak esponentzialki hazten dira, eta hazkunde hori baldintzak kaltegarriak diren kasuan bakarrik eteten da. Batzuetan, alga-loratze horiek nabarmenak ez diren arren, askotan fitoplankton toxikoek eragiten dituzte, hala nola, Alexandrium catenella. Horrek ornodunen heriotza eragiten du, gizakiona barne. Fenomeno horrek ez du beti uraren kolore gorria eragiten, paradoxikoki, loratze kaltegarrienak koloregabeak izaten dira[2].
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- «Todos a proteger la capa de ozono». ecoeduca.cl - Portal de Educación Ambiental. Archivado desde el original el 22 de febrero de 2008. Consultado el 17 de septiembre de 2009.
- Pardo, A. y Cámara, N. (2004): Mareas rojas, la rebelión del plancton. Inmersión, n.º 49, pp. 54-60.