Pizkundea Euskal Herrian
Pizkundea, Euskal Herrian, aurreko arte-estiloak bezala, berandu sartu zen. Izan ere, XVI. mendearen hasieran, oraindik estilo gotikoaren ezaugarriek irauten zuten. Karlos V.aren erregealdian, eragin artistikoak sartu ziren Italiatik, Flandestik (Euskal Herriko portuetako merkataritza-jarduerei esker) eta Gaztelako gortea zegoen gune nagusietatik (Burgos eta Valladolid)
Euskal Herriko egoera ekonomikoa XVI. mendean ona zenez, pizkundea leku guztietara zabaldu zen. Garai horretan, elizak eta jauregiak eraikitzeko gogo bizia piztu zen. Gainera, lantegiek garrantzia hartu zuten eta asko hedatu ziren, eta izen handiko hargin asko azaldu ziren. Hargin horiek penintsula osoan egin zuten lan; esate baterako, Pedro Lizarazu eta Juan Ganta bizkaitarrek, eta Pedro Etxaburu gipuzkoarrak.
Lehen errenazimentua Baskonian
Penintsulako erresumetan, hasiera-hasieratik hartu zen beharrezko berrikuntza kanpotik ekarritako Errenazimentua, Italiatik ekarritakoa, zehazki. “Erromako erara” eraikitzen saiatu ziren berrizaleak, antzinako Erromako ereduen arabera alegia, berriki iragana zen artearen (gotikoaren) aurkakotasunean. Italiatik, antzinako kulturaren zaharberritzeak, XIV. mendeko poeta eta literaturagileekin hasi zen Humanismoak XV. mendean iritsi zuen bere betea eta errenazimentuko berrikuntzak ez ziren Espainiako erresumetara mende horren bukaera edo XVI.aren hasiera arte iritsi.
Lehen nahastea
Baskonian, aldiz, bitarte horretan gotikoa eta flamenkoan arnasten jarraitu zen. “Erromako erara” pentsatzen, eraikitzen eta adierazten hasi zenean, mugakide ziren eskualdeetako Aragoi eta Gaztelako dialektoan izan zen batez ere. Errenazimentua XVI. mendearen bigarren herenean iritsi zen, beraz, berandu, eta ez gainera bere “italiar‑erromatar” garbitasunean, nahiz eta beren berezko eskarmentuaz elikaturiko italiar errenazimentuko edertasunen berotasuna ekartzen zuten eta zuzenean ezagutu izan zituztelako euskal arkitektura berriaren alorrean mezenas kementsu batzuk, esaterako, Oñatiko Lehen Kondea izan zen on Iñigo Gebarakoak, Tuterako deana zen on Pedro Villalongoak eta Oñatiko gotzaina zen Errodrigo Mercado Zuazolakoak.
Goi-mailako edo behe-mailako euskal mezenasek, bidaiariek, militarrek edo erbesteratuek zuzenean izan zitzaketen errenazimentuko ideal berrien bizipen eta ezagutzak alde batera utzita, itxura guztien arabera, litekeena da herriko harginek grabatu ala marrazkietatik besterik ez ezagutzea, eta Burgos aldeko humanista eta errege kaperaua zen Diego Sagredoren (1526) Medidas del Romano delakoaren argitalpen data inguruan “erromatar” ereduez hizketan hasi izatea. Alde batetik hau izango litzateke gure herri honetan gotiko berantiarrak hain luzez bizirik irautearen arrazoia eta, bestalde, mendearen lehen hamarkadetan lehen inportazio “erromatar”ak Baskonian gotikoarekin, flamenkoarekin eta mudejarrarekin hain nahasketa bitxia sortzearena ere.
Barneratze heterogeneoa
Dena dela, Baskonian Lehen Errenazimentuko artea testuinguru batean kokatu nahi izanez gero, bistakoa dirudi mesede egin ziotela iparraldetik eta hegoaldetik aldi berean eman ziren bi joerek, zaharraren (gotiko berantiarra) eta modernoaren (erromatarra) arteko lehen nahasketa horri.
Historialari batzuk hegoaldeko (Toledo-Madril‑Burgos‑Gasteiz) eragina azpimarratzen dute, euskal noblezia edo goi‑burgesiaren eta Gaztelako pertsonaia ezagunenen arteko ezkontza edo lanbidez eginiko harremanei buruzko argudioak emanaz.[1] Beste batzuen ustez ordea, euskal probintzia eta Europa iparraldeko portuen artean merkataritzako joan‑etorriak izan ziren arrazoia.Horrek ekarri zuen italiar errenazimentuko formetan inspiraturiko artearen ezaguera hartu ahal izatea, betiere, Flandesko maisuen etorrerak eta inportaturiko artelanen bitartez, Europa iparraldeko adierazpena ikuskera berezira itzulia izan bazen ere. [2]
Hau horrela, beharrezkoa da esatea Baskonian errenazimentuko arkitektura ez dela ildo bereko</ref>Eraikinen inbentarioak erakusten digu, hain zuzen ere, errenazimentuak ia garrantzirik ez duen baserri inguruak gehiago direla, esaterako, Koartango ibarrak, Gaubea, Aiarako lurraldeak eta Arabako mendialdea. Erlijio gaietan, ibar horietan nagusi dena ez da beste Erdi Aroko arkitektura baizik, erromanikoa, xarmaz beteriko eliza txikien paisaia aberatsa. J.A. BARRIO LOZA, Paisaje aproximado de la arquitectura renacentista en el País Vasco. Revisión del Arte del Renacimiento. Ondare 17, A.P.M. (Donostia, 1998), 34. or. </ref> egitura gisa azaltzen, badirela errenazimentuak ia txertatzea lortzen ez duen eskualdeak, Nafarroa, Araba eta Kantauri aldeko probintziatako errenazimentuko arkitekturan mota ugaritasun bat antzematen dela eta lanen ardura zuten pertsonak –mezenasak eta nagusiak nahiz ertilari eta eskulangileak izan– badirudiela batzuetan eta ia garai berean arau “isabeldar” eta arau “erromatarren” artean zalantzan zebiltzala. (Ez gara”isabeldar” estiloaz hitz egiten geldituko, Baskonian ez baitzuen sustrairik egin eta platereskoan edo Lehen Errenazimentuan berehala barneratua gelditu baitzen.)
Era berean, oso erraz ikusten da errenazimentuko estiloak oso egitura bitxiak hartzen dituela mendeetan zehar bere tradizioei (Ama Lurrari) hain loturik bizi izandako Herri matriarkal honetan.[3] Bistakoa da bestalde, mintzaira berri hau onartu izanagatik, bere garapen-abiada ez zaiela Hispaniako beste herrialdeetakoei lotzen.
Platereskoa
Errenazimentu edertzailea
Nahikoa ezaguna da XIX. mendean Jakopo Burckhardt‑ek hain maisuki deskribatu zuen Errenazimentuko espiritua –antropozentrismoa, banakakotasuna, arrazionalismoa– eta ezagunak dira, halaber, bere mintzairaren ezaugarriak–neurria eta proportzioaren zentzua, konposaketaren ordena eta argitasunarekiko zaletasuna, simetriarako joera, eta abar.
Italiako Errenazimentuak arkitekturan nahiago zituen perspektibako legeen araberako antolaketa espazialak, antzinako eraikuntzetako osagarrietara itzultzea, hala nola, zutabeetara, kapiteletara, taulamendu eta frontoietara, arkitekturazko bost ordenen (doriarra, joniarra, korintiarra, konposatua eta toskanarra) berreskuratzea, oinarrizko kuboa eta karraturako joera duen espazioaren sinplifikazioa, gurutze grekoaren oinplano eta kupuletako erdiesfera-formaren bitartez eginiko bateratzea. Egiturazko osagai hauekin batera, batez ere, Lonbardiar Errenazimentuan garatu ziren beste edergarri batzuk erantsi zitzaizkion.
Berrikuntza pila horietatik guztietatik, edergarritako alderdiak izan ziren, hain zuzen ere, Espainian berotasunik handienaz onartu zirenak, inolaz ere, flamigero eta isabeldar gotikoaren egitura nabarretatik trantsizio samurra eskaintzen zutelako. Horrela jaio zen espainiar “Lehen Errenazimentu” horren estiloa, gerora Platereskoa izango zena.
Metalaren arkitektura eta artea
Bitxia eta ezegokia baina, bai izen polita: Platereskoa. Diego Ortiz Zuñigakoak asmatua –edo, gutxienez, zabaldua– izan behar du, zeren eta, bere Annales eclesiásticos y seculares de ... Sevilla (Madril, 1677) urtekarian aipamenik egin zuen estilo honi buruz “hostotzaz eta fantasiaz jantzia eta egileek berak platereskoa zeritzotenena” zela esanaz.
Nahiz eta estilo honen oinarrizko formak Italiatik datozenak izan, ez da zalantzarik apaingarritako joeretan eta edergarrietan eta zenbait zantzuetan “isabeldar estiloa” deritzonarekin antzik baduela, hori horrela izanik, bada han Hispania aldeko estilo jatorra ikusteko arrazoirik.
Izen hori gaur egun Lehen Errenazimentu izenez ordezkatu nahi bada ere, ez zen oso desegokia “plateresko” izen hori, zeren eta XV. mendearen azken aldera eta XVI.aren hasieran zilargintzaren arte honek garapen ikusgarri bat izan zuen Espainian, erlijio izaerako zilargintzak, batez ere, horrela eginak izan baitziren hamaikatxo eki-santu, kaliza, krisma‑ontziak, erlikitegiak eta liturgian erabilgarriak ziren beste hainbat ale.[4]
Bestetik, metalaren artea arkitekturarekin lotze hau guztiz naturala bihurtu zen. Honi dagokionez, oso adierazgarria da katedraletako burdin sareen egile sonatu batzuk elizen eraikuntzetan hain estuki esku hartu izana.
Gogoan izan dezagun XVI. mende osoan zehar gotikotasuna ez zela desagertu eta errenazimentuko ia eliz eraikuntza guztietako egitura gotikoa zela. Erdi Aroko arrasto horretaz gain, aldi honetako eraikin askotan etengabeko mintzaira mudejarrak ezagutzen dira, betiere errenazimentu garbiak diren osagaiez, plateresko erakoak, hain zuzen ere.
Hiztegia platereskoa
Plateresko izenak Espainia aldeko zerbait iradokitzen badu ere, egia esan, Italiako jatorria duen apaingarritako osagai sail bat erabiltzen du, ukaezinezkoa bada ere Espainian modu berezian bereganatu izan zituela. Apaingarritako osagai horiek “hiztegi plateresko” bat dira eta horregatik ezagut daitezke hain erraz.[5]
Gruteskoa. Lehenik eta behin, lehen Errenazimentuan gruteskoak duen garrantzia aipatu behar da, Italia aldeko jatorria salatzen duen izena denez, begira jartzen gaituelarik apaingarri apetatsuetara, hostotza, suge, zomorro, suzko mamu, izaki hibrido eta mamuez osaturikoetara; Titoren harpeetan edo aurrietan aurkituak imitatzeagatik hartu zuen izen hau eta Espainian Italiako grabatuak inportatu zirenean eta bi penintsulen arteko joan‑etorrian zebiltzan ertilariengatik ezagutu izan ziren.[6] Hormetan halako ugaritasuna duelako, litekeena da plateresko estiloan apaingarri osagaietan berezkoena gruteskoa izatea. Esan bezala, Espainian isabeldar gotikoaren irudimenez ongarrituriko lurra aurkitu zuen.
Zutabe kalostraduna. Zutabe honek oinarrian bukatzen duen fustea du, goialdean erraboila egituran eta balastium hostoz (alesagarraren lorea bezalakoa) eta beste alde hondoratuak edo zutabearen egitura zilindrikoari lore‑uztaiak, ontziak, fruitu‑kordak, kartela zintzilikariak eta abar gainjarritako zatiez jantzitakoa.
Argi‑mutilak. Kalostrekin tartekatzen dira argi‑mutilak (candelieri), sarritan suzko muturretan bukatzen direlarik.
Kapitelak. Platereskoaren beste ezaugarrietako batzuk, kapitelak askotan hartzen dituzten egitura bitxiak dira, betiere, funtsean korintio ordenaren eskema jarraituz. Oso gutxitan eman ohi dira dorikoak edo toskanoak dei diezaiekegun kapitelak, guztiz jonikoak direnak ere oso gutxitan azaltzen baitira. “Kiribildura txikiak kaulikulo eran eraikitzen ziren, marra melodiatsuak osatuz, S‑ak eginez gurutzatzen zirenak. Diego Sagredoren liburuak tankera honetako kapitel ugari erakusten digu”.
Arkuak. Arkuek, ugaritasunean, berebiziko aldaerak dituzte. Erdi-puntuko arkuak eta ateburu eta leihoburuetako arkuak gailendu ziren; baina ikusten dira, halaber, arku karpanelak, arku ezkartzanoak, arku peraltatuak, zintzilikarioetako edo gortinazko arkuak, arku florentziarrak eta beren artean gurutzaturiko osagai figuratiboez eraikiak, eta askotan gorputzak nobleen armarrietatik datozen animalia sinbolikoez osatuak eta geometriazko esanahirik gabeko beste batzuk. (Guadalajaran Infanterriko jauregia).
Nobleziaren armarri heraldiko sinbolodunak izugarri ugaritu ziren Espainiako isabeldar artean.
Domina handietarako zaletasuna sortzen da, gizaseme nahiz emakume buruak erakutsiz, ia beti antzinako heroienak, biribil edo domina handien barruan normalean. Buru hauek batzuetan irtenune handizkoak edo konkorrak izan ohi dira, besteetan aldiz oso lau eta ziluetan. Arkuarteetan kokatuak ikusten dira gehienetan. Ez dira falta izaten atari, leiho, tinpano eta zokalo batzuetan ere.
Gailurreriak. Azken ezaugarrien artean aipa ditzagun gailurreriak, aurrealde garrantzizkotan oparo eman ohi direnak (Salamancako Monterrey Jauregian), beren flamijero ala erdi‑landarezko profilez burdin sareetako burualdeak eta klaustroetako, dorreetako eta eraikinetako paramentuak koroatuz.
Platereskoa Euskal lurrean: ikerketarako zailtasunak
Historialaria zalantzan geratzen da plateresko estiloaren jaiotza eta garpenaren aipamena egiterakoan, hots, Euskal Herriko zein probintziatatik hasi behar duen erabakitzeko garaian. Hainbat alderdiri ematen dien garrantziaren arabera egongo du aukera.
Italiatik ekarritako estilo baten bat‑bateko sarrera izanik, eraikuntza bat “aipamen” soil batzuen gainean, hitzezko nahiz plastikazko, “erromatar erara” hasi izanaren gertaera azpimarratu nahiko du, ala estilo berriaren eraketa heldu eta osokoa neurtu eta pisatzea nahiago izango du? Nafarroako elizetan Errenazimentuaren lehen kimuetan Aragoiko ertilarien eragina balio handiagokotzat joko du, ala Arabako hiriburuko nobleen jauregiei buruzko Gaztelako arkitekturaren egiletasunari jarri nahiko dio arreta, batez ere?
Zalantza, Lehen Errenazimentu honen terminus ad quem‑a kokatzeko garaian sor daiteke zalantza. Geure aldetik, aldi honi beste historialari batek bezala, historiako aipamen honetan Trentoko Kontzilioaren bukaerako data ematearen aldekoak gara, honen ondorioz gruteskoak galdu baitziren.
Arabatik hasiko gara, ez ordea adierazpen platereskoak ugari direlako, ez baitira asko, baizik eta Gaztelak salerosketarako bidean Flandesekiko zuen kokapen geoestrategikoagatik eta Gaztelatik gertuen egoteak abantaila bikoitzen izateagatik, “Euskal Herriaren errenazimentuaren lehen adierazpenak eta nabardura fin eta Burgokoak” jasotzen zituelako, bidezkoa den bezala.[7]
Arabaldeko jauregiak
Araban ez dira ugari errenazimentuko jauregiak. Aitzitik, arruntena gaztelu gotikotik XVII. mendeko jauregi barrokora igarotzea dela baieztatzen da.[8] Berpizten ari den estilo berria, zatiren batean edo osorik bereganatzen duten Arabako jauretxeak hiru hirigune handitan pilatzen dira: Gasteiz, Agurain eta Guardian.
Gasteiz
Bendañako Jauregia
Gasteizen, bata bestearen segidan eraikia izan zenez, Bedañako jauregian ikus daiteke Gotikotik Errenazimenturako trantsizioan. Lehenengo aldi honetan, 1525. aldera Joan Lopez Arrietakoak eraikia zen eta bigarren aldian bere biloba Pedro Lopez Arrieta eta Eskoriatzak 1545etik hasita. Fatxadan eta dorrean bi familien armak azaltzen dira. Jauregi hau, XIX. mendean Bedaña izeneko markesarena izan zen oinordekotza bidez, gaur egun horrela deritzon jauregia karten Fournier Museoa da.
Hiru solairutako eraikina da, bi isurialdetako teilatua, bere fatxadaren itxura itxi eta trinkoa, bao gutxi eta estuak izanik, barruko patioaren baranda irekia ez bezalakoa da. Sarbidea, txaranbeldura txiki bat, zilindrikoa bata eta geometriazkoa bestea osatzen duen bi arkiboltaz uztaituriko ojiba-arkuaz zurkaizturik dagoen ate handi batean barrena du. Ate markoa alfiz bat duena da eta frantziskotar hedez apaindua da gainera.
Ikusgarriagoa da barrualdea. Lehendabizi eraikitako multzoa, ondorenean egin zena baino garaiagoa da. Hiru solairutan egina da, eskuairazko barrubidea duena da patioa, fuste lauezko zutabe gainetan arku eskartzano hiru solairu bere baitan hartuz. Osotasunari begiratuz Gaztelako isabeldar hatsa sumatzen da, baina bere harroinak, kapitelak arkuarteak eta kalostrazko barandak platereskoaren itxura ematen diote.
Patioa eta eskailera Domingo Oriakoari zor zaizkio. Baranda honi ezarririk multzo modernoago bat azaltzen da, Pedro Elosukoari zor zaio (1556‑1560), non arkuteria eta zutabetxoak errenazimentu profilezkoak diren. Burgos aldeko arte onaren moduan egoki elkarturiko tronpa gainetan igeltsuzko izar-ganga oktogonal, batek estaltzen du eskailera.
Montehermoso Jauregia
Estilo berriaren hastapeneko adierazpen honen ondoren errenazimentuko beste lan ausarditsu batzuk etorriko dira, Araba‑Eskibeldarren jauregia kasu, 1714tik Montehermosoko Jauregia izenez ezagutzen dena. Mendeetan zehar hainbat egiteko izan zituena: ospitalea eta apaizgaitegia eta artilleriako kuartela, 1887an Gotzain Jauregi izatera iritsi zen arte.
Oinplano angeluzuzena duen eraikina da eta barne patio karratu baten inguruan antolaturik dago, bere lau ertzetan dorreak dituela. Horma lauak agertzen ditu kanpoaldetik eta baita gaur egun guztiz aldatuak dituen leihoak ere; erlaitz bikain eta bitxi bat ere badu, zertxobait soildua bada ere, Donejakueko ospitalekoan iradokia dirudiena, kate handiaren maila sendoen apaingarri bereziak errepikatuz.
Sendotasun eta prestutasunagatik atsegina da ataria. Ate zabal lau bat dauka eta bere gainean, bigarren solairuaren altueran frontoi zorrotzeko leihoa. Atea eta leiho horren artean apainduriko zerrenda zabal bat dago barneraturik, Burgos aldeko erara, erlaitz bat erdian duela, alboetan, armarrien lehoi tenanteak, aingeru eta erdizkako irudiak.
Barruko patioak, beheko solairuan ia erdi-puntuko arkuak ditu eta arku karpanel oso irekiak goienekoan, ildaskaturiko zutabeak, kalostrapeko baranda eta zizela urduriaz tailaturiko domina handi oso ederrak. Beharbada 1530 eta 1540 bitarteko data izan dezaketenak.
Salinas Jauregia: Villa Suso
Gasteiz aldeko beste jauregi garrantzizko bat, Martin Salinasekoak, Fernandoren enbaxadore izan zen Erromatarren Erregeak, 1538 eta 1542 bitartean eraiki zuena eta gaur egun Villa Suso deritzana da.
Lau solairutako aurrealde sendoa duen eraikina da hamar zutabe dorikoz arkitrabaturikoa. Kanpoaldeko galerian multzo nagusiaren bukaera nabarmentzen da eta Guadagni (Pollaiuolo‑ren 1503ko lana) jauregi florentziarraren loggian inspiratutakoa dela diotena. Salinas jauregiak buruduna du ataria, gainjarritako pinakuluzko bi zutabe korintiarrez apaindua; eta frontoian lanbrekin ugarien artean fundatzailearen armarria dago bi lehoi tenanteek eutsirik.
Eskoriatza‑Eskibel jauregia
Baina, Euskal Herrian, ezbairik eta erantzukizunik gabe, osoki errenazimentu estiloa onartzen lehenengotzat jo daitekeen jauregia da Eskoriatza‑Eskibeldarrena (1540‑1550). On Fernando Lopez Eskoriatzako[9] medikuak aginduta egin zen eta italiar nahiz gaztelar eragin nabarmenak ditu agerian, askoren iritziz, ertilari desberdinenak direnak; lehendabizi Juan de Vallejo eta Diego Siloek egina zen eta Karlos Enperadorearen arkitektoa izan zen Luis Vegarena eta orain berrikiago gorteko beste pertsonaia ospetsu batzuenak. Madril, Toledo eta Sevillako alkazarretako maisu nagusi izendaturik, Enperadorearen sendagile zen Eskoriatza jauna topatu zuen gortean 1539an.[10] Horrela, esku-hartze honek ez zuen bertako harginen jarduera inola ere eragotzi, ezta Burgosko ukituz nolabait kutsatzea ere.
Ataria eta patioa nahiz oinplano angeluzuzena aipatu beharrezkoak dituen eraikina da.
Mitologiako irudi edergarrietan –Herkules eta Hidra, Teseo eta atezaina– adierazgarri azaltzen dira atariaren mezu humanista florentziarrean, Ongia eta Gaizkiaren ideia orokorra baino haratago joan nahi izanez gero, zaila du interpretapen.
Patioak iradokitzen ditu Luis de Vega arkitektoaren lanen arrastoak. Neurrietan txikitasuna agertuagatik –alderik luzeenean erdi-puntuko arkuak dituen hiru tarte eta bi arku eskartzano motzetan, goieneko solairuan bezala–, Gasteizko patio honek Salamancako Fonseca Ikastetxea ekartzen du gogora.
Klaustroko eskailerak, Fernando Mariasen ustez, Euskal lurrean eraiki zen lehenengoak, patioarekin duen loturarengatik eta zutabeen gozotasunagatik El Pardoko Jauregiaren hurbilekoa gertatzen da.
Platereskoa Arabako elizetan
Lehen Errenazimentuko erlijio arkitektura Bizkaian baino lehenago esnatu bazen ere probintzia honetan, ez da ugaritasunean nabarmendu. Egia da XVI. mendearen lehen erdian jada eraikuntzei emandako bultzada sumatzen dela, batez ere, Erdi Aroko elizen handitzeak edo eraberritzeak, oinplano eta estilo berriko eraikuntzak baino gehiago. Bestalde, funtsean garapen horrek nekazari guneak ukitu zituen.[11]
Platereskoa arkitekturan
Araban nekazari guneetan eraikuntza estilo berria nola sortzen den ikusi nahiko bagenu, aipatzekoak lirateke:
- Sortaldeko Lautadako eliza batzuk, hala nola, Done Bikendi Haranakoa, Heredia, Munain eta Bikuñakoak;
- sartaldeko Lautadan ere badira beste batzuk: Antezana, Ilarratza, Mendiola, Etxabarri Ibiña eta Estarroakoak;
- Errioxan honako hauek nabarmenduko genituzke: Eltziego, Billar eta Samaniegokoak;
- Trebiñun Obekurikoa, Trebiñukoa, Gesaltzakoa eta beste zenbait.
Horietan guztietan, estilo berria eraikinaren osotasunean baino gehiago berriztatzetan, zabalagotzetan, erretaulagintzan eta edergarrietan azaltzen da.
Eraikin hauetan gehienak euskal hargin adituek diseinatu eta beraiek eraikiak dira; horien maisutasuna gure egunotan gero eta gehiago estimatzen da. Hargin ibiltari bikain hauek ala beren oinordekoek, beranduxeago aipatuko ditugun hiru habeartetako eliza zutabedun zabalak eraikitzen hasi aurretik, angeluzuzeneko habearte bakarreko eta burualde zuzena dutenak, (gutxi dira poligonozko absidedunak) bi edo hiru tartetakoak, eusgarri modura fabrika-hormak dituzten eta pilastrak barrualdera loratzen zaizkien nekazari-giroko elizak eraikitzen ikustea da ohikoena.
Gotikoak beti irauten du estalkietan, tertzeletezko gangak, alegia; platereskoaren alderako joera aurrera doan heinean, gero eta konplexuagoak diren konkordunak izaten dira sarritan.
Lehen Errenazimentuko berrikuntza hainbat lanetan kokatzen da, bereziki koroak, atariak, hilobiak eta dorreak burutzen. Plateresko estiloaren osagarri diren gaiak aurkitzen errazagoa gertatzen zaigu puntu horietan. Aurkitzen ditugunetan baliorik handiena eta garrantzizkoena duenetik hasiko gara.
Koruak
Aguraingo Santa Maria. Arabako zaharrenetarikoa Agurainen, Santa Maria elizako koruaren tribuna da, XVI. mendean lehen hereneko eraikuntza dotorea, “hasierako plateresko jorienaren eta aurreko nahastura isabeldar nabarrarekiko barroko zaporez betea” (Chueca Goitia).
Baranda kalostraduna da eta erdian Enperadorearen armen edikulo bat darama. Inolako zalantzarik gabe, platereskoak Euskal Herrian eskaini zezakeen arte kalitaterik handieneko korua da. Karlos I.aren armarria ezarri zeneko beste baten ordezkoa da; izan ere, azken batean lan bikain hau, Enperadoreak komuneroen buruzagia zen On Pedro Lopez Aialakoa, Aguraingo Kondea garaitu zueneko garaipen arku bezala hartu behar da.[12]
Elizaren oinetan, alderik zabalenean arku eskartzano baten gainean eta alde estuetan arku zorrotz zuzenen gainean jasoa da, hirurak ere zapore gotikoa duten pilare sorta gizenetatik abiatzen direlarik, eta tertzeletezko ganga korapilatsu eta trazeria ederrez estalia da; beroietan 35 giltzarri bikainetan sarturik daude biribilak, eskulan zoragarrizko buruekin.
Arkitektura-lanaren egile-izena[13] agirietan azaltzen da, baina ez eskultura eta ikoneen egileena. Lan horretarako, gutxienez bi eskultura taldeen ekarpena behar izan zela askoren iritzia da. Burgos aldeko tailagileen eskua ikusten dela errepikatzen du behin eta berriz Chueca Goitiak (San Esteban eliza eta Santa Dorotearen hilobia aipatuz) Agurainen apaingarritako gai berdinak, erramu arteko domina handi berberak eta gain guztiak betetzen dituzten pilaketa grutesko berdinak begiz jotzean; edergarritako sokatxoetan eragin isabeldarrari eutsiz eta benetan ausarditsua den koruko gangak sendoagotzeko elizako pilareetan jarritako zutabetxo eta orratzen estalkietan gotikoaren jatorria ahantzi gabe.
Oraintsu, koru honen irudi eta apaingarrien azterketa ikonografiko hoberena burutu duenak Europa iparraldeko Guiot Beaugrant ertilaria iradoki du egiletzat; izan ere, aldi horretan bertan Bizkaiko zenbait lanen arduradun jardun zuen hau hartzen da Brujasko tximiniako taila sonatuen egiletzat; taila hartan dinastia inperialaren gorespen bat txertatu zen irudietan, Aguraingoan bezala.[14]
Beste koru batzuk
- Santikurutze Kanpezuko elizari mendearen erdialdera estalkia jarri zitzaionean erantsiko zitzaion ziur asko oso apaindutako pilastretan kokaturiko arku apaldu handi bat duen errenazimentuko korua ere. Diseinu gotikoa gordetzen badu ere, arkuarteak goraka doazen zuztar grutesko handiez, maskaronak eta hostotzen arteko irudimenezko izakiz apaindurik daude. Litekeena da, 1521etik 1551ra arte lanak ordaintzen zitzaizkion Domingo Gebararen lana izatea.
- Antzeko zerbait esan daiteke Erentxungo elizaren koruaz ere (1556‑1558), arku eskartzanoa du, arkuarteetan grutesko oso eder eta biribilak dituela;
- Dulantziko San Blas parrokiako korua ere (1529‑1551) arku eskartzanoa oso apaldua duena da, eta elizaren azken tarteko pilareei itsatsirik, oraindik ere gotikoak diren harroin altuko pilare sortetan zurkaiztua. Oso nabarmenak diren gruteskoez edertzen dira arkuarteak eta perla‑txirikordaz berriz taulamendua. Koru azpia giltzarrietan loroiak dituen ganga nerbiodunez estaltzen da.
- Gauza bera gertatzen da Estarroako San Andres parrokian ere, 1560 aldera Iñigo Zarrago maisu handiak ataria eta dorreaz gain, apaingarri platereskoak gorde dituen koru eder bat diseinatu zuen.
Atariak
Eltziegoko San Andres. Lan bikaina da Eltziegoko San Andres parrokia, baina ez bere koruagatik soilik, baita aurreko fatxadaren handitasun eta bitxitasunagatik ere.
Kanpotik harrituta uzten du bere garaiera eta erantsitako apainketarik ez izateak, ataria alde batera utzita, jakina. Ekialdean, abside egiturako burualde bati horma‑bular gisa, hormei ezarritako bi obelisko erantsi zitzaizkion. Sartaldean, alboetan bi dorre dituela, zirkuluerdi-formako arku izugarri baten azpian sartutako ataria azaltzen da, arkupea balitz bezala esparru huts bat sortuz.
Ataria xumea da: goitik beherako bi hozkadurak uztaitzen dute atea, prismazko mainela eta hozkadurazko erdi-puntuko eta tinpano laua duen handiagoko beste arku batek estaltzen dituen arku apalduak dituelarik. Bi dorreen artean hedatzen den arku handiaren gainean, aurrealde osoari izaera bitxia ematen dion zazpi arku apalduzko loggia batek zeharkatzen du aldenik alde.
Barrualdean, eliza hiru tartetako habearte bakarrekoa da, neurri txikiko gurutzadura duena, eta izar-gangazko estalki gotiko konkorduna, pilastra klasiko handiez eutsirik. Gotiko eta klasikoaren nahaste hori bera sumatzen da gurutzaduran batez ere.
Joan Asteasukoak zuzendu zuen eraikuntza-lana 1551era arte eta 1553etik aurrera Domingo Emasabelekoak, aurrealdea, ataria eta loggia bukatu zituelarik. Bera hil ondoren, bere semeak hartu zuen XVII. mende aurrera zihoala bukatu ez ziren eraikuntza-lanen ardura.
Santa Gurutze komentu eliza. Zaporea platereskoa gorde duten atarien artean (Ozeta, Villafranca, Etxabarri Urtupiña, eta abar) Errenazimentu klasiko alderako estilo aurreratu garbian nabarmenena Santa Gurutze komentuko elizaren ataria da (Gasteizen), 1530 eta 1547 artean Domingotar serora-elkarte hasiberriarentzat eraikia izan zena. Atari eder honek bi zutabe pareen artean erdi-puntuko arku bat badu, eta gainean taulamendu estu bat, gainean komentuaren familia fundatzailearen bi armarriren artean Nekaldiko Bidearen erliebe bat erakusten duen angeluzuzeneko plaka handi bat itsatsita, multzo osoa inperioko armarri handi batek koroaturik.
- * *
Harginak. Ezin dugu egin XVI. mendearen lehen erdian eraiki eta platereskoaren aztarnak utzi zituzten elizen zerrenda oso bat –ia beti habearte bakarrekoak direnak–, ezta egileen izendegia ere. Azken hamarkadetan Herri honetako ikerlariek bete dute eginkizun hori, Araban harginak “bizkaitar” (euskaldun) izanak zirela eta arrasto berari jarraituz, hurrengo belaunaldian Kantabria aldetik etorri zirenenak erakutsiz.[15] Hauetariko asko Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorriak ziren, eta sarritan gurasoetatik semeetara igarotzen zen lanbidea, horrela familietan benetako maisu-leinuak osatzen zirelarik. Berezko zantzuez ezagutu zitezkeen beren lanak, mendearen bigarren erdian, oso desegokiro aipatuz, “Gotiko vascongadoa” esan izan zaiona eraginez.
Erretaulak eta eskultura solteak Araban
Harginlan platereskoak. Araban, gainerako beste euskal lurraldeetan bezalaxe, Errenazimentuko idealak adierazten dituen kalitaterik handieneko eskultura, kapitulu berezi batean aipatuko dugun espresibista eta erromanista esan behar omen zaien estilistikako bi uneetan egindakoa da.
Baina, kontua da taila hauen mazoneriazko markoek sarritan bazutela artean egitura platereskorik. Beraz, ez da erraza zehaztea zein eskultura eta zein lanekin igarotzen den estilo batetik bestera. Nolabait ere zehatzezintasun hau gainditzeko, aldikako antolamendu honetan, irizpide kronologikoei jarraikiko gatzaizkio, batez ere.
Kanpotik ekarritako aleak
Irudiak. Araban, eskulturazko Lehen Errenazimentua, gainerako beste euskal eskualdeetan bezala, Europa iparraldetik ekarritako aleen bitartez hasiko zen.
Hauxe gertatu zen Arrosarioko Ama Birjina txikiarekin (0,41 m); tradizioak dioenez Flandestik ekarri zuen 1510ean Diego Martinez Maestukoak eta egun Katedral Zaharreko bere kaperan jarria dago. Gauza bera esan daiteke Santa Urtsula eta bere lagun martirien soin-erliki-ontziaz ere (c. 1520‑30), Gasteizko eliza baterako izendatu eta gaur egun Arte Ederretako Museoan ikusgai daude.
Izen Gozoko erretaula. Iparraldeko lurraldeetatik erretaula oso‑osoak ere iritsi ziren: horien artetik bereiziko dugu lehen katedraleko Santa Anaren kaperako Izen Gozo deritzona, gaur egun Gasteizko Elizbarrutiko Museoan dena. Erretaula misto bat da (margoturiko hiru taula bankuan eta sei erliebe gaineko gorputzetan), 1550ean egina, erdiko goieneko hutsunean, garaipen arku baten azpian Mariaren Loaldia duen Andre Mariaren egitarau osoa garatzen da eta Anberesko eskolaren arrasto ugarirekin apainketa platereskoaren eta errenazimentuko imajinagintza flamenkoaren bateratze fin hau garrantzizkoa da bertako ertilariengan sortu zuen eraginagatik, batez ere.
Errenazimentuko gotikoa
Guardiako San Joanen Kalbarioa. Hispaniar estilo flamenkoak XVI. mendearen lehen herenean zehar iraun zuen, gorpuzkera eta janzkeren xehetasunetan areagotuz joan zen, pixkanaka jaiotzen ari zen arrastoa Guardiako San Joanen Kalbarioan ezagut daitekeen bezala, XVI. mendean zabaldu zen gurutzaduraren garaikidea ziur asko, «gotikotasunaren garaitzearen» lekuko gisa aurreko kapituluan aipatu genuen multzoarena.
Une honetan bertan aipatuko ditugu Iurre, Axpuru eta Artziniegako erretaula gotiko errenazimentukoak.
Gogoan izateko beste erretaula batzuk, garrantzizkoenak besterik ez aipatzearren, Done Bikendi Haranakoaren, Obekuriko San Joan Bataiatzailearen, Aberasturiko San Estebanen (c.1531) erretaula nagusiak nabarmentzen dira, harginlan plateresko aberats eta harmoniatsuagatik eta imajinagintzaren xalotasun biziagatik.
Aberasturiko erretaularen Bezerril eskulturagileari Joan Balmasedaren lanaren antza hartu izan zaio.[16] Argantzungo (egun Burgosko probintzian) erretaula nagusia zenbait arrazoiengatik da bereziki garrantzizkoa: bere tinpanoak bukaeran duen egitura zorrotzagatik, Birjinaren bizitzako aldi osoa bertan duelako eta bankuko taula galantetan azaltzen diren Adan eta Evaren irudiengatik.
Hilobiak
Eskulturagintzaren historiak, errenazimentu garaian ezin utziko du alde batera hilobi eta hobi hutsetako artea, berau izanik errenazimentuko indibidualismoaren hizkerarik adierazkorrenetakoa.
Aldi horretan, baliabiderik zuena heriotzatik deabrua aienatzen saiatzen zen hilobi arranditsuen bitartez.[17] Jada azaldu zen platereskoaren mintzaira –putti‑ak, arrabak, argimutilak eta abar– isabeldar osagaiez –ezkututxoetan eta filakterietan– artean nahasian bazen ere, zenbait oroitzapenezko erramu-koroetan.
Baina errenazimentuko gauzarik adierazkorrena da arkusoliopeko hilobia, etzaniko irudia eta apainketa ugaria duena; delako hilobi hau XV. mendean Italian asmatu eta Espainian bere lehen ekarpena, Toledoko katedralean dagoena, Diego Hurtado Mendozakoa kardinalaren hilobi deigarriarena izan zen.[18]
- Arabari dagokionez, berriz, aipa ditzagun:
- Alvaro Diaz Eskibel eta bere emaztearena, Gasteizko katedral zaharrean dagoena,
- on Martin Saez Salinaskoarena (c.1530), hau ere Gasteizko katedral zaharrean;
- Gasteizko San Pedro elizan dagoen Migel Estellakoarena (c.1540),
- eta Gatzaga Buradongo Akuñako Joana Anderearena.
Bereziki ikusgarria da Arriagatarren hilobi-arku ala kapera (ez arkusolioa) (1530) Joan Herbetakoak eta Martin Azurioko harginek landua, gaur egun Gasteizko San Migel parrokiako kapera nagusiko alboko horma‑alde baten aurrean jarririk dago, irudi plateresko ugariz ederturik eta Piztueraren eszena adierazten duen erliebe eder batez koroaturik. Gogora ditzagun garai horretako giro humanistan “garaipen arku” formako egiturarekin kapera honek sortuko zituen oroitzapenak.
XVI. mendeko eliza gipuzkoarrak
Handitzeak arkitekturan. Araban bezala Gipuzkoan, XVI. mendeko lehen erdian eraikuntzan beroaldia sumatu zen. Mezenas entzutetsuen eskuzabaltasunagatik plateresko errenazimentuak leku gutxi batzuetan utzi zizkigun ale bikain batzuez aparte, Gipuzkoako hiribildu gehientsuenetan egindako lan arkitektonikoek ez dute ia ezer bereziki artetzat har daitekeenik (berehala aipatuko ditugu).
Ia beti obra horiek lehengo elizen handitzeak izaten ziren, eta horrek arazo ekonomiko serioak eragiten zizkien nagusi eta etxezainei, Kontzejuei eta gainerako auzokideei, sarritan beren ondasunak zeregin horretan arriskatuz. Tratuen arabera ezin ordaindu zirelako, hagin-maisuek hasitako eraikuntzak bertan utzi eta beste norabait lanera joan beharra sarritan gertatu ohi zen kontua da.
Gipuzkoan eliztarrak elizaren handitzea eskatzera bultzatzen zituen erlijio berotasunak ez zuen nahikoa ematen filigrana platereskoz egiten zen hartaz baliatzeko adina, ezta zenbait eraikin-zatitan egiteko ere, hala nola, kaperetan, atarietan, koruetako kalostretan ala mentsula eta kapiteletan, Arabako beste eliza garaikideetan egiten ari ziren bezala. Azken gotikoa. Gipuzkoako errenazimentua liburuan, Mª Asunción Arrazolak kapitulu bat eskaintzen die era horretako elizei, eta, nolabait ere, gai honetan sartzeko balio duen kapitulua da, zeren eta oso gutxi baitaukate aipaturiko elizek errenazimentuko kutsutik.
Oiartzun, Zumaia, Lezo eta Ordiziako parrokia-elizak eta Itziarko santutegia –landa-giroko zenbait eliza ez aipatzearren– bat datoz azken gotiko mota berarekin.
Denak ere:
- habearte bakarrekoak dira,
- gurutzadurarik gabeak normalean,
- estalgarriaren antolaketa, aldiz, hormak berak eta berauei atxikiriko pilastrak izan ohi direlarik eusgarri, batzuetan zutabe sortak osatuz,
- barruko pilastrei kanpoaldetik horma‑bular prismatiko sendoak egokitzen zaizkie, multzo osoari itxura astun eta serio emanaz, - estalkiak gurutze-gangak dira, batzuetan izarrezkoak eta konkordunak.
Estilo berri baten aldarrikapena. Egia da elizak handitzeko ahaleginak, esparru huts zabalak sortzeak eta gangetako nerbio-sareak pixkanaka korapilatzeak iradokitzen eta aldarrikatzen dituztela laster “eliza‑areto” izango direnak. Aipatutako elizen luzera normalean 25 m eta 30 m inguruan ibiltzen da; eta beren zabalera 15 m inguruan. Esanguratsua da handiranzko joera hau, izan ere, beronek pentsarazten du estilo berri bat ari dela sortzen.
San Telmo Monasterioa Donostian
Eraikuntzaren historia
Donostian, San Telmo monasterioaren fundazioa eta eraikuntza “historiaurre” luzea izan zuen lanbidea izan zen.[19] Domingotarrak XVI. mende hasieran jada galdegina zuten Probintziaren hiriburuan kokapena hartzeko nahia. Karlos enperadore gaztearen gorteak bultzatua zela zirudien nahia bestalde, baina, elizgizon zenbaiten eta hiriburuko elizgizon batzuen ukazioa oztopo izan zuten. Domingotarren Ordenak ordezkari bat hautatu zuen 1520‑1530 urte bitartean fundazioarentzat egokiak izango ziren lurrak erosten biziki jardun zuena. Aginpidean zegoen erregina Isabel Portugalekoa 1530ean egitasmoaren alde azaldu zen eta erreginaren borondate horren babesle Martin Santxez Araiz erregearen kontatzailearen urrats onak berehala elkartu ziren.
Domingotarrek XIII. mendeko santua zen Pedro Gonzalez Telmo Palentziako santuaren izenpean jarri zuten komentua; Formiako gotzaina eta IV. mendeko martiri hau marinel eta itsasgizonen zaindaria zen. Egitasmoak ez zirudien portura iritsi behar zuenik, Enperadorearen Estatuko Kontseiluaren idazkaria, Tolosako Alfontso Idiakez, Gartzia Olazabalekin ezkontzeak ekarri zuen senar‑emazte hauek proiektuari sendo heldu (1539) eta zailtasun handienaren konponbidea –diruarena, alegia– bere errenta kopuru handiei norabide oparoa emanaz.
Hainbat urte behar izan zituzten fundazioaren estatutu juridikoak egiteko eta trazaren egitasmoa Aita Martin Santiago arkitektori eman zitzaion, hau da, Salamancako San Esteban komentuan bizi zen eta hiriburu horretako Monterrey Jauregian Rodrigo Gil Hontañonekoarekin esku hartu zuenari. Komentua, klaustroa eta eliza eraikitzea zen proiektua eta bi tratu egin behar izan ziren horretarako (1544 eta 1547an). Lanak oso geldiro abaitu ziren 1544an.
Aita Martin Santiagoren diseinua burutzeko 1547tik 1550era behar izan ziren hargin-maisuak lau izan ziren: Domingo Arantzaldekoa (Donostiakoa), gerora Errenteriako elizaz arduratu zena, Martin Gorostiolakoa (Aiarra), Tolosako Santa Mariaren diseinua egin zuena, Domingo Estalakoa (Hondarribikoa), Berastegiko eta Irungo elizaz arduratu zena, eta Martin Axobingoa (Donostiarra).
Beranduago, Alfonso Idiakez hil ondoren bere alargunak jarraitu zuen egitasmoa ordaintzen baina, fraideengan utziz egitasmoaren antolaketa eta kudeaketa. Lanak zuzentzera 1551 eta 1562 urte bitartean beste maisu batzuk –Martin Barbukoakoa eta Martin Sagarzolakoa– sartu ziren, 1562an bukatzeko.
Domingotarren eliza eta klaustroa
San Telmoren zaharberritzea 1928‑1932 urteetan zuzendu zuen Frantzisko Urkolaren ustez, Gipuzkoan “isabeldar arkitekturaren ale bakarra da”. Egia da bai, hispaniar gotikoa gogorarazten duten osagaiak badituela; baina, eraikinaren fatxada serioaren aurrean jasotzen den bihozkada nagusia berpizkundeko aztarna garbiarena da.
Eliza. Bere ojiba-arkuen estalki gotikoa eta eusgarri zilindrozko gurutze-gangekin –“sekulako zutabeak” dituena, Jovellanosek bere Diarioan esan zuenez– eta barrunbeko batasun joeraren elkartasun artistikoagatik da bereziki interesgarria.
Gurutzadura balitz bezala, presbiterioaren gertuko tartea zabaltzeak iradokitzen du elizaren oinplanoa gurutze latindarraren tankerakotzat har litekeela. Habearte nagusiak luzeran baditu 48 m eta 10 m zabaleran eta 20 m garaieran.[20] Chueca Goitiak “sekulako eraikin bezala izendatu du, baina soila, nabarmentzeko bikaintasunik gabea”.
Gaur egun, 1998.ean zaharberritu ondorengo San Telmon, bereziki zatirik ederrena klaustroa da, Salamancako San Esteban komentuan inspiratutakoa ziur asko.
Beheko solairuak horma‑bularren artean leihate zabal eta xumeak ditu, Rodrigo Gilen estiloko mainelen ordezko zutabetxoekin eta idi-begiekin; goieneko solairuan, errenazimentuko barru-bide jatorra du, arkuetan zenbatekoa bikoizturik.
Salamancako osagaiak kontutan harturik, Aita Martin Santiagoren planoen arabera Joan Santisteban maisuak burutua izan zen. Ez da ziurra gaur egun miresten dugun eta zorionean gorde den klaustroa Salamancako fraidearen lehen diseinua denik zuzen-zuzenean. Fernando Mariasen ustez, Aita Martin Santiagoren diseinua urrutitik egina izan zen, eta ez zen oso osorik gaur egun ikusten dugun bezalakoa. Haren beste iritzi baten arabera, San Telmo multzo osoaren ernalkuntza luzea eta beronen bukaerako kronologiari buruz dagoen ilunpeak sumarazten du Gil Hontañon 1556tik esku hartua izan daitekeela klaustro gainaren diseinuan.
Dena dela, Aita Martin Santiagoren San Telmo elizako diseinuak Joan Arabakoak Salamancako San Esteban monasterioan egin zuen birmoldaketara bideratzen gaitu, beharrezko aldagairen bat eginda, jakina.
Klaustroa. Klaustroari dagokionez, Mariasek zera gogorarazten digu, lur sailaren baldintzek eragotziko zutela klaustro erabat ortogonal baten eraikuntza eta haren oinplanoaren irregulartasun logikoa eta bere barru-bideen ondoriozko asimetria. Bestalde, klaustroan ikusten ditu “Alfonso Cobarrubiasen Taverako Ospitaleko irtenbidearen oihartzunak, baita klaustroan Ocañako Domingotarren patio garaikidean ere”, horrela adieraziz “Aita Martin eraldatze une oso garrantzizko batean zela, nahiz Gaztelan, toledoarrak ez zituen mintzairaren baliabideak menderatzen sartu zituen simetria eta koherentzian”.[21]
Antzeko klaustro bat, baina goieneko barru-biderik gabea eraiki zen Gasteizko Domingotarren komentuan. Klaustro hauek multzo bat osatzera iritsiko ziren XVI. mendean, Mª Asunción Arrazolak iradokitzen digun moduan, Domingotarren klaustroak izenez aipa daitekeena da.
Hiribildu plateresko bat: Oñati
Konderri feudal bat izan zen Oñati, Gebaratarren menpekoa; baina hiribilduaren agintaritza XIV. mendetik bederen bere udalerriko Kontzejuaren esku egon zen, Alkatea buru zuela. Gebarako kondeak eskubide zibil eta militarrak bazituen eta honen eskumen eta jarduera zela-eta, behin eta berrizko gatazkak izaten ziren hiribilduko biztanleekin. Oñati, bandoen garaian, ermandadetatik kanpo geratu zen; Jaurerri hiribildua izaten jarraitu zuen, harik eta 1845ean behin betirako Gipuzkoako probintzian sartu zen arte.
Bidaurretako Monasterioa
Aurreko atal batean aipatu dugu herriko seme batek, on Joan Lopez Lazarragakoak, Isabel Katolikoaren diruzaina izan zenak eraikia izan zela Bidaurretako monasterioa 1510ean, Gipuzkoako lehen moja monasterioa.[22]
Komentua eta eliza. Bai elizan eta bai komentuan gotiko estiloa da nagusi. Bere diseinua Kantabria aldeko maisu Juan de Ruesgak egina da, hark gidatu baitzituen lanak 1510ean hasi zirenetik 1520ra arte, bere ordezko Pedro Gartzia Olabekoak ordutik aurrera jarraitu zuelarik. Eraikuntza-lanak izugarri luzatu ziren, fundatzailearen ondasunetatik errentak ziurtatuak izanik ere, ez ziren aski izan, honek, erabateko soiltasunez eta handinahi guztiak alde batera utzita eraikitzekoa borondatea baldin bazuen ere.[23]
Moja klaratarrentzat bizitzeko behar ziren gelez aparte, egiturako osagaietan oso soila zen klaustro zabal bat eraiki zuten: zurez eta adreiluzko arkuez.
Erretaula. Hemen gehien axola zaigun pieza erretaula da. Zizelkatzen saiatu zirenean, jada iritsiak ziren errenazimenduko aireak. Eta fundatzaileak bere testamentuan ikonografiari buruz finkatu zituen arau zehatzei ez zitzaizkien lotu egileak. Orain berriki zaharberritu den lehendabiziko erretaula hori (beranduago, gaur egungo barroko estilokoa jarri zen bere ordez) gurutzaduraren eskuineko besoan azaltzen da.
Gipuzkoako lehen erretaula plateresko da. Oraintsu arte uste izan da, Joan Lopez Lazarragakoak bere testamentuan agindu zuenaren arabera, erretaula hori Busgosen landu zela (gaur egun ezezagunak diren eskuez) eta ondoren ekarri zela Oñatira. Oraintsu aurkitu berriak diren agiriengatik baiezta daiteke erretaularen egilea urte horietan (1532‑1533) Oñatiko San Migel parrokian Errukiaren kaperan ari zen Joan Martinez Olazarango oñatiarra izan zela.[24]
Bost kale eta bankua (edo predela) duen bi gorputz dituena da erretaularen egitura. Irudiak erliebean landuak dira, taila oso fin batean. Bankuan, lau multzotan (alde bakoitzean bitan) Apostoluen eginak kontatzen dira; lehenengo solairuan, Andre Mariaren historiaren lau eszena; hirugarren mailan Kreazioari eta Adan eta Evaren bekatuari buruzko beste lau eszena. Erretaula Kalbario eder batez amaitzen da.
Edergarritako osagaiek ederki baieztatzen dute plateresko estilo ausart eta garbiena: maskorrak, kalostrak, gruteskoak eta protoerrenazimentu espainiarreko beste osagai ugari.
Fundatzaileak alboetako kaperak eta erretaulak egin zitezela agindu zuen; baina, inoiz eginak izan baziren ere, gaur egun ez dira azaltzen. Arrosarioko kaperan ikus daiteke, soilik, Andres Urgoitiko eskulturagileak landutako XVI. mendeko Errukiaren multzo bat.
San Migel Parrokiako platereskoa
Aurrez ikusia dugu Oñatiko San Migel parrokia XV. mendeko lehen urteetarako hasia zela eraikitzen. Baina, berari bukaera ematea lantegi luzea izan zen, azken gotikoaren aztarnak utziz joan zena; esaterako, klaustro ederrean Ubao ibaiaren gainean du balkoi korritu alai bat, On Rodrigo Mercado Zuazola gotzaina eta ongile eskuzabala zenaren bizkar, Pedro Lizarazukoa oñatiarrak XVI. mendearen bigarren herenean burutu zuen balkoia; aurreko atalean aipatu genuen lana.
San Migel parrokia-eliza Errenazimentuaren mendeko estilo aldaketaren erakusgai ederra da, izan ere, gotikoaren taupadak oraindik bizirik zeuden harri horien ondoan platereskoaren ale ederrak ikus daitezke.
Estilo berriaren zantzu batzuk, lotsati antzean, pulpituan ikus daitezke adibidez; platereskoak Espainiako hiri nagusietan ale ikusgarri ugari hedatzen zituenean, eta mende honen bigarren erdikoa zen Martin Iragorrikoa eskulturagile oñatiarrak, errenazimentuko sentiberatasuna erakutsi zuen. Pulpitu honek baditu apaingarri platereskoaren xehetasunak bere kalostrari eusten dioten zutabe txikietan. Alboko habeartearen eta klaustroaren arteko atean ikusten da, era berean, agian eliza honen errenazimentuko arkitekturaren lehenengo osagaia izan litekeena.[25]
Errukiaren kapera
Baina, estilo berria Errukiaren Kaperan sumatzen eta gozatzen da ongien, han mirets baitaitezke sortzaile izan zen gotzainaren gorpuzkiak dituen hil kutxan, erabateko soiltasunez landua denean ez bezala, kalitate handieneko eskultura-lanak. Hil kutxaren gainean on Rodrigo gotzainaren heriotza data irakur daiteke: 1548. Baina, kapera honetara datorren ikuslearen arreta hil-kutxan ez baino, beste hiru puntutan kokatzen da: erretaulan, burdin sarean eta sortzailearen mausoleoan.
Burdin saregintza. Kapera, aurrealdetik eta aldare aurrera ematen duen aldetik bereizten duen burdin sare bikoitza benetako harribitxia da alor horretan. Egilearen berririk ez da ezagutzen. Burdin sare hau nagusiaren nahierara landua izango zen –bizirik zen bitartean egina, inola ere–, idazkun batean data irakurri baitaiteke: 1535.
Aurrealdeak berak 7 m x 8 m neurtzen du gutxi gorabehera. Hiru espaziotan bereizitako bi gorputz horizontalez osatua da; ateak betetzen du erdikoa.
Ate gaina burdinazko benetako filigrana bat da. Hilobiratze Santuaren taldeak osatzen du, arku artistikoaren azpian eta muturretan kanpaitxoak dituzten kimu finez eta irudimenezko sugeez apainduriko plateresko bikaina. Guztia gailurreria handiz amaitzen da, eta zatirik garaienean Mercado gotzainaren armarria dago.
Mausoleoa. Baina, kaperaren gauzarik erakargarriena hil-kutxaren aurrean aurkitzen den mausoleoa da. Egileari buruzko agiri guztiz frogagarririk gorde ez bada ere, 1525‑1530 urteetan Mercado gotzaina eta Diego Siloekoarekin Granadan aldi berean tokatu izanak eta ikonoetako gaien zein egitura estilistikoen azterketak ikertzaile gehientsuenak eraman ditu ziurtasun honetara: egilea Diego Siloekoa da; urte haietan, Oñatin ibilia zela gauza jakina baita.[26] Inolako zalantzarik gabe, erretaula Granadan landu zen, Filabres mendilerroko marmolaz.
Mausoleoak errenazimentuko lan baten ezaugarri guztiak ditu. Erdiko zatia, erdi-puntuko hil-kutxa gotzainaren irudiak betetzen du, belaunikaturik eta atzean familiakoren bat duela, berau ere belaunikaturik eta bere ondoan santaren bat ala alegiazko irudia, babesle-jarreran.[27]
Erakarmen eta edertasun bereziko taldea da. Idulkia duen basamentu gainean dauden lau zutabe korintiarrez osatzen den antolaketa arkitektonikoa da; euren artean daude gotzainaren irudia estaltzen duen arkua eta horma-hobiak; behean, gotzainaren goraipamenezko hilartitza latinezko bost neurtitz bikoitzetan, hiru lehoi gainetan grabaturiko txartel batean, erdikoa aurrez aurre eta zeharkako jarreran, besteak.
Adan eta Evaren irudiak ikusten dira arkuarteetan eta arkuaren alde banatan, bata bestearen gaineko bi horma-hobi, lau ebanjelarien irudiak estaliz kalostrazko zutabeak alboetan dituztela.
Goieneko multzoan fundatzailearen armarria eta gainean Haurra duen Birjinaren irudi bat zizelatu ziren. Alde banatan San Pedro eta San Paulo; multzo osoari amaiera emanaz Jainko Aitaren irudia duen domina handi bat.
Alde guztietatik eta zerrendak, proportzio egokitako egitura honen zutabeak eta taulamenduak alaituz fruitu, mamu, aingeru eta dominak sortetan ikusten dira; sinbolo-irakurketa zaila duen xehetasunezko platereskoa.
Erretaula. Mariaren Errukiari eskainia dago. Gipuzkoan ikus daitekeen platereskoaren hoberenetakoa da estiloz. Baditu bost kale eta triangelu-formako frontoia duen atiko batez amaitzen diren hiru gorputz. Gaspar de Tordesillas Valladolideko eskulturagilearekin tratua egindakoa izan zen, eta bera arduratu zen muntaketaz eta edertzeaz.
Imajinagintzan, aldiz, bertako zenbait eskulturagile aritu zela ikusten da: Joan Aiarakoa, Gasteizkoa, Martin Iragorrikoa, Andres Mendigurengoa eta Joan Olazarangoa, Oñatikoa.[28]
Pierres Picart‑ek esku hartu izana ere litekeena da.[29] Weise eta Camon Aznarrek erretaularen apaintze-alderdia baino ez badiote uzten ere Tordesillasko honi, irudien plastikan zuzen-zuzeneko esku-hartzea, a priori behintzat, ez zaio ukatu behar; zeren eta, 1536an amaitutzat eman zuen Valladolideko ertilariaren trebezia bai baitauka honek eskulturan.
Erretaularen egiturak azken gotikora eramanarazten du pentsamendua, baina edergarrien eta irudien taila-lana (Birjinaren bizitzako eta Kristoren Nekaldiko eszenak) errenazimentu bete-betekoa da. Alde guztietan agintzen dute gruteskoek, marrazki benetako oparo eta ugarietan. Nahiz eta egia den gotikotasun bat badela Nekaldia kontatzen duten erliebeetan Aialako Joan II.aren oso tankerakoa den irudien eta karikaturatik gertuan dauden aurpegi batzuen nahasmenduan; hala ere, badira jakinduria eta fineza handiz tailaturiko irudiak ere, besteak beste, Nekaldiaren erdiko multzoa, oihalgintza bikaina eta oso ongi zainduarekin.
- * *
Eskulturak. San Migel parrokia berean, aldare barroko batean, zorionez badira lau eskultura, Bataiatzailea, San Jeronimo, San Frantzisko eta Santa Marinaren irudiak, eta inolako zalantzarik gabe XVI. mendearen lehen erdikoak dira. Gotikotik jasoa dute adierazpenean duten indarra, baina, giharren adierazpen zuzenak eta janzkera aske eta malguek Lehen Errenazimentuari ireki zaion eskulturagile baten eskua agertzen du.
Sancti Spiritus Unibertsitatea
Historia eta egileak
On Rodrigo Mercado Zuazolakoa gotzainak, bera jaioterriko hiribilduan kultur maila handitzeko nahiak bultzaturik erabaki zuen Unibertsitate hau sortzea, 1540ean, eta Aita Santuaren (Paulo III.aren) bulda batez onartu zen proiektua. Erakunde honek gorabehera ugari eta era askotakoak izan zituen. Dekretu bidez 1807an desagerrarazia izan zen, ondoren Karlistek berreraikia, baina 1842an berriro ezabatu eta Bigarren Mailako Institutu bihurtu zen. Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarraren agertoki izan zen 1920ko irailaren 1etik 8ra. Gaur egun eraikin honetan Gipuzkoako Protokolotako Agiriak gordetzen dira.
Eraikina oso ongi zaindu dago, zorionez, mendeetan zehar hainbat eginkizunek eragindako beharretara egokitzeko aldaketa batzuk nozitu baditu ere. Hispaniako Lehen Errenazimentuko ederrenetakotzat hartu behar da, ezaugarri tekniko eta estrukturalengatik penintsulako platereskoaren ikusmira zabalaren barruan berezia gertatzen delarik.
Eraikinaren plangintza egiterakoan, oso litekeena da Mercado Zuazolakoa sortzailea aritu izana aginduak ematen; zeren eta Zuzenbidean, Matematikan eta beste zientzietan ezagutza zabala zuen humanista handia izateaz gain, penintsulako[30] beste toki batzuetan ardura handiko lanetan aritu baitzen eta horrela beste unibertsitateetako (Santiago, Salamenca, Valladolid) ikastetxeak ezagutu ahal izan zituen, Oñatikoan oso garbi ikusten delarik beroien oinplano eta funtzioen banaketan bat datorrela. Baina, dokumenturik ez dagoenez, arkitekto diseinugilearen izena ezezaguna da oraindik ere, Diego Siloekoa eta Rodrigo Gil Hontañonen izenak iradoki badira ere.[31] Domingo Guerra maisua izan zen honen arduraduna orokorra, Errukiaren kaperan jada gotzainarentzat lanean aritua zen.
Deskribapena
Oinplano zertxobait angeluzuzenekoa da eta 1.732 m karratu dituen eraikinak baditu bi solairu, klaustroko eskaileradunak, harrizkoak, kalostra xumeekin, baina mudejar kasetoidura bikaina, klaustro handia eta kapera dituena. Garai modernoetan beste eskailera bat eraiki zaio sarrerako sotoan, ate nagusiaren aurrez aurre.
Fatxada. Eraikinari izaera ematen diona Unibertsitatearen fatxada da, agian. Hiru gorputzez egituratua da. Erdikoak du ataria, oso ongi apaindurikoa. Hemen, tenplete modura apainduriko bi horma‑bular mardul agertzen dira, tradizio gotikoan bezala, zokalo dotoreen gainean, korintiar ordenako horma-hobia bi, gailur handiz bukatzen direlarik.
Gauza da litekeena dela Salamancako Santa Gurutze Ikastetxeak bideratzen laguntzea, izan ere, aurrealdean nabarmentzen diren horma‑bularrak ikusten baitira han eta Pierres Picart eskulturagilearekin tratua sinatzerakoan aipatu baitzuen on Rodrigok. Jaiotzez frantsesa zen eta Oñati hiribildukoa zen Elorduiko Katalinarekin ezkondu eta bertan kokaturik Euskal Herriko zenbait herritan lanean jardun zuen ertilari hau izango zen fatxada honen apainketa-lanaz arduratu zena.[32]
Aurrealdearen erdiko gorputzak altuera berean jarraitzen du, alde batera eta bestera, eraikinaren ertzetan, erdikoak baino oraindik ere dotoreagoak diren bi horma‑bular edo pilastratzar dituen dorre moduko bi gorputzekin elkartu arte. Chueca Goitiaren ustez, pilastratzar hauek (1545) eraikitzeko Pierres Picart‑ekin tratua egin zenerako egina zen ataria eta, egiturazkoak ez baino, apaingarritako soilak diren hauek eraikitzeko Valladolideko Santa Gurutze Ikastetxeko horma‑bularretan inspiratuak dirudite. Errenazimentuko ideia zuzenekin bat eginez, dorreek altueran proportzioa gorde zezaten eta gorpuzkien simetriazko araua salba zedin Pierres Picartek jarri zuen ardura agertzen duten dokumentuak gelditu zaizkigu.
Ekialdeko dorretzarrari ezarrita, gerora desagertu zen atarte bat eraiki zen ekaitzetik babesteko.
Multzoa klasikoa da, baina alboko dorreen kokapenean nahiz alde bateko eta besteko horma bularretan, beren liraintasun eta garaieragatik, gailurreria gotikoaren aztarnak ikus daitezke. Estilo klasikoaren aurka doan apainketa ugarian, estatuen mentsuletan, zutabeen fusteetan, zerrendetan eta gustu zoragarriko erremateetan, batez ere, eragin hori nabariagoa gertatzen da. Espazioa betetzen duten estatuak, gruteskoak eta erlaitzak ugari izanagatik egitura arkitektonikoa ez da ezkutatzen.
Idulkietako zokaloetan Herkulesen balentriazko gaiak dituen erliebeak ikus daitezke: Nemeako lehoia itotzen, suge itxuran giza burua daraman Aqueloorekin borrokan, Anteo garaituz. Atetik gertueneko erdiko zokaloan, Zentauro bat azaltzen da lepa gainean neska gazte bat daramala: Deyanira‑ren bahiketa.
Atarian, arkubarnerak kasetoiak dituen erdi‑puntuko arku handi baten azpian, on Rodrigo gotzainaren otoitz jarrerako irudia ikus daiteke. Eskultura multzoa, parrokiako Errukiaren kaperan dagoen mausoleokoaren oso antzekoa da, baina hemen, gotzainaren irudiaren ondoan han dagoen morroia ala familiartekoa falta da.
Arkuarte eta janbetako osagai apaingarriak, baita nitxoetan sarturik dauden eskultura irudiak ere edertasun handia erasten diote atari honi plateresko aldiko errenazimentu ukitu nabarmena emanaz. Ataria, goieneko aldean Karlos V.aren armarri handi batek errematatzen du.
Hormak harlanduxko zakarrekoak dira, harlandu aberats eta apaindutako zatiak eskulanean duen fintasunarekin kontrastatuz. Ikonografia. Hemengo horma-hobien barruan, beharrezkoa zen sinboloez ala martiritzako tresnez aurrealdearen pilastratzarrak apaintzen dituzten birjinen ala santen irudien ikerketa oso bat egitea. Mª Asun Arrazola, Ael eta beste ikertzaileek jada hasitako ikonografiazko lan hori Montserrat Fornell‑en eskutik ia guztiz osatu da oso modu sakonean.[33] Eguraldiarengatik irudiak higatuak dauden arren, gaur egun historiako lagun harietako batzuk ezagut daitezke, batzuengatik alegiazko irudiak ote direlako zalantza airean geratze bada ere. Maria Birjinaz gainera, Santa Barbara, Santa Ines, Santa Apolonia, Santa Katalina, Santa Maria Egiptoarra, Santa Maria Madalena, Santa Elena, Santa Urtsula, Santa Dorotea eta hauetaz gain, Itxaropenaren eta Karitatearen alegiak ezagutu dira.
Kaperako erretaulak ez du agian eliza kategoriarik merezi, Salamancako Fonseca‑ren modura, gurutzadura eta arku zorrotza duen habearte gotiko txiki eta soil bat baita; baina badu errenazimentuko erretaula aberats eta jori bat. Ez dago erretaula horren egileari buruzko dokumenturik, baina Weise eta beste ikerlari batzuen ustez, Pierres Picart‑ena da, azterketa estilistikoagatik eta dokumentuetan berea dela azaltzen den San Martin ermitako erretaularekin duen antzarengatik.[34]
Erretaulak badu predela eta bi mailatako atiko batean bukatzen diren hiru gorputz. Kaleak zazpi dira lehen bi gorputzetan, eta bost hirugarrenean eta atikoan. Irudi guztiak daude nolabait ere erdi aldeko kalera begirako joeran bideratuak.
Profeta irudiak ikusten dira bankuan. Erdiko hutsarteetan, San Migeli eskaini zaio lehenengo gorputzean, Mendekosteri bigarrenean eta Mariaren Jasokundeari hirugarrenean.
Lehenbiziko bi gorputzetako kaleak, erditik gertuen daudenak lau ebanjelarientzat gorde ziren eta gainerakoak hainbat santu eta gotzainentzat. Hirugarren solairuan Jasokundeko Birjinaren alboetan San Sebastian eta San Gabriel ikusten dira alde batean eta San Roke eta San Rafael bestean. Laugarren gorputzean, arkitekturaz egokitu ahal izateko oso neurri txikian eginikoak dira on Rodrigo Mercadoren armarria eta zenbait soin-enbor.
Azkenik, aparatu izugarri hau koroatuz, erdi-puntuko arkusolio handi batean Betiereko Aitaren irudia dago serafinez inguraturik.
Plateresko estiloak agintzen du erretaula osoan. Gruteskoetan, zutabeetan, kalostretan, dominatzarretan eta irudietan ikusgarria da edergarrien aberastasuna.
Alde guztietan azaltzen da on Rodrigo gotzainaren armarria, apaingarritako osagai izateaz gain, Unibertsitatean bere lanaren lekukotza egiten dute aldi berean. Armarria, urdin ilunezko zoru baten gainean urrezko zerrenda batez erdibituriko bi eguzkiz eta elezahar batez osatzen da: Ad iustitiae Xpo. Deus noster a solis ortu usque ad occasum.
Kanon ez oso liraina, gorpuzkera menderatze zuzena, keinuetan adierazpenerako joera eta gorputzen mugimendurako jarrera dira Picart‑en irudien ezaugarriak.
Klaustroa. Unibertsitateko ikastetxe honen ale eder bat klaustroa da.
Sarrerako ate gainean latinezko idazkun batek sortzaile izan zen gotzainaren izena gogorarazten digu berriro ere, titulurik gogokoenak zituen –Avilako Gotzaina, Nafarroako Erregeordea, Granadako Lehendakaria– eta lanaren amaiera data ondoan duela: 1548ko otsailaren 4a. Moldura finez apainduriko bere erdi-puntuko arkuak, kapitel klasikoak eta bere zutabeetako idulki atikoak, dominatzarretako soinak eta arkuarteak apaintzen dituzten armarriak, nahiz xurrutarriz koroatzen den hozkadurazko erlaitz zabalak klaustro hau Gipuzkoako errenazimentuko lanik onena bihurtzen dute.
Klaustroak bi solairu lotzen dituen eskailerak ditu. Xumea da barandaren kalostra eta berdin esan daiteke bi solairuen sabaietako apainduraz ere; beren kasetoien giltzarrietan Kristoren anagrama eta Gotzainaren armarriko eguzkia tartekatzen dira. Klaustroak egitura zertxobait angeluzuzeneko du; alderik estuenetan, sei arku ditu eta zazpi, besteetan. Arkuak eusten dituzten zutabeetan jakingarri bitxi hau ikusten da: zutabeetako bat bakarra dago bukatuta, sotoko atearen gertuko ilara paraleloan hirugarren zenbakia egiten duena; gainerako besteei azken ukitua falta zaie arkuarte eta fusteetan.
Klaustroa apaintzen duten biribilgu edo medailoiak 32 dira. Baina, buru guztiak ez dira ezagutu. Patioa edo aldabearen eraikuntza data gogoan izanik, oso erraz ezagut daitezke Karlos V.a enperadorea, Isabel enperatriza, Felipe II.a eta bere emaztea eta Portugaleko Maria. Mitologiako zenbait buruk ere ezaguna dirudi, hala nola, Herkules eta Deyanira, Ulises eta Penelope eta abar. Modelatu iaio eta urduri batez adierazia dagoen edertasun erdiragarria duen saila osatzen dute, Berruguete oroitarazten duen gaztelar eragina oso urrutian sumatraziz.
Oso deigarriak gertatzen dira Unibertsitateko kasetoidurak. Mudejar edergarriak dira. Dokumentatuak daude eta agidanean, jaiotzez Avilakoa zen Gibajak idatziz jasoarazi zuen 1552an on Rodrigo Mercado Zuazolakoak urrezko 1020 dukaten ordainetan eginarazi zizkiola Unibertsitateko kasetoidurak eta tratua egin zuen urte berean amaitu zituela lanak.
Pierres Picarten beste lan batzuk. Lehen esan bezala, Unibertsitateko lanen buru egin zen hargin-maisua Domingo Gerra izan zen arren, Oñatin bere izena hilezkor Pierres Picart bihurtu zuen.
Donostiako Santa Maria basilikako kapera batean gaur egun gurtzen den eta antzinako harresiaren horma‑hilobi batetik ekarritakoa dela ezagutzen den bake eta egonarriaren Kristoren egilea izan daitekeela ere askoren iritzia da.
Kristo honen beste oso antzeko bat da Oiartzungo San Esteban elizan dagoena.
Pierres Picart dokumentatu gabeko lan ugariren egilea izan zen bere bizialdi luzean, bai Gipuzkoan nahiz Nafarroan; ez eskulturagile modura soilik, baita burdin saregile eta brodatzaile gisa ere, aurrerago gogoratuko dugun bezala, garapen manierista erromanista alderako joeran. Hainbat arte ekimenetan ere esku hartu zuen, esaterako, lekuko, tasatzaile eta kontratista modura, Euskal Herrian erromanismoaren aurrelari handia izan zen Joan Antxietakoa hil zen urte berean, 1588an hil zen arte.
Beste erretaula plateresko batzuk Gipuzkoan
Kronologiako irizpide bati jaramon eginez agian, Lehen Errenazimentutik inportaturiko (lehentasunez piktorikoak, beraz) erretaula batzuk aipatzetik hasi beharko genuke, Bergarako San Pedro parrokiako San Migeletik adibidez; baina, delako lan hauek beste atal batean biltzea nahiago dugu, eta hemen bertan burututako eskultura adin berekoekin hastea.
Bergarako San Pedro. Camon Aznarrek “luxuzko erretaula platereskoa” izena jarri zion eta parrokiako zaindariari izenburua ematen dion honek bost kale eta atiko bat duten hiru gorputz ditu. Bankuan, lau ebanjelarien imajinak daude beren idazmahaien aurrean eserita eta animalia sinbolikoak ondoan dituztela. Eseritako San Pedroren irudiak betetzen du lehen gorputzeko erdiko nitxoa. Alboetako kaleetan Apostoluak daude lehen gorputzean; beste santu batzuk bigarrenean; Nekaldiaren eszenak hirugarrenean; eta atikoan berriz Kalbarioa.
Estilo ugaritasuna. Imajinagintza, gutxienez bi aldi desberdinetan egin zela erakutsi dute dokumentuek.
Ia irudi guztietan gotikotasun argi bat nagusitzen da; Kalbarioan bai behintzat; baina, San Pedroren erdiko irudiak itxura zurrunegia, espresiorik gabeko aurpegia eta proportzio gutxiko gorputz atalak ditu. Bistan denez, XVI. mendeko lehen hereneko irudiak dira.
Ondorengoak eta errenazimentuko kutsu garbia dute predela apaintzen duten Ebanjelarien imajinak: beren jarreretan arinak dira, gehiegi izateagatik buruetan proportziorik ez badute ere, beren janzkeren tolesdura biziengatik ederrak dira. Biurrun, Weise eta Arrazolak harreman zuzena ikusi die Gastiain eta Portugaleteko erretauletako irudiekin, hori dela eta bigarren aldi batean agian, irudi hauen egiletzat Joan Aiala II.a har daiteke.
Gainerakoan, artearen kalitatezko ugaritasun honen barruan, erretaulak merezi du plateresko izena bere mazonerien apaingarri jori eta bereziengatik.
Itziarko Ama. Gipuzkoako platereskoaren beste ale zoragarri bat da. Gaur egun bere jatorrizko osotasunean miretsi ezin duguna, 1718an eta 1893an nozitu zituen suteetatik geratu zena besterik ez, alegia. A. Felix Lopez del Valladok gehiegitxo ere goraipatzen du, dioenean “Itziarkoan platereskoaren arte fina bere betera iristen da”. Bere ustez, “badira Berruguete ala Antxietaren hoberenak adinakoak” buruak.[35]
Baditu bankua eta gain erlaizduna, lau gorputz eta bost kale, baita Kalbarioa duen atikoa ere. Imajinaginek Kristoren eta Birjinaren bizitzako misterioak adierazten dituzte.
Mª Asunción Arrazolak erretaularen egileari buruz zenbait historialarik bota dituzten iritziak oso zorrozki aztertu ditu, eta bere epaia emanaz eta adierazita dauden eszenen osaketa egiteko bi modu desberdin bereiziz bukatzen du; azkenean, bi ertilari ala hainbat lantegietan burututakoak direla uste izatera iritsi zen: “bat bera baita estiloa eta konposaketa, Argantzunekoarekin bat datorrena (erliebezko taldeak) eta bestea bigarren gorputzeko taldeetakoa: Deikundea, Jaiotza, eta Erregeen Gurtza, beste ertilari bat islatzen dutena edo bestela dezentez beranduagoko aldi bat”.
Lehenengoa, Oñatiko lanarekin hainbatean bat datorrelako Joan Aialarena izan daiteke. Konposaketa aurreratuago bateko eszenek Andres Araozkoak esku hartu zuela pentsarazten digute.
Nolanahi ere, Itziarko erretaularen arkitektura begiz jo ondoren, kalostradun zutabetxoen apainketa joria, argimutil, buru eta gruteskoak dituela ikusirik, bat‑batean jasotako zirrara ahaztezina da. Ugaritasuna, harmonia eta formen, profilen eta bolumenen konposaketa zuzena nagusi den igeltsuzko mazoneria konplexu hori moldatu zuena maisu handi bat zen.
Altzagako San Migel. Gaur egun Altzagako parrokian aurkitzen den erretaulari Idiazabalgoa esan beharko litzaioke, zeren eta hiri horretatik ekarria baita, bere ordez erretaula barroko bat jarri zutenean. XVI. mendeko lehen erdikoa da.
Predela baten gainean baditu bi gorputz eta atikoa, hiru kaletan. Erdikoan, eki-santuaren nitxo gainean dago zaindariaren irudia, San Migel goiaingerua; eta bere gainean, Betiereko Aita atikoan. Alboetako etxeetan, badira Ebanjelariei eskainitako erliebeak bankuan eta besteetan berriz, Gargano Mendian San Migel agertu zeneko eszenak.
Gotikotasuna falta zaio estiloari, adierazpena baino gehiago formen edertasuna eta dotorezia bilatuz. Hala ere, errenazimentukoa da mazoneria: txirla azpiko eszenak, zutabetxo kalostradunak, kerubinak eta gruteskoak.
Garagartzako San Migel. Arrasateko lau elizateetako bat den Garagartzako San Migelen erretaulak estimazio zertxobait baikorragoa mereziko luke agian, bere egitura oso antzekoa bada ere: bankua, bi gorputz, hiru kale eta atikoa. Erdiko nitxoan zaindariaren estatua falta da, aldare nagusira eraman baitzen, haren ordez, Bataiatzailearena jarrita.
Erretaula txikia da, urreztatuetan eta apainketetan Altzagakoa baino zertxobait aberatsagoa, eta gruteskoetan zein aingeru buruen joritasun handiagoagatik platereskoagoa. Erliebeetako imajinak Luzia, Katalina eta Agata emakume santu martiriei eskainiak dira; eta Gargano Mendian San Migelen agertzeari.
Estilistikoki errenazimentuko artearen aurrerapen bat dirudi, irudien jarrera eta mugimenduetan kalitate handiagoko verismoa duela eta.
Ezkioko San Migel. Aurreko beste bien antzera, Ezkioko erretaula ere San Migeli eskainia da, eta beroriek bezala XVI. mendeko lehen hamarkadatakoa da. Baditu bankua, hiru gorputz, hiru kale eta hauts‑babesa. Erdiko kaleko hiru nitxoak San Migel, Birjina eta Kalbarioari eskainiak daude. Beste nitxoetan Kristoren Bizitza eta Nekaldiko eszenak ikus daitezke.
Era askotako kalitate duena da estiloa, beharbada hainbat esku tailagilerengatik. Eseririk, koroatua eta aingeruz inguratua dagoen Maria Birjinaren erdiko irudia tailatu zuena iaioagoa zen. Beronen ondoan, Nekaldiaren gertaldiko irudiak aldea dute, gorputz-atalek buruekiko duten proportziorik ezaren axolagabetasunak areagoturiko adierazkortasuna. Arkitektura, platereskoa da inolako zalantzarik gabe.
Triptikoak
Normalean erretaulei buruz dugun ideiari erantzuten ez badie ere, hemen aipatu beharko lirateke neurri txikiko triptikoak, zenbait familia nobleren onurarako otoitz egin ala Eukaristia ospatzen zeneko aldareak edo kaperak koroatzeko edo buruan jartzeko egiten zirenak. Gipuzkoakoei dagokienez, inportaziokoak esan litezkeen artelanak dira ez baitirudi bertako ertilariek eginak direnik. Talde horretakoak dira Oñatiko Rodrigo Mercado Zuazolako Gotzainaren triptikoa eta Albizturkoa.
Oñatiko triptikoa. Lehenengoak, Gotzainari bere kapera berezian Meza esateko balio izan zion. Erdiko tarteak, Jaiotzaren eszena dauka alabastrozko pieza biribil bat txertaturik, egurrezko karratu batean; ixteko hegaletan, bi mailatan, lau eszena: Gizakundea eta Erregeen Gurtza alde batean eta Ecce Homo eta Pizkundea beste aldean. Bistan denez, erretaulatxo hauek ez dute apaingarrietarako toki handirik. Triptiko horretan (gaur egun Elizbarrutiko Museoan) apainketa xumea da, baina errenazimentukoa da egiaz, irudiak eta beren sakonerak diren bezalaxe, non ikuspegia eta paisaiaren oharrak nabarian azaltzen diren.
Albizturko triptikoa. Bigarren triptiko aipagarri bat lehen Albizturko parrokian jasotzen bazen ere, gaur egun jabego berezikoa da. Haren gai nagusia, Kristo hilaren aurrean Birjinaren Negarra da, gurutzeko jaitsieran lagun zituen pertsonez inguraturik.
Gorputzeko neurrietan nolabaiteko proportziorik eza eta irudien modelatuan zakartasun puska bat ikusten bazaio ere, irudi nagusietako gorputzen perfekzioak eta eskortzoetako eta paisaiako ikuspegietako iaiotasunak errenazimentu aurreratua adierazten du. Horrela frogatutzat eman liteke XVI. mendearen erdialdeko data.
Platereskoa Bizkaian
Bizkaiko lurretan ez da XVI. mendean eraikitako eraikinik errenazimentukoa dela esan daitekeenik, eliza kolumnarioak salbuesten badira; baina, jada eraikiak direnetan platereskoaren eragin garbiak ikus daitezke, zalantzarik gabe.
Platereskoaren eraginak
Guenesko Santa Mariaren ataria. Ez da Errenazimentua, Gotikoaren luzapena baizik, XVI. mendearen inguru haietan nabarmentzen dena, esaterako, Guenes‑eko Santa Maria elizan; beroni buruz hitz egiten du Sesmerok “erdia gotikoarena da beste erdia berriz errenazimentuarena” dioenean. Errenazimentu lotsati antzekoa da Martin Sanchez Olabeko hargin maisuak 1516an hasita eraiki zuen alboko atari ederra, garai horretan artean gotiko flamenko estilokotzat jo daitekeena.
Bilboko san Antonen ataria. San Anton elizak ere atari noble eta ongi konposaturikoa du, ertzeko atarte garai batez babesturik. Arku karpanel baten saihetsetan, zutabe korintiarren artean, San Pedro eta San Pauloretzat bi horma-hobi daude. Horma-hobi hauetako batek atearekin angelua osatzen du. Arkuaren zubi‑bularrean Rodrigo Gilentzat hain maiteak ziren hostoak ikusten dira. Erreskadak, moldurak eta xehetasunak arte onekoak eta ongi landuak dira, espiritu klasiko eta jantzi bat erakusten dutenak. Data giltzarrian landua dago: 1534.
San Anton elizako atari honekin alderatuz, Begoña santutegikoa, Gizakundeko komentukoa eta Albiako San Bizente elizakoa askoz gutxiago dira; Chueca Goitiak herriko maisu traketsen saioak direla epaitzen du; aldiz, Rodrigo Gilenek ereduak ezagutza gutxi eta inolako jeinurik gabe kopiaturikoak.
Begoñako santutegiaren ataria. Begoñakoa, 1519tik 1588ra berreraikia izan zen eliza, bere arku karpanela, hostozko ostikoa eta hegaldun atikoarekin Gaztelako maisuaren ereduetan leialagoa da, baina, Chueca Goitiaren ustez, proportzio gabezietan, trakeskerietan, irudigintza txikietan eta beste akatsetan nabaritzen dela maisu baten eta imitatzaile txar baten arteko desberdintasuna.
Gizakundeko komentuaren ataria. Atariko horma-hobian 1554ko urtea eta giltzarrian 1560koa daraman Gizakundeko komentuan, Salamancako San Estebanen fatxadako egitura eskematikoki antzeratzen saiatu ziren, baina ez da oso atsegina gertatzen atearen errenazimentuko traza eta markotarako balio dion arku zorrotz eta zaharkituaren arteko arrunkeria. Kanpai‑horma eta erremate barrokoak erantsi zitzaizkion XVII. mendean. Eliza honek burdin forjatuzko pulpitu plateresko bat zaindu du.
Beste batzuk. Sesmerok errenazimentuko ataritzat hartzen ditu:
- Areatzako San Bartolome elizarena,
- Morgako San Martin elizarena
- eta Zornotzako Santa Mariarena.
Ziortzako klaustroa. Platereskoaren harrizko arkitekturaren hondarretan eskas samarra da Jaurerriko gainerako lurretan. Ziortzako kolegio‑elizaren klaustroa nabarmentzen da; oinplano karratukoa, alde bakoitzean 13,05 m dituena, atikar oinarriak dituzten zutabetxo xumez lau tartetan zatitzen dena, lehen multzoan erdi-puntuko arkuak eta apalduan bigarrenean; harrizko kalostraz inguratua eta hozkadazko erlaitz batez amaitua dago. Migel Zengotitakoa eta Joan Beznongoa hasi ziren klaustroa eraikitzen 1530 aldera eta beste hargin batzuk bukatu zuten 1560 aldera.
Balmasedako kapera. Balmasedako parrokia-eliza ederrean, tronpa gaineko oktogonozko izar-gangaz estalia zuen kapera eraiki zuen on Joan Urrutikoak, bere erdian lan kalatua daramana, non badirudien Burgos aldeko kaperen ezaugarria denaren zerbait kopiatzen duela. Horrela bada, XVI. mendean eraikitakoak bezala baditu errenazimentuko xehetasunak eta hozkadura erromatarrak.
Erretaulak
Pieza arkitektonikoetan bezainbat ala argiago distiratzen du Bizkaitar platereskoak, Lehen Errenazimentu izeneko erretaula batzuetan: Markinan ala Galdakaon esate baterako.
Markina‑Xemeingo erretaula. Markina‑Xemeinen, txirla gotiko berantiarrak eta garai hari zegozkion edergarriak, pitxer handiak, irudimenezko animaliak, haurrak eta kerubinak falta ez diren erretaula nagusi galanta mendearen bigarren ala hirugarren hamarkadan hasiko ziren eraikitzen; multzo oso honetan, badirudi Joan Aiala zaharrak esku hartu zuela. Baina erretaula horren zati handi bateko plastikotasunak beranduagoko data behar du (1540‑1545), ezaugarri espresibisten arabera.
Gauza bera esan daiteke Galdakaoko erretaula nagusiaz, bere etxeetan eskulturak eta erliebeak ditu, Birjinaren bizitzari buruzkoak gehienak. Oso korapilatsua da estilistikoki erretaula hau, gotiko berantiarretik barrokora arterainoko lanak baititu. Bertan, hiru maisuren eskua ikusi da.[36] Oraindik ere gotikoaren oso aldekoa bakarren bat. Platereskoa oso era deigarrian ikusten da, etxetxo bakoitzaren barrunbe guztia betetzen duten hamar txirla erakutsiz.
Erretaula flamenkoak. Ez da ahaztu behar Bizkaian ere gainontzeko probintzietan bezala, artelan flamenkoak inportaziokoak zirela mendearen lehen erdialde horretan. Adibide soil modura, gogora dezagun Portugaleteko Santa Mariaren sakristian jasorik dagoen triptiko ederra, ohol gainean olioz margoturiko hiru panel ditu: Mariaren Jasokundea, Koroatzea eta Jaunaren Igokundea. Menling‑en ohitura txarrak dituela dirudien estiloa da, Koroatzearen eszenan bederen. Irudietan, fintasun manierista bat azaleratzen dela egia da, baina italiar ukituaren airea duela bere baitan.
Lehen errenazimentua Nafarroan
Artelanetan bereziki oparoa izan zen Nafarroa XVI. mendean. Aldi horretan gainerako euskal probintziek maila batean zuten garapenean ekonomiko eta kulturalagatik, jakina.
Iruñeko eskualdean eta batez ere Lizarrako lurretan eta merindadetan Donejakue alderako erromesaldiek ekarri zuten artearen distira berezien egokiera izanak, dinastien arteko borroken amaierak eta Gaztelan sartzeak mendearen hasieran kultura humanistikoaren eta arte jardueraren gorakada berri bat ekarri zuten.
Iratxeko monasterioan Ikastegi Nagusi bat bazen 1534tik; Lizarran XVI. mende horretan bertan jardun zuen Udal Ikastegi batek merezitako sona iritsi zuen irakasle batzuen bikaintasunagatik. Lizarran berehala (1546) ireki zen Egia[37] sendiaren inprenta, besteak beste, Nebrijaren Gramatika eta Erasmoren zenbait lan argitaratuz.
Tuteran, 1512ko hitzarmena egin ondoren eta Nafarroa Hispaniako erresumetara bildu ondoren, kultur mailan gorakada nabaria eman zen. Bere Estudio de Gramatica‑k humanistikako ideiei aurrerapen-bultzada eman zien eta Kolegio‑elizako batzar‑burua eta Erroman Julio II.aren etxezaina izan zen on Pedro de Villalon‑engan errenazimentuaren mezenas sutsu bat izan zuen.
Lehen Errenazimentuko formak hedatuz zihoazen XVI. mendearen bigarren herenean, askotan egitura platereskoaren osagai batzuk neurriz onartuta, elizen edergarrietan eransten diren, mendea jada oso aurreratua izanik ere. Hori dela eta, arkitekturazko estiloaren ikuspuntutik ez da erraza gertatzen errenazimenduko artearen une desberdinen arteko mugak gardentasunez bereizten, eskulturak azaltzen dituen hainba alditan eman ohi den bezala. Ikonografiazko alor honetan, Nafarroan jasotzen diren eraginez ohartzea errazagoa izan ohi da, gainera. Erribera aldean, adibidez, arte plastikoek nahiko agerian uzten dute Aragoi aldeko ertilarien eta lantegien eragina; beste sakanetan, aldiz, gertuago dagoen Errioxa aldeko arrastoak hobeto antzematen dira, baita Gaztelakoak ere.
Arkitektura Platereskoa Nafarroan
Aldi horretan eraiki ziren parrokia-eliza berri batzuk, baina handitu eta eraldatu egin ziren batez ere aurreko mendeetatik jada badirenak.
Handitze honek Nafar erresumako sakan guztietan oso orokorra den eliza mota ekarri zuen:
- oso luzea ez den gurutzadura eta habearte bakarreko oinplanoa,
- eta poligonozko burualdea.
- paramentua harlandu onekoa izan ohi zen, Ebroren Erribera inguruan izan ezik, arruntena adreilua erabiltzea baitzen.
Santiago eliza Iruñean. Iruñean garai honetako eraikinik adierazgarriena Domingotar Ordenakoen Santiago eliza da, 1529an Bergarako Pedro Etxabururekin tratua egin ondoren eraikitzen hasi zena eta 1543ra arte amaitutzat eman ez zena; baina komentu eta klaustroaren eraikuntza are urte batzuk gehiago luzatu zen.
Honetan, Donostiako San Telmon bezala, oso litekeena da Aita Martin Santiagok esku hartu izana.
Eliza, domingotarren elizen tipologia berekoa da:
- habearte zabala, horma‑bularren tartetan beren artean komunikatzen diren kaperak dituena,
- gurutzadura irtena
- eta bi kapera karraturen arteko burualde pentagonala.[38]
San Agustinen eliza. Iruñean izen bereko komenturako jaso zena 1525 eta 1530 artean eraiki zen. Deigarria da bere habeartearen sei tarteak osatzen dituzten erdi-puntuko arkuen zabalerengatik, Erdi Aroko elizaren hondarra dirudien burualdeko estutasunaren aldean. Saihetsetan kaperak ditu, hiru alde bakoitzean, beren arteko komunikaziorik gabeak. Baina habearte handiaren errenazimentuaren adina ondorengo aldakuntza askoren artean ilundurik gelditu da.
Gure Ama Errukiorraren ospitalea. Hiriburu berean eraiki zen Ama Errukiorraren Ospitalea (gaur egun Nafarroako Museoan) garai horretan bertan, mendearen laugarren hamarkadan on Remiro Goñi elizbarrutiko diruzain eta bikario nagusiak sortua.
Ataria, aldiz, 1556ko data duena, gotzaindegiko lanen begirale zen Joan de Villarrealek egina zen, Serlioren idatzietan inspiraturiko egitasmoa manieristaren arabera, dirudienez. Bertan, giza itxurako estipiteak erabiltzen ditu garaipen arku baten saihetsetan. Toulouseko eskolako eraginen bat aipatzeak ez gaitu harritu behar, izan ere, bertako Unibertsitatean irakatsi zuen aipatutako Remiro Goñik, delako lan horren sustatzaileak.
Santiago eliza. Garesen XVI. mendean eraiki zen Rua Mayor‑eko Santiago eliza aipatzea ezinbestekoa da. Martin Oiartzabal gipuzkoar harginarekin tratua egindakoa da 1543an. Hau hil zenean, Albizturko Lazaro Iriartek jarraitu zuen eraikuntza-lanarekin, 1554an amaitu zuen arte.
Habearte nagusia antzinako horma erromanikoetan finkaturik dago, baina gurutzaduraz, burualdeaz eta horma‑bularren arteko kaperez zabaldu egin zen espazioa. Errenazimentukoak diren eraikin hauetan guztietan ohikoa denez, sabaiak izar itxurako gangak dira eta nerbioak, garaiari dagokion moldurak dituztela, hostotzadun zirkuluerdi-formako mentsuletan kokatuak daude. Elizaren oinetan dagoen korua 1575ean egin zen.
Vianako Santa Maria Eliza. Oso egoki aipatu izan da, Euskal Herrian mendeak iraungo duen tradizio baten arabera, euskal maisuek barrenagotik heltzen diotela eraikinaren sendotasunari apainketari baino.
Arau horren salbuespen distiratsua Vianako Santa Maria eliza izan daiteke, bereziki nabarmen ikusten baita platereskoaren zaletasuna, Gaztelarekiko loturengatik ziur asko. Katedral tamainako eliza hori dagokion toki kronologikoan kokatzea ez da erraza gertatzen historialariarentzat, izan ere, bai baititu garai desberdinetakoak diren maisutasunezko lanak.
Eliza. Gotorleku izaera duen Erdi Aroko lana da sorreratik, hiru habearte ditu, bakoitza lau tartetakoa, horma‑bularren artean kokaturiko beste bi kaperadunak alboetan, alde bakoitzean bina eta gurutzadurarik gabe. Harritu egiten du bere handitasunak; erdiko habearteak 22,25 m altueran eta 14,35 m albokoetan, modu berean harritu ere, inguruko hormetan zehar doan trazeria gotiko berantiarra duen triforio ederrak, ipar aldekoak itsuturik daudelarik.
Vianak eta batez ere bere elizak mende horretan ezagutu zuen garapen ekonomiko izugarriak, hamarrenen zergek aberasturik, eta une hartako errenazimentuak pozturik erantsi zitzaizkion eraikinari, besteak beste, kaperez inguraturiko girola zabala, kapitulu aretoa eta sakristia bikaina. Bai kapera nagusian nahiz saihetsetako kaperetan erretaula barroko ikusgarriak jarriz joan ziren, gehientsuenak XVII. mendearen azken herenean eta XVIII.aren lehen erdian.
Ataria. Baina, errenazimentuaren sarrerak funtsean kanpoko itxurari eragin zion, eta bereziki hegoaldeko bere atariari. Lanak, 1549an hasi ziren, Burgosen prestaturiko ertilaria zen Joan Goiaz maisuaren zuzendaritzapean eta bera hil zenean (1556) Oñatiko Unibertsitatearen platereskoak tasatzen jardun zuenean ziur asko ukitua geratu zen hargin bizkaitar Joan Otxoa Arranotegi maisuak jarraitu zituen. Vianako eraikina astiro eraiki zen eta 1567a baino lehenago ez zen bukatu.
Ataria. Atari bikain hau da kanpoaldeari izaera ematen diona, Bramanteko erromatar Belvederearen “nichione” famatuan inspiraturikoa dirudiena esedra egituragatik eta, Chueca Goitiaren ustez, Hispaniako errenazimentuan ale bakarra den hau gure eskualdean geroagoko hainbat elizatan kopiatu zen: Logroño, Sorladan eta Donostian. Horretaz gain, zutabe konposatu dotoreak dituen horma‑hilobi handia bere garaipen arkuaz aberasturik gelditzen da. “Goieneko zatietan arkitekturazko indar gabeziak eta friso eta enkoadratzeetan apaingarriak parrastatzeak oraindik ere platereskoaren zordunago egiten du egitasmo hau”.[39]
Arasko Santa Maria. Joan Goiaz maisuak eta Vienako bere ondorengoek lehen errenazimentuko beren ukitua utzi zuten, orduko hartan Vianaren menpeko hiribildua zen Arasko Santa Marian eliza handitu zenean.
Erdi Aroko elizatik zati txiki bat besterik ez zen gelditu, gurutzadura eta burualdearekin batera, XVI. mendean eraiki zen habeartearen oinetan. Tertzeletezko bi ganga berriak eta burualdeko ganga galloidunak nerbio-egitura dute eta platereskoaren joeraren arabera, kerubinez eta kiribildura bikoitzez hozkatu eta ederturiko mentsula zilindrikoetan finkatuak.
Barbaringo eliza. Pedro Mendizabal eta Frantzisko Alzaga harginek XVI. mendearen erdialdera handitu zuten Barbaringo San Joan Ebanjelaria parrokiaz antzeko zerbait esan daiteke.
Los Arcos. Vianakoaren pareko lana egin zen Los Arcosko parrokian. Aurreko eliza lehen gotikoaren eraldaketa bat izan zen, Zaragozako Maestranza jauregian jada esku hartu zuten Martin eta Joan Landerrain hargin gipuzkoar sonatuei agindu zitzaiena; hori horrela izanik, Chueca Goitiak atari honetan “Gaztela aldeko dotorezia duen Aragoi aldeko indar plastikoaren” laburbiltze bat sumatzen du.
Hori baino lehenago ordea, Los Arcos elizaren ataria, garaipen arkuari dagokionean, Vianakoan inspiratzen da. Alde bakoitzean, fuste ildaskatuak dituzten lau zutabe agertzen dira, horma-atalak San Pedro eta San Pauloren irudientzat diren horma‑hobietan erabiliz. Tinpano zuzen baten azpian Birjina duen edikulo batez amaitzen da antolaketa. Arku txaranbelduaren gainaldean lau kasetoi sail antolatzen dira, lore gaiak, kerubinak, apostolu eta profeten soinak, Betiereko Aita buru dutela.
Zenbait xehetasun plateresko aurki badaiteke ere, Los Arcosko klaustroa, gotiko berantiarreko egituratzat hartu behar da. Viana eta Los Arcos, XVI. mendearen hasieran, errenazimentuko Nafar arkitekturak ibilitako bidearen erakusle on dira.
Errenazimentuko apaingarriak
Iratxeko klaustroa. Apaingarrietan aberastasun nabaria duen beste eredua Iratxeko Monasterioko klaustroan aurki dezakegu. Martin Oiartzabal Gipuzkoako harginarekin 1540an egindako tratua dokumentuetan dago; baina 1545ean bere laguntzailea zen Juan Agirrek ordezkatu zuen lanaren arduran, eta honek klaustroa elizarekin elkartu zuen eta “apaingarri eta irudi maskal eta dotoreenak” agertzen dituen Ate Ederraren egiletza eman behar zaio.[40] Beste maisu batzuk sartu ziren eraikina bukatzera.
Klaustro hau da egitura gotikoak artean irauten zueneko platereskoaren adibide jatorra, “erromatar eratik” ateratakoak bizikide dituelarik. Funtsean ikusleari zirrara eragiten diona kapiteletan, mentsuletan eta giltzarrietan dauden gai apaingarriak dira, zuhurtasunezkoak, erromanismoa aldarrikatzaile diruditenak.[41]
Korua eta Burdin sarea Kolegio‑elizan. Errenazimentuko mugimenduak Tuteran on Pedro de Villalon deana ideien sustatzaile eraginkorra izan zuen.[42] Kolegio‑elizako korua eta burdin sarea egiteko Esteban Obray etorri izana berari zor zaio, horrela eman zitzaiolarik hasiera Nafarroan errenazimentuko edergarriei.
Plateresko osagaiak elizetan. Erribera aldean oraingoan areto‑oinplanoa duten hiru habeartetako eliza batzuk azaldu dira; baina arruntenak eta ohikoenak jada deskribaturik dauden, besteak beste, Balterra (1532‑1548) eta Argetasko (mendearen bigarren erdiakoak) monumentu-elizekin, bereziki adierazitakoen motakoak dira:
- bi tartetako habearte bakarra,
- gurutzadura,
- pentagonozko burualdea
- eta koru garaia oinetan,
- lerro nahasizko nerbioak dituzten izar-gangaz estalia.
Argetaskoa plateresko edergarrien ugaritasunagatik da nabarmena: kerubinak, txoriak, burezurrak eta abar.
Argetasko parrokia-eliza bere alboko atariagatik ezagutzen da, pilastren arteko garaipen arku modura erdi-puntuz osatua dena, arkuarteetan bustoen tondoak, bukaera emanaz serafinen erlaitzpe bat eta Betiereko Aitaren irudia duen triangeluzko frontoia dituelarik. Eskualde bereko eliza batzuetan ez da gurutzadura markatzen, adibidez, Tuterako (1568‑1572) Graziazko Santa Marian eta Cascanteko (1587) Victorian.
Handitzeak eta aldaketak
Honi guztiari erantsi diezaiogun Nafarroako zistertar elizetan garaiko zaletasun eta joerei amore emandako eliza eta klaustroetan egin ziren handitzeak eta aldaketak.
Tafallako Santa Marian antzinako habearte gotikoaren hormak baliatu ziren eraldaketa sakon baterako, izan ere, estalkia berritu egin zitzaion eta habearte bakar gisa eraldaturik gelditu zen, oinplano gurutze latindarra, hiru tartetakoa, beso luzeetako gurutzadura irtena eta pentagonozko burualdea zituelarik.
Tafallako San Pedro eliza antzera handitze zen, errenazimentu joeraren arabera, nahiz eta Errege Katolikoen estiloko hainbat apaingarriri eutsi egin zitzaien.
Mendea aurrera zihoan heinean, zenbait elizetako eraldakuntzetan beren plateresko arrastoak galdu egin ziren; adibidez, Diego Eraso Maisuarena dela uste den Mendigorriako San Pedrorenean; Barasoaingo Jasokundekoan;[43] eta Larragako San Migelenean.
Larragako San Migelena XVI. mendearen bigarren erdian hazi eta zabaldu zen, habeartearen bi aldeetan kapera sail bat bitarteko, bere burualdean guztiz errenazimentuko garbia den irtenbide bat eman zitzaiolarik. Lehendabizi, 1571n gurutzadura berria eraiki zen bere kapera nagusiarekin, garai hartan fama handiko arkitektoa eta Iruñeko gotzaindegiko begiralea zen Juan Villarreal maisuaren planoaren arabera; lana, berriz, Anton Anoetako harginak egin zuen lehenik eta Joan Agirrek gerora; baina 1617an, antzinako burualdea bota zen arte ez zen amaiturik gelditu; hala ere, haren kapera batean isabeldar estiloaren arrastoren batzuk geratu dira.
Ipar‑ekialdeko Nafarroan. Eskualde honetan aipatzekoa litzateke Otsagiko San Joan Ebanjelaria parrokia-elizan eraiki zen habearte zabala; hain zuzen ere, hiru habeartetakoa da, izar-gangako egituraz estalia; gurutzadura modura kapera eta pentagonozko burualdea du.
Zirraragarriagoa da, hala ere, Izabako San Ziprianoren eliza garai eta zabala, lau tarte eta bere pentagonozko burualdea eta hainbat puntutan apaingarri gruteskoak gorde dituelarik, XVI. mendean bukatua zenaren lekukotasuna emanaz.
Lerro nahasizko lokerak dituen gotiko berantiarreko ganga korapilatsuaz estalia dagoen Kasedako parrokiak ere badu handitasunik. Eraikinaren lanak 1532an hasi ziren eta ohiko eskemari jarraitzen zaio, habearte bakarra, gurutzadura txikia eta poligonozko burualdea; Epistola aldean errenazimentu soil estiloko ataria azaltzen zaio, plateresko eranskinik gabea.
Estuagoa eta halako handitasunik gabea, baina eredu berari leial zaion Agoitzeko San Migel eliza Joan Oses harginak eraiki zuen, mendearen azken aldera jada.
Oibarko eliza erromanikoan XVI. mendean eginiko handitzean lehengo bere burualdearen aldaketa ekarri zuen beste angeluzuzen batez ordezkatu zena eta eraikin osoaren gorputzarentzat handiegia zen gurutzadura erantsi zitzaion. Lazaro maisu famatua aritu zen lanean eraikin horretan eta berari zor zaio hegoaldeko errenazimentuko atari ederra.
XVI. mendeko elizak. Eraikinetan XVI. lehen erdialdekoak direnen artean aipatzea merezi duten elizak dira:
- Erronkariko San Esteban, gotiko berantiarreko XVI. mende erdialdeko eraikin dotorea;
- Burgiko San Pedro, oinplano gurutze latindarra, hiru tarte, gurutzadura nabarmena eta trapeziozko burualdea duena;
- Uztarrozeko Santa Garazirena, lerro nahasien diseinu ederrezko gangarekin;
- Urzainkiko San Martin
- eta Eslabako San Migel, data oso desberdineko osagai nahasketa ikusten zaio, hasi erromanikotik eta XVII. mendera arterainokoak.
Arkitektura zibila
Euskal Herriko arte historian, Nafarroako XVI. mende hasierako arkitektura zibila bereziki deigarria gertatzen da. Garai horretan, Hispaniako gainerako erresumetako beste lurraldeetan bezala, noblezia hiri-giroan behin betirako kokatu zen aldia da. Jauregiez ari gatzaizkizue, Errege Katolikoen eta Karlos Enperadorearen giroa arnasten dela diruditen jauregiez. Arte ikuspegitik dotoreenak aipatzen saiatuko gara.
Lizarra oso aberatsa da delako eraikuntzetan. San Kristobal Jauregia da denetan deigarriena, Lizarrako Aita Diego ere deitzen zaiona, Ruako erdienean dago kokatua. Balkoi kalostradun oso aberatsak eta une hartako giro humanistari zegozkion sinboloen balioa duten mitologiako irudiez apainduriko frisoak ditu erakusten. Aurrealdea kiribildura deigarriez apainduriko hegalkin moduko egurrezko teilatu-hegal batez bukatzen da. Apainketa aberatseko patio bat bada barruan, Lizarrako platereskoaren gailurra adierazten duena.
Tutera. Adreiluzko eraikuntza gailentzen da, paramentu mudejarrak, joko ederretarako ahalbideak, eskaintzen dituelarik. On Pedro Villalon Deanaren jauregiaren fatxadak aipamena merezi du, zeren eta Julio II.aren ganbarazain zela Pontifizetzako armarria erabili zuen fatxadaren edergarritarako. Honek, behealdeko adreiluzko gorputz bat badu erdi-puntuko arkuan sarraldia duena, plateresko estiloko angeluzuzenezko bao handi bat duen oinplano nagusi bat, barru-bide jarraikia, eskulan mudejarrak dituen egurrezko teilatu-hegalak bermatzen direneko arku apalduak dituena. Friso eta pilastretan zehar apainketa grutesko pasatzen da.
Beranduagoko errenazimentukoak dira jauregiok:
- adreiluz eraikitakoa eta soiltasun klasikoa eta errenazimentuko patio bikaina duen San Adriango Markesarena,
- Almirantearen adreiluzkoa eta hiru gorputzetako multzo bikaina, agian Tuterako antzinako kaskoan eraikinik erakargarriena. Tafalla arkitektura zibileko artelanetan beste hiri aberats bat da. Bere etxe handirik entzutetsuena, Nafarroako Mariskalen jauregia da, fatxadako baranda edo erlaitzari edergarritarako balio dion frantziskotarren lokarri lodiagatik “Kordoi‑Etxea” deritzona. Ongi txertatutako harlanduak dituen sekulako multzoa da eraikina, bi gorputz lirain eta atikoa dituena.
Olite. Errenazimentu berantiarreko ale bikaina da Radako Markesaren jauregi ikusgarria. Deigarria da bere harlanduen handitasun eta neurriengatik eta putti biluzi eta fatxadako armarri deigarri baten arteko maskaroidun gruteskoen friso baten gainean bermatzen den egurrezko teilatu-hegalarengatik.
Jauretxeak. Errenazimentuko mendearen bigarren aldi eta azken aldekoak dira Zangozan eta beste lekuetan ikus daitezkeen hainbeste jauretxe. Adibide bat besterik ez aipatze arren, gogora dezagun Barasoaingo Azpilikueta jauregia.
Errenazimentuko lehen eskultoreak Nafarroan
Esteban Obray‑koa
Aipatua dugu jada, Tuterako errenazimentuko humanismoaren sustapena Pedro de Villalon deanari zor zaiola, hein handi batean. Pedro hau izan zen Esteban Obray‑koa, Saint‑Thomas‑en (Ruán) jaiotako frantsesa, Tuterako kolegio‑elizan 1519tik lan egitera ekarri zuena, harlandu berrien arduradun jarriz. Nafarroan lan egin eta gainera, harremanak izan zituen Esteban Obray‑koak besteak beste, Aragoi aldeko lantegietan prestatu ziren eskultore batzuekin, sendi arteko eta lanbidezko Aragoiko Errenazimentuko ertilariekin, eta beren lanetako batzuk ezagutu ere egin zituen, zuzenago esanda Jaka, Zaragoza eta Tarazonan florentziar eskulturagile porrokatua izan zen Juan de Moretok burutu zituenak; harekin ahaidetasunera iritsi eta 1542‑1548 urteetan Zaragozako Pilareko harlanduetan lagunduko zuen, izan ere, berau zen penintsulako platereskoaren lantegirik garrantzizkoena.[44]
Tuterako harlanduak. Baina, Esteban Obray‑koaren Tuterako harlanduetarako estiloa, 20 urte lehenago, funtsez gotiko‑flamigeroa zen eta errenazimentuko apaingarri batzuk baino ez ziren sortu. Era berean, platereskoa guztiz nagusi den esparru hau ixten duen burdin sareaz ere Obray arduratu zen.
Cintruénigoko erretaula. Ertilariak 1525ean Cintruénigoko parrokiako erretaula nagusiaren tratua egin zuen. Erretaula eder honek hainbat gorputz ditu, jarlekua, kalostra eta oso oparo apainduriko zutabez bereizitako horma-hobiekin, eta Aragoi aldeko maisuen gertutasuna sumatzen zaio. Imajinagintza, frantses Gotzain Guillen‑ena dela esaten da, eta honi Obrayk eskualdatu zion agidanean igeltserotzako tratua.[45] Espresibsmoaren joeran Forment‑en eragina sumatzen zaio eta agian, Joly‑rena, halaber.
Burlatako erretaula. Cintruénigon zuen erantzukizunetik askaturik, Obray Burlatako (1529) San Joan Bataiatzailearen erretaulako igeltsero-lanaz arduratu zen, (gaur egun Nafarroako Museoan) eta agian, Juan del Bosque‑k margoturiko oholengatik axola zaigu gehienbat.
Iruñeko Katedraleko Aulkiteria. Urte batzuk beranduxeago, arte-heldutasunera iritsi zenean, Obrayk bere lanik garrantzizkoaren tratua egin zuen 1549ko abuztuan: Iruñeko katedralaren koruko aulkiteria egitekoa. Oraingoan lanbide honen sustatzailea katedraleko priorea zen Cascanteko on Sancho Miguel Garces (1517‑1549) zen. Obrayren begiradapean, koruko lanak nafar zurgin talde batek eta arrotzen batzuk eginak izan ziren.[46] Katedralean duela gutxi egindako zaharberritzean, korua aldare aurrera ekarria zen.
Bi mailatan jarritako bi aulki sail ditu, aulki bakoitzak banku eraisgarria, “errukia”, besokoa eta sorbalda dituelarik. Goreneko aulkiteriaren gainean bankudun ohol bat, pilastradun kalostrak, kontra‑pilastrak eta frisoak jasotzen dira. Badirudi oholetako erliebeak Holandako Guillenen eta ordurako Calahorrako koru aulkiterian lan egina zen bere tailagile taldearen ardurapeko lana izan zela.
Oholetako irudi tailatuak (Profetak, Apostoluak eta Santuak) bakarti azaltzen dira, inolako sakonera paisaiadunik gabe. Gorputz egituretan zehaztasuna eta ugaritasuna erakusten dute. Denak ere geldi egoneko jarreran azaltzen dira, nahiz eta jarrera desberdinetan, Vigarny‑ren estilo paregabe eta baketsua, Berrugueteren zoroaldi eta manierista baino gehiago gogoraraziz; biak ere maisu handi ziren hauek lehentsuago (1538‑1543) Toledoko aulkigintza zoragarrian utzi berria zuten, beren sormen izaera desberdinaren adierazgarri. Weisek ere irudi batzuetan, lehenago Calahorrako katedralaren aulkigintzan lan egina zen “tradizioaren iraunkortasuna Holandako Guillenen erakoa” ikusten du.[47]
Aulkiteria hau osatzen duten friso, trenkada, lauki eta ohol horizontaletan ugari dira errenazimentu humanistikoaren gaiak, hala nola, antzinateko jentilen jainkoen eta heroien irudiak eta balentriazko ekintzak, nahitako sinboloen helburua dutenak ziur asko, eskuragarrienak diren zatiak, aldiz, plateresko apaingarriz josiak daude: fruitu-saskiak, lore-sortak, pitxarrak, kalizak, txoriak, kerubinak, haurrak, argimutilak eta abar.
Iruñeko aulkigintza erabakitzailea izan zen, mendearen lehen erdialdera jada, inguruko elizei erretaulak egin zizkien lantegi baten ala zenbaiten prestakuntzarako. Erreinuko hiriburua eskulturaren fokua zen, berpizten ari zen artea erromanismoaren azken alderantz joanaraziko zuten maisu bikainak lan egingo zuten hiriburua izanik.
Zizur Nagusiko Erretaula. Ez da armarrikoa, lehen errenazimentuko eskulturari, zalantzarik gabe, gogokoen zaion esparrua erretaulagintza da. Zorionez ongi gorde den Zizur Nagusiko erretaularen igeltserotza 1538an bukatu zen. Pilastra gruteskoz, kiribildurazko friso eta domina burudun handiz koroaturiko banku artikulatu batek osatua da. Bankuaren gainean bost kaletan antolaturiko bi gorputz, alboetako kaleetan etxeak, saihesten dituzten kalostraz bereizitakoak daude eta horma-hobiak erdikoan. Hegaltzarren arteko hiruko atiko batek koroatzen du igeltserotza lana, frontoi triangeluar batek estaltzen duelarik dena. Erretaula berezi honen ikonografiazko edukia, bai erdiko kalea betetzen duten eskulturazko hiru taldeak, bai margoturiko oholak espresibismo aldekoak direnez beste atal batean aipatuko ditugu.
Legardako Erretaula Nagusia. Zizurko erretaularen antzekoa eta geroagokoa da Legardako erretaula nagusia, deigarriagoa eta handiagoa bada ere. Joan Iturmendi tailagileak 1552an tratua egindako honek arkitektura korapilatsua du: lau pilastra gainetan kokaturiko banku txiki bat, bost kaletan zatituriko hiru gorputz, hegal handien arteko atiko bat eta amaiera triangeluarra duen frontoia. Kaleak, hainbat eratako zutabez uztaiturik bat datozen horma-hobietan erabakitzen dira: kalostradunak batzuk eta ildaskatuak besteak.
Mendearen bigarren erdiko erretaula batean oraindik ere, garrantzizkoa da gruteskoz, kerubinez, maskaroiez, pitxarrez eta abarrez, friso, horma‑hobiak eta taulamenduak estaltzen dituen plateresko egitura gordetzen dela ikustea.
Ikonografia era askotarikoa da: bankuan San Pedro eta San Paulo, kultura humanista barneratzearen lekukoak diren eszena itsastar eta bakotarrak azaltzen diren panelez bereiziak; lehen gorputzean lau ebanjelariak daude irudikatuak, eserita eta idazmahaietan jardunean; santuen eskulturei (denak ez dira errenazimentu garai berekoak) eskainia da bigarren gorputza; hirugarrenean, aldiz, Gizakundearen, Jaiotzaren eta Magoen Gurtzaren eszenak adierazten dira; atikoan, gurutziltzaturiko Kristoren irudia eta gainean, frontoi triangeluar batean, Betiereko Aita. Hirugarren gorputzaren erdian horma‑hilobiaren erakustokian XVI.go San Sebastian bat bizi da.
Erretaula honek bere igeltsuzko lanaren handitasunagatik eta bere urreztatzaileak eman zion distira eta polikromiagatik lilura sor dezake; baina eskulturazko artelana oso maila kaskarrean aurkitzen da; irudi potxoloegiak eta adierazpenik gabeko aurpegiek esku herrikoi baten berri ematen dute, teknikoki iaioa den norbaitena baino gehiago.
Tuterako Santa Maria madalena. Esteban Obrayren irudiaren atzetik Domingo Segurakoarena kokatu behar da; berau izan baitzen, 1551n enkantean jarria, 1556an amaitua eta Aragoi aldekoen erakoa izanik plateresko oso aurreratu bati dagokion Tuterako Santa Maria Madalenaren erretaula nagusiaz arduratu zena. Bankuak lau gorputz eta atikoa ditu. Frisoak eta zutabeetako fusteak plateresko apaingarri jatorrez jantzirik azaltzen dira, baina nolabaiteko gartxutasunez jada. Bere ikonografiaren estiloan gero oroituko dugun espresibismo eder bat azaltzen da.
Oliteko Santa Maria. Eskulturako lantegirik izan ez badu ere, errenazimentuko plastika nabarmendu egiten da. Bere diseinua gotikoa da, baina kalostradun idulki edo zutoi platereskoa eta soinez apainduriko sei tondo dituen bankua du. Erretaulak bost gorputz ditu, pinakuluz zatituriko zazpi kale eta amaieran atiko zuzena dituena. Erretaulari amaiera ematen dien Kalbarioko hiru irudien edertasuna aipa dezagun. Badirudi Ugert Maisuaren eskutik 1514rako bukatuak zeudela. Beste irudi batzuk hispaniar‑flamenkoaren adierazle dira, batez ere, pinturazko oholetan gehien ematen den estiloa dena gainera, berehala gogoratuko dugun bezala.
Arrosarioko kaperan Maria Birjinaren estatuatxo zoragarri bat gurtzen da, tolestura txokodunez jantzia eta buru-estalki oso bitxia duena, bere jarreran eta gorputz finean inspirazio klasikoa erakutsiz.
Zangotzako Santa Maria. Aragoi aldeko errenazimentuaren eragina Zangozako (1540) Santa Mariaren erretaula nagusian sumatzen da, lehenago Jorge Flandesena zela aipatzen zen, lantokia hemen zuelako 1552 eta 1586 bitartean hiri honetan bizi zenarena.[48] Inondik ere, lantegi honetatik eta Aragoi inguruan lanean zebiltzan beste batzuen eskuetatik sortuak izango ziren Lehen Errenazimentuko erretaula batzuk.
Zangozako erretaulako Ebanjelarien irudiak Georg Weisek, Espainia iparraldeko eskulturagileen aldetik (Uharte eta Elkanoko erretauletan, adibidez), errenazimentuko ereduen hasierako gorakada objektibo eta pasiboa ematen ari deneko pixkanakako trantsizioaren adibidetzat jartzen ditu, “janzkeretako prestaketa mugikorragoa eta jarrera eta adierazpenetan tentsio handiago baterantz” doana.[49] Mendabiako San Joan. Gaztela aldekoen eragina, eta zehatzago esateko Errioxar platereskoarena, oso nabarmentzen da, esate baterako, Mendabiako San Joan elizako beste erretauletan: bere neurrien handitasunagatik eta, 1546.ean Mendabian bizi ziren “Maese Metelin irudigilea” eta Jaques Tomas‑ek tailaturiko Bataiatzailearen bizitzako eszenak adierazten dituelako.
Horrez gainera, Weisek erasten du, Frantzisko Ximenez errioxar eskulturagilearen esku-hartzea litekeena dela, igeltsuzko gotiko‑plateresko izaerako eskultura-lanek Juan Balmasedaren estiloarekin duten antza eta irudi batzuen gotiko berantiarrekoak izatea azpimarratzen du.[50]
Izabako erretaula. Izabako erretaula galantan ere platereskoa da nagusi. Migel Garrizekoak egin zuen 1555ean tratua eta mendearen bukaeran urreztatu eta margo anitzez jantzi zen. Bankukuan, Nekaldiaren eszenak tailatu ziren; lehenengo gorputza San Zipriano zaindariarentzat gorde zen, San Pedro eta beste santu batzuekin; bigarrenean Birjinaren bizitzako eszenak ikusten dira; atikoan, berriz, andre nahiz gizon santuen irudi gehiago daude.
Tabarreko erretaula. Tabarreko erretaula nagusi hunkigarria XVI. mende erdialdekoa da, Pedro Pontrubelek egina dela esaten da, igeltsuzko lanak (oholak, frisoak eta zutabeen beheko herenak) platereskoaren gai apaingarriei eusten jarraitzen duelarik.
Induraingo erretaula. Mendearen erdialdekoa den Induraingo erretaulaz ere antzeko zerbait esan daiteke, banku garaia, bost kale eta ohiko amaiera duten bi gorputz eta arte kalitate urriko ikonografia duela, alegia; guztia ere gruteskoz eta platereskoak berezkoak dituen gaiez ederturikoa.
Hemen Nafarroako beste erretaula batzuk ditugu aipatzeko, kalitate bikainekoak gainera batzuen batzuk: Uxanbilla eta Lapoblación eta Garesko lantegietatik sortuak. Irten ziren bezalakoak, mendearen bigarren herenean eginak eta oraindik ere hainbat ezaugarri plateresko dituztenak dira; baina, manierismo errenazimentukoa denez aurrerago aterako dugu.
Lehen errenazimentuko pinturak
Errenazimentuko pinturaren ezaugarriak sobera ezagunak dira eta aurrez aipatu ditugun ideologia eta kulturazko irizpideei –errealismo arrazionalista, antropozentrismoa, indibidualtasuna eta abar– edo oinarriei dagozkienak dira:
- egitura naturalekiko arreta handiagoa,
- pertsonaien gorputz-egiturekiko begirunea,
- historiaz gaindiko sinbolismoarentzat baino zaletasun gehiago kontakizunerako,
- perspektibaren legeekiko leialtasuna,
- paisaiaren aldera haziz doan zaletasuna,
- konposaketaren argitasun eta harmoniaren zentzu handiagoa, egiazko espazio-iradokitzailaren barruan, eta abar.
Nafarroan
Berehala sumatzen da Nafarroan ohol margotuak erretauletako laukietan jartzeko erakarmen berezi bat, eskulturak eta erliebeak ordezkatuz edo baita beroien artean tartekatuz ere. Badira Nafarroan dokumentuak dituzten lantegi batzuk, XVI. mendearen lehen hamarkadetan erretauletarako pinturak hornitzen zituztenak: Iruñean, Zizur Nagusian, Lizarran.
Nafarroako Museoan badira jasoan ohol margotu batzuk, oso kalitate onekoak ez badira ere, Barbarinen Santa Katalinari eskainia dagoen erretaula txikitik ekarritakoak.
Oliteko erretaula. Badirudi errenazimentu nahiko goiztiarrak direla Oliteko Santa Mariako erretaula nagusiko pinturak, igeltsuzko lanak eta tailak Oliteko zen “imajinagintzako Ugert Maisuari” ordaindu zitzaizkiolarik.
Pinturetan, Ebanjelioaren araberako Kristo eta Birjinaren bizitzako gertakariak adierazten dira. Atikoan, lau ebanjelariak, Kalbarioagatik etenda.
Azterketa estilistikoak litekeena dela dio Pedro Aponte eta bere lantegiak esku hartu izana. Ertilari honek bere lan dokumentatuetan azaltzen duen polikromia gogorrak, kontraste alderako osagarrien zaletasunarekin batera, Germaniar pinturan hain arrunt den edertasunaren aldera baino adierazkortasun alderako joeran, keinuka ari diren aurpegiak nahiago ditu, ia‑ia karikatura iristen direnak.
Los Arcosko Santa Maria. Los Arcosko Santa Maria parrokian gorde den Ikustaldiaren erretaula txikia ere bereziki interesagarria iruditzen zaigu. Egitura plastikoa nahiz hauts‑babes edo babesgarria eta pinturak koroatzen dituen baldakinoak gotiko aldeko egitura dute.
Gorputz bakarra du, hiru kaletakoa, sei paneletako predela edo banku garai baten gainean. Erdiko kalean, zaindaritzako taldea –Maria eta Elixabete– hispaniar‑flamenko estiloko adierazpena duen taila ederra. Gainontzeko ikonografiak Mariaren bizitzako eszenak kontatzen dituzten ohol margotuak dira, Pedro Diaz de Oviedo gogorarazten duten estiloan, aurpegietan adierazpen keinu oso nabarmenak eta polikromia dardaratiak multzo osoan. San Blasen eseritako irudiak agintzen du erdiko kalearen antolamendu osoan. Bankuko paneletan beren filakterietatik ezagut daitezkeen aitalehen eta profeten sei irudi margotu ziren.
Multzo honek, pintura-lan batzuen hondoan dituen urrezko distira eta uztaitzen dituzten marko gotikoen aberastasunez harridura sortzen du; pintura lanaren estiloak, bestalde, Juan Borgoñaren pintura iradokitzen du.
Artaxoako erretaula. Artaxoako San Saturninoren erretaula nagusian ere azaltzen dela dirudi Diaz de Oviedoren pintura garaikideen talka. Los Arcoskoaren antzera, 1505ean tratua egindako lan hau diseinu gotikoa duena da, baina hanpurutsuagoa, aulki garai baten gainean bost kaletako hiru gorputz azaltzen baitzaizkio; erdikoa delarik bata bestearen gainean dauden eta tailak sartzeko horma-hobi, hauek dira tailak: eseritako San Saturnino, Haurra duen Birjina (gotikoa) eta Kalbarioa. Alde banatan bana dituen gainerako kaleetan zaindariaren bizitza, Birjinarena eta Kristoren Nekaldiko eszenekin daude ohol margotuak. Babesgarriak ere margotu dira santu eta profeten irudiak ere.
Aparteko erretaula honen dokumentuek 1505era igortzen gaituzte, tratua egin zen Tafallako “Maese Francisco pintor” delako batengana.
Antolaketa hau, zalantzarik gabe, edergarri urreztatuen eta balio estilistiko aberatsagatik da erakargarria; izan ere, bere irudiak oso dira errealismo handikoak, hispaniar‑flamenko motakoen antzera “keinu garbi eta adierazkorrekin”, era berean tolesdura hezurtsu ugari duten jantzi astunen itxura gogor eta kartoizkoak ere, kontrajarritako argi ikerketak sortzen dituztelarik.[51]
Beharrezkoa da esatea erretaula honetan Gizakundeko eszenaren ondoan, Guztiz Garbiaren adierazpenik zaharrenetariko bat azaltzen dela, zutik dagoen “Tota pulchra” irudi modura, otoitzeko jarreran letanien sinboloez inguraturik, gerora Espainiako Errenazimentuko ertilariek adierazi zuten bezala: Juan Juanes eta beste zenbaitek.
Probintzietan
Euskal probintzietan Lehen Errenazimentuko pinturak paregabeak dira nola kalitatez hala kantitatez Nafarroakoekin. Ertilari flamenkoen lanak inportatzetik eta italiar margolarien grabatuen ezagutzatik hasi zela esan daiteke.
Inportazio horietatik Bizkaian eta Gipuzkoan gorde dena oso urria da eta bertako ertilariengan izan zezakeen eragina oso berandukoa izan zen, horregatik, XVI. mendearen bigarren erdiko arteari eskainiko diogun atalean aipatuko dugu.
Dena dela, Portugaleteko Santa Maria elizako Gorostizatarren kaperako triptiko flamenkoa agian hemen aipatzea komeniko litzateke, Bizkaiko Errenazimentuari buruzko bere lan monografikoan Sesmerok egiten duen moduan.
Margolanak Araban
Araban gorde denak deigarriagoa dirudi, zeren eta bertako museoan XV. mendeko benetako ale batzuk edo aurrelari flamenko handien kopiak bai baitira gaur egun.
Flandesekin etengabe izandako merkataritzak erraztu zuen delako inportazioa eta Anberesetik barna Gasteiz eta euskal probintzietako beste lekuetara Peter Coeck (1502-1550) eta bere suhi Jan van Dornicke‑ren lantegiarekin lotu izan diren hainbat triptiko iristen hasi ziren.[52] Berauetan flamenko (Van Orley) eta italiar (Rafael) eragin bikoitz bat sumatzen da, kontakizunerako, zehaztasunerako eta margoen bikaintasunerako zentzua dutelarik ezaugarri.
Hauetako batzuk, esan dugunez, gaur egun Gasteizko Arte Ederretako Museoan distiratzen dute. Eskola flamenkoko margolaririk sonatuenen lan orijinalak ala kopiak dira, hala nola: Hugo van der Goes, Gerard David eta Quentin Mechys.
Gasteizko Museoko aleen artean data eta dokumentu onak dituzten batzuk gailentzen dira, Peter Coeck‑en lantegiko Agerkundearen triptikoa eta Birjinaren Negarra, 1540ko data duena, Jaitsiera eta Piztueraren eszenak atearen paneletan dituelarik.
Pintura flamenkoak erretauletako margolanetan badu eraginik zalantzarik gabe, hispaniar‑flamenkoa izena egiaztatzen duen eskola osatuz.
Labrantzako San Migelen erretaula. mendearen lehen hamarkadatako zenbait margolan “bertako” eskola horrek eginak dira, agidanean, Labranzako San Migelen antzinako erretaula nagusitik datozenak.
Erdiko oholek Gargamo mendian Goiaingeruaren eszena kontatzen dute; predelakoak izan daitezkeen beste seietan, binakako taldeetan, beren sinbolo jakinetatik ezagut daitezkeen Apostoluak adierazten dituzte. Estiloz, “horror vacui” moduko baten kontakizuneko xehetasunen, oinarrizko margoen dramatismo sakonen eta urrea hainbat tartetan, argi koroetan, zerrendetan eta zenbait hondotan erabiltze horren bitartez finkatzen da.[53]
Olanoko San Bartolomeren erretaula. Arreta berezia merezi du Olanoko (Araba) San Bartolomeren erretaula nagusi mistoak ere. Honek bankuan eta atikoan Apostoluen eta zenbait santen erliebeak, eta erdiko hiru etxeetan, goitik beherako zentzuan, zaindari santuaren, Maria Koroatzearen eta Kalbarioko eskulturak daude, eta alde bakoitzean bina dauden alboko kaleetan San Bartolomeren bizitza, Kristoren Haurtzaro eta Nekaldia kontatzen da sei ohol margotuetan.
Kronologikoki 1520 inguruan kokatzen da. Denboraz higatua eta XVIII. mendeko birmargotzeak direla-eta duela gutxi zaharberritze bat egina duenez erretaula hau XVI. mendeko lehen herenean Arabakoan artean estimagarriena bihurtu da.
Otobarrengo San Bizente. Aldi honetan margoturiko erretauletan baliotsuena eta adierazgarriena Otobarrengo (c.1530) San Bizente parrokiako San Blasen erretaula da.
Olioz margoturiko zortzi ohol ditu aterpetxoen azpian, San Blas gotzainaren irudi soltea inguratuz. Bankuaren zamauan, Kristo egonarritsua nabarmen da eta alboetan hirunaka eta “sacra conversazione” jarreran dauden zenbait Apostoluen gorputz erdien irudiak, erretaularen bigarren solairuan azaltzen diren beste bi eszenetan bezala; San Joanen irudiak irudikatzen dira alde batean eta Santa Katalina eta San Lorentzorena bestean. Erretaularen lehen gorputzean zaindariaren bizitza eta martiritzako eszenak.
Multzo hau da Lehen Errenazimentua urrats sendoz aurrera doanaren ikuskizuna Arabako erretaulagintzako pinturan 1540 eta 1570 bitartean, harrigarria da benetan giza gorputza nolako iaiotasunez adierazten den, mugimenduan dabilen gorputz jarrera batzuen naturaltasuna, “ukimenezko balioenganako” arreta, eta formak zehazten dituen marrazketa sendoa ukatu gabe, lehen mailako koloreen nagusitasunezko polikromia harmoniatsua.
Bertako egileak. Zuzen esan izan da, Kantabria aldeko beste bi probintzien aldean, honako hau une garrantzizkoa dela Arabako margogintzan eta Errenazimentu klasiko baterantz eginiko aurrerapena erakusten duela: irudiak gero eta estilizatuagoak eta klasikoagoak bihurtuz eta erabilitako paletaren margoetan ñabardura hotzak agintzen hasi ziren.[54]
Bertako egile batzuk ezagunak dira jada eta besteak beste, Gasteizen erroturiko ertilarien dinastia baten fundatzaile Martin Oñatekoa nabarmentzen da; hark eginak dira pintzelezko oholak eta Domaikia eta Morillasko (1554) erretaula nagusiko taila urreztatuak.
Bigarren erretaulan, bere seme Tomas eta bere suhi Pedro Lopez Marietak bukatu zuten honetan argi ikusten da bankuko Apostoluetan bere lan egiteko modua, pertsonaiak hirunaka jartze horretan, erretaularen lehen taldean ikusten ditugun San Pedroren bizitzari eskainitako oholak eta bigarren taldean kokaturik Birjinari buruzkoak.
Erretaulen galeria. Luzuriagako elizako sakristian gorderik da antzinako erretaula nagusiaren bankua (1556‑57); delako bankuan, oholetan aingeru arteko Kristoren irudiaren saihetsetan idazten ari diren lau ebanjelariak dauden irudikaturik, bada hauetan nolabaiteko hispaniar-flamenko estiloko zerbait baina, adierazpen handirik gabea.
Subilana de Morillaseko Jasokundeko parrokian 1571 baino lehenago bukaturiko erretaula misto bat aurki daiteke, han aipatzen direlarik Joan Zaraitzuko nafarra eta Tomas Oñatikoa eta Andres Miñaoko gasteiztarra. Lehenengoari zor zaizkio multzo osoko alerik ederrenak, bankuan kokaturikoei, Ama Birjinaren Ikustaldiari, Jaiotzari, Erdainkuntzari eta Agerkundeari eskainitakoak.
Mesantzako Jasokundeko erretaula anonimoak (c. 1550) ere aurreko gai horiez gain, Kristo hilaren gaineko Negar Saminarena jasotzen du; lehen aipaturiko besteetan bezala grabatuetan inspiraturikoak dira eta oso lerrozkoa da pintura.
Arabako margogintzaren historiarako une garrantzitsu horretako ale bat Gaubeako parrokiako erretaula da. Alde honetan bertan bada, gaur egun Gasteizko Arte Ederretako Museoan Ribera de Valderejoko (1548) San Estebanena den deigarri bat. Igeltsu-lan plateresko oso apainduan laukiturik dagoen erretaula honek lau oholezko predela bat du Apostoluei eskainitakoa, zaindariaren martiritza kontatuz daude lau lehen gorputzean eta Birjinaren bizitzari buruzko beste lau bigarren gorputzean. Idazkun batek data ematen du: 1548; baina harrezkero asko kaskatu da eta birmargotze gehiegi nozitu ditu.[55]
Azkenik, margolanak dituzten erretaulak hain gutxi izanik, aipagarriak dira:
- Añuan Otazutarren kaperako San Sebastianen triptikoaren ateak, 1560 aldekoak dira, santuaren Bizitzako eszenak dituena,
- eta beste ohol solte batzuk, halaber, Kexaako San Joanen komentuko Agerkundeko oholen antzera, Rafaelen artelanak gogorarazten dituztenak.
Bizkaia
Zeanuriko erretaula. Beste euskal bi probintziei dagokionez, ondorengo atal batean aipatuko ditugun erretaula eta margolan inportatuen ondoan, ezin ahantziko dugu lehenago gotiko berantiarreko alea bezala gogoratu dugun Zeanuriko erretaularen aipamena. Haatik, bere irudien handitasunagatik leporatzen zaion data izan dezaketelako (c. 1520), nahiko gorputz egokiak dituelako, ukituzko balioen arreta eta perspektibako oharrengatik ale hauek ez daude lekuz kanpo hemen, Lehen Errenazimentuko aleen ondoan.
Urregintza
Nafarroako zilargintza
“Txikiagoak” esaten zaion artearen barruan oso teknika ezberdineko lanez hitz egin beharko genuke, baina laburpen honi ezarritako mugek behartzen gaituzte zilargintzari heltzera.
Frantzian landuriko zilargintzako ale ederrak Nafarroako erresumara inportatzeak, aurrekoa atalean ikusi dugun bezala, liturgiako eskulangintzarekiko zaletasuna eragin zuen, zalantzarik gabe, eta bertako lantegien sorrera eta garapena ekarri zituen. Arte hau XVI. mende hasieran zehar hedatuz joan zen eta gorakada izugarria izan zuen nola kalitatez hala kantitatez, Nafarroan eta Araban batez ere.
Zilargintzako lantegiak XVI. mendean zehar, agirietan azaltzen direnetik ehun bat izan daitezke Nafarroan lanean ari zirenak. Ermandadeetan eta gremioetan bildurik, beren zaindari santuak hautatu, estatutuak idatzi, araudiak aldarrikatu, eta beren lantegietako ikurrak sortu zituzten, zilarraren gainean ikusgai izango direlarik, metalezko puntzoien bitartez landuak.
Zilargileen gune nagusiak Iruñean, Lizarran eta Zangozan kokatu ziren. Astiro‑astiro azken gotikoaren ereduei lekua hartu zieten errenazimentuko egiturek eta teknikak, Aragoi eta Gaztelako zilarginen harremanetatik inportaturik. Apainketan, gruteskoak eta argimutilak hedatu ziren, azken gotikoak bereak zituen landareki gaien ordezko.[56] Aurrerapen hau berantiar samarra da eta guztiz errenazimentukoak diren ereduak bai Iruñeko, bai Lizarrako eta bai Zangozako lantegietan ez ziren azaldu XVI. mende erdialdera arte.
Iruñeko katedraleko eki-santua. Lan hauetako bat, agian deigarriena, Iruñeko katedraleko Eki‑santua da, 84 cm ditu altueran eta 42/37 cm oinarrian. Gingil anitz duen oina, oso barrokoz jantzitako heldulekua eta gainean hexagonozkoa dirudien tenpletea osatzen dute erdiko esparru karratuak eta bi aldeetan triangeluarrak. Apaingarri plateresko ugariz eta Bibliako irudiz estalia dago. Iruñeko ikurra darama eta Pedro de Mercadorena (c.1550) eta Aragoiko zilargintzarekin zerikusia baduela dirudi.
Santa Urtsularen erlikiontzia. Beste ale bikaina Pedro Otxobiren (1538‑48) lantegitik ateratako Santa Urtsularen soin‑erlikiontzia da. Baditu 78 cm altueran. Soina zati batzuetan bederen urreztatua eta ebaki platereskoz apaindurik dago, burua eta eskuak berriz koloreanitzeko haragi kolorezkoak ditu.
San Nikolasen parrokiak ere, lehen errenazimentuaren geroztik eginiko liturgia ostilamenduetan oso aberatsa denak, badu erlikiontzi‑eskultura berezi bat, San Markos ebanjelariari eskainitakoa, kontraposto apur batekin osoko irudian adierazia, sinbolozko lehoia oinetan duelarik. Bai estiloagatik eta bai podiumean zizelaturiko plateresko apainketa osagaiengatik, XVI. mendearen bigarren hereneko data izan dezake.
Ebanjelio-liburua. Nafarroako hiriburuko altxorrean, jada aipatuak ditugun lanen artetik ere nabarmenduz, ale bitxitzat hartzen dena aipatu beharrezkoa da ebanjelio‑liburuaren estalkia, urre koloreko zilarrezkoa zurezko arima gainean zizelaturikoa. Neurriz, 28 cm x 18 cm ditu eta Pedro de Mercadoren ikurra dauka.
Estalkietan, alde batean irudikatua du Kristo piztua eta tronuratua, Ebanjelarien sinboloen artean eta, bestean, berriz, Gurutziltzatzea. Bi eszena hauek ertzetan eta hondoetan kiribilez, landarekiz eta beste zenbait apaingarri platereskoz jantzirik daude.
Parrokietako kalizak eta gurutzeak
Errenazimentuaren lehen aldi honetan liturgiako ostilamenduko alerik gehienak parrokietako kalizak eta gurutzeak dira eta ugaritasunagatik garapena estilistikoa egoki jarrai daiteke.
Edontzi sagaratuak. Kalizei dagokienez, aldiz, zenbait kalitatezko ale, Fiteroko Santa Klararen kaliza esate baterako, trantsizioko lan modura har daiteke.
Ohiz kanpoko aletzat har daiteke Lizarrako San Migel elizako kaliza, berpizkunde estilo oso soilekoa eta arrasto platereskorik ere ez duena eta 1500 aldera kokatuz, Cruz Valdivinos‑en ustez, Toulouseko Pierre zilarginarena dena.
Nafarroako sakristietan ikusten diren gurutze, kaliza eta eki‑santu asko Errenazimentuaren azken hamarkadetan kokatu behar diren aleak dira eta arte espresibista eta manieristaren atalean aipatu beharrekoak lirateke. Nolanahi ere, zera ikusten da, XVI. mendea aurrera doan heinean gotikotasuna murrizten ari dela, kalizen oinetara mugatuz.
Kalizen ezaugarriak. Hona hemen nolakoak izan ohi diren hauek:
- gingil anizdunak
- heldulekua zilindroz artikulaturiko kalostraduna azaldu ohi da,
- eta koparen azpia kalatua duen kopa, plateresko apaingarriak kerubinez eta abarrez.
Erronkari eta Otsagiko kaliza ederretan jarraitu ohi den eredua da. Oliteko San Pedrokoak (1552) koparen biribileko dominetan gorputz osoko erliebe figuratiboak ditu.
Gurutzeak. Gurutzetan, berriz, XV.go ereduak jarraitzen du XVI. mendearen erdira arte,
- zitori horizko besoak
- gurutzadura karratuak,
- baina apaingarri platereskoez estaliak daudenak.
Halakoxea da, batez ere, Lizarrako San Migelen gurutzea, eta halakoxeak Iruñeko lantegietatik irtendako beste batzuk: urregintzako benetako bitxi bat da Alkotzeko gurutzea, gurutzadura karratua, erdi parean zabalguneak dituzten beso zuzenak eta zitori horizko amaieraren eskema jarraitzen duena.[57]
Gurutzearen eskema gotikoak ez ditu moteltzen berpizten ari diren irudiak, formak eta osagaiak ezartzen duten berritasun estilistikoaren inpresioa.
Gauza bera esan daiteke Leitza, Baraibar, Tirapu, Ameskoako San Martin eta abarretako prozesioetako gurutzeez ere, denak XVI. mende erdialdekoak ziur asko.
Mendearen bigarren herenean joera ezberdineko egiturak nahasian jartzen dituzten gurutzeak garatzen dira:
- beso kalostradun lauak, apaingarri platereskoez,
- eta irudikatze espresibistaz estaliak.
Euskal probintzietako urregintza
Zilargintzaren Urrezko Aroa Araban
Nafarroak bezainbeste lantegi eta hark bezainbeste zilargintzako emaitza iritsi ez bazuen ere, Arabak eta zehatzago esanda Gasteizek liturgiako zilargintzan garapen harrigarri bat ezagutu zuen. Zilargintzako lantegien bizitza eta jarduera, beren ikur eta puntzoiaz eta euskal zilarginez eta batez ere Araba aldekoez gaur egun jakin daitekeen guztia sakonki aztertu zuen Rosa Martin Vaquerok Errenazimentua, euskal zilargintzaren “Urrezko Aro”tzat dauka.[58]
Lehen aldia gotikoak bizirauten duelako bereizten da.
'Gurutze, kaliza eta kopoietan':
- oinak, gingil ugaridunak dira;
- heldulekuak, poligonalak,
- eta korapiloak berriz egitura biribiletara jotzen dute.
Edontzi sagaratuak. Aipagarriak dira Heredia eta Markizeko kalizak.
Egitura soila dutenak baina ebaketa plateresko politak dituztenak dira Andolluko kaliza eta Argomaizko zilarrezko kopoia.
Gurutzeak. Baina inolako zalantzarik gabe, Gasteizko elizbarrutiak dituen plateresko aldi honetako bi alerik ederrenak zilar zizelaturiko prozesioetako bi gurutze dira:
- Ehariko (c.1540) Donemiliagako gurutzea
- eta Samaniegokoa gurutzea (c.1550), Naiarako ikurra eta Juan Alonso Butronen puntzoia duena, gaur egun Gasteizko Katedral Zaharrean gorderik da.
Bietan ere, Gurutziltzatuaren irudi inguruan, bai kimu sortan bai kalostradun eskulekuan eta bai zitori horizko besoetan, grutesko, soin‑enbor eta “a candelieri” apainketa-gai ugariren ondoan eszena ikonografikoen aberastasun sinestezin bat hedatzen da.
Ekora, Santa Koloma edo Aretxabaletakoak bezalako gurutze berantiarrak manierista estiloan sartzen gaituzte jada.
Gipuzkoa eta Bizkaia
Gipuzkoan. Gorde direnak eta XVI. mendean kokatu beharko liratekeen liturgia zerbitzurako aleak ez dira asko. Ia denak Elizbarrutiko Museoan daude jasota. Urre koloreko zilarrez daude zizelaturik gehientsuenak.
Eki‑santuak. Zenbait eki‑santuk aztarna platereskoak gorde ditu, Bergarako Oxirondoko Santa Mariatik ekarriak eta Arrasateko parrokiak dituen biak, esaterako. Berauen artean denetan garaiena (0,96 m) bereziki ederra da, gruteskoz apainduriko hexagonozko oina, tenplete moduko korapiloa eta Kristo, San Pedro eta Tetramorfosa biltzen dituen gotiko orratzak dituela.
Gurutzeak. Segidakoak, pizkundeko arrasto oso argiak dituztenak dira Billabona, Amasa, Albistur, Goiaz, Zumarraga, Usurbil eta abarretik sorturiko prozesioetako gurutze batzuk, baita Errezil, Berastegi, Hernani eta Urnietako zilarrezko intsentsu‑ontzi zenbait ere.
Kalizak, hauetako batzuk sinaturik daudenak, besteak beste, Arrasate eta Urretxukoa; baita “Erromako erara zizelaturiko” bakarren bat ere, on Rodrigo Mercadok bere San Migelen kaperarako opariz eman zuena.
Agian edertasunik handiena eki‑santuetan bilatu beharko litzateke, kalostrazko zutabetxo eta apaingarri platereskoentzat egokiak direlako.
Bizkaian. 1500 inguruan Bilbon eta ia beste inon bizi ez ziren egile eta lantegi ugariren agiriak badira. Galduak dira lanetako asko, baina XVI. mendeari eman beharrezko kalitatezko ale batzuk gelditzen dira:
- kalizak, Plentzia, Ondarroa eta Elorrion, Etxebarriko San Agustinen, adibidez;
- zenbait kopoi, Sopela, Santurtzi eta Ondarroakoak;
- hainbat eki‑santu bikain, beren apainketa ugari eta dotoreagatik deigarriak direnak, besteak beste, Axpe‑Busturiako Santa Mariakoa.
Prozesioetako gurutzeak dira lapurretei, honda-zalekeriari eta denboraren irabaziei hobeto gogor egingo balie bezala, gehien gorde direnak. Besteak beste nabarmendu dezagun:
- Kortezubiko Santa Mariakoa, hain baita ongi zizelatua,
- Busturiako Axpen ere, Ebanjelarien irudiak dituena, arkitekturazko osagaiak eta apaingarri plateresko ugari dituenez;
- Mundakakoa, bere irudietako batzuetan aurrekoaren antza duena, baina apainketaz xumeagoa dena;
- Urdulizkoa, berriz, kontrako aldean Tetramorfoa grabaturik duena;
- eta beste zenbait Arrieta, Arantzazu, Galdakao eta Mañarian.
Hauetako ale batzuen egituretan gotikotasunak jarraitzen duela eta pizkundekoa dena apaingarrietan azaltzen dela suma daiteke. Ez da ahantzi behar inportaturiko ale dezente ere gorde dela, hala nola:
- Markina‑Xemeingo Jasokundeko eki‑santua, Castillo izeneko zilargile sevillar batek landua eta parrokiari erregalatu zitzaiona.
- Maskurua Sendiaren Triptikoa ere Espainiako gorteetatik ekarria dela ziurta daiteke, tradizioa denez, Felipe II.ak bere idazkarietako bati opariz emana.
Bilboko Arte Ederretako Museoan 1986an, Bizkaiko antzinako zilarrezkoen erakusketa bat zela-eta, erakusgai zen guztiaren argazkiak zituen katalogo eder bat argitaratu zen, eta erantsirik zuen berrehun bat zilarginen izenak zituen Hiztegia.[59]
Erreforma Katolikoa eta Urrezko Aroa
Historialariak ohartu dira Europan eta Espainian, bereziki, XVI. mendearen erdialdean bai politikan eta bai erlijioan gertatu zen giro-aldaketaz. Karlos enperadoreak aitortu zuen heresia protestantea desegiteko eta enperadore katoliko baten agintepeaz Inperioa batzeko ahaleginak porrot egin zuela eta bertan behera utzi zuela, eta turkoen mehatxuetatik Europa kristaua askatze saioak huts eginda. Erlijio-gerrek XVII. mende ongi aurreratura arte iraun zuten eta Espainia barruan sartuta zegoen. Tolerantziaren haizeak ufaka hasiak zirela ere egia da eta Wesfaliako Bakean oinarrizko puntua zein izango den sumatzen hasia zenik ere bazen: “cuius regio, eius religio”. Baina, iberiar penintsulan artean ezinezkoa zen halako amaiera sumatzea.
Europako estatuetan, politikan monarkia absolutista joerakoek aurrera egin zuten sendotze bidean. Espainiak bere baitan ixtera egin zuen eta erregearen aginpidean Felipe II.aren erregealdiak markatu zuen gailurra eta baita nobleziaren aldetik botere politikoaren sakabanatzeko xedeen amaiera ere.
Mende horretan erlijioan arnasten zen giroaz era berezian arduratu behar dugu, katolikotasuna beroa baitzen eta, Baskonian bezala, gainerako Espainia osoan ere erlijio katolikotik jaio baitzen sormen artistikoari dagokion guztia.
Kontrarreforma esan izan zaion horren lehen fasea, azken batean, erreforma katolikoaren aldi luze baten bukaera izan zen (beste batzuek katolikotasunaren zaharberritzea diote), eta horretan Kontzilioa izan zen garrantzi handiko erdigunea, zeren eta, beranduegi iritsi zenez, ezin izan baitzuen galarazi Elizaren zatiketa, erreforma protestantea izeneko mugimendu bereizlea.
Aro baten argi-ilunak
Gezurra badirudi ere, Espainiako historialariarentzat iberiar penintsulako letra eta arteen “Urrezko Aroa” inkubatu zeneko garaia zen eta guretzat euskal ikonografiaren “urrezko mendea” izendatzera ausartzen garen aldi hori akats handi bat zen eta hispaniar erresumekin etena egin zen aldien. Felipe II.aren erregealdia garaipen aintzatsuengatik nabarmendu zen, baina, baita porrot eta huts egite ugarirengatik ere. Nagusitza politikoa ez zen Gaztela pobretuz baizik lortu eta fede katolikoaren segurtasuna, kalbindar eta islamdarren aurrean ez zen bermatu Inkisizioaren bitartez baino, honek guztiak indarren eta pozbideen xahutze izugarri bat ekarri zuelarik. Zuzentasunez hitz egin da “gutxi-asko arrazionalismo filosofikoak eta burgesia kapitalistak moldatutako”[60] Europako herrialdeetan sortzen ziren joeren aurka Felipe II.ak ezarri zuen norabide aldaketaz. Hispaniako gizarteko maila gorenetan, bederen, Errege Zuhurraren heriotza, arindualdi moduan hartu zen. Felipe II.ak, bere botere eta guzti, ez zuen asmatu bere erresuma gerraren, zorren eta gainbeheraren zurrunbiloan harrapaturik gelditzea eragozten.[61]
Baina gaitz horien kontzientzia orokorra ez zen hurrengo mendera arte hartuko. Bitartean, ekonomiari zegokionez, sortuko zuten bizitzeko lain Mundu Berriko urreak sortzen zituen irabazietatik; politikari zegokionez, antzinako erresumak eta “Espainiako” aginpidezko batasunaren gainetik zegoen errege boterearen harrotasunetik, eta erlijioari dagokionez, berriz, Trentokoaren ondoren, heresien garaipenak sortzen duen pozetik eta dotrina katolikoa sendotzetik nahiz moralaren eraberritze eta diziplina-sentimendu orokorretik. Baskonian. Hala ere, Frantzia aldeko Euskal Herria aipatzerakoan ezin daiteke gauza bera esan, zeren eta kalbindarra den erregina baten garrak, Albreteko Joanarenak, gehiengoz katolikoa den Nafarroa Behereko populazioa etengabeko gerraz aztoraturik eduki baitzuen.
Pirinioen azpiko Baskonian gainbehera demografikoa mendearen azken aldera nabarmendu zen eta krisialdi ekonomikoa areagotzen hasi, eta XVII. mendean lehertu ziren beronen ondoriozko gizarte gatazkak.
Monarkia eta eliza
Artean ere, XVI. mendearen hirurogeiko hamarkadan, erlijioan eta gizartean giroa itxaropentsua eta baikorra zen, bizigarria arte ekimenetarako. Besteak beste, Trentoko Kontzilioaren eta Pio V.a eta Gregorio XIII.a aita santuen politikaren ondoriozkoa izan zen, elizaren eskubide eta askatasuna onartua izatearen eskakizuna, kristau-zerbitzuan, kudeaketan eta bizitza zibilean hierarkia katolikoaren aginpideari zegokion guztian, nahiz eta horren ordez, Felipe II.a “pase regio” delakoari eusten saiatu zen, Elizaren kargu nagusiak errege aulkiari leialtasuna frogatu zioten pertsonei emanak izan zitezela eskatu eta lortuz. Herriaren eta eliz jendearen alderdi askotan, benetako bizimodu ebanjeliokoak beti lagungarri izan ez zuen erlijio-suhartasuna nabarian azaldu zen eta santutasun goreneko pertsonaiengan forma bizigarria hartu zuen, eta horren ondorioak kulturan eta arte munduan ere agertu ziren.
Lehen Errenazimentua –platereskoa–, Errenazimentu klasikoa
Georg Weise historialari alemanak aditzera ematen duenez, Felipe II.a etorri eta gutxira, 1560 aldera, Trentoko Kontzilioaren azken etapan “bat‑bateko” etena eman zen: Errenazimentu betea gerora barroko aldia izenez ezagutzen denarekin bereizten duena. Italian eten hau ageriagoa da Espainian baino.
Euskal Herrian Errenazimentuak gehiago iraun zuen eta, aurreko atalean esan bezala, ez da erraz Lehen Errenazimendua eta Errenazimendu klasikoa bereizten dituen mugak zehazten, zeren eta lehenbizikoa platereskoarekin lotzea normala dela kontuan hartuz, gruteskoak eta mintzaera horren beste apaingarriak aurkitzen ditugu, Errenazimendu heldu baten ordezko gisa izendatu behar ditugun artelanak eta lan-multzoak uztaitzen eta osatzen.
Trantsizioko pintura
Artelanak eta ertilariak. Gotikotasunaren mugak gainditzeko ahaleginak sumatzen zaizkien margolanak miatzetik hasiko gara, kronologia orientazio modura hartuz.
Bestalde, XVI. mendearen erdialdera iritsiz gero, artelanei buruzko dokumentu ugari izaten hasi garenez, has gaitezen arte historia hau ertilarien izen berezietan oinarrituz aurkezten, lehenago sarritan gaizki gordetako artelanen barruko azterketak uzten zizkigun zalantzak eta ezin zehaztuak behin betirako gaindituz.
Italiako Errenazimentu manieristan, 1550ean zehatzago esanda, argitaratu zen Italiako Arte Historiaren lehen lana –Giorgio Vasari‑ren Bizitzak– nolabait ere, artelan eta estiloen historia baino gehiago ertilariena izango dena. Adibide bera jarraituko dugu hemen eta, batez ere, ertilarien izenez baliatuko gara XVI.go data aurreratu horretatik gure historia kronologikoki mugatzeko eta bideratzeko.
Lurraldea. Beste alde batetik, gremioen antolaketak eta bertako ertilarien lantegiek mende honetara bitartean izan duten eta oraindik ere duten garrantzia kontuan izanda, gure ikerlana Baskoniako hainbat lurraldeetara heda dezakegu, haietan ardura berezia jarririk, nahiz eta jakinaren gainean gauden zenbait ertilarirentzat, garrantzitsuenentzat batez ere, Euskal Herriko hainbat probintzietan lan tratua egitea eragotziko zien mugarik ez zutela izan.
Pintura eta eskultura. Historialari batzuk aipatu dute, margolanen ondoan, XVI. mendean, euskal eskulturek garrantzi eta kalitate hobea duela dirudiela. Irizpide hau bat dator errealitatearekin, Kantabria aldeko probintziei buruzkoa baldin bada, batez ere, baina ez da hain zehatza gertatzen Nafarroako erresuman pentsatuz, non margolariak gutxiestea badirudien, bertako ikerlarien merezimenduzko lanari esker, oraintsu agertuz joan diren dokumentuak ez ezagutzeak ekarri duen ondorioa. Nafarroa izango da, beraz, Goiz Errenazimentuko margolariei buruzko aipamena egiten hautatu dugun eskualdea.
Nafarroako margolari eta lantegiak
Ororbia maisua
Ororbiako San Julian parrokiak du Nafarroan XVI. mendearen lehen erdialdean margotu ziren ohol multzo estimagarrienetako bat. Eliza XV. mendekoa da, baina inola ere ez zen bukaturik izango hurrengo mendearen lehen hamarkadak baino lehen.
Dataz 1530ekoa[62] izan daitekeen erretaula hiru gorputz eta bost kalez osatua da, eskulturak eta margolanak nahasturik dituelarik. Lehen gorputzeko ohol margotuek Urrezko Legendatik ateratako San Julianen bizitzako eszenak azaltzen dituzte: oreina santuari bere gurasoak hiltzera doala berri emanaz, San Julianen emazte berari giza hilketaren berri ematen, eta abar.
Bigarren solairuak Kristoren Haurtzaroko pasadizoak azaltzen ditu; goiko solairuan, Gizakundea, Birjinaren Ikustaldia, Abdon eta Senen santuen artean Haurrarekin Birjina, Jaiotza eta Agerkundea. Atikoan Gurutziltzatzearen irudiak.
Ororbiako Maisu ezezagun honek konpromisozko estilo bat agertzen du, germaniar‑flamenko eta errenazimentuaren italiartasun joerako eraginen artean. Badaki konposaketa simetriaren bidez orekatzen; kontaketa maite du; paisaietan ardura azaltzen du eta beroien gainean nabarmentzen ditu irudiak; hauetan berriz keinuen dotoreziak nahiago ditu; eta gozatu egiten du bere arkitekturan, perspektibaren ikerketan; horrek guztiak adierazten du Italiatik iritsitako joera berrien ezagutza izan zuela margolariak.
Baina, aldi berean, eta mendearen lehen urte hauetan ohikoa zen, zantzu hauek Flandes eta Alemaniatik iritsitako beste batzuekin nahasten dira: xehetasunetarako isuria, konposaketaren osagai guztiak lantzen ditueneko zehaztasuna, pertsonaien jantzien tolesdura urratuek eta paisaien hondoek eragin bat iradokitzen dute, Durero eta Flandesko rafaeldar margolarien estanpetakoa.[63]
Joan Bustamante
Beharbada, nafar margolarien artean Joan Bustamante hartu beharko da, bere belaunaldiko iaioena delako. Honen lanik onenetako bat Uharteko San Joan Bataiatzaileren errenazimentuko erretaularen margolan-multzoa da. Ertilari honek, 1553ko testamentuan, erretaula hau ordaintzeko falta ziren 120 dukatez hitz egiten du; eta Iturmendiko Katalina, margolariaren alarguna 1555ean parrokiarekin tratu bat egitera iritsi zen, eta, esaten duenaren arabera, lan hori 20 bat urte lehenago bukatu zen (c. 1535 edo 1536).[64]
Zizur Nagusikoaren garaikidea izan behar duen Uharteko erretaulak bere bigarren solairuan lau ohol ditu margoturik: Gizakundea, Mariaren Jaiotza, Agerkundea eta Elizan Sartzea; erdiko horma-hobian dagoen taila Birjinaren Koroatze da. Atikoan berriz, Nekezko Bidearen eta Gurutzetik Jaisteari buruzko margolanak, Maria eta San Joanen artean Gurutziltzaturiko Kristo baten tailaren saihetsean.
Joan Bustamanterengan ezaugarri azpimarragarriak dira: marrazkigintza menderatzea eta margo hunkigarrien konposaketa. Konposaketek garai horretan hispaniar lantegietan banatzen ziren grabatuetan oinarriturikoak dirudite. Gurutzetik Jaistea multzoarentzat, adibidez, eredu bat Marcantonio Raimondi‑ren estanpan aurkitu zuen. Gurutzea sorbaldan eramatearen eszena Zizurko erretaularen berdin‑berdina da. Bestalde, Gizakundearen eta Jaiotzaren efektu berezietan azaltzen den maisuaren italiartasunezko estiloan ez dira oihartzun flamenkoak falta.
Zizur Nagusiko Erretaula. Benetako monumentu multzoa den Zizur Nagusiko erretaula bestea bezain garrantzizko eta baliotsua da.
Lau gorputzeko eta bost kaletako erretaula da, eta hamabost ohol margotu erakusten ditu, izan ere, erdiko kalean erdiko hiru nitxoetan eskulturak ditu. Aulkian, Juan Bustamantek Nekaldiko bost eszena margotu zituen. Lehenbiziko gorputzean, elizaren zaindari den San Andresen bizitza eta martiritza kontatzen da; bigarrenean, Birjinaren bizitza; atikoko bi oholek alde batean Santiago eta San Roke agertzen dituzte eta San Migel eta San Julian bestean.
Zizurren Joan Bustamanteren estiloan areagotu egiten da ukitu espresibista. Italiar eta Eskandinaviar ezaugarrien nahastea, konposaketa korapilatsuenganako nolabaiteko zaletasunari eta pertsonaien mugimenduari lotuta dago. Larritasun hau argi asko gelditzen da aulkian garatzen diren eszenetan. Beste bereizgarri batzuk ere baditu Joan Bustamantek, margoen bizitasuna, eta gizonezkoen irudietan, zertxobait behartutako jarreren alderako zaletasuna, batzuetan bizkarrez ikusten direlarik; gorputz indartsuak eta sakonuneak dituzten aurpegiak, eta baita Errenazimentu ondorengo aldietan desagertuz joango den nolabaiteko “horror vacuia” ere.
Galarko erretaula. Agirietan ez azaldu arren, Galarko (Espartza) erretaulako margolanak Joan Bustamanterenak direla esan daiteke. Banku baten gainean (eskulturadunak) bi gorputz zutitzen dira, bost kale (eskulturak dituen erdikoa barne delarik) eta hiru gorputz dituen atikoa. Denetara hamar dira margoturiko xaflak, Jesusen Haurtzaroa, San Estebanen bizitza eta Nekaldiari buruzko gaiak dituztenak; margolan hauek 1945ean izan ziren zaharberrituak.
Estiloari dagokionez badira, perspektibazko efektu interesgarrietan eta pertsonaien aurpegi eta jarreretako larritasun biziekin nahasten diren hondo-arkitektura handietan islatzen diren italiar kerak.
Hau dena, oinarrizko margoen bizitasun-alderako joerari loturik, Rogelio Buendiak gaineratu zuen Joan Bustamanteren ingurumarian kokatzen dela obra, eta oso litekeena dela bere lantegian, izan ere irudiek ez baitute Uharte eta Zizur Nagusiko erretauletan maisuaren ezaugarriak dituzten manierista aurreko luzamendurik. Angulo Iñiguezek, aldiz, Joan Bosque margolariaren lana den (Nafarroako Museoan) Burlatako San Joan Bataiatzailearen erretaulako margolanekin zerikusirik baduela dio.
Izendapenak. Gutxienez Joan Bustamanteren ingurukoak direla esaten den margolan batzuk dituena da Zabaltzako Jasokunde parrokiako erretaula.
Gauza bera esan daiteke, gaur egun Nafarroako Museoan den Setoaingo erretaulaz ere.
Joan Bosque
Oriz jauregiko (gaur egun Museoan) “Batailetako aretoa” apaintzen zuten margolanei ere loturik agertzen da Joan Bosqueren izena, han baitzeuden Mühlberg‑en Karlos V.aren garaipenaz bukatu zen Saxoniako Guduko pasarteak irudiztaturik. Garai hartako grabatuetan inspiraturik daude zalantzarik gabe eszenak eta grisailaz eginak dira. Ematen zaien data 1550 aldekoa da.[65]
Burlatako erretaula. Burlatako San Joan Bataiatzailea parrokiako erretaulako margolanak ere Joan Bosquerenak dira, eta Foru Aldundiak 1956an erosi eta (garai bateko Iruñeko Erruki‑ospitalean) Museoko kaperara eraman eta bertan kokatu ziren.
Bankua, bi gorputz eta bost kale dituen erretaula San Joan Bataiatzaileari eskainia dago; eta bankua eta Esteban Obray‑ren eskultura-lanak barnean dituen erdiko kalea izan ezik, ikonografiazko multzoa hainbat margolan-oholek osatzen dute.
Erretaularen lehenengo taldeak Bataiatzailearen eszena batzuk agertzen ditu: Kristoren Bataioa, santuak Herodes eta Herodiasi eginiko ohartarazpenak, Bataiatzailearen burua ematea –Lucas de Leyden‑en eredu bat errepikatzen duen eszena, berau– eta Bide-erakusle Santuaren zintzur ebaketa.
Bigarren gorputzean binaka jarritako santuen konposaketak aurkitzen dira. Atikoko behereneko sortan, Deikundea, Jaiotza, Birjina Haurra duela eta San Joan Txiki, Ikustaldia eta Epifania; erretaularen koroatzea berriz, aingeruz inguraturiko (Dueroren grabatu bati jarraiki) Hirutasun Santuarentzat jasoa dena San Lukas eta San Mateo ebanjelarien artean.
Estiloagatik, Joan Bustamanterenean dela esan daiteke, Joan Bosquerenean ere sumatzen dira italiar kerak eta flamenko inspirazioen nahasteak, Aragoi aldeko eskolako margolarien nolabaiteko eraginez osatuak. Zoladuretan eta arkitekturetan perspektibak bistaratze joerak eta enperadorearen modaren arabera jantzitako irudien dotoreziarekiko zaletasunak Italiar jatorrikoak dirudite. Hala ere, aldizka egitura luzeko aurpegietako adierazkortasunetan, janzkeren zehaztasunetan, adatsen forma eta, oro har, irudien itxura eta paisaien hondoetan pintura flamenkoaren korrontearekin nolabaiteko lotura nabarmentzen zaie.
Erramun Oskariz eta bere lantegia
Iruñeko Oskariztarren lantegitik irtendakoa da XVI. mende honetako lehen erdiko margolanen emaitza oparoa.
Hiru belaunalditan izan zituen familia honek ertilariak. Familia edo leinu honetako burua Menaut Oskariz izan zen; baina bere emaitzen kantitate eta kalitateagatik gailendu zena honen seme eta oinordeko Erramun Oskariz izan zen. Bere garaikoen aldetik oso estimatua zen ertilari honi “Arma Errege” [66] karguaren ohorea eman zitzaion, beraren aurretik kargu horretan Joan Bosque izana zelarik. Egiarretako erretaula. Bere lehenengo lan estimatuenetako bat Egiarretako Santa Maria parrokiako erretaularako margotu zuen ohol-multzoa da.
Joan Landaren (1540) eskultura-lanak erakusten diren erretaula platereskoa da. Pintura lanak urte batzuk beranduago eginak izan behar dute, 1551 eta 1553 artean.
Margolanak. Erretaularen hirugarren gorputzean kokaturik dauden pintura hauek San Pedroren bizitza eta martiritza kontatzen dute, santu batzuen irudiak ere erantsi zaizkiolarik: Frantzisko eta Domingo Santuak, Brixida eta Marina emakume santuak, eta abar. Dokumentua duen lehen lan honetan Erramun Oskarizek agertzen du berea duen estilo berezi bat, batez ere, zenbait eszenei ematen dakien larritasunean, eta pertsonaien keinu adierazpenak gogortzeko joeran kanporatzen den flamenko eraginak bereganatuak dituen ertilaria dela erakutsiz. Gainerakoan, italiartasun zale neurritsuagoa da eta irudien estilizazioan eta sakonerako arkitekturekiko zale azaltzen da. Bere‑berea duen ezaugarrietako bat da paisaien gainean nabarmentzen diren santuak binaka jartzea, oihalez, brokatuz eta harribitxiz bere pertsonaiak janztea eta oinarrizko margoak, gorri, hori eta berdeak erabiltzearen zale da. Aginagako oholak. Aginagako San Pedro parrokiatik Elizbarrutiko Museora eramanak izan ziren Erramun Oskaritzek 1550a baino aurreagoko urteetan margoturiko zortzi ohol.
Maisuaren eskuek egin zuela sumatzen den Nekaldiaren eszena adierazten da hauetako lau aletan; San Pedroren bizitzari eskainitako gainerako lauetan, estiloz lerrozkoagoak direlarik, bere lantegiko langileek eginak direla ematen du.
Akerretako erretaula. Egiarretako lanen estilistikaz duten antzagatik, Erramun Okarizenak direla irizten da, Esteribarko Akerretan erretaulako errenazimentuko margolanak ertilariaren erdiko etapakoak izan daitezkeelarik.
Idulki txiki baten gainean lehen gorputz bat altxatzen da, Nekaldiaren eszenak adierazten dituzten oholak agertzen direlarik; bigarren solairuan gizon santuen irudiak ikusten dira; hirugarrenean, emakume santuen irudiak eta Mendekoste.
Margolan hauetan Erramun Oskarizek flamenkoaren eta italiarraren erdi bidean iraunez jarraitzen du.
Berriogoitiko aldarea. Berriogoitiko (Antsoain) Santa Eulalia parrokiako aldare nagusian Erramun Oskariz aritua izango zen bere iloba Pedro Altzo eta Oskarizekin batera, mukulu eskulturak eta ohol margotuak nahastuzko egitarau misto bat osatzen.
Bigarren gorputzean bata bestearen atzetik azaltzen dira Santa Eulalia epailearen aurrean, emakume zaindari santuaren irudia mukuluduna eta beronen martiritzako irudia. Hauts‑babesetan, Ebanjelioaren aldetik Santa Luzia eta San Ferminen margolanak gainjartzen dira eta kontrako aldean Santa Barbara eta San Martin.
Okariztarren lantegiko estiloari dagozkien margolanak dira: kanon luzeko irudiak, konposaketa osoa estaltzen dutenak –hauts‑babeseko santuen kasuan–, edo trazu sendoko arkitekturez uztaituriko eszenak.
Arreko erretaula. Arreko San Erromanen erretaulako margolanak, Erramun Oskarizen lanik adierazkorren eta onenekoak gisan hartzen dira.
Mazoneria platereskoz uztaiturik dauden lehenengo gorputzeko pinturek San Erromanen bizitzako gertakariak adierazten dituzte: gurutziltzatzea, sutearen prestaketa, santua erregeren aurrean eta atxilotzea. Santuaren estatua-irudia erdieneko horma-hobian dago kokaturik. Bigarren gorputzeko pinturek Birjinaren bizitza kontatzen dute, Jesus Haurrarekin eseritako Mariaren eta San Joan Txiki aingerudunaren eskultura, taldearen alde banatan kokaturiko oholetan. Atikoa berriz, Kalbarioaren saihetsetan Nekaldiaren eszenak dituela.
Armetako Erregearen emaitza zabalaren barruan, Arreko erretaula bere aldi helduan kokatzen da, 1570.a baino lehenago... Hondoak paisaiarekin banatzen diren errenazimentuko arkitektura handien aurrean mugitzen dira pertsonaiak. Oskarizek bere ezaugarri duen giza eredua errepikatzen du, masail-albo irtenak eta begi gorriak, gogortasun apur bat falta ez zaion keinu berezia ematen diotelarik, karikaturarako joeran.
Beste lan batzuk. Leteko (Itza) Donemiliagako parrokian, San Blasi eskainian, 1554ko data duen erretaulako margolanak ertilari berari zor zaizkiola dirudi. Baditu San Blasen zigorkatze eta martiritzaren eszenak eta beste santuen irudiak adierazten dituzten oholak.[67]
Esan beharrik ez da, Nafarroako erresuman banaturik ez dela erretauletako beste margolanik falta honako toki hauetan (Sarriguren, Irotz, Aldatz, Zia, eta abar.) non, badirudien Erramun Oskarizen edo bere lantegiko laguntzaileen eskua ikus daitekeela.
Migel Bakedano
Itsasoko erretaula. Adituek Migel Bakedano margolaria Joan Bustamanterekin batera, Nafarroan Rafaelen formen sartzailetzat hartzen badute ere, eta nahiz eta Itsason (Basaburua, Nafarroa) bere lanen dokumentuetako data goiztiarra izan (1546), Iruñeko biztanle izandako ertilari hau, kronologikoki mendearen bigarren erdiko manieristen artean kokatu nahiago dugu. San Pedro zaindariaren bizitza ospetsuari buruz margotu zituen Itsasoko erretaulako hamalau oholak, nafar artea azken italiar Errenazimentuko sorkuntzetara egiaz eta behin betirako ireki zeneko frogak dira.
Joan Bustamanteren eta Erramun Oskarizen estiloan aztoramendu eta margo anitzetatik urrutiratuz, Bakedanorengan nagusi dira lerrozko perspektiba ia guztiz menderatzea, konposaketan Rafaelen argitasuna, paisaiaren esparruari emaniko zabalera handiagoa eta irudien plastikotasun bilaketan, argi-ilunen arteko kontraste joko iaioa. Koadro erdia ilunpean hondoratuarekin, San Pedroren askapeneko eszenak Caravaggioren aurrerapen bat dirudi. Tamalgarria da ertilari honen dokumentuetako lanetatik Itsasoko elizako hau besterik ez gelditu izana.[68]
Pertustarrak
manierismo erromanistaren eraginpekotzat hartu behar da, XVI. mendearen azken herenean, nahiko dokumentaturiko nafar margolari batzuen jarduera, besteak beste, Pertustarrak, Joan Landa eta Joan Lumbier nabarmendu daitezkeelarik.
Pertustarrek, aldi horretako euskal historian hain sarritan eman ohi den margolarien beste leinu bat osatzen dute.
Pedro Pertus. Tuterako Martin Mezkita, Tarazonako katedraleko diruzaina zena eta Tuterako katedralean zegoen San Martinen kaperaren nagusiak, 1578an Zaragozan bizi zen Pedro Pertusekin tratua egin zuen, San Martinen erretaula Tourseko gotzainaren bizitzari eta izen bereko Apaiz Nagusi Santuari eskainitako erretaulako margolanak egitekoa. “Ohol guztiak estilo bat bera dute, kalitate apalekoa, veneziar manierista alderako jarrera eta margoekin eta argi‑ilun efektu biziekin”.[69]
Migel Pertus. Cascanteko Garaipenaren parrokian, Paulako San Frantziskoren kaperan oihal handi bat gorde da zaindaria adierazten duena eta 1587an Migel Pertusek margotua.[70]
Pertusen ingurukoa ere izan liteke (Joan Lumbierrekoa alde batera ez badaiteke utzi ere) San Korellako San Migel parrokian erretaulatxoko bankua apaintzen duen San Bartolomeren martiritzari buruzko koadroa eta delako nafar herri horretan Arte Sakroko Museoak duen beste margolanen bat ere.
Joan Landa
Iruñean eta bere eskualdean jardun zuen Joan Landak (ez da nahastu behar belaunaldi bat lehenagoko batekin, izen bereko eskulturagilearekin) XVI. mendeko azken hamarkadan eta hurrengoaren hasierakoan hartu zuen ospea. Ospe hau, hein handi batean, margolanak egiteaz gainera, eskultura-lanen eta erretaulen apaintzaile, estofari eta margolaritzan tratuak egiten zituelako ere lortu zuen. Margolaritzan, bere estiloaren berezitasunak dira, aurreko aldietakoak baino konposaketa argiagoak eta askatuagoak izatea, bere eskortzoak, gizonezkoetan nabarmentzen duen muskulatura eta kera indartsuen kontrastean emakumezkoen irudiei ematen dien dotorezia eta edertasuna.
Margolanak Tafallan. Dokumentuetako bere lanen artean, 1596an eta 1599an egindako tratuengatik Tafallako Santa Marian daude bere margolanak.
Sagrarioko margolanak Landarenak dira, baita Joan Antxietaren erretaula osatzen dutenak ere, Landa bera arduratu zelarik polikromiaz eta estofatuaz. Aipatutako lan hauek, 1976an eginiko zaharberritzearen ondoren eder distiratzen dute, marradurak, punteatzeak eta arreta handiko eskemen bitartez burututako lan fina nabarmenduz. Bereziki aipatu behar dira aingeruekin, txarteletako paisaiekin eta bitxien antzera perladun zerrendekin xehetasun handiz margoturiko bankuetako frisoak. Era berean, sagrarioko margolana ere fina da, zutabeartetako laukietan agertzen diren soin‑enbor txikietan bereziki. Landa berari zor zaio “del Miserere” izeneko Gurutze antxietarraren haragitzea ere.
Kasedako erretaula. Kaseda parrokian, XVII. mendearen hasieran jada, Antxietaren erretaula margo anizten eta urreztatzen zuen bitartean, Landak Santa Katalinaren erretaula margotu zuen.
Bankuan emakume santuaren zigorkatzearen eszena, eliz gurasoekin izandako eztabaida eta gurpilaren miraria daude adieraziak. Erretaularen gorputz bakarra emakume santuaren martiritza eta gorespenaren oihal handiak estaltzen du eta atikoan bere gorpuaren lekualdatzea. Atikoaren alde bakoitzean, nahiz bere zeharkako simetrian, erromanista erako apostolu bat ikusten da. Zaindariaren oihal handian emakume santuaren zintzurra ebakitzea kontatzen da eta manierismo aurreratuak berea duen handitasun eta dotoreziaz osatua da, ukitu ilun batzuekin.
Balterrako Santa Maria parrokiako Santa Katalina eta Santa Luziaren erretaulako margolanaz ere gauza bera esan ldaiteke. Oholak eta Erretaulak. Erantsuseko (c. 1600) erretaula nagusiko lau oholak Joan Landaren estilokoak dira, eta 1611kobalioa eman zaie. Kristoren Haurtzaro eta Nekaldiaren ebanjelioetako pasarteei eskainiak daude, baina zoritxarrez, oso egoera txarrean gordeak. Sagasetako oholak ere harenak direla esaten da, baina beste margolari batzuen partaidetza ere ikusten da. Bi multzoetan lehen aipaturiko ezaugarriak ikusten dira, ilun alderako joera apur batez bada ere.
Dokumentatuak ez dauden Antsoaingo erretaula nagusiko pinturak ere, Landaren margolanen bide berean topatzen dira. Une hartako ohituraren arabera, bankuan eta alboetako kale muturretan banatuak daude (eskultura-lanak erdirako utzita). Predelan lau irudi daude: Birjina Haurrarekin, Santa Ana Birjinarekin, San Jeronimo eta San Agustin. Kaleetako oholetan, San Pedroren bizitzako pasarteak; atikoan berriz, Kalbarioa; dena ere, mendearen azken aldeko manierista estiloan.
Ertilari beraren eskua suma daitekeen beste margolan batzuk Aritzaleta eta Ilundainen aurki ditzakegu. Baina ez da gure asmoa hemen Joan Landaren margolanen katalogo osoa agortzea, eta zenbatu eta estimatu ere ezin izango ditugu Nafarroan, besteak beste, Tafalla, Irunberri, Obanos, Añorbe eta abarretan urreztatzaile eta estofari gisa egindako lanak.
Joan Lumbier eta bere lagunartea
Badugu beste margolari bat ere, Joan Lumbier, Joan Landaren garaikidea dena, mendearen azken aldian berezkoak diren manierismoaren ezaugarri bertsuak dituena.
Cadereitako erretaula. Cadereitako San Migel parrokian, Gurutze Santuaren Goralpenaren erretaulan, bankuko margolanak manierismo italiartzaile erakoak dira. Margolari honen ezaugarri handiak dira konposaketa eta koloretasunak. Beronek, 1608an hartu zituen tratuz margolan hauek, Tuterako protokoloetako Artxibategian dokumentuetan azaltzen denaren arabera.
Erretaula beraren beste ohol batzuk gurutzaduraren aurrealdeko hormetan gordeak dira oraindik. Litekeena da beronenak ala bestela, bere lantegikoak izatea, eliza bereko Jasokundearen erretaulako ohol gainekoak, dokumentuetan Blas Arbizukoa erretaula‑mihiztatzailearena dela azaltzen da.
Beste zenbait lan. Joan Lumbierrenak dira Nafarroako Cortesko San Joan Bataiatzailearen erretaulan margotu ziren Bertuteen alegiak. Beronek 1608an tratua egindakoak dira.
Baita Cascanteko Garaipenaren elizako San Joanen erretaula eta sakristian aurkitzen diren Santa Ageda eta Santa Garaziri eskainitako oholak ere.
Argetasko San Esteban parrokiako Arrosarioko Amaren erretaulako margolanak Iñiguez Angulok[71] mendearen azken urte horietan kokatzen ditu, italiar aldeko estiloan. Aragoi aldeko eskolan ikasitako maisuenak direla esan daiteke, hauetako batek Joan Lumbierren estiloa ekartzen badu ere gogora. Rafaeldar estiloa lehen gorputzeko laukietan sumatzen da batez ere, Birjinaren bibliografia egiteari eskainitakoetan. Lehen mailako pertsonaiak, hondo ilunen gainean egoki argiztatuak nabarmentzen dira. Efektu hau Jaiotza eta Haurra Aurkeztearen eszenetan bereziki bikaina eta asmatua da. Bigarren gorputzean, Arrosarioko Ama Letanien sinboloak dituela, bere oinetan Santo Domingo eta Ikustaldia irudiztatzen diren horretan esku ezberdinez eginiko margolanak daude eta kalitatez apalagoak.
Ablitasko Santa Madalenaren parrokian italiar manierista estilo berekoak dira Kristoren Haurtzaroko eszenak, Guztiz Garbiaren erretaulako margolanak.[72] Juan Lumbier eta Pedro Fuentesek 1625ean tratua egindako erretaula da. Hemen, Egiptorako Ihesa nabarmentzen da, bere konposaketa eta argi kontrasteengatik, gainerako eszenak eta konposaketaren orekak rafaeldar eragina apur bat salatzen dute.
Tuterako merindadean, zenbait elizetan sakabanaturik, erromanista ukitu argia duten margolanak aurkitzen dira, XVII. mendearen hasierakotzat har daitezkeenak (Joan Lumbierren ingurumariakoak batzuen batzuk):
- Cabanillasko parrokiako sakristian;
- Cintruénigoko San Joan Bataiatzailea parrokiako Santa Anaren erretaulan;
- Corellako San Migel parrokiako San Bartolome eta San Joakin erretauletan;
- Corellako Arte Sakro Museoan;
- Alesbeseko parrokiako San Isidororen erretaulan;
- eta Fiteroko parrokiako beste erretaula batean.
Joan Lumbierren ingurumaria ekartzen dute gogor, halaber:
- Tuterako katedraleko koru atzeko horma-irudiak, hildakoen piztuera eta Azken Epaiari buruzko gaiak dituztenak;
- baita Tuteran, Kristoren Eskolako klaustroko kaperan aurkitzen den antzinako San Joakinen erretaulakoak ziren zenbait oholek ere, gaur egun zatikatua dagoena.
Arabako margolari manieristak
Ez dira kalitate handikoak Arabako erretauletan aurki daitezkeen Lehen Errenazimentuko margolanak. Hauetan, margolan herrikoi batek bereak dituen bereizgarriak gailentzen dira eta arte gutxiespen horrexegatik agian, denboraren gorabeherei ihes egin dieten zati batzuk besterik ez dira gelditzen.
Aipatzea merezi duten bi margolan multzo Morillaskoak dira:
- Martin Oñatikoaren pintzelari zor zaizkion San Pedroren bizitzari buruzko margolanak dituena,
- eta Morillasko Subillako erretaula mistoa, 1563an enkantean emana; margolana eginda, hurrengo urtean Joan Salazarrekin egin zen tratua, 1967an delako tratua Tomas Oñate eta Andres Miñanoren eskuetara aldatu bazen ere. Gure Amari eta Kalbarioari eskainitako erdiko bi eskultura-multzoak salbuetsita, gainerako erretaula, Kristoren Haurtzaro eta Nekaldiaren misterioari, Ebanjelariei, emakume santuei eta Bertuteen alegiei buruzko margolan oholez osaturikoa da. Guztietan ere garaikidea den Valentziako eskolako ereduen imitatzeak oso nabariak dira, hala nola, Massip‑tarrenak, eta Joan de Joanesenak.[73] Hemen aipatzea agian merezi duten margolan batzuk egoera zatikatuan iritsi zaizkigu:
- Muniaingo San Joanen erretaulako Kristoren Bataioko adierazpen bat,
- Eginoko Sortzez Garbia,
- Gereñako Astegietako erretaulako bi Joan Santuekin Birjina,
- gaur egun Gasteizko Museoan diren Añesko Jaiotzaren eta Epifaniaren oholak, grabatuetatik Martin Vosen lanetan inspiraturikoa.
Horma‑pintura. Margolan figuratibo eta jaierazkoa baino gehiago ugaritu zen mendearen azken aldi honetan halakoxe margolan-mota bat, apainketa osagarria dena eta horma pintzelada deritzona. Apainketa mota honen arrastoak gorde dituzten Araba aldeko elizak 39ren bat dira; ia erabat apaingarriak diren trazuetako margolanen gainjartze modukoak dira, margo beltz ala grisak, lehorrean emandako tenpera teknikaz eginak. Apaingarri berezi moduan aipa daitezke:
- Oteoko San Mames parrokian (1541) Martin Oñatek buruturikoak,
- Joan Elexalderenak (Artatza 1569),
- Tomas Oñaterenak (Ariñiz 1578),
- Eskolunbeko koruko grisallak Joan Armonak (1541) sinaturikoak.
Mendearen azkeneko margolanetan, batzuetan nolabaiteko gurari figuratiboz eginiko margo berezitasun hau, garai hartan bereziki estimatua eta preziatua zen eskulturen estofatu eta margo anitzen artearekin lotu beharko litzateke.
Margolan Manieristak Bizkaian
Ziortzako erretaula. Ziortzako (Markina‑Xemein) antzinako Santa Maria kolegio-elizako erretaulak bibliografia ugaria du; izan ere, historialariei arreta sortu zien bere konplexutasunak, arkitektura osagaien, eskulturen, erliebeen eta margolanen nahasketa bat delako. Orain berriki, P. L. Etxeverria Goñiren zuzendaritzapean eta Eusko Jaurlaritzak babesturik, Euskal Herriko erretaula nagusiak aztertzen dituen lan bikainean sartzeko hautatu dute.[74]
Ziortzako erretaulak baditu bankua, predela, bi gorputz eta atikoa; Hiru kale ere baditu, erdikoa eskulturazkoa eta alboetakoak margolanezkoak.
Lehen gorputzeko erdiko horma-hobian dagoen XIV. mendeko Andra Mari eta goieneko mailetan XV. mendeko Mariaren Koroatzea eta Kalbarioa bazter utziz, Birjinaren ohiko lau gertakariak azaltzen dituzten alboetako lau margolan-oihalen arte kalitatea jakinarazi nahi dugu. Frantzisko Vazquezenak direla uste da.
Gure ustez Lehen Errenazimentua gainditzen duten ohol hauen kalitatea ez da behar beste handietsi. Anatomian jakitun, konposaketen maisu; perspektiba sartzen ederki asmatzen duen eta urrutiko urdinen erabilerarekin margo beroen koloreaniztasun harmoniatsua, denek ere maila handiko manierista bat azaltzen dute.
Mazoneria lana, Joan Aialarena dela uste dena ere, konplexua da, zutabeak eta harroinak dituena, tinpanoak atikoan, plateresko apaingarritako zerrenda, banda eta barroko osagai zenbait.
Ibarruriko erretaula. Hemen aipatu beharrezko beste erretaulatxoa Aiuriako parrokiatik (Ibarruri) ekarri eta gaur egun Elizbarrutiko Museoan jasorik dena da, Gurutziltzatzearen gaia adierazten duelarik; guztiz flamenkotzat har daiteke.
Portugaleteko erretaula. Ardura eta estimua merezi dituen beste bat, Santiago (ala “Gorostizarena”) izeneko kaperan buru izan ondoren, Portugaleteko Santa Mariako sakristian jasorik den erretaula txikia da.
Hiru ohol dituen triptiko flamenko eder bat da, eta erdikoan Birjinaren Koroatzea eta alboetan Jaunaren Igokundea eta Birjinaren Jasokundea adierazten ditu.
Bertako irudietan nolabait ere fintasun manierista azaltzen da; egilea berriz, batzuen ustez Guiot de Beaugrant izan zitekeen; Memling‑en margolanekin lotu izan bada ere, italiartze kutsua baztertu gabe.
Mende erdiko isiltasuna. Jaurerrian sortu den hutsuneaz hitz egiten du Sesmerok, mendearen erdiko urteetako bertako bi margolan-multzoen artean, gorde direnetan bederen (Ziortza eta Ibarruri), esaterako, Elorrion jaiotako ertilari eta eliza-apainketari zen Frantzisko Mendieta margolari batengana iritsi arte; honek mendea gainbehera doan garaian, besteak beste, “Eskumuinak Fernando Katolikoaren aurrean” lana egin zuen, eta ikaragarri deskribatzailea den koadroa izanik, bere esanahi historikoagatik gehiago estimatzen da sorkuntza-lana izateagatik baino.
Gipuzkora inportaturiko margolanak
Probintzia honetan, eskulturak urreztatze eta koloreaniztatze lanetan jakitun egin ziren ertilari familiez kanpo (Araotz, Olazaran, Breheville, Elexalde), ez dugu aurkitzen XVI. mende bigarren erdi horretan, benetan artezkoa den bere lanagatik gogoangarria izan litekeen inolako ertilaririk.
Baliozkorik gorde izan bada, dena ere kanpotik ekarritakoa da; zehatzago esanda, triptikoak ziren gehienetan ale hauek, kapitain eta almiranteek beren kapera eta elizetako aldareak edertzeko asmoz Flandesko lantegietan erosi ala eginarazten zituzten aleak. Triptiko flamenko hauek, Flandesko maisu onak italiar errenazimentuko artearen eraginpe osoan zeuden garaikoak dira, XVI. mendean jada oso aurreratua zen garaikoak, alegia. Inportazio horiek, mendearen bukaera aldera espainiar margolarien lanekin egin ziren: Luis de Morales, Grekoa eta abarrekin.
Azpimarra ditzagun duten balioarengatik nabarmentzen diren aleak.
Zumaiako triptikoak. Zumaiako parrokian San Bernaberen kaperan, Elorriaga almiranteak eginarazi zuen triptiko bat gorde da. Erdiko oholean Gurutziltzatzea adierazten da, emailea behekoan eta bien artean San Pedro.
Honako hau XVI. mendeko margolari bat da, baina aurreko mendeko maisu flamenko handiak imitatzen ala kopiatzen zituena, Van der Weyden ala Van der Goes, agian. Ikerlari batzuei, konposaketak, marrazketak eta koloreztatzeak Jan Joest de Calcar‑en eta baita Quentin Metsys‑en arrastoak ere gogorarazten dizkiete.
Zumaiako eliza berean, erdiko etxean eskultura-multzoa duen triptiko txiki batean (1,75 m x 1 m) Ikuzketaren eta Madalenari eginiko Agertzea ditu ateak gai margotuak; alderantzian, aldiz, paisaian eta arkitekturan duten estiloa dela eta, Van Connixloo‑renak bezala hartu diren ebanjelioko beste pasarte batzuk daude margoturik.
Bergarako poliptikoa. Gipuzkoara ekarritako errenazimentuko margolanen atal honetan lanik garrantzizkoena, inolako zalantzarik gabe Bergarako San Pedro parrokian jaso den poliptikoa da (sakristian gorderik dena); hala ere, ezer ere ez dakigu jatorriaz, egileaz eta bere funtzioaz.
Baditu hiru kaleetan bederatzi ohol; erdiko ohola desagertua da. Ohol bakoitzak 0,66 m x 0,61 m neurtzen du. Emaileak eta beren familia handia ikusten direnak dute arte baliorik handiena, eta erditik gertuen daudenak dira. Besteak, San Gregorioren Meza izan ezik, ulertzen zailak diren gaiak dituztenak, kalitatez apalagoak dira.
Oraintsu ezagutu dira oholetako gaiak: San Migelen Gargamo Mendiko elezaharra. Gauza jakina da erretaulako zaindaria Goiaingeru Santua zela, gaur egun XVII. mendeko San Pedroren taila batez ordezkaturik, erdiko horma-hobian.[75] Apostoluen irudiak dituzten predelako oholtxoak bereziki baliotsuak dira. Poliptiko honek enkoadratze gotikoa du; XVI. mendeko laugarren hamarkadan datatua da eta ziurtasun osoz ez bada ere, Van Orley‑rena dela uste izaten da.
Bertako ertilariengan delako lanak sortu dezaketen eraginagatik bederen, kanpotarren eskua duten eta aipa litezkeen lanak dira:
- Elgetako triptikoa. Nahikoa zaharkitua;
- Haurra duen Birjinaren ohol bat. San Telmo Museoaren jabegokoa da, Gerard David‑en ingurukoa (lehen esan bezala) ez bada, aipatutako Van Connixloo‑ren lantegikotzat har daitekeena, eta beste bi (Museo berekoak) XV. mendeari dagozkion San Joanak adierazten dituztenak.
- Loiolako Deikundearen ohola. Berri gehiago badugu Loiolako Dorretxeko Antzinako Otoiztegiko Deikundearen ohol txikiaz, jakin, bai baitakigu Erregina Katolikoak bere dama zen Araozko Madalena andereari Loiolako lehensemearekin ezkontzera zihoala egin zion ezkontza-oparia zela. Joan Prevost margolari flamenkoarena dela esan izan da.
- Aizarnako triptikoa. Aizarnako parrokian gorde den triptikoa interes eta kalitate berezikoa iruditzen zaigu. Kristoren haurtzaroko gaiari heltzen diolarik, erdian ohol handian Artzainen Gurtzari buruzko lana erakusten du eta saihetsetako ateetan, berriz, alde bakoitzean Jesusen Haurtzaroko bi irudi.
Marrazki eta koloreztatzeek sentiberatasun manierista bat erakusten dute (c. 1540) eta ertilariak (Anberesko Aertsen‑en ingurumariaz pentsatu izan da) oso konplexuak eta pertsonaietan aberatsak diren eszenak iaiotasun berezi batez osatzen asmatu zuen. Oholen kontrako aldean (beste eskuren batek margotuak), emaile bikotea ikusten da, gizona zaldizko Santiagok babestua eta anderea Alexandriako Santa Katalinak.
- Donostiako San Telmo museoan. Donostiako San Telmo Museoak gaur egun dituen inportaturiko margolanen artetik flamenko jatorriko ohol batzuk ere azpimarra daitezke, hala nola:
- XVI. mendearen hasierakoa den Veronika
- eta Mahasdun Birjina, Gerard Daviden jarraitzaileren batena izan daitekeena,
- Susana Garbia izenekoak XVI. mende betekoa dirudi;izan ere, italiar arte klasikoan zaletua den flamenko bat sumatzen da (Jan de Metsys, agian).
Trantsizioko eskultoreak
Platereskoaren lorratza
Pierres Picart. Oñatin lan egiten zuenean Gaspar Tordesillasen eragina nolakoa izango zen lehen ere hitz egina dugu. Pierres Picart‑ek hiribildu honetan egin zituen eskultura-lan garrantzitsuen aurrean ere gelditu izan gara. Dokumentuetatik dakiguna da ertilari hau Nafarroan eta Araban lan egina zela eta azkenik Uharte Arakilera etorria zela bizitzera.[76]
Uharte Arakileko erretaulak. Han urte batzuetan bizitua izango zen, 1574an, gorde ez diren hiru erretaulen tratua egin baitzuen, eta laguntzaile talde batekin [77] erretaulako eskultura-lanak zizelkatzen hasi. Erretaula hau beranduago askatu eta beste rococo batez ordezkatu zen; baina, hala ere, antzinakoaren eskultura-lanak jaso egin ziren. Nekaldiaren erliebeak Picart eta bere laguntzaile Pedro Frantziskoren eskuz eginak direla jotzen dira eta Haurra duen Birjinaren eskultura, Salomeren erliebea eta emakume santu batzuen irudiak berriz “Fraidearenak”.
Agurainen ere lan egin zuen Picartek, Uharte Arakildik ez oso urruti; hemen herritartu eta bere alaba, berehala hitz egingo dugun Lope Larrea eskulturagilearekin ezkondu zuen. Hemen aipa dezagun, Picarti urte luzez bizi izanak estilistiko mailan garatzeko aukera eman ziola Erromanismorako trantsizioari helduz. Prestaketatxoren bat ere bazuen horretarako, zeren eta, irudien mugimenduan, oihalen tolesturetan eta ilajeak tratatzeko eran Berrugeteren eragina suma daiteke.[78]
Domingo Segura. Mendearen bigarren herenean lehen Errenazimentuari leialtasuna gorde dion eskulturagile da eta izena gogoan jaso behar zaio.
Tuterako Santa Maria Madalenaren erretaula nagusiko enkantean eskaintzak egin zituzten maisuak beste batzuk izanik ere, egiaz 1552.etik aurrera hura egin zuena Domingo Segura izan zen.
Aurreko atalean aipatua dugu mazoneria-lana platereskoa duen erretaula honek badituela bankua, lau gorputz, eta atikoa, bost kale eta lau kalearte. Angeluzuzenak diren etxeak garai hartako aldareetan ohikoak ziren santuen irudiz beteak daude: Apostoluak, sartaldeko Eliz Guraso Santuak eta beste gizon eta emakume santuak, erdiko kalean berriz, Gurutziltzatuaren irudiak, Ecce‑Homo bikain eta berezi bat eta azkenik, Madalenaren Jasokundea aingeruz inguraturik.[79]
Lan honek, Weiseren ustez, Tuterako San Nikolas elizaren hegoaldeko zatiko sartaldeko kaperan gorde izan den erretaula txikiaren arrastorik badu. “Horrela izatekotan, ertilarien artean Domingo Segura sartu beharko litzateke; zeren eta mendearen erdia igaro arte, luzez iraunarazi baitzuen Joly eta Forment‑en Zaragoza aldeko tradizioa: Errenazimentuaren hasierako fasean sustraitu zen estiloa”. Horrexegatik, egoki iruditu zitzaigun aurreko atalean Tuteran Domingo Segurak burutu zuen lana aipatzea.[80]
Pontrubeleko Pedro. Mendearen erdialde horretan norabide nagusi erakusten zuen beste eskulturagilea Tabarreko (Nafarroa) aldare nagusian behe aldeko erliebeak landu zituena da. Litekeena da lan horregatik eta Ezkarozen San Erromanen erretaula hasi zuelako soilik ezagutzen zen Pedro Pontrubel izatea.
Zalantzarik gabe mendearen azkenekoak diren goieneko gorputzetako eskulturen kontrastean, Tabarreko Pontrubelen lanak aurreagoko estilo bat ekartzen du gogora, gorputzen liraintasuna eta mugimenduen urduritasun ñabardura zalearengatik ere.[81]
Euskal probintzietan badira, Joan Aiala II.aren kasuan ikusiko dugun bezala, espresibismoaren aldera garatzen diren eskulturagileak. Zera esan nahi du honek, Lehen Errenazimentuko korrontea ez zela bat-batean eten, ezta mendearen erdia igaro izanagatik ere.
Baskoniara, bestalde, Valladoliden Berruguetek adierazten zuen korrontea eutsiezinezko indarrez iritsi baino lehen, Briviescan Lopez Gamiz eta Antxietaren lanaren bitartez soilik azaldu zen korrontea izanik, beste eragin batzuk barneratu beharra iritsi zen.[82]
Erbesteko eraginak. Europa Iparraldeko Errenazimentuaren arrastoak
Euskal probintzietako artea, XVI. mendearen bigarren herenean, Errioxatik, Gaztelatik eta Europa iparraldetik datozen eraginen arragoa da. Argi dago kanpoko eragin horiek Gasteizera eta Arabako Errioxara iritsi zirela, eta han Ortega Cordova burgostar ertilariak bistaratu zituen, izan ere, harena da Fontechako erretaula (1539).
Europatik ertilariak ere iritsi ziren, flandestarrak batez ere, eta artean motel zebilen errenazimentuko eskulturaren garapenean laguntza izan ziren. Atzerritar horien artean merezi du nabarmentzea:
- Pedro Borjesek (Brujasen jaioa izango zen agian, Barrio Lozak Bizkaia aldeko jatorria ematen badio ere), 1548an bukatu zuen Arriolako elizako erretaula plateresko eder eta aztoratua eta Amorotoko San Martin elizako beste erretaula xumeago eta baita manieristagoa denaren egilea ere izan zen;[83]
- eta Beaugrant‑tarrak eta Arnao Bruselakoa, halaber; laster batean Joan Aiala II.a eta Andres Araotz bertako ertilariek ordezkatu zituztenak; hauek beste horien estiloaren jabe eginik, gerora Euskal Herri eta Nafarroa osoan hedatu zuten. Berauek dira gerora pixkanaka lasaituz joan zen euskal eskultura manierismo espresibista moduan nabarmendu dutenak, ondoren italiarturiko Gaztelaren bitartez, uholde erromanista bilakatua.
Beaugrant‑tarrak
Euskal Herrian izan zuten jardueragatik gehien axola zaizkigun Beaugrant‑tarrak hiru dira: familia-multzoaren buru zen Guiot, Joan bere anaia ere, nafar euskaldun gunean errenazimentu plastikoan pertsonaia gailena izan zena, eta hirugarrena, Mateo izenekoa, aurrekoen iloba.
Guiot. Guiot Beaugrant 1526an jada Flandesen agirietan azaltzen da eta Brujasko tximinia sonatua berari zor zaio (1529‑1532). Ezkondurik etorri zen Euskal Herrira eta Bilbon finkatu zen (1533).
Barrio Loza irakaslearen iritziz, Beaugrant‑tarrei[84] eskainitako oinarrizko monografiaren arabera, jasoa den diseinuan agertzen da 1533.etik 1546.era Bilboko katedralean desagerturiko erretaulan lan egin zuela; eta Guiot‑en estiloaren aztarnak ikusten ditu lan horretatik geratu diren zatiren batzuetan. Katedraleko Guraso Santuen lau estatuak bereak izan daitezke. Bestetik, San Anton elizako Errukia berea dela dio Weisek.
Guiot Beaugrant‑en artean Gaztelako manierismoaren eragina eta bereziki Berrugueterena nahikoa agerian azaltzen da. Portugaleteko Andre Mariaren erretaula Nagusia. Dokumentaturiko bere lehenengo lanaren tratua 1549an eginikoa da.
Multzo handi bat da, harrizko zokaloa, bost solairu, hiru kale eta atikoa, Kalbarioa ordezkatu duen Hirutasunarekin. Bost gorputzen kale-tartetan Ebanjelarien, Apostoluen eta Eliz Gurasoen estatuak daude. Gauza jakina da Deikundearen, Jasokundearen eta Hirutasunaren erdiko eszenak Guiot Beaugrant‑enak direla. Gainerakoei buruz, berriz, gutxienez bi estiloetakoak diren susmoa azaldu dute azterketek. Eskuin aldeko eskulturetan Guiot Beaugrant‑en lantegiko tradizioa nabarmenki azaltzen da: kanon oso luzeko irudiak, jarrera koloka eta aztoratuak, aurpegietan edertasun klasikoa eta tolesdura txiki eta biguneko janzkerak. Barrio Lozaren ustez, Guiot eta Joan Beaugrant‑en lantegiko eskulturatzat hartu behar dira.
Ezker aldean, berriz, lehortasun handiagoko irudiak gailentzen dira, sakonuneak dituzten aurpegiak eta tolesdura gogorreko soinekoak. Georg Weisek ere iritzi bera adierazten du “gorputzen liraintasun gotikoranzkoa” ikusiz.[85] Eta agirietan erretaula horretan Joan Aiala II.ak esku hartu zuela azaltzen denez, bi historialariak ados daude ezkerretako eskulturak hark eginak direla esaterakoan.
Portugaleteko Andre Maria elizako Erregeen erretaula. Portugaleteko eliza berean, alboko kapera batean dagoen Erregeen Gurtzako erretaula txikia ere Guiot Beaugrantena izan daiteke, kanon luzea, toles zabaletako soinekoak eta Birjinaren aurpegi luzea azaltzen baitira irudietan.
Balmasedako aldarea. Gutxi gorabehera 1545 aldekoa izan behar du Balmasedako San Seberinon, kaperako Santo Kristoren aldareak, Gurutziltzatuaren ondoan, Kalbarioetan ematen diren irudi normalak ikusten baititzakegu. Egia da Guiot‑en lanetan zokaloko irudiak normala baino kanon motzagoa dutela, eta taldeko langileenak bizan daitezkeela; baina, lantegiko nagusiaren eskua berriro azaltzen da Kristoren irudian eta Birjinaren eta San Joanen eta San Pedro eta San Andres eta apostoluen aurpegi luze eta iharretan. Horietan, berriz, “gorputzen liraintasunean, sakonuneak dituen tailan, mugimenduen gehiegizko kontrastean, izurdura finean eta tolesen pilpira apetatsuan manierista alderako joera garbia ezagut daiteke”.[86]
Ziortzako erretaula. Beaugrant‑en lantegitik irten zen, datarik ez duen arren, 1540 eta 1550 bitartekoa izan daitekeen Ziortzan Kolegio-elizan dagoen Irusta abadearen kaperako erretaula ere. Hemen Nahigabeetako Birjinaren eszena tailatu zen, eta, ezaugarrien arabera, batzuentzat Guiot Beaugrant‑ena edo bere iloba Mateorena da eta beste batzuentzat, aldiz, Joan Aiala II.arena izan daiteke.
Bilarreko erretaula. Arabako Errioxa osoan zalantzarik gabe Guiot Beaugrant da erromanista aurreko erretaularik hoberena den Bilarreko erretaula hasi zuena. Maisua, 1549an zendu zenean, hainbat maisuren bitartez bukatu zen erretaula interesgarri hau: Joan eta Mateo Beaugrant, Andres Araotz eta Arnao Bruselasen bitartez, hain zuzen.
Gotiko berantiarrean eraikitako elizako aldare eder honetan oso argi ikusten da Ezkaraiko Errukiaren erliebeekin eta, beronen bitartez, manierista flamenkoaren estilistikako talde osoarekin duen zerikusia. Artean haren arkitekturazko egitura platereskoa izanik eta eskulturazko xehetasunengatik Bilarreko erretaularen jatorria 1549‑1560 urte aldera kokatzeko aztarnak direla pentsatu behar da; urte horietan bertan bukatutzat eman zen Portugaleteko aldarea ere. Beaugrant‑tarrek, gutxienez, 1548an hasi zenetik 1550era arte gidatu zuten lan hau, gero Andres Araotz gelditu zelarik arduradun 1559ra arte.
Erretaulak baditu zokaloa, bi solairu, hiru kale eta lau kale-tarte, eta hiru etxe atikoan. Erakusgai jarria den ikonografia garai hartako aldareetan ohikoa zenari dagokio: Kristoren Haurtzaroko eta Nekaldiko eszenak, santuen irudiez tartekaturik.
Ikerketa estilistikoak dioenez, badirudi Beaugrant‑enak direla eskuin aldeko irudirik gehienak; aldiz, ezker aldekoak Araotzenak, Jasokundekoaren irudia berea delarik hazpegiengatik.[87]
Markinako erretaula. Hauxe izango da, bada, Markinako erretaula handia aipatzeko garaia. Jarduera luze eta korapilatsua izan zen; eta Birjinaren eta Kristoren (Haurtzaro eta Nekaldi) misterioei, ebanjelariei eta gizaseme eta emakume santuei eskainitako 36 etxetxotan kokaturik dauden lan ugari hauek ez daude nahiko dokumentatuak. Errioxako imajinagilea zen Diego Ruizekin, Martin Basabe Aulestiakoarekin eta Joan Beaugrant‑ekin loturak aurkitu zaizkie. Nolanahi ere, estilo espresibista garbia duten zenbait erliebe badirudi azken honenak direla.
Beste lan batzuk. Beaugrant‑en lan eta estiloaren azterketa oso batek, batez ere, Errioxan egin ziren beste lan asko baitaratu beharko lituzke, esaterako:
- Sonsierrako San Bizente,
- San Esteban eta Abalosko Santa Maria,
- Cañas‑ko Santa Maria,
- eta Ezkaraien,
- baita Bizkaia eta Nafarroako (Lapoblacioneko Meanon eta Buston) beste elizetan ziur asko esku hartu izandakoak ere.
Arnao Bruselakoa
Logroñon finkaturiko flandestarra zen Arnao Bruselas‑ek izan zuen partaidetzaren bat, aipatu dugun bezala, Bilarreko erretaulan. Hispaniar Errenazimentuko imajinagilerik hoberena da eta irudien liraintasuna, ilajea eta bizar landuak, asaldurazko jarrerak eta janzkera biziengatik bereizten da.
Weisek atal luze bat eskaintzen dio Arnaori eta erretaulokin lotzen du:
- Alberiteko San Martin (Logroño)
- eta Jauregiko Santa Maria (Logroño)
- eta Genevillako edo Genevillako (Nafarroa) erretaulekin.[88]
Erdiko horma-hobian Santa Kolomaren taila berezia nabarmentzen den Angostinaren erretaularekin ere lotu izan da (c. 1550), beronek garrantzi berezia du, Arabako eskulturaren barruan alerik ederrenetakoa delarik, bere aurpegiaren adierazkortasunari erromatar manierismora gerturatzen duen jarrera barea kontrajartzen zaiolako.[89]
Bereziki Errioxa, Araba eta Bizkaiko alderdietan lan egin zuten ertilari atzerritar hauen izendapenari Nafarroan herritartu zirenak erantsi behar zaizkio, besteak beste, Jorge Flandeskoa, nafar manieristen atalean beranduago gogoratuko duguna nabarmentzen da.
Andres Araotz eta bere lagunartea
Andres Araotz, Gipuzkoako Oñatitik kilometro gutxira, hegoaldean dagoen bere izeneko herri txiki horretantxe jaio izango zen. Baina bere bizialdian hainbat lekutan herritartua izan zen (Gasteiz, Genevillan...), bere langintzak Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako beste puntu batzuetan “bertako” biztanle gisa sinatzera behartzen bazuten ere.
Araotz da Valladolideko korrontea ongien adierazten duena, Errioxan Burgos aldekoarekin eta Forment‑enarekin elkartzen denean. Bere estilo berezian Berrugueteren arrastoa Gaspar Torresillaskoaren bitartez hartua izango zuen. Bestetik, ez da erraza, kasu bakoitzean Arnao Bruselakoarengandik zerk bereizten duen nabarmentzen.
Euskal eskulturagile handi honen jarduera zenbait lekutan dokumentatua dago: Bilarren, Genevillan, Lapoblacionen,orregatik agian, ezaugarri zaizkion bere estiloko zantzu batzuk hain konplexuak ez diren beste erretaula batzuk begiratzetik atera beharko genituzke, esaterako, Gipuzkoakoan bereak dituen lan batzuetatik: Zarautzen, Aian eta Oikian.
Aiako elizan jardun zuen 1554.etik 1556ra arte. Lan bat bukatzen atzeratu egin zela-eta, 1559an epai bat izan zuen eta, bera 1563an hil zenean, artean ez zen bukatua izango. Oso litekeena da atzerapen horren arrazoia beste lan baten tratua izatea, agian, 1597an zoritxarrez sute batek irentsi zuen Getariako elizako koruko aulkiteriarena. Araotzek “bertako” jarraitzen du Aian, (1561) bitartean, Genevillan eta Lapoblacionen hitz emanda dago.
Genevillako erretaula. Genevillan egon izana dokumentuetan azaltzen denez, San Esteban parrokiako erretaula bikaina berea obratzat hartzeko froga izan beharko lukeela dirudi; nahiz eta egilea Arnao Bruselakoa dela proposatzen duenik ere baden.[90] Lehen gorputzeko erliebeak Andres Araozkoarenak edo bere laguntzaile minenenak izan behar dute: arku eskartzakoetan hirunaka biltzen diren Apostoluak eta zaindariaren bizitza eta martiritzari eskainiak diren bigarren gorputzekoak. Erdiko etxean dagoen lehen martiriaren eseritako irudia da Arnaoren obratzat hartzen dena, klasikoena dela-eta.
Lapoblaciongo erretaula. Lapoblaciongo Jasokundeko parrokiako erretaula nagusia ere, tradizioaren arabera, Andres Araozkoaren obratzat hartu izan da. Edergarri platereskoz egokitutako egitura da, zokaloa, hiru gorputz, hiru kale, bi kale-tarte eta hiru gorputzetako atikoa dituelarik. Ikonografiak erliebeak nahasten ditu eskultura solteekin. Estilistikaz Genevillakoekin duen antzagatik Andres Araozkoa eta Arnao Bruselakoaren inguruan kokatu izan da. Lanaren zatirik handienaren egilea bi ertilari hauetan bigarrenarena dela esatearen aldeko azaldu da kritikarik berriena.[91]
Bilarko erretaula. Araotzek Arabako Bilarren esku hartu zuela esana dugu jada, Guiot Beaugrant‑en heriotzan, bere erretaula bikaina bukatzeko lana bere ardurako eginez. Zeruetara Jasotako Birjinaren erdiko irudian ezagut daiteke bere eskua eta ez hor soilik, zeren eta, gure ustez berea baita erdiko arkuaren arku-artea betetzen duen Deikundearen eszena, bederen. Eibarko erretaula. Araotzi zor zaio Eibarko San Andres elizako erretaula nagusiaren zati bat. Izugarrizko tramankulu horretan zokalo txiki baten gainean zazpi kale dituzten (erdikoa barne) lau gorputz eta atiko bikain bat altxatzen dira. Angeluzuzenak dira horma-hobiak eta zutabe klasikoz bereizirik daude. Eskulturari dagokionez, Araoztarren lana, behealdeko taila ikusgarriak egitea besterik ez zen izan.
Lehenagotik dokumentatuak diren lanekin alderatuz gero, azterketa estilistikoak ziurtasun hau ematen du, bankuko eskulturak baino ez direla Andres Araotzenak, eta bere seme Joanenak, berriz, erlaitz gainetako eta bigarren gorputzeko erliebeak. Andres Araotz. Kristoren Nekaldiko eszenak dituen bankuko erliebe txikietan eta lehen gorputzeko Apostoluen irudi zoragarrietan ezagutzen da aitaren eskua. Andres Araozkoarengan Berrugueteren eragina sumatzen da, baina ez zuzen-zuzenekoa, Arnao Bruselakoaren bitartez jasotakoa baizik.[92]
Hala ere, Arnaorekin antzekotasunak baditu ere, giza irudia lantzeko hain modu pertsonala duenez, Mª Asunción Arrazolaren ustez, erraz samar ezagut daitezke bere lanak: buru hezur zabal eta hezurtsuak, ile nahasi eta kizkurrak, esku eta oinetako zainen erliebe nabariak eta tolesdura ugari eta meheak agertzen badituzte ere, beti egiazko gorputzak gardentzen dira, janzkeretako tolesdurak jada erromanismoaren ezaugarri diren baliabide guztiz plastikoen mintzaera horren bila abiatu balitz bezala da. Joan Araotz. Beherenean, bankuko erliebeen Sorrerako lehenengo gertaerei eskainitako estiloa (Adan eta Evaren, Kain eta Abelen eta abarren kreazioa) bere seme Joan Araotzena dena, ezberdin samarra da.
Bere gorputz biluziak indar eta errealismo nabarmena dute barnean, bere aita Andresen lantegian ikasitako modelatze sendoak dira, baina jantzien tolesdurak sinpletu egiten ditu eta bere pertsonaiak hondo lauetan nabarmentzen uzten, espazioaren antolaketa trebezian ezintasun baten ezaugarri bat bezala har litekeena,[93] baina konposaketaren argitasun aldeko errenazimentuaren gustutik gertuago dagoen sentiberatasun baten zeinua da.
Zarauzko erretaula. Andres Araozkoa, 1560tik aurrera Zarauzko erretaula nagusiaz arduratuko da. Eibarkoaren antzekoa da bere arkitektura: erlaitz gaina, banku zabala, lau gorputz, bost kale eta atikoa; ia ez du plateresko zantzurik. Errenazimentu oso aurreratu bateko sarrera da. Agirietan azaltzen da erretaula hau Araoztarrek egina dela.[94]
Erlaitz gain bezala balio duen frisoko erliebeak, bankuko zati batzuk eta Jasokundearen erdiko taldea Andresenak direla erakusten du estiloak. Nekaldiko gertaerak kontatzen dira erliebeetan. Irudien konposaketa trinkoek, adierazkortasun aldeko joerak, pertsonaien mugimendu aztoratuek, soinekoen tolesdurek eta eskortzoren batzuk baieztatu egiten dute izendapen hori.
Jasokundearen (aingeruz inguraturiko Birjina) erdiko multzo handia, eta eki-santuko nitxoaren saihetsetan dauden Moises eta Eliasen bi irudiak ere maisu handiarenak direla dirudi –jatorrizko lanak desagertua izan behar du.
Andres hil zenean, haren seme Joan arduratu zen lanak aurrera eramateaz, baina amaitu gabe utzia izango zuen, hirugarren gorputzetik gora atikora arteko eskulturak kalitatez maila apalagokoak dira eta XVII. mendeko eskulturagileenak bezala hartu beharko dira (agian Domingo Garoa, Diego Mayora eta abarrenak).
Oikiako erretaula. Oikiako herri txikian oraintsu zaharberritu dute San Bartolomeren erretaula ederra. Hari buruzko dokumenturik ez dugun arren, Andres Araotzena dela baieztatu ahal izateko adinako egitura-zantzu ikonografiko erakusten du. Erdiko kalean, lehen mailako egitura txikia da eta zaindariaren estatua bat erakusten du, ederra da baina betetzen duen tokirako proportziorik gabea, uste izatekoa da erretaula baino beranduagokoa dela; Kalbarioa gainean eta Betiereko Aita atikoan. Lukas eta Markos ebanjelariak alboetako bi kaleetan eta San Bartolomeren martiritzako lau eszena goieneko bi gorputzetan.
Plateresko aldia gainditu zela eta XVI. mendearen bigarren erdian gaudela erakusten du mazoneriak. Zaindari Santuari eskainitako goi-erliebeek oso nabarmen salatzen dute Andres Araotzen estiloa eta hauetan igartzen da: bizitasuna adierazpenetan, tolestura ugari eta meheak irudiztaturiko pertsonaiengan eta adats uholdetsuak. Uste izatekoa da lan hau, eskulturagilea Aiako San Pedron bizi eta lan egin zuen urteetan (1554‑1563) tailatua izan zela.
Bustoko erretaula. Bustoko erretaula nagusian ere Araotzen eskua ikusi behar dela dirudi Nekaldiko irudietan gorputzak gardentzen dituzten oihalak, ilaje kizkurrak eta, oro har, pertsonaien mugimendu aztoratuen espresibismoa gogoan hartzen badira. Gauza bera esan daiteke Armañantzasko elizako erretaula txikiaz.
Sagrarioak. Gasteizen bizi izandakoa izanik, zalantzarik gabe, Araba aldeko zenbait elizetako sagrarioak ere bereak dira, hala nola: San Erroman, Cortes, Apinaiz, Bikuña.
Joan Lizarazu
Andres Araotzen lorratzean kokatu beharko litzateke jaiotzez Urretxuarra zen Joan Lizarazu eskulturagilea, Pedro Lizarazuren anaia, lehen Merkado Zuazola gotzainak agindutako lanak egiten Oñatin topatu duguna.
Gipuzkoako Itsasoko erretaula. Agirietan Joan Lizarazurena denik gelditu da zerbait: Itsasoko erretaula, mendian dagoen herri txiki honetako San Bartolomeri eskainitako elizak erretaula eder bat du, 1575ean dataturikoa, baina mazoneriaren arabera, mendearen erdialdera eraikia izan behar zuen, zeren eta jada zutabe klasikoak azaltzen badira ere, gehiago dira osagai platereskoak: maskorrak, kalostrak, aingeru burutxoak, gruteskoak.
Errezilgo erretaula. Andres Araotzen talentuak Euskal Herrian sortuko zuen miresmenaren bitartez ziur asko, Berrugueteren eragina sumatzen da Errezilgo (Gipuzkoa) San Martin parrokiako alboetako bi erretauletan. Baina, txiki samarrak dira. Bietako bat San Pedrori eskainia dago, zaindariaren irudi handi bat erdiko nitxoan duela; bestea, Birjinari eskainia, 1562ko data ematen duen idazkuna duela, Martin Arbizuk eginiko obratzat hartzen da dokumentuetan. Honetan, Haurrarekin dagoen Birjinaren erdiko estatua eta Santiago, San Joan Bataiatzailea, Santa Barbara eta Santa Luzia dituzten erliebeak bikainak dira eta egileari Andres Araotzen estiloaren antza hartzen zaio.
Araotzen oroigarria: Errukiak
Kristoren Nekaldiaren historia, XVI. mendearen lehen erdian kristau herriaren jaiera edo debozioa erdigunera ekarri zuen gaia izan zen, XV. mendean Europan zehar hedatu zen “devotio moderna” delakoan goiargitu edi inspiratu ziren idazle espiritualen eraginez ziur asko. Jaiera honek kristau hunkiberatasunaren sakoneko gai hauei buruzko gogoeta eskatzen zuen, gurutziltzaturiko edo hildako Kristoren adierazpenaz gain, baita erretaula-multzoez kanpo Errukiaren gertakaria ere. Gotiko berantiarrak berea zuen xamurtasun trinkoa, Errenazimentuko aurrelarientzat zenbait gorputz biluzi eta jantziak konposaketa pilatuan adierazteak zuen erakarmenarekin elkartzen zuen gaia zen.
Euskal Herrian gorde diren halako eskultura-motak ez dira gutxi, zalantzarik gabe, arte balioa duten erliebeak, gehienetan. Hauetako zenbaitetan Andres Araotzen oroitzapena esnatzen da berez. Gogora ditzagun batzuk:
- Azpeitiko Sebastian Soreasuko parrokian, alboko kapera batean gurtzen den Kristo;
- Hernaniko San Joan Bataiatzailea parrokian aurkitzen da, agian konposaketa eskasagoko bat duena.
- Zalantzarik gabe aipatu hauek gainditzen dituena Hernaniko parrokia berean aldare aurrean kokaturik bukatu zuena: Eroslearen gorputz hilaren gainean pilatzen den errukizko taldearen erliebea da, ohiz kanpoko laztasun sakona eta konposaketan edertasun handkoa.
Elgetako erretaula. Elgetako Santiago kaperako erretaula gogoratzeko lekua eta unea den ez gaude oso seguru; agian, hobe izango litzateke beranduxeago, Joan Antxietaren lanekin batera azaltzea.
Mendearen bigarren erdiko lehen urteetan egina dela dirudi; izan ere, arkitekturak atzean utziak ditu fantasi platereskoak, eta mazoneriazko ohiko zutabe ildaskatuek eta kapitel jonikoek, nahiz hiru gorputzetako eskultura solteek italiar manierismora garamatzate zuzenean. Weisek nahiz Camon Aznarrek[95] Nafarroa Inkisidorea lanaren nagusia izanik, nafar lantegiren baten ekarpena dela iradokitzen dute.
Nolanahi ere, harritzekoa gertatzen da bertako historialariek erretaula hau hain gutxi ikertu izana eta, gure ustez, baita merezi duen estimu handia azaldu ez izana ere.[96] Gure iritzian eta dastamenerako, behereneko bi gorputzetako nitxoetan irudikaturik dauden lau santuen (San Santiago, San Andres eta San Joan Bataiatzailea eta beste bat, ezezaguna) contraposto ausartak, gorpuzkeren eta janzkeren modelatu orekatsuak maisu handi bat agertzen dute. Orain berriki eginiko dokumentu batek[97] Migel Llorente eskulturagilearen izena eta lan-tratuaren data ematen digu: 1564.
Manieristak Araban
Joan Aiala II.a
Euskal Herriko eskulturaren historian, arreta berezia merezi duen ertilaria dugu arabar hau, ez bere lanen berezko balioagatik soilik, baita espresibismo tradizionalaren eta birjaiotzen ari den italianizatze inbasorearen elkartasunaren trantsizioa markatzeagatik eta sormen sentiberatasuna Baskonian korronte erromanistaren egonkortasunerantz joanaraztegatik ere.
Joan Martinez Aiala “zaharra” izenetik bereizi egin behar da, aita baitzuen berau; 1526an jada, Markina‑Xemeingo erretaula handian lanean baditu tailari eta margolari gisa ari zeneko dokumentuak: Tuiuko (c. 1540) Santa Anako erretaula ere zor zaio.
Joan Aiala II.aren lehen urratsak. Joan Aiala II.a oso gaztetan hasi zen bere langintzan, zeren eta Aberasturin aurkitzen baitzen lanean 1531rako, eta horren jarraian, Arabako zenbait tokitan gomendatu erretauletan. Ikusia dugun bezala, 1536ko uztailean Oñatiko parrokiako Errukiaren kaperako erretaulan esku hartu zuen.
Bizkaian lan egiten zuen 1543an, Ziortzako Kolegio-elizako erretaularen mazonerian; on Diego Irusta abadearen hilobian ere jarduna izan behar zuen.[98]
Era berean, Mª Asunciónen iritzian, oso litekeena omen da Aialak Itziarko erretaulan ere esku hartu izana, Oñatiko Errukiaren kaperako erretaulako panelak gogorarazten dituen zenbait erliebe badituenez.
Joan Aiala II.ak bere anaia Frantziskorekin batera eginikotzat hartzen da, Berrogei eta hamarreko hamarkadan bukatu zen Domaikiako (Araba) elizako erretaula mistoa.[99]
Joan Aiala II.ak Beaugrantarrekin batera jardun zuen Portugaleteko erretaula nagusian urte horietan. Ordurako Gasteizen bizi zenez, urteak joan ahala etsi‑etsian espresibismora irekitzen ikusi zen.
Katadianoko erretaula. Garai hartan Gasteizen bizi zen eta urteak joan ahala ikusi zen espresibismo aldera ausarditsu irekitzen. Honen lanik garrantzizkoena da Katadianoko santutegiko erretaula nagusia, dokumentuetan egiazta daitekeena. Hirurogeiko hamarkadan eginiko erretaula hau bereziki garrantzitsua da zenbait arrazoiengatik: Aialaren lanen artean, agiriduna, berau bakarra delako, gorde diren lanen artetik; fantasiazko manierismotzat izendatzen da bere edergarri bereziengatik, Urduñako ertilaria eta nazio alderako joerakoa, Gaztelan erromanismoaren sortzailea izan zen Jeronimo Noguerasen laguntzagatik. Erretaulako lanak, erdibana zatitu ziren Nogueras eta Aialarren artean, Ebanjelioaren aldeko zatia Aialari agindu zitzaiolarik.[100]
Eraginak eta bereizgarriak. Berrugueteren bihurketarik gabe, badirudi Aialak bere eskolako hainbat ezaugarrien eraginak bereganatuak zituela. Pierres Picart, Inberto eta Pedro Troasen moduetara zorrozki lotzen ez den arren, ez da haiengandik asko aldentzen. Camon Aznarren iritziz, aurpegietan edertasun nahia, eskuetan kurba antzako joera, erliebe gizen eta erritmo biribileko plastikotasun nabarmenean hedatuko direnak eta aldi berean, buruetan bat‑bateko errealismo herrikoia nahasten den errenazimentuko artea da Aialarena. HAren gorpuzkerak honela erabaki daitezke, “aurpegi luzaxkak, kokotsa zorrotzak, txapel moduko ilaje zurrunak eta matrail hezur irtenak”.[101]
Atxikitzeak. Ezaugarri estilistiko horiek direla eta, Joan Aiala II.arenak jotzen dira,
- Gastiaingo erretaula,
- Uribarri Ibiñako erretaula,
- eta Markizko Santa Eulalia elizako erretaula.
Biak ere multzo arkitrabedunak dira eta delako “fantasiazko manierismo”ari dagokion apainketak: grutesko nabarmenak, a candelieri osagaiak, maskarak, bustoak, txartel eta kerubinak.
Estilistikazko arrazoi berberegatik, Weiseren ustez, Bergarako San Pedro elizako behereneko zatian ikusten diren Eliz Gurasoen eseritako irudiak bereak izan daitezke.
Eskultura hauek, inguruan dituzten apaingarri plateresko aberatsak direla eta, Ziortza eta Gastiaingo lanekin duten antzagatik, bere Portugaleteko lana baino aurreagokoak (c.1548) izango lirateke.
Georg Weisek, Mª Asunción Arrazolaren onespenaz, berea dela dio, Gasteizko San Pedro elizako erretaulan dagoen Erregeen Gurtzaren multzoa, 1564‑1567.a bitartean burutu zena (behera etorritako Santo Domingo komentuko erretaulakoa zena dirudienez). Joan Aiala izeneko bat, 1563an, “Gasteizko herritar gisa” azaltzen da dokumentuetan; eta hiri horretan egingo zituen bere anaia Frantzisko lagun zuela, desagertuak diren erretaularen batzuk.
Azkeneko urteetan, agirietatik jakin daiteke “Zuñigako biztanle” zela. Aldi horretan badirudi Zuñigako erretaulaz arduratu zela. Nolanahi ere, bukatu behintzat (1577) bere seme Diego Aialak bukatua da.
Joan Aiala II.aren azken lanetan –eta Araban lan egin zuten beste ertilari bizkaitar batzuen lanetan ere manierismo nabarmen bat sumatzen da– erromanismoa aldarrikatu nahi zuen.
Trantsizioko joera hau bera erretauletako mazonerietan bistaratzen da:
- gruteskoak alde batera uzten dira,
- apainketa manieristak osagai hartzen,
- eta zantzu erromanista batzuk azaltzen.
Adibidez, kartelak, hermes, arrauzkarak eta geometriazko kateatzeak azaltzen dira Guardiako San Joanen eta Eltziegoko koruko aulkiterietan, 1558an hasita Parisko Joan Bertin tailari frantsesak eginak, lehenengoan Nikolas van Haorlem‑en laguntzaz eta bigarrenean Martin Otaloraren partaidetzarekin, Lagrango erretaula nagusia ere egin zuten Otalora eta Bertinek (1563).[102]
Nafar manieristak
Eragina duen irudi bat: Jorge Flandeskoa. Erromanismo aurreko ertilariez hitz egin baino lehen, egokia dirudi atzerritar baten izena gogoratzea, Jorge Flandeskoa, alegia; inolako dokumenturik ez badugu ere, ez beharrezko zaigulako haren lanez hitz egitea, baizik eta mendearen bigarren erdi honetan Zangozako merindadean bertako ertilariengan eragina izan zuelako.
Douai‑n jaioa zen, Lille‑ren hegoaldean. Jorge Eriguet zuen izena, baina 1552an Zangozan kokatu zenetik Jorge Flandeskoaren izena eman zitzaion eta hiri honetako ertilarien munduan nagusi izan zen,1586an hil zen arte. Lantegi bat antolatu zuen eta bertako nahiz atzerriko beste ertilari askorekin harremanak izan zituen.[103]
Aragoiko elizetan egin zuen lan, batez ere, Jaca, Valdonsella eta Cinco Villas eskualdeetan; baina Jakako Seo‑ko abside erromanikoaren buru den San Jeronimoren erretaula bikainak eman zion ospea. Lan horrek ezaugarri plateresko ugari ditu bere mazonerian. Zangozako Santa Mariaren erretaula berea dela esaten da.
Migel Espinalekoa
Migel Espinalekoa 1553tik 1590era jardun zuen ertilaria dugu, eta erromanismo estilotik oso gertuko zenbait erretaula egina da nafar elizetan.[104]
Badoztaingo erretaula. Badoztaingo erretaularen egilea da eta bere banku, hiru gorputz, hiru kale eta atikodun bi kale-tarte dituen egiturakoa izanik, platereskoa alde batera uzten hasi eta bere angeluzuzeneko etxeez eta eskultura solte ugariaz hurbileko erromanismoa aldarrikatzen zuen.
Ikonografiaz berriz, garaiko jaierari dagokion kristau santuen erakusketa bat egin zuen: ezer baino lehen Apostoluak, Eliz Guraso garrantzitsuenak, hainbat emakume santu eta erdiko kaxan zaindariaren irudia, San Migel.
Garai hartako sagrarioa ere gorde da, atean Piztuerari eta alboetako aurpegietan San Pedro eta San Paulori eskainitako erliebeak dituela. Jatorrizko koloreanitzez eginiko estatuak kalitate bikainekoak dira.
Mendiorozko erretaula. Ertilari beraren lan dokumentatuan Mendiorozko zaindaria den San Pedroren bi irudi on gorde dituen parrokiako erretaula da: zaindariarena eta eseririk dagoen Madonna eder batena; forma beteak, gizentxoak eta mugimendu arinekoak dira.
Urrozko erretaula. Espinalek 1570ean Urrotzeko erretaularen tratua egin zuen, honek berekin baditu beheko banku edo predela, haren gainean, hiru kaletako eta bi kale-tartetako hiru gorputz altxatzen direlarik, hiruko atiko batean bukatzeko. Goitik behera, eskultura-lana erdiko kalean, tabernakuluari, Haurra duen eseritako Birjinari, Jasokundekoari eta atikoaren saihetsetan bi profeta dituen Kalbarioari eskainitakoen artean banatzen da. Bi kale-artetako horma-hobietan San Pedro eta San Pauloren, bi emakume santuen eta bi profeten taila solteak daude; eta kaleetako sei etxeetan Birjinaren bizitzari buruzko goi-erliebeak dituzte ikusgai. Platereskoa gogorarazten duten apaingarrizko osagairik falta ez bada ere –kerubinak zerrendetan, eta erliebeak kalostretan–, arkitekturaz manierismo alderako joera nabaria da, Migel Espinalen eskultura-lanetan ere azaltzen dena: adierazpen urritasuna eta irudien zutitasun aldeko joera.
Otsagiko erretaula. Espinalen lanik garrantzizkoena Otsagiko parrokiarentzat 1574an eginiko tratua zuena izan zen: erretaula nagusia eta bere alboetako biak. Hauek Santiago eta Santa Katalinari eskainiak dira.
Maisuaren lanik garrantzizkoena erakusten duena erretaula nagusia izan zen eta azterketa- eta ziurtapen-prozedura luzeak ekarri zituen bere data jakin nahiak. San Joan Bataiatzaileari eskainitakoa da Nafarroako handiena eta estimatuena. Traza oktogonala du eta baditu bankua, lau gorputz, hiru kale eta lau kale-tarte eta hiruko atiko bat ere. Apaingarritako xehetasun batzuk gorde baditu ere, erliebeetan nagusi da soiltasun klasikorako joera.
Bi triptikoko kale nagusian arreta berezi batekin jardun zuen ertilariak, lehenengoak San Joan duelarik erdian eta Ama Birjina bigarrenak. Eskultura-lanetan berriz, mukuluak eta erliebeak daude txandakaturik. Ikonografia Badoztaingoaren antzekoa da: Apostoluak, Eliz Gurasoak, beste emakume eta gizaseme santuak, Bataiatzailearen eta Kristoren Nekaldiko bizitzako eszena gehiago.
Espinalen eskulturak bihurritze espresibista txiki bategatik bereizten dira; klasizismo joerako beste eskulturagileenak direla esaten den plomuzkoagoen aldean.[105] Erretaula handi hau oso azkar margotu, urreztatu eta estofatu zuten, hain zuzen, XVII. mendeko lehen urteetan, eta 1988an zaharberritu ederra hartua da.
Elurretako Birjinaren erretaula. Migel Espinalen lantegitik irtena izatea oso litekeena da Iruneko Santiago Monasterioko Elurretako Birjinaren erretaula edertzen duen Ahaide Sagaratuaren gaiari buruzko panel ezin ederragoa ere, zalantzarik gabe antzinako beste erretaula batetik ekarritako panela delarik. Nolanahi ere, talde berezi bat da, Birjina, Jesus Haurra eta Santa Anaren taldea inguratzen duen hamabi irudiko taldea. Ezezaguna zaigun egileak irudi bakoitzaren zizelketan erromanismo aldera egiten zuen, baina ez zuen Goiz Errenazimentuko ertilari handiak bereizten dituen konposizio-ahalmenik.
Gauza jakina da Migel Espinal beste erretaula askotako jardueran esku hartu zuela, XVI. mendeko bigarren erdian; baina kasu bakoitzean bere eskutik edo bere laguntzaileen eskuetatik zeintzuk irten ziren jakitea ez da gauza erraza. Bere lantegitik gertukotzat hartzen diren taillak badira zenbait:
- Antsoaingo Larragetako elizako sakristian Haurra duen Birjina;
- Burutaineko erretaulako eskulturak,
- Egozkueko San Migel parrokiako erretaulako eskulturak;
- Zigandako San Esteban parrokiako erretaula nagusiko eskulturak
- Erbitiko parrokiako erdiko horma-hobia betetzen duen eseritako Birjina Haurrarekin;
- Ziritzako parrokiako sakristian gorderik den Jesus Haurra duen Birjina eta San Joan Txikiren taldea;
- Madonna batzuk Orikain eta Atondon (Iza);
- Aldatzeko San Martin parrokiako emakume santu bat eta abar...
Erromanismoa
Italiako eragina
Fernando Katolikoaren erretzaldian eta Karlos I.aren lehengo urte bitartean Espainia eta Italiako estatuen artean gauzatu ziren harreman politiko eta militarrek Errenazimentuko eskulturagile italiar famatu batzuen etorrera erraztu zuten: Domenico Fancelli, Pietro Torrigiano, Jacopo Torni, Giovanni Moreto, eta abar.
Aldi berean, Italiatik korronte berriak berenganatu ondoren, Espainiako ertilari handiak itzuli ziren, hala nola: Zarzako Euskalduna, Bartolome Ordoñez, Alonso Berruguete eta Diego Siloe.
Ertilari hauen lanak kronologiako irizpidez aztertzen badira, gotikotik Errenazimentura doan garapenaren lekukoak aurki daitezke beraiengan, adierazkortasun indarra maiteago izatetik hasi eta edertasun formalari emaniko lehentasunera arterainokoak.
Espainiar era bat
Garapen hau, hala ere, ez zen bat batean eta zalantzarik gabekoa izan. Mendearen lehen herenean oso laster desagertu ziren Zarzako Euskalduna eta Bartolome Ordonez salbuespenarekin, Hispaniako eskulturagile hoberenak, beren italiar ereduen handitasunaren miresle izanik ere, ez zioten Hispaniako ikonografia tradizionalaren ezaugarri den espiritualtasunari ukorik egin.
Burgos eta Granadan burutu zituen lan bikainetan eskolatua izan behar zuen, Espainiako Errenazimentuko arkitekto eta eskulturagile handienetako bat izan zen, Diego Siloeren lanari buruzko aipamenean honela dio Azkaratek “Cinquecento‑ko idealismoari, lerroen goxotasunari eta edertasunaren zentzu klasikoari ere ukorik egin gabe, bere estiloa espainiartu egin zen”, espainiar tradizioarekin ongi kokatzen den erlijio-adierazpen kutsu hori bereganatzen zuela.
Joan Valmasedarengan, mendearen lehen erdiko palentziar eskualdeko eskulturagile entzutetsu honengan, oso nabaria da gotiko estiloa konposaketan eta formetan, gorputz‑adarren mehetze alderako joeran, egitura klasikoen erabateko lasaitasunaren ordez, dramatikotasun eta adierazkortasun indartsua nahiago izate horretan.
Berruguete, italiarren artean halako harridura sortu zuen delako “Alonso spagnuolo” harengan, eta gerora Espainian ere, Valladolid, Toledo eta Extremadurako bere erretauletako keinu okertuekin sentipen bera sortu zuen honengan, oraindik ere nabarmenagoa da halakoxe naturaltasunaren aurkako, gorputz zuzenekiko gurarizko zabarkeria eta lasaitasun klasikoa gutxiesten duen gehiegizko dramatikotasun hori, inortxok ere ez dakielarik gotiko gisa ala bere azken muturrera eta zoratutako adierazpenera eramaniko manierismo klasizista gisa hartu behar den.
Manierismoa
Bestalde, Italian bertan gertatu zen mendearen hirugarren hamarkadan klasikotasunetik irtetea esan dezakeguna, arte plastikoetan, eta zuzenago esanda, ikonografiaren alorrean –hemen benetan axola zaigunean.
Manierismoa naturaltasunaren aurkako joera izan zen, eta ez da erraza bere esentzia eta arrazoiak zehaztea, lanetan oso nabaria bada ere. Itxura formalaren ikuspuntutik, ezaugarri orokor gisa azpimarra daiteke:
- pintura manierista espazioaren perspektiba-legeari eta errealismoari uko egite baten antzera azaltzen da;
- eta eskulturan, berriz, lasaitasun eta orekaren arbuiatze baten antzera.
Zaletasun hauengatik definitu ohi da: nabarmen eta sutsu, ohiz kanpoko eta bizkorgarri, ezohiko eta ziztatzaile antzera.
Manierismoaren izaera ziztatzaile eta paradoxiko hori, alderdi hauetan legoke: “edertasuna azken muturreraino eraman beharraz errealitatetik kanpoko egiten duela; indarra, hain neurriz gain erabiltzeaz akrobazian amaitzen dela; edukia, zamatzearen zamatzeaz, ezer esatekorik gabe uzten duela; forma, hainbesteko garrantzia emanaz, aske, bere kasako eta huts bihurtzen duela”.[106]
Manierismoa zer den argi eta garbi definitzera ez bagara iritsi, oraindik eragin zuten arrazoiei buruzko adostasunera ere iritsi ez garelako da. Soziologia mailako arrazoiak jartzen dituzte batzuek, adibidez, urte haietan Italian eman zen ezegonkortasun soziopolitikoa beste batzuek, aldiz, erlijiozko eta espirituzko arrazoiak aipatzen dituzte.
Migel Anjel eta bere kutsua
Eskulturan, Migel Anjelen talentua izan zen klasizismoaren edertasun idealarerekiko desengainu hori lehendabizi bizitu zuena, eta Florenziako Medizistarren hilobi kaperetan jada hasi zen edertasun klasikoaren kanonak apurtzen. Pinturan, bere erromatar garaian batez ere, (Sixtina Kaperako Azken Epaia) azaleratu zen aurrerabide espiritualak eta giza bizitza etengabeko borroka etsia delako ulermenak, espiritualitate goren baten atzetik dabilen eskultura bat iradoki zion, haragiaren edertasun adierazkorrak baino gehiago.
Frantziako Frantzisko I.aren gortean, ez Erroman eta ez Toscanan, eskolarik osatu gabe Buonarroti imitatua izan zen, gaur egun “Manierista” izendatzen ditugun eskulturagileez. Eta Erromatik, bertatik zetozen grabatu eta marrazkien eta zenbait ertilarien immigrazioen bitartez sartzen hasi zen “erromanismoa” Espainian.
Juan Junik eta Alonso Berruguetek,1522an, Oviedoko katedraleko erretaula egiteko tratua sinatu zuenean, Gasteiztik igaro zela dioten hauek [107] joera berria “Espainia aldera” ekarri zutenak direla esaten da, Gaztela aldeko eskolan nolabaiteko manierismoaren sortzaile izanez.
Baina, Gaspar Becerra da, batez ere, migelanjeldar mintzaera Espainiari emango diona. Florentziar talentu handiarengandik jasoko du irudien muskulu jorien haziera, “Berruguetenak baino haragi gehiagokoak”, Juan Arfek zioen bezala. Bere lanik adierazkorrena Astorgako erretaula (1558) da, joritasun handiko irudi deigarriz jantziak diren hiru gorputz eta bost kale dituen tramankulu izugarria; hemen Joan Antxietak bere lehen esperientzia gauzatua izatea oso litekeena da, artean inkontzienteki bazen ere, eskulturak eskaini zitzakeen baliabide plastiko soilen bitartez adieraziz.
Estilo aldaketa bat. Gure iritziz, eskola erromanistak ez du alderdi ikonografikoan aldaketa zehatzik adierazi nahi, aldaketa estilistiko bat baizik. Ikonoen edukiei dagokienez, Trentoko Kontzilioak eraginik izan zuenik ez dugu ikusten, ez baitzen 1563ko abenduaren 3ko azken saiora arte imajinagintzaz arduratu, ezta Kontzilioaren jarraian iritsi ziren Konstituzio Sinodalak ere. Ordurako ezaguna zen jada Buonarrotiren lanen “terribilita”.
Gaietan berrikuntza gisa aurki daitezkeenak, erreforma zaleen bultzadatzat hartu behar dira, ortodoxoak ala disidenteak izan, hasi Erasmorengandik eta Karlos Borromeorengana arte eta Sabonarolagandik Gurutzeko San Joanganaino ebanjelioen historiari eta benetako tradizioari zegozkien ikonografien irizpide garbitasuna aldarrikatzen baitzuten. Eta Trentoko eta Kontrarreformako artearen garai hori beranduxeago agertu zen, mendearen azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere.
Oraingoz bederen –kontuan hartu Espainian 1550‑1570 bitartea gaudela– erromanismoa uholdeka ari zen sartzen. Bada erromanismo klasikoa, espresionismoa itsatsian duen erromanismo manierista, eta baita arte “trentino” edo “escurialdar” esan den horretan amaituko duen erromanismo zorrotz eta indartsua ere.
Alemaniar ikertzaile Georg Weisek kontu handiz jarduten du Baskonia eta Espainia iparraldean errenazimentuko eskulturari buruzko hain funtsezkoa den bere lanean, aurreko etapan gertueneko eskulturagileetan hunkigarritasun adierazpenaren pixkanakako gutxitzea, berak “arbitrarietate piktoriko subjektiboa” izendatzen duena, alde batera utzia zela adierazten.[108]
Euskal erromanismoa
Gaspar Becerra eszenan sartzearekin markatzen den Hispaniako Migel Anjel aldeko hirugarren eta azken etapan kokatzen da euskal‑nafar eskulturaren erromanismoa ondoen Joan Antxietaren bitartez, nahiz eta berarengan aurreko etapen arrastoak ikustea ez den zaila gertatzen, beste ertilariekin gertatu ohi den bezala.
Ezaugarri estilistikoak. Antxietaren erromanismoak ezaugarri dituen trazu estilistikoak, keinu handitsu eta heroikoak, eskortzo ausartak, arimaren adierazpenarekin zerikusirik ez duen muskuluen betetasuna, ezpain estuetan azaltzen den basatasun lasaia, profil iharrak, kokots tinkoak, ile banatuak... hau guztia tolesdura iletsuen soineko astunen bitartez sendotzen diren jarrera baketsutan.[109] Erretauletako arkitektura. Mintzatzen aritu gareno araztasun edo garbitasuna erretauletako arkitekturan ere igartzen da. Gainak dituen arkitektura da, konposaketa oso garbikoa, aurreko aldiko gehiegizko apaingarri guztiak suntsitzen direnekoa, gruteskoak desagertu eta lerroen geometriazko zorroztasuna bilatzen delarik.
Hauek, erretaula‑fatxadak dira, mailaketa klasikoak geruzetan azaldu baitira eta irudiak gordetzen dituzten etxeak, arkitekturako atariak antzo, diseinaturik dauden ildaskazko zutabeen, erdi-puntuko arkuen eta batez ere kurbatuak eta triangeluarrak, osoak ala zatiak diren era askotako frontoien bidez.[110] Horrela, horma-hobi zabaletan azalduko dira eskultura solteak, eliztarraren begirada berenganatu eta berenez biziki adierazgarriak izatea lortuko da.
Bi lantegi. Euskal Herriko erromanismoan zalantzarik gabe, bi lantegi izan ziren eragin zutenak; haien jatorria Astorga eta Brivieskako erretauletan ikus daiteke: Lopez Gamizkoa Burgostarraren lantegia eta Joan Antxieta gipuzkoarrarena, berau izan zelarik, zuzenean ala bere ikasleen bidez, estilo berriaren hedatzailea Espainia iparralde osoan.
Pedro Lopez Gamizko mirandarrak Burgosen ikasi zuen, Joan Karrantza bere koinatuaren lantegian, gerora berriz Diego Guillen eskulturagilearekin. Brivieskako Santa Klararen erretaulako bere lanak Gaztelako eskolako maisu ospetsuenen oniritzia jaso zuela azaltzen da dokumentuetan, besteak beste, Joan Juni aztertzaileena. Miranda de Ebron kokatu zuen bere lantegia eta 1561 eta 1584 artean bere agintepean izan zituen ikasle eta ikasi sail bat, hauetatik sona irabazitakoak batzuen batzuk; hauetako batzuekin garrantzi handiko lanak egin zituelarik, esaterako, aipatu berri dugun Briviescako erretaula eta Estavillokoa.[111]
Mirandako eskulturagile honek Estavilloko San Martinen (1561‑1566) erretaula nagusi honekin Arabako nahiz Euskal Herri osoko erromanismoaren aurrelaria izan zen; honen bidez aldarrikatzen dituelarik egituretan eta irudietan eskulturako hizkera berriaren italiar sustraiak.[112]
Briviescan bere lana zuzentzen zuen bitartean, Lopez Gamiz iparraldeko eskualdean Erromanismoaren eragile nagusia zenarekin harremanetan jarri zen: Joan Antxietarekin, hain zuzen ere.
Joan Antxieta
Penintsula Iberikoan, Erromanismoko eskulturagilerik handiena Gipuzkoan, Azpeitiko Urrestila auzoan jaio zen, agirietan datarik azaltzen ez den arren, 1533an ziur asko. Abizen horretako bi eskulturagile, Migel eta Joan izan zirelako iritzia behin betirako ezeztaturik geratu da. Gutxi gorabehera 1533an jaio zela, eskulturagileak berak 1579an 46 urte zituela eginiko aitorpenetik suposatzen da.
Trebakuntza aldia
Haren trebakuntzako urteei buruzko dokumenturik ere ez daukagu, eta Italiako lantegietatik Antxieta igaro izana oso ziurtzat hartu duenik ere falta ez izanagatik, gaur egun bere arte prestaketa Gaztelan eman zelako iritzia zabaldua da, Valladoliden hain zuzen ere; italiar Errenazimentuko maisuen marrazki eta grabatuak eskuz esku ibiltzen ziren zenbait obradoretan.[113]
Dokumentuetan azaltzen denez, Antxieta Valladoliden bizi izan zen 1564tik 1569a artean, Juan Juniren arte mardula nagusi zen eta Antxietak hartan zen partaide; baina, berez, Gaztelako hiriburu horretan hiritar izana izango zen urte batzuk lehenago, zeren eta Astorgako erretaula (1558‑1560) lanetan Gaspar Becerraren zuzendaritzapean esku hartu zuela gauza ziurra da, agian baita Simancasko Salbatore parrokiako erretaulan ere.
Era berean, dokumentuen bidez eta ikerketa estilistikoen ondorioz, Antxietaren partaidetza baiezta daiteke, 1569ra arte amaitu ez zen eta arduradun nagusia Pedro Lopez Gamiz Burgosko eskulturagilea zen Brivieskako Santa Klararen erretaulako (bertara Valladolidik etorriko zenez) lan honetan.[114]
Euskaldun aldia
Azpeitian herritartu zen Antxieta 1570ean eta Ana Agirrerekin ezkondu. Harrezkero Iruñean ere bizitu zen aldizka, eta Zaragozako Seoko San Migelen kaperako erretaulan ere jardun zuen.[115]
Jakako katedraleko Sarasako kapera urte horietakoa da, “Moisesi eginiko erantzunetan Migel Anjelen handiena den” Hirutasunaren talde hunkigarriarekin.[116]
Onarpen handiko izena duen maisu izanik jada, hirurogeiko hamarkadan, aldi berean lan egin zuen gipuzkoar ertilariak bai euskal probintzietan, bai Nafarroan eta bai Aragoin.
Gipuzkoan, San Pedroren erdiko irudia besterik gelditu ez zaion Asteasuko erretaula (1572) egin zuen.
Zumaiako San Pedro erretaula (1574). Bertan, geroztik erantsitako erlaitz gaina izan ezik, bankuan Azken Afariari eta Oinak Garbitzeari buruzko bi panel bikain kontenpla daitezke, eta saihetsetan migelanjeldar San Pedroren irudia eta bere bizitzako bi gertaera, eta aingeruen artean zeruetara jasotako Madonna bikain baten alboetan, Mariaren Deikunde eta Jaiotzaren eszenak. Guztiz Antxietarena den multzoa jator hau bereziki estimatua da, Gipuzkoan Azpeitiko maisuaren lanetatik osorik dagoen bakarra izategatik eta erromanismo estiloaren amaierari dagokiona izategatik.[117]
Zumaian lanean ari zen bitartean Antxietak egina izan behar du, egun desagertua den Azkoitiko parrokiako (1575) Ana Idiakez Anderearen kaperarako erretaula; eta baliteke bereak izatea gaur egun Donostian eta Azpeitian aurkitzen diren eskultura batzuk ere.[118]
Gasteizko San Migelen erretaula. Urte horietan bertan Gasteizko San Migelen erretaula nagusiaz (1575) ere arduratzen hasia zen, baina bukatu gabe gelditu zen eta gerora, 1624 eta 1632 bitartean Gregorio Fernandezek egin zuen beste batez ordezkatu zen. San Migel eliza beraren bazterretan orain berriki topatu diren erretaula horretatik salbatuak izan dira zenbait erliebe eder, erretaularen bankurako eginak zirenak, Kristoren Zigorketaren eta Arantzaz Koroatzearen gertaerak adieraziz, Moisesen eta Dabid erregearen irudiak, elizako zaindari San Migelen eskultura bat eta San Pauloren soin erdi bat.[119]
Iruñeko lantegia
Gipuzkoan aldizka bizitzen bazen ere, Antxieta 1577an jada iruindarra zen, bere lanerako erdigune izanik, baldintza bikoitza betetzen zuen, erresumako hiriburu izatea eta gotzaindegia edukitzearena, horrek errazten baitzion gotzainarekin eta kalonjeekin harreman zuzena eta etenik gabekoa.
Lantegi handi bat eraiki zuen Iruñean eta handik jardun zuen garrantzizko mandatu batzuei erantzuten:
- Kasedako erretaula (1577),
- gurutziltzaturiko Kristo miresgarri bat (1579) Iruñeko katedralerako, formalismo manieristaren hunkiberatasun eta edertasuna laburbiltzen dituena,
- eta gaur egun Nafarroako Museoan miretsi daitekeen San Jeronimo;
- beste gurutze txiki bat
- eta Agustindar Errekoletoentzat gorputz erdiko Madonna polit bat;
- Añorbeko' erretaula (Nafarroa), berau dokumentatua ez badago ere, erdiko Birjanarengan eta multzo osoaren gainean dagoen Jasokundearengan, Antxietaren Birjina erromanistak betiko ezaugarria duten edertasun bikaina ongi asko adierazten da, Juan Juni bere maisuarengandik jada ongi urrutiratua den mintzairaz.
Baskoniatik kanpora irteten da haren sona eta Las Huelgas‑ko monasteriorako (1577) erretaula bat eskatu zioten, zorionez zenbait eskultura gordetzen delarik oraindik.[120]
Laguntza eskatu zioten, halaber, Burgosko katedraleko erretaula handirako (1578), bi estatua bikain bederen eskaini zituelarik: Jasokundea eta Birjinaren koroatzea.
Azken lanak. Bidaietan eta bere garaikoak ziren lanen (Balterra, Otsagi, El Escorial, Donostia eta Gipuzkoako beste hainbat lekuetan) tasatzaile lanetan murgildurik, bere ardurapean hartu zituen:
- Tafallako Santa Mariako erretaula (1581-1583)
- eta zoritxarrez sakabanatua den Agoitzeko San Migelena (1584).
Azken urteetan egindako beste tratu batzuk Nabarrete, Fuenmayor, Moneo[121], Sotes, Tolosa eta beste lekuetara eraman zuten. Zatiturik ala sakabanaturik diren erretaula hauen aurrean jakitunak zalantzan jartzen du egile zuzena Antxietaren gubia izan zen ala bere ikasleren batena.
Antxietaren lanak dira egiatan Obanosko San Joan Bataiatzaileren erretaula, horretatik gordeak ditugularik Haurra duen Birjina zoragarri bat eta San Joan Txiki.
Tafallako Santa Mariako erretaula nagusia, “nafar erromanismoaren lanik garrantzizkoena”, bankuko eta erlaitz gaineko erliebeak besterik ez zuen egiterik izan.[122] Garai horretan iritsi baitzitzaion heriotza (1588ko azaroaren 30ean), erretaula amaitzeko lanak San Pedro bere ikasle Pedro Gonzalezen esku geratu zirelarik.
Bost urte lehenago (1583) Tafallako parrokia bererako tenplete tankerako sagrario miresgarri bat tailatua zuen, bata bestearen gaineko hiru ordenetakoa eta eukaristiako gaiei buruzko erliebe finak zituena, arkitekturaren eskulturekiko nahasketa harmoniatsu batean.
Tafallan eman zuen bere azken etapakoa izan behar du Urrikalpenaren Gurutze famatuak, eskultura honetan badirudi Antxietak alde batera uzten dituela erromanismoaren gehiegikeriak eta Kristok azken arnasa eman zueneko unea adierazten du apoliniar edertasunean eta zutikako jarreran betiereko jainkotasunaren bakea iritsi duela erakutsiz.[123]
Manierismo erreformatzailea
Edertasun ideala. Antxieta Errenazimentu helduko ertilaria dugu batez ere. Italiar ereduek giza soina teknikoki menderatzen irakatsi eta greziarrek beren jainkotasunak adierazteko lortutako edertasun ideal harekin pertsonaia sagaratuak hornitzeko ilusiozko desio hura sartu zioten. Añorbeko bere Jasokundea arrazoiez izendatu izan da “jainkosa klasikoa” modura, eta aipamen metaforiko bera ezar diezaiekegu besteak beste, Zumaia, Burgos, Tafalla, eta abarretakoei. Manierismoari aurka egiten. Maisu handi honetan hasieratik bukaerara azaltzen da edertasunaren gurtza, manierismoaren gutizia itxuragabeen aurrean makurtu nahi ez duen iraupena azalduz.
Baina, aldi berean erantsi beharrezkoa da Espainia iparraldean Antxieta bada Migel Anjelen ikaslerik sonatuena, bere inspirazioetako eredua ez zela edertasun paganoaz harrapatua izan Migel Anjel gaztea, Buonarroti heldua baizik: espiritualtasun mistiko baten idealen eta aldi berean eskulturaren mintzaera oinarrizkoaren atzetik ibilia, bolumenen adierazkortasunean eta kontrajarritako formetan aurkitu zuelarik.
Antxietari egokitu zitzaion Gaztela aldeko lehen erromanisten bihurritze epileptikoak lasaitzea, baliabide plastikoen ahalbide adierazkorrak aurkitzea ikonoetakoak baino gehiago, eta horrela, beren baitan jainkotasuna duten izakiek berezkoa duten bake eta handitasuna gogoratzea.
Espiritualitate mistikoa. Ingurune erreformista batean kokatu behar da Antxietaren artea, eta jada eman ez zaion eta ongien egokitzen zaion izena eman “manierismo erreformatua”,[124] edo hobeto esanda “manierismo erreformatzailea”.
Antxietaren erromanismoa hein batean bederen Gaspar Becerragandik dator, bere Birjina eta emakume santuetan edertasun plastikoarekin batera bizitasun espiritualaren adierazpidea bilatzen duen neurrian behintzat; hortik dator bere gizonezko irudiei heroi indartsuen izaera ematea. Jakako katedraleko Sarasa kaperako aldarean Gurutziltzaturiko Kristori eusten dion Betiereko Aitak, ezinbestean Migel Anjelen Moises oroiterazle duelarik, edozein sinestedunengan ahantzi ezinezko talka egiten du. Beroni buruz hara zer dioen Camon Aznarrek, “sartaldeko artearen barruan Jainkotasunaren adierazpenik jatorrenetarikoa da agian”.
Mundu mental baten adierazpidea. Juan Junik 1577ko bere testamentuan aditzera ematen du “no ay otro ninguno del dicho arte de quien se puede fiar la dicha obra (bukatu gabe uztera zihoan Medina de Rioseco‑ko erretaula) si no es el dicho Juan de Anchieta, escultor residente en Vizcaya, que es persona muy perita, hábil y suficiente y de los más esperitos que hay en todo este reyno de Castilla”.[125]
Baina Antxietak bere berea duen estiloa sortu zuen Junirengandik jaso zuen erraldoitasuna, baina keinu eta kanpoko jarreretako hunkiberatasunaren esku ez zuen utzi adierazkortasuna. Saiatu zen juniar bihurritze bereizgarria eta bere eskuetako espantua alde batera uzten, masen indar abstraktuetan eta bolumenen kontrasteetan buru‑belarri sartzeko.
Etorri handikoak dira bere irudiak, baina beren adierazkortasunaren indarra ez dator mimikatik; bere pertsonaietan azaltzen diren eskortzoak sarritan sinesgaitzak dira ala bizkarra ematen digute (Agoitzeko bankuko Apostolu batzuk, Kasedako Azken Afarikoak, Tafallako zenbait irudik eta abarrek). Nabaria da pertsonaiak gehiegizko naturaltasunetik husteko egiten duen ahalegina. Camon Aznarrek dioen bezala, sortzen dituen formak “buru premisetatik abiaturikoak” dira. Izan ere, Antxietak gorputzen bikaintasun fisikoetan, neurri gabeko muskuluen ahalmenean, soingainekoen neurriz kanpoko hanpaduretan eta aurpegietako bekozko adierazezinetan, egunoroko benetako munduaren ikuskerarekin zerikusi gutxi duen mundu mentalean sartzen gaitu.
Antxieta adituetan. Bukatzeko, Antxieta arreta handiz ikertu duten historialariek eman dituzten iritzi laburtuak berriro aipatzea komeni da.
Antxietari buruz hara zer dioen Azkaratek, “mendearen azken heren honetako eskulturagilerik garrantzizkoena... Migel Anjelen manierismoaren ordezkarietan talenturik handienekoa” da.
Berrikuntza estilistikoak neurtuz, honako hau baieztatzen du Elena Gomez Morenok “klasizismoaren azkenaldietan mehatxatutako eskultura dekadenteari gizontasun latz eta benetakoa eransten dio”.
Camon Aznarrentzat “Migel Anjelen ordezko logiko eta talentuzkoa da. Herentzian hartzen ditu bere egitura eta espiritua, eta irudi ilun eta etsiak, maisuak berak ezarri zizkien mugak baino haratago joanarazten ditu. Migel Anjelengan hutsaltasun klasiko hartatik, behe-erliebetako pasadizozko guztia, desagertu egiten da Antxietarengan eta oinarrizkoa, itxuren hizkera ozen eta apokaliptikoa besterik ez da biltzen”.
Antxietaren lankideak
Antxietaren bi lankide nagusiak Anbrosio Bengoetxea eta Pedro Gonzalez San Pedro izan ziren.
Pedro Gonzalez San Pedrokoa
Nafarra zen, Arabako mugan, Cabredon jaioa. Antxietaren lankiderik gertuenekoa izan zen lan batzuetan, honen lan egiteko modua hain bereganatu zuen, non zaila gertatzen den dokumentatu gabeko zenbait lanetan erabakitzen maisuaren eskua ala lankidearena noraino iristen den.
Antxieta beraren irizpidea jarraituz, hil zenean bukatu gabe gelditu zen Tafallako Santa Mariako erretaula bukatzeko egin zitzaion tratua. Gonzalez San Pedroren lan garrantzizko honek sona eman zion eta laster garrantzizko lanetarako beste tratu batzuk egin zizkioten. Iruñeko gotzainak 1598an katedralerako erretaula baten eraikuntza bultzatu zuen, Gonzalez San Pedroren lantegian egiteko emana zena, hain zuzen ere. Gerora hiri bereko San Migel parrokiara eramana zena. Arkitekturaz Errenazimentu klasikoak bere‑berea duen erretauletako hoztasuna du; eta kalitatezko eskultura-lan bati egiten dio leku. Bereziki deigarria da Jasokundea eta baita Kristoren Haurtzaroko erliebeak ere.[126]
Cabredon, bere jaioterrian bertan, 1600ean lantegia ireki zuen ikaslez eta lankidez inguraturik, denen artean Diego Jimenez gailendu zelarik eta honekin batera Arabako Errioxan Antxietaren ikurra garbi azaltzen den erretaula batzuk egin zituen.
Desagertu ziren bi erretaula. Anbrosio Bengoetxearekin batera guztiz bikaina izan behar zuen Cascanteko Jasokundeko Parrokiako erretaularako (1593‑1601) tratua egin zuen, baina zoritxarreko sute batean suntsitu zen. Gaur egun Santo Kristoren kaperako sarreran ikus daitezkeen San Esteban Harrikatzea eta gorputz hilaren zurezko bi erliebe polikromiarik gabeak aipatu erretaula honetakoak izango ziren.
Calahorrako katedraleko erretaula nagusiaren geroa antzekoa izan zen, 1602an Gonzalez San Pedrok hasi zuena, bera hil zenean bukatu gabe gelditu baizen (1608); bere suhia zen Joan Bazkardok bukatu bazuen ere, XVII. mendeko sute batean jausi zen azkenean. Bere eragina Errioxan. Batez ere, Gonzalez San Pedro nafarraren bidez hedatu zen Errioxan Antxietaren erromanismoa, atzerapen apur batez iritsi bazen ere, ordurako Gaztelako (Briviesca eta Miranda) lantegietatik eskualdera etorria zen errenazimentuko manierismoaren ondoan.[127]
Honen bidez oso nabarmenki uler daiteke Cabredoko eskulturagile handiak egina ez dela esatea Azueloko San Jurgi erretaula, eta espresibismoko arrasto batzuengatik “Errioxako maisu erromanistaren batena” dela pentsatu nahiago izatea.[128]
Anbrosio Bengoetxea
Antxietaren beste ikasle sonatua, Anbrosio Bengoetxea Alkizan (Gipuzkoa) jaio zen, 1552 aldera; baina bere ohiko bizilekua Asteasun izan zuen, hara ezkondu baizen. Agirietatik [129] gauza jakina bada ere, Nafarroako eliza batzuetan lan egina zen Bengoetxearena da, eta gordea izan delako guganaino iritsitakoa, Gipuzkoako probintzian aurkitzen da.
San Bizenteren erretaula. Bere maisua oraindik bizirik zela, Bengoetxeak Donostiako erregidoreei hitz eman zien San Bizente parrokiako erretaula egingo zuela. Antxietak esku hartu zuen beronen ikerketa eta tasatze-lanetan. Berak, era berean Antxietak egin zuen Asteasuko erretaularen koloreztatze eta urreztatze lanetan esku hartu zuen.
Donostiako erretaula da (1583‑1596) gorde direnetan Bengoetxearen erretaularik handiena. Joan Villarreal marrazketari eta ikuskatzaileak tratuan jarritako baldintzetan lana hiru urtetan amaitua izatea eskatzen zen. Oso zorrotzak izan ziren 1586ko erretaularen ikertzaileak eta zenbait irudi eta erretaula-multzoan zuten kokapena aldatzera behartu zuten Bengoetxea, berarekin desadostasunean baitziren, bai neurri eta formetan, bai ikonografiazko gaietan eta Trentoko arauarengatik (kontura gaitezen 20 urte igaro zirela ordurako, kontzilioa amaitu zenetik), non sagrarioak ez zuen erretaulan egon behar aldare gainean baizik.
Bengoetxearen laguntzaile modura, Joanes Iriarte arduratu zen frisoko oholen paisaietan –Nekaldiaren, arantzaz Koroatzearen, Gurutz Bidearen eta Gurutziltzatzearen– kalitate bikaineko lau gertaerak zizelkatzeaz. Friso honen azpian eta harroinaren gainean, Azken Afaritik hasi eta Pilatoren epaia arteko eszenak dituen bost paneletako banku bat doa.
Bereizketarako dagoen frisoaren gainean altxatzen da erretaula bera, hiru gorputz, zazpi kale eta Kalbario polit batez amaitzen den atikoa dituena.
Gelditu zen bezala eta gaur egun arte iritsi diren bezala, erdiko kaleko eskulturak eseritako San Bizente, bere martiritzako San Sebastian eta Jasokundea dira. Beste etxeetan, berriz, bi zaindari martirien martiritzako historiak azaltzen dira eta baita Kristoren eta Birjinaren bizitzako eszenak ere. Kale tarteetako hutsuneetan eta kalerik baztertuenetan hamabi Apostoluak agertzen dira. Desberdintzen duten ezaugarriak. Estilistikoki, erdiko Jasokundekoaren taldeetan, batez ere, sumatzen da Antxietaren Birjinen gertutasuna.
Hala ere, Bengoetxearen lehenengo erretaula handi horretan, bere maisuarengandik aldentzen zuten zantzu batzuk sumatzen dira: irudiak Antxietarenak baino lirainagoak dira, alde batera makurtutako buruak contraposto pitin bat hasiz, sarritan irudiak begiratzen duen norabidea erakutsiz gorputzaren gainetik gurutzaturiko beso bat; beste eskua berriz jasota ala gainjantzia edo tunikari helduz; beso gihartsuak erakutsian uzten dituen jantziak; oihaletan oparotasun handia eta tolesdura sakon eta biribilduak azaltzen dira janzkera horietan,[130] eta honek ez du esan nahi tolesdura hautsi eta zokotsuak gustatzen hasi ez zitzaizkionik.
Weiseren iritziz, “Bengoetxearen Apostoluak, gorpuzkeraren dotoretasuna eta oihal finez eginak diruditen janzkerak ulertzeko modu trebeagatik ezagut daitezke; hortxe adierazten da Pedro Gonzalezen irudien ondoko aldea”.[131] Orokorrean, manierismotik urrutiratze apetatsu eta trebe moduko bat sumatzen da, errealismo klasizista joera duena.
Bengoetxeak 1592an Gazteluko parrokia-elizarako Kristo bat egin zuen, altueran bi metro dituen taila eder eta barea; handik gutxira Pedro Gonzalez San Pedrorekin tratua egin zuen, esan dugun bezala, zergatik ez dakigula sute batean galdu zen Cascanteko erretaulan. Berastegiko erretaula (1600‑1602). Donostiako San Bizentekoaren antzeko egitura arkitektonikoa du eta ia‑ia hangoa bezain galanta da. Zokaloa, bankua eta zerrenda bereizgarria baditu, gainean berriz hiru kale eta lau kale‑tartetako hiru gorputz. Neurriz egindako edergarriak eta atalak klasikoak dira.
San Bizenten bezala, zerrendan Nekaldiko gertaerak daude irudikaturik; bankuan aldiz, Itun Zahar eta Berriko historia eta pertsonaiak, bakoitza berari dagozkion ezaugarri ala sinboloak dituela. Lehen gorputzean erdiko kalea San Martin gotzain zaindariaren lekua da, eta alde bakoitzeko bere saihetsetan bi martiriak, Sebastian eta Esteban, eta bazterretako kale-tarteetan San Pedro eta San Joan Bataiatzaile. Bigarren gorputzean San Lorentzo da erdigunea eta emakume santuena alboetako tarteak; hirugarren gorputzean jasokundeko Birjina dago erdian eta alboetako erliebeek Kristoren haurtzaroko gertaerak erakusten dituzte.
Lan honetako kide guztietan joera bat bera sumatzen da, erromanista estilotik askatze aldekoa, errealitate natural eta berezkoaren nolabaiteko arintasun eta bat‑batekotasun aldeko joera duena.
Tolosako erretaula. Tolosako San Frantzisko elizarako erretaula egiteko tratua egin zuten 1604an. Nagusiek tratu hau zuritu nahiez hara zer dioten “porque el dicho Ambrosio de Bengoechea era de los mejoren que por estas tierras al presente se hallaban”.[132] Hondarribiko erretaula egin behar zela eta, Joanes Iriarterekin tratua egiterakoan, Bengoetxea lagun har zezala gomendatzen zitzaion; izan ere, “es ombre de primor para semejantes obras”. Lan hau 1609rako amaiturik egotea erabakia bazegoen ere, 1615era arte ez zen bukatu.
Gaur egun bere estofatua'' eta ongi gordetako polikromia dela eta distiratzen duen erretaula honek baditu hiru gorputz, bost kale eta ni nitxoen arteko Kalbarioa. Ertzetako bi kaleetan badira San Frantziskoren bizitzari buruzko erliebeak, erdiko kalean eta ondo ondoko etxeetan frantziskotar santuen irudiak ikus daitezke. Badirudi Bengoetxearen eskuak zaindariaren gaztaroko gertakariak kontatzen diren lehen gorputzeko erliebe batzuk eta beste santu batzuen estatuak besterik ez zituela tailatu.
Erliebe hauetan, Bengoetxearen prestutasuna nabaria da, bai aurpegietako adierazpenei nahiz janzkeren ugaritasunari naturaltasuna emateko, nahiz eta espazio perspektiban ondorioak sortzeaz arduratu ez.
Santuen estatuen artean, San Antonioren eta estasian dagoen San Frantziskorena nabarmentzen dira. Arte kalitate nabaria duena da sagrarioa ere, Hilobiratze Santuaren erdiko adierazpidean konposaketa politagatik.
Beste lan batzuk. Hiru multzo handi hauetaz gainera, Bengoetxeak eman digunetik geratzen direnak lan apalagoak edo zatiak dira. Adibidez, Tolosako frantziskotarren elizan Petronila Idiakez Andereari eraikitzeko baimena eman zitzaion kapera bateko erretaula bertan behera erori zen XIX. mendean eta Tolosako Santa Maria parrokiara eramanaz salbatu direnak, Kalbarioko hiru irudiak besterik ez dira: Gurutziltzaturiko Kristo, benetan antxietar estilokoa, eta alde bakoitzean zutik, Nekeetako Birjina eta San Joan, Alkizako eskulturagilearen irudi bereizgarri bikainak.
Badirudi desagertu zen erretaula honetakoak direla, halaber, Hilobiratze Santua batak eta Errukiarena besteak, adierazten zituzten bi erliebeak eta gaur egun parrokia horretan bertan gordetzen dira. Bi erliebe hauek harridura sortu zioten Jovellanosi.[133] Sagrarioak. Gipuzkoan herri txiki askotarako egindakoak dira Bengoetxearen tabernakulu batzuk, maisutasun berezi batez tailatu ziren irudiak gaurko gizonarentzat bereziki erakargarriak gertatzen dira dituzten neurri txikiengatik eta ikusiak izan daitezkeen gertutasunagatik. Halakoxeak dira:
- bere jaioterrikoa den Alkizako sagrarioa (gaur egun Elizbarrutiko Museoan jasorik dena);
- eta Hernaniko San Joan Bataiatzailea parrokiako sagrarioa (1069), gorputz bakarra eta oinplano biribilekoa, Eraistearen erliebe polit bat erakusten duena.
- Bengoetxeak 1615ean Errenteriako Santa Maria parrokiarako sagrario bat egin zuen, behealdeko zatia besterik gordetzen ez bada ere, atean Azken Afariko adierazpen eder bat du.
Erretaula txikiak. Bengoetxea berarenak dira Zarauzko parrokian (1612) gorde diren bi erretaula txiki: - lehenengoak diseinuan zorroztasun klasikoa du, mukulu biribileko lau estatua eta Deikundearen erliebe zoragarri bat dituelarik; - bigarrena oraindik ere xumeagoa da, erdiko erliebe baten azpian familia santua (Santa Ana, Birjina eta Haurra) adierazten duten hiru estatua ditu, kalitate ederrekoak hauek ere.
Ondorioa
Bengoetxearen lanen ibilbide motz honen laburpen trinkoan, esan egin beharko litzateke, Antxietaren erromanismotik hasita, Alkizako maisua urrutiratu egin zela bai Antxietaren tankeratatik nahiz Lopez Gamizenetik. Ez da ahaztu behar, Antxieta desagertu eta 37 urte beranduago hil zela Bengoetxea.
Espainia iparraldean artezko erromanismoa luzaroan ikasi duen Georg Weise alemaniar historialariak baieztatzen duenez, Anbrosio Bengoetxearengan azaltzen da erromanismoaren halakoxe egitura suharren deuseztatze bat eta XVII. menderako trantsizio bat;
Eta maisuaren berezko ezaugarri estilistikoak azpimarratzen diru:
- ertz gehiago dituen formak erabiltzea,
- tolesduretako biribiltasunen eta izurren modelatzean zuritasuna desagertzea,
- buruetan nolabaiteko idealtasuna,
- eta errealismo alderako joera orokorra.[134]
Antxietaren eskola
Antxietaren eragina kanporatzen duten XVI. mendeko eta XVII. aren hasierako eskulturagileak asko dira. Hain izan zen handia eragin hau, non Camon Aznarren iritziz “aldi guztietako espainiar maisurik handiena izan zela ziurta daiteke, artean aztarna gehien utzi zituena... Mendearen azken horretako eta hurrengo ia guztian Nafarroako arte guztia Antxietaren formalismoarekin kateaturik zegoen. Eta ia beti halakoa izanik maisutasuna eta leialtasuna, dokumentuetako frogarik ezean Antxietari atxikitzera jotzen dugu bere ikasle ala imitatzaileenak diren lanak”.
Nahiz eta historia honetan eta erromanismoaren ataletan Baskoniako mugetan geratu nahiko genukeen, logikak Errioxako eskulturagile erromanistak ahanztea eragotzi egiten digu, hauetako batzuk ongi jarduten bazekitenaren lekukoak utzi baitzituzten Nafarroako elizetan. Beste alde batetik, logika horren ondoan, metodologia zuzen bati zor zaion leialtasunak lehenengo tokian oroitzera behartzen gaitu, Joan Antxietaren garaikideak baitira izan ere, hauetatik garrantzizkoenak.
Errioxako erromanistak
Pedro Arbulo Marguvetekoa. Berauen artean ospetsuena izan zen 1565ean Ozkabartekoa zena eta gerora Briones hirikoa (Logroño) eta 1608an han hil zena. Arte kontutan bere nagusitasuna tasatzaile gisa esku hartzeetan nabarmendu zen; Antxietaren iritzi berekoa ez izanik, bere erabaki batzuetan; bere ertilari kategoria Cean Bermudezen iritziarekin gomendatzen da, zeren eta honek “Alfonso Berrugueteran ikaslerik trebeena” modura izendatzen baitu.[135]
Gaztaroko lan dela esan daiteke Brionesko Santa Maria parrokiako Guztiz Garbiaren erretaula, 1564 aldeko data ematen zaiona, Birjinaren bizitzako erliebeak eta erromanista estilo garbiko zaindariaren irudi ederra dituena.
Fernandez de Vallejorekin batera bere lanik handiena San Asentsioko (Logroño) erretaula nagusia izan zen (1570) sute batean desagertua.
Desoioko (Nafarroa) erretaula bezala, bere aldirik gorenekotzat hartu daitekeena, 1571n Arbulok tratua egindakoa. Lan honetako lau erliebek (Deikundea, Egiptoko Ihesa, Getsemani eta Gurutzetik Eraistea) eta irudi batzuk bizirik irauten dute, eskulturagilearen balioa neurtzeko adinako aurriak, lehen mailan, maisu honetan oso berezkoa den lerromakur jarreran dagoen apostoluarekin Baratzeko Otoitzean oso bereziki adierazten denez eta Eraistearena, bere ezaugarri zuen maskor‑itxurako erliebea eskainiz.[136]
Juan Fernandez de Vallejo. Fernandez de Vallejo errioxarrak Antxietaren aurretik Baskonian erromanismoa sartu izanaren merezimendua du, Lantziegoko bere erretaula Gipuzkoarra bere herrira itzuli aurretikakoa (1567‑1570) baita, hain zuzen. Erretaula miragarri honek (lehenago Weise eta Camonek, Arbulo Marguvete‑rena zela zioten) baditu zokaloa, hiru kaletako hiru solairu, telamonak edo atlanteak dituelarik bankuetan eta medizien hilobi modura, frontoien gainetan eratzanik dauden haurrak.
Fernandez Vallejoren estiloa, Pedro Arbuloren oso antzekoa da, halakoxea: “oso nahasian dauden erliebe eta eskultura multzoak dira eta Migel Anjelen arkitektura batean benetako espazioarekiko larritasun bat adierazten dute”.[137] Egundoko multzo honen erdigunean dagoen Jasokundeko irudi itzel honetan ere Sansovino eta Migel Anjelen oihartzunak sumatzen dira eta nahiezean ere Antxietaren Birjina indartsuak gogorarazten dizkigu.
Vallejorena da Lezako San Martinen erretaula ere, gaur egun Berganzon San Migelen izenpean ikus daitekeena.[138]
Erromanismoa Gipuzkoan
Jeronimo Larrea eta Goizueta. Antxietaren ikasleen artean izendatu behar den hau, beharbada Jakan jaiotakoa izango zen (c. 1562-1616), baina Gipuzkoako emakume batekin ezkondu zenetik aurrera probintzia honetan kokatu zen.[139] Honako hau, historialarien aldetik, 1945ean bere testamentua azaldu zen arte ia ezagutu ez eta estimatzen ez zen ertilaria zen. Hala ere, eskulturagile estimagarria izan zen eta sona handi samarrekoa gainera, lan askoren ikerketak eta tasatzeak egitera deitzen baitzuten. Ugariak izango ziren bere lanak, baina ez da asko salbatuta gure arteraino iritsi dena.
Ezagunena 1595etik hasita ein zen Oiartzungo Ospitaleko erretaula da. Estilo klasikoa duen erretaula da, garai hari zegokion soiltasuna berekin duena.
Bankua, bi gorputz eta beren baitan sei estatua dituzten hiru kale nitxodun ditu, baita Kalbarioarentzat atikoa ere alboetan bi irudirekin: San Migel Goiaingerua eta San Joan Bataiatzailea. Bi solairuak bereizten dituzten zerrendetan Kristoren Lurperatzeari eta Piztuerari dagozkien erliebeak daude. Bere erdiko kalean, mukuluetan San Joan Bataiatzaile zaindaria eta Haurra duen Birjina daude irudikaturik; besteak santuen estatuak dira.
Egilea Larrea dela frogatzen duen dokumenturik ez bada ere, ia ziurtasun osoz berea dela uste da San Sebastianen estatua, Larreak bere testamentuan aipamenak egiten dituen Azpeitiko “Kristo Nahigabetua”‑rekin duen estiloaren koherentzia dela-eta.[140] Arrazoi beragatik esan daiteke Pasai Donibaneko Barealdiko Kristo ere berea dela, garbitasun oihala Azpeitiko Kristoren berdina baita.
Erretaulako beste irudi batzuk Larreak egin zituela ere azaltzen da, adibidez;
- Donostiako Santa Mariaren kofradia baterako,
- eta Antzuolan Uzarragako San Joanerako; baina ez da erabat ziurra, aipatu erretaula horietatik gorde dena benetan berea denik.
Ezaugarriak. Biluziak tratatzeko moduagatik ezagutzen da Larrea, gihar eta zainak nabarmenak ditu, baina biguntasun eta leuntasunez, Joan Antxieta oso gertutik jarraitzen duelarik. Baina oso urruti dago azpeitiar maisuaren indar itzel eta edertasun plastikotik.
Joanes Iriarte. Altsasun (Nafarroa) jaioa bada ere, Joanes Iriarte gipuzkoartzat (1595) hartu beharko litzateke, ia bere bizitza osoan Donostiakoa izan baitzen.
Bere lanik garrantzizkoenak:
- Donostiako San Bizenteko erretaula, Bengoetxearekin batera egindako lana, ikusi dugun bezala.
- Hondarribiko parrokiako (1590) antzinako erretaula,
- eta ezer ere gorde ez den Oiartzungo parrokiako Santa Katalinarena (1594).
Iriarteri buruz hara zer esaten zen “dicho maestro es hombre perito en el arte de la imagineria y de escultor y esta reputado, por haber hecho otros retablos semejantes” parrokiako erretaula nagusiaren diseinua zela eta. Bukatu gabe hil zen ertilari hau eta beste esku batzuk aritu behar izan zuten (Martin eta Esteban Ostizatarrenak, batez ere) bukatuko bazen urreztatze eta estofatu lanetan. Eraitsi eta askatu egin zen eta bere ordez beste bat jarri XVIII. mendean. Iriarteren “erretaula aberats” hartako lanetatik, sakristian gordetzen dira Kristo eta Birjinaren bizitzako erliebe eder batzuk, erromanismo arrasto garbikoak.
Beste Jarraitzaile batzuk. Hemen laburbiltzen ditugun gipuzkoar maisu gutxi hauen lanen inguruan, profesionalen beste lan ugari ematen da, guztiz arte ikuspuntutik begiratuta, gogora ditzagun Mª Asunción Arrazolak bere dokumentu ugariko azterlanetan egiten duen bezala, estimazio berezia merezi duten lanak:
- Joan Basayazenak;
- Domingo Garoarenak;
- Pedro Goikoetxearenak diren ia guztiak, beste batzuk, Altzo, Ibarra, Eldua eta Irurakoak ez dute maisutasun berezirik eskaintzen; - azkenik, beste batzuen agirietako berriak baditugu, baina erromanismo garbiko arrastorik ez izateaz gainera, kalitatezko baliorik ezak berak eragin zuen sakabanatze eta disiecta membra mailan geratzea.
Erromanismoa Araban
Antxieta Araban azaldu izanak eraginik izango zuen erromanismoko kanonak hartzeko eta erabiltzeko unean Probintziako elizgizon, nagusi eta ertilarien artean.
Lope Larrea eta Erzilla (c. 1540‑1623) da Arabako erromanismoaren talenturik aipagarriena. Agurainen jaioa zen eta hiri horretatik garatu zuen batez ere bere arte jarduera Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban. Ertilari honi, luzez bizi izanak (83 urte zituela hil zen) etengabeko lan egiteko aukera eman zion, Lehen Errenazimentuko espresibismotik hasi eta Barrokora bitartekoa den arrazoizko garapena sumatzen zaiolarik.[141] Pierres Picartekin hasi zuen bere trebakuntza eta inola ere honek, Nafarroako artelanetako ibileretan lagun izango zuen, eta bere alabarekin ezkondu zen azkenean.
Larreak, 1572 aldera, Agurainen lantegia ireki zuenean bertako kide egin zuen Picart bere aitaginarreba, baita aldi baterako Lizarrako San Joanen erretaulako eskulturagile bikaina izan zen Juan de Beauves fraidea ere, ofizial mordo batekin batera. Horrela, eskualde hartako tradizioko espresibista hoberenetakoa barneratu eta eguneratu zuen Erromanismoko hats berri bat emanez. Lope Larrea ez da, beraz erromanista garbi bat, beregan bai baitaude Picarten adierazpen-zantzu batzuk eta baita Erromanismoko neurrigabetasun erakarleetatik askatzen duen formei eusteko modu bat ere.
Agirietan azaltzen den lehenengo bere lana Ulibarri Aranako (Araba) erretaula nagusia da, (c.1572‑1575), oraindik ere Picarten irakaspena erakusten duelarik. Hemen azaltzen dira Birjinaren Bizitzako eta Kristoren Nekaldiko aldiak eta baita San Joan Bataiatzailea zaindariaren bizitza eta martiritzakoak ere.
Urte hauetan zehar, Lope Larreak Irañetako (Nafarroa) erretaularako tratua egin zuen (1574), Picarten egiteko modua azaltzen delarik eta, kasu honetan gainera, bere partaidetza dokumentaturik.
Bestalde, kontutan izan behar da, garaitsu honetan, Gasteizko erretaularako tratua sinatu zuela Antxietarekin batera. Maisu gipuzkoarraren laguntzagatik izan beharko zuen, arabar katedraleko traza eta lanen hasierako garai honetan, maisuaren lanik gorenena den Aguraingo Santa Mariako erretaula nagusian jada loratzen den erromanismo alderako garapen argiaren arrazoia.
Aguraingo Santa Mariako erretaula nagusian, maisuaren lan goren honetan nabarmentzen da garapen hau.
Diseinua eta gauzatzea Larrearenak dira, 1584an eginiko tratuaren arabera, bankua, hiru gorputz eta atikoz osaturiko tramankulu izugarria eraiki zituen. Lan honen eraikuntza gorabehera askorekin egin zen, Larrearen bizialdian en chantier moduan, eta bere heriotza ondorenean ezin bukatu izan zen 1638ra arte, urte honetan hartu zuelarik kolore aniztasuna. Nolanahi ere, bankuko ongi trazaturiko eseritako irudietan dauden Ebanjelarien erliebeak aski lirateke Larrea eskulturagile handitzat hartzeko. Merezimendu horiei erantsi behar zaizkie Deikundearen (Uso jainkotiarraren eta zeruko mezulariaren aurrean Maria eskortzo ezin ederragoan belaunikaturik) eta Ikustaldiaren eszena zoragarriak (zeinetan, era berean Elixabete bera den jada Jainkoaren Ama denaren aurrean belaunikatzen dena), bi erliebeak dira garai hartako Italiako arterik hoberenarekin lehia zezaketenak eta iparraldeko Erromanismorik hautatuenen artean kokatzekoak.
Biloriako erretaula. Eskulturagileak XVII. mendea hasia zelarik jada hasia zuen, Migel Anjelen Moises islatzen duen San Andres zaindariaren Biloriako erretaula (Nafarroan). [142]
Emaitza ugari. Pierres Picartekin ikasia zen eta une horretan harremanetan zegoen lanbide honetan trebatuenak zirenekin, hala nola, Joan de Beauves edo Joan Antxieta berarekin ere eta, esan bezala, bere bizitzaren luzeak Larreari estilistikoki Barroko aldera garatzen laguntzeaz gainera, estatua eta erretaula oparo uzteko bidea eman zion.
Bikuñako parrokian, Rodrigo Saez Bikuñakoaren hilobi‑eskulturan ere aritu zen, defuntu otoizlariaren alabastrozko irudian, hain zuzen.
Erretaula-diseinuak. Hauek burutzeko bi eratako diseinuen alde erabaki zuen: handienerako zortzialdekoa eta zuzena alboetarako, bere irudietan, berriz, egituren akabera on bat erakusten du eta gainerako eskulturagile erromanistetan sumatzen ez den nolabaiteko idealismoa.
Aipa daitezkeen lanak dira:
- 1 Bikuñako San Pedroren kapera bateko erretaula, 598an tratua eginikoa
- eta Narbaxako elizaren erdian dagoen erretaularen bankua eta lehen gorputza (1596‑1616).
Esteban Belasko. Gasteiz aldeko gunean estilo berriaren eragiletzat har daitekeen Esteban Belaskorengan eragin handikoa izango zen Antxietaren itzala. Mota askotako lanbideei heltzeko jarrera bereizgarri zuen familia batekoa zen, erretaulak nahiz hilobietako monumentuak edo armarriak ere egiten baitzituen. Gasteizko San Migelen erretaularen diseinua egin zuen 1575ean Antxietarekin, baina hiru urte beranduago azpeitiar ertilariari eskualdatu zizkion bere mandatua eta eskubideak.
Arriagako San Bizenteren erretaula nagusia (c.1575) nabarmentzen da, berak esku hartu zueneko lan ugarien artean. Hemen, nekezko erliebeetan Antxietaren arrastoak nabarian daude: pertsonaia batzuetan bekozko lehorrak, ilaje nahastuak, sufrimen keinuen arintzeak, eta abar; baina azpeitiar maisuagandik aldentzen dute giza kanon motzagoak nahiago izateak eta klasizismo nabarmenagoak.
Esteban Belaskoren estiloa igartzen da, 1573an tratua eginda eraiki zuen Gazteluko erretaulako banku aldean ere. Ale hauek XVII. mendeko erretaula baten oinarritarako balio dute eta bertan penintsulako Erromanismotik baliatu izandako zenbait gai aurkitzea ere litekeena da: landare gaiez eginiko apainketak, geometriazko kateatzeak, eta Julio II.aren hilobiko jopuen estiloko telamoi edo atlanteak ala Sixtina Kaperan margoturiko ignudi‑etakoak.
Etxabarriko erretaularen zati bat ere Belaskorena dela esaten da; are zehatzago, bere eskuz eginak dirudite bankuan tailaturik dauden Baratzeko Otoitza eta Ikuzketako erliebeak, eta banku bereko kale-tarteetan kokaturiko emakume eta gizaseme santuen irudi handi eta dotoreak.
Bereak direla onartzen da, halaber, Araba aldeko eliza batzuetako sagrarioak ere.
Joan Araotz. Ez litzateke lekuz kanpokoa izango hemen Gasteizekin elkarturik dagoen Joan Araotz ertilaria gogora ekartzea, aurreko orrialdeetan bere aita Andres Araotzi laguntzen Eibarko erretaulan ikusi genuena, alegia. Aitaren lerro batzuk bazterrera utzi zituen, Antxietaren hizkera itzelak liluratuta beharbada.
Joan Araotzek Orbisoko San Andresen erretaula nagusia utzi digu oinordeko, gaur egun XVIII.go rococo antolaketa batean izendaturik datorrena. Horretaz, Mª Asunción Arrazolak idazten duen bezala, agian pentsa daiteke Andres Araotzen lana Berrugueteren lanaren argitan hobeto uler daitekeen bezala, era berean bere seme Joanenak Antxietarena ekartzen duela gogora.[143]
Beste eskulturagile batzuk. Maila apalagoko beste eskulturagile batzuk ere hemen aipatzea mereziko luke, hala nola: - Ozanan (1579‑1585) eta Añastron (1584-1593) gorde diren erretaulen egilea den Diego Markina.
- Joan Martinez Periztegi, 1595 inguruan Agiluko San Pedroren eta Urarteko Jasokundearen erretaulen egilea.
- Andres Gartzia Urigoitia, mendearen azken urte horien inguruan jardunean ari zen, arte herrikoiaren oso gertuko estiloa zuen eta jatorriz Bizkaitarra (Otxandio) bazen ere, Araba aldeko elizetan lan egin zuen. Berari zor zaizkio, besteak beste, Marietako sagrarioa (1593), Buruagako erretaula nagusia eta San Lukasen busto bat, eta Gasteizko San Pedro elizan kokaturik zegoen eskribau-gremio batentzako burutu zuen erretaula baten hondarra (c.1586).
- Araban lan eginak dira Mirandako lantegiko hainbat ertilari, Briviescako Santa Klararen herentzia bizirik duteneko ertilariak, berauek.
- Naiarako lantegikoak eta bertan sustraiak bota zituzten Kantabria aldeko Juan Alvarado eta Juan Gomez de Barcena egileena azaltzen da Billako San Andresen erretaula nagusiaren (1587‑1594) ale hau.
Erromanismoa Bizkaian
Martin Ruiz Zubiate. Aldi honetako egilerik sonatuena da, Arratzun (Bizkaia) jaio bazen ere, Burgosen nahiz Briviescan bizitua omen zena eta antza denez hortxe ikasia. Beronek Burgos aldeko arte guneetan izandako harremanak dokumentatuak daude eta gauza jakina da Burgos probintziako erretaula onen egilea zen Domingo Amberesen lantegitik hartu zuela lantegiko tresneria, ertilari hau hil zenean. Dokumentuetan erretauletako arkitekto gisan izendatzen den Ruiz Zubiate hau eskulturagile ona zen eta Briviescan Antxietarekin aritua zen, Huelgasko monasterioarekin gipuzkoarrak zuen tratua honen ondoan amaitu zuelarik.
Behin Bilbora bizitzera etorri zenetik aurrera, Ruiz Zubiatek Durangoko Uribarriko Santa Mariako erretaula nagusia egin zuen, beronen diseinua, ederturiko zutabeak dituelarik, Briviescakoan inspiraturikoa da. Lehen begirada batean, erretaula honen ezaugarria handitasuna da (erlaitz gaina, bankua, hiru solairu, hiru kale eta bi kale-tarte, eta baita Kalbarioa ere amaieran), eta baita bere jatorria Gaztelako manierista eskolako egituran erakusten duen apaingarri arranditsuak izatea gainera. Ertilariari larritasun ekonomikoak pasarazi zizkion eraikuntzak 1578tik 1598ra arte iraun zuen. Ohiko gaien banaketak, Nekaldikoak bankuan eta Mariarenak goieneko etxeetan direla, erromanista estiloa nabarmendu egiten du irudi eta keinuetan, erdiko nitxoan aingeruz koroatua den Mariaren irudi arranditsua erakutsiz. Zubiateren erromanismoa zuhurra da.
Antxietaren mintzaera suminetik urruti samar dagoena. Aurrez aipatu ditugun euskal erromanisten indar erakargarria falta zaio.[144]
Martin Basabe. Ruiz Zubiaterekin jardun zuen Aulestikoa Martin Basabe eskulturagileak, gaur egun desagertua den Mungiako San Pedroren erretaularen eraikuntzan.[145] Basaberenak direla esan daiteke:
- Maruriko San Lorentzoren erretaula, 1582an eginiko tratuaren arabera.
- Lekeitioko Nekaldikoarena gaur egun osagai barrokoez nahasia dena, 1587koa.
- Aulestiko San Joan Bataiatzailearena (1600),
- eta Zeberioko Olabarrietako San Tomasena 1592. aldera bukatu zena.
Zeberioko honetan badira bankua, bi gorputz eta hiru kale, mazoneria zorrotz eta erromanista moduari guztizko leialtasunaren barruan, beheko erdiko etxean, Tomas eta Lorentzo bi Santu zaindarien estatuak eta goienekoan, berriz, Mariaren Jasokunde‑Koroatzearena; albokoetan Zigorraldia eta Arantzez Koroatzearen gertakariak eta San Lorentzoren martiritza eta, halaber, San Tomasen sinesgaiztasuna, perspektiba efektuak barne badituztelarik. Bankuko erliebeetan, paisaia moduan kontatzen dituzten eszenak –Harrapatzearen eta Getsemanikoa– kalitate bikainekoak eta erromanista estilo onekoak dira.
Oraingoz, dokumentuen ikerketan nozitzen dugun eskasiak eta, horren ondorioz, Bizkaiko erromanista eskulturari dagokionaren bibliografian ez du inola ere frogatzen aldi horretan eskulturagile erromanista onik ez zenik. Julen Zorrozuak jaso ditu hauetako batzuen izenak: Frantzisko Urizar, Joan Arriola, Pedro Goitisolo, Joan Perez Gorrio, eta abar.[146]
Lantegi Erromanistak Nafarroan
Lehenagotik ere aipatu dugu Antxietari Camon Aznarrek eskaintzen dion gorespen hitzaldia, “mende honen azkeneko eta hurrengoaren ia osoko nafar arte guztia Antxietaren egituretan kateaturik dago”. Egiaz, hiru nafar lantegi nagusiek azpeitiar maisu handiaren eraginak erakusten dituzte: Iruñeak, Zangoza, Irunberri eta Lizarra auzoan izateak eta arte lankidetzak elkarturik [147] Antxietarekin zorretan dira.
Iruñeko lantegia
Joan Gazteluzar. Logikoki, garrantzizkoena da bera, jardunean iraungo duelarik ia XVII. mendearen erdialdera arte. Joan Gazteluzar mihiztatzailea edo muntatzailea izan zen Iruñeko pertsonaiarik famatuena, nahiz eta honek benetako eskulturagile eta sagrario eta liturgia tresnerietarako urregintzan trebeziarik falta ez izan, mihiztatzaile lanbidean zen ezagutua eta batez ere estimatua. Aezkoako erretaula berak egina da, eskulturgintzaz Anbrosio Bengoetxea arduratu bazen ere.
Gazteluzarrek bere garaiko eskulturagilerik hoberenekin egin zuen lan eta estilo erromanistari leialki jarraitu zitzaion; hala, erretaula asko diseinatu eta burutu zituen delako parrokia hauetan: Zolian, Eguesen, Imarkoainen, Elbeten, Larraian, Eneritzen, Latasan, Ororbian, Sunbillan, Arraitzan eta abar.
Domingo Bidartekoa. Erromanista garaiko beste mihiztatzaile sonatu bat Domingo Bidarte izan zen, Iruñeko gotzaina zen Antonio Zapatak bereziki estimatzen eta laguntzen ziona.
Iruñeko katedraleko Errukiaren erretaula txikiaren egilea da, aipatutako ikonografiatik eszena bakarra duena, beraietan Migel Anjelen gisako estereotipatzeak azaltzen direlarik.
Domingo Lusa. Bidartek bere suhi Domingo Lusarekin elkartuta egin zuen lan, nahikoa talentu duen eskulturagile honek bere eskulturan erromanismo berantiarra gorde zuen, Gregorio Fernandezen eraginarekin elkarturik. Honen lanetan ikusten da aurpegi biribilak eta janzkera hanpurusen atzean dauden gorpuzkera indartsuak gogoko zaizkiola. Dena dela, Valladolideko jatorria izan dezakeen honetan zenbait angeluetatik errealismo barrokoa bistaratzen da jada. Delako ezaugarri horiek hauetan azaltzen dira:
- Arronizko Santa Maria Madalenaren erretaulako erliebe bitxietan;
- Ardanazko Santa Katalinarenean (santaren irudia zertxobait estereotipatua da);
- gurutziltzatutako hainbat Kristorengan,
- Imarkoain eta Ziritzan.
Orokorrean, nafar parrokia batzuetarako egin zituen erretauletako tailetan:
- Galarko Espartzan,
- Muru Artederretan,
- Olatz Nagusian,
- Berriobeitin, (1621‑1629)
- eta Ziritzan (1632).[148]
Zangozako lantegia
Mugatik hain hurbik egoteagatik, lantegi honek auzoan zuen Aragoi erresumatik zetozen mandatuak hartzen zituen. Zangozako bi ertilarik, Nikolas Berastegi eta bere suhi Joan Berroetak 1587 eta 1594 bitartean Erromanismoko ederrenetarikoa den Huescako katedraleko aulkiteria bikaina burutu zuten, bizkarraldean gorputz osoko irudiak dituela; denen artetik San Mikel Goiaingeru biluziaren adierazpen eder bat nabarmentzen delarik.
Nikolas Berastegi. Dokumenturen batean, “arkitekto” lanbidea izendatzen da. Berastegik lehenago Mirandako Jasokundeko parrokiaren koruko aulkiterian, Agoitzeko San Migelerenean eta gaur egun desagertua den Santiago monasterioarenean (Iruñea) jarduna zuen.
Joan Berroetak. Joan Berroetak bere aldetik, Huescako elizetako erretaulak, San Lorentzo eta San Pedro Zaharrarenak egin zituen.
Gerora bere jarduera Nafarroan kokatu zuelarik, Zangozako San Salbatoren (1608) hasita.
Joan Etxenagusia mihiztatzaileak trazaturiko bere erretaula nagusirako lan plastikoa Joan Berroetak burutu zuen, Joan Huiziren laguntzarekin. Tafallako Santa Marian inspiraturikoak dira erliebe eta eskulturak.
Laguntzaile bera izan zuen San Bizente elizako eskulturak lantzeko Urraulbeitin. Zangozara itzuli zen segidan, Joan Burdeosen laguntzarekin Karmel komentuko elizaren eskultura batzuetaz arduratzera. Lan honen ondoren etorri ziren beste tratu batzuk:
- Tafallan Sortzez Garbiaren Ordenako komentuko sagrarioa egin zuen;
- Uxueko erretaula nagusirako harrizko hiru irudi (1617);
- eta Galipentzu, Ledea, Irunberri, Zare eta abarretako erretaula nagusietarako zenbait taila eta erliebe.
Irunberriko lantegia
Irunberriko fokuan gehien nabarmendu ziren ertilariak dira Joan Huizi, Gaspar Ramos eta Joan Hera mihiztatzailea. Hauek, XVII. mendeko lehen herenekoak diren arkitektura zuzeneko eta eskultura onargarriak dituzten erretaula-multzo bat egin zuten.
Gaspar Ramosek eskulturak egin zituen eta Joan Herasek mihiztatu; hauei zor zaizkie zenbait erretaula bikain:
- Santakarako Jasokundearen erretaula nagusia,
- Geretzeko San Sebastianena, Urraulbeitin,
- Abaurregainako San Martin (1611), egitura oso klasizista duena, mukulu eskultura nabarmenak, horietako batzuk edertasun handikoak –Jasokundea eta San Estebanena– Gaspar Ramosen ezaugarri klasizistarekin.
- Garaioa parrokiakoa,
- Espartzakoa benetako maisu lana,
- eta Irunberriko parrokiako bi alboetakoak ere;
- Orotz‑Betelukoa bukatzeaz ere arduratu zen.
Beste erretaula batzuk ere bereak direla esaten da, besteak beste, Arbonies, eta Armeño parrokietakoak. Gaspar Ramos egile izan zen era berean:
- Orreagako erretaularen egokitze lanean, Esako San Esteban elizan burutu zuelarik (1618‑1624);
- Lakuntzako San Salbatore elizako erretaula korapilatsuaren (eskultura eta erliebeak) egilea, lan honetan tratua zein datarekin egin zuen gogoan harturik, (1637) bere seme Frantzisko Ramos ertilariaren laguntza izan zuela uste izatekoa da.[149] Dena dela, erretaula honetan Orotz‑Betelukoan bezala, naturalismo barroko alderako nolabaiteko gerturatzea suma daiteke.
Lizarrako lantegia
Lizarrako lantegia, batez ere, eraginkor azaldu zen denbora luzean –belaunaldiz belaunaldi– datozen familiako lantegietan biltzen ziren ertilarien jarduerari esker. Troas eta Inbertotarren familiak gailenduko dira.
Troastarrak
Frantses jatorriko familia batekoak dira Troas‑tarrak (Troyes‑ekoak), beroietatik Pedro, Joan Nagusia, Joan “Gaztea” eta Julian dira Nafarroan ezagunak.
Joan Troas Nagusia mihiztatzaile-lanetan zen ezaguna.
Bestea, Joan Troas “Gaztea” alegia, bere testamentuan (1600) aitortzen zuen Galdeanoko San Pedro parrokian erretaula nagusia hasia zuela, eta 1570erako eginak zituen jada zaindariaren irudia eta sagrarioa. Larrioneko erretaulan ere esku hartua zen Jasokundeko irudi erromanista zizelkatzen. Berari zor zaizkionak dira:
- Antzingo San Fausto parrokiako eretaula (c.1576),
- Aiegiko sagrarioa
- eta Etaiuko erretaula nagusia ere (c.1600).
Pablo Troas. Lizarrako Troastarren eskulturagilerik gogotsuena Pedro izan zen. Beronek lehenbizi egin zituen lanen artean kokatu behar dira, beharbada, Alloko parrokiako saihetsetakoak, berau bukatzeko Logroñon bizi ziren laguntzaile frantsesen esku-hartzea behar izan zuen, erretaula horietan plateresko eta espresibista arrasto garbiak utziz.
Honako erretaula hauetan jarduna zela dirudi:
- Iguzkitzakoan (c.1580)
- eta Biloriakoan.
- Sorladako erretaula nagusia berea obratzat hartu da (c.1580), baita Villamayor de Monjardineko beste lan batzuk ere.
- Arbeitzako erretaularen tratua egin zuen 1595ean, gerora Bernabe Inbertok bukatu zuena, hain zuzen ere;
- Iratxeko klaustroan ere partaide izan zen,
- eta San Berebundoren kutxatilaren egilea ere bera izan daiteke.
Pedro Troas Villatuertako San Migeli eta Santa Katalinari eskainitako alboetako bi erretaulen egilea da (c.1596). Egiazkoa dela dirudi Troastarren arte lanei dagokionez, ia erabat XVI. mendearen bigarren erdira mugatzen dela eta mende honen bukaeran amaitzen.
Inbertotarrak
Inbertotarrekin ez da gauza bera gertatzen, zeren eta, katalogoan erromanismotik eskultura barrokorako igaroaldiaren hasiera ikus baitaiteke.
Joan. Familiako lantegiaren sortzailea, Troastarren lehenengoa izan zen Joan Inbertok, XVI. mendearen lehen erdiko espresibismoan jantzi zenak tailatu zituen Lizarrako San Joanen parrokian eta Abartzuzarakoan erretaulak, erromanista baino platereskoa gehiago dutenak. Estenotzeko erretaulan eta bere semeen laguntza izan zuen beste elizetan bistaratzen da erromanista arrastoren bat.
Pedro. Hiruetatik –Pedro, Joan II.a eta Bernabe– lehengoak, Joan Antxietak diseinaturiko Alloko aulkiterian esku hartu zuen, baina oso gazterik hil zen.
Bere anaiek, Joan eta Bernabek, hartu zuten 1590etik familiako lantegiaren emaitza garrantzizkoenen ardura.
Familiako beste bat –Tomas Troas– Zamoran porturatu zen eta han (c.1600) San Andres elizan jaso den Haurra duen Birjina tailatu zuen intxaurrondo-zuran.[150]
Joan II.a. Badu ezaugarri bat Joan Inberto II.aren erromanismoak: zakartasun apur bat; bere erretauletako taila batzuetan, esaterako, Muzkiko Madalenaren elizan (1596), Urbiolan, Ollobarrenen, Jaitzen, Villatuertan ikus daitekeenez.
Bernabe izan zen bere familiako eskulturagilerik jantziena eta garaikoen artean aipamenik gehienak berak bereganatu zituen. Fiteroko parrokian beretik gorde denetan Kristo gurutziltzatua maisulan bikaina da: okerturiko gorputzaren edertasun plastikoak eta bere gorputz biluziaren profil eta bolumenen kontraste harmoniatsuek Antxietaren oroitzapena pizten dute, nahigabe ere. Gauza bera esan daiteke Mendigorriarako tailatu zuen Kristoaz eta berdin Mañeruko Kristoaz ere, Bernabek erretaulatxo erromanista bat ere utzi baitzuen.
Bernabe Inberto izango zen agian XVII. mendeko lehen urte horietan Nafarroan erretauletako eskultura eta erliebeak egiteko eskulturagilerik bilatuena. Mazonerian trazatzaile ona zen gainera.
Mendigorriako erretaula. Mendigorriako erretaula bikainean 1594 eta 1610 artean diseinaturiko bankua, erlaitz gaina, bi solairu, hiru kale eta bi kale tarte, frisoa eta atikoan ederki erakutsi zuen Bernabe Inbertok egiten zekien guztia eta erromanismo estiloarekiko leialtasuna. “Gorputz mota indartsuak ugari dira, menperatutako indarra azalduz. Eseritako San Pedroren irudia, bere bekozko iluna eta ile, bizar eta tolesduren tratamendu plastikoagatik bereiziki nabarmentzen da, egitura bigunagoak eta keinurik gabeko emakumezko pertsonaien ikusmoldearen aurrean. Inberto iaioa zen eszena korapilatsuen konposaketan”.[149]
Mendigorriako eliza berean, Berpizturiko Kristoren erretaularik askatua izan zenetik salbatu den Kristoren irudia –sakristian dagoena– azaltzen da, migelanjeldar kutsukoa, ertilari beraren lana den Andosillakoaren antzera; alboetara zabaldutako beso biluziak, berpiztutako gorputza zati batean mantuz estalia, honen mutur bat aingeruak jasotzen duela eta beste bi gurutzeari eusten: benetan lan bereizi eta indar handikoa da.[151]
Erretaula nagusia eta alboetako bi Andosillan. Tratua egin zuen 1597an erretaula nagusia eta alboetako birengatik. San Sebastiani eskainitako erdikoan ikusten da garbi erromanismoari leial zaion maisuaren eskua: “konposaketa egokia da, barru aldera sailkaturiko pertsonaien pilaketak, Erromanismo jatorreko aurpegi bekozkodunak dituena, nahiz eta lanketako laztasunak lantegiaren esku-hartzea suposatzen duen”.[152]
Bereak dira:
- Alloko erretaula, 1592.ean tratua egin eta bikain diseinaturikoa, erromanismo bete‑betekoa da.
- Etaiuko San Sebastian elizako erretaula eta tabernakulua, 1603an ordaindu zitzaizkionak.
Bereak direla esan ohi da:
- Iratxetik datorren Deikazteluko erretaula,
- Murilloko San Estebanen erretaula (c.1588)
- eta zenbait irudi eder, besteak beste, Desoioko Haurra duen Birjina, solte geratu diren baina, inola ere, askatu eta sakabanatu diren erretauletakoak.
Bernabe Inbertok 1622an Enerizko parrokiako Madalenaren erretaula nagusia bukaturik zuen jada, erdiko horma-hobian emakume zaindari Santuaren irudi lirain bat zuelarik.
Garisoaingo Jaiotzaren elizako erretaula nagusia eta alboetako biak izan ziren XVII. mendeko lehen hamarkadan mandatu garrantzizkoak. Beste maisulan handi bat da erretaula nagusia. Ikusleak berehalakoan ikusiko ditu ugaritasun harmoniatsu eta ekintzaile jarreretan irudiak maisuki pilatzen jakitegatik Joan Juni eta Antxietaren arrastoak.
Bernabe Inberto 1632an hil zen, bere aitak hasi zuen Etxabarriko erretaula nagusia bukatu berria zuela.
Inbertotarren lantegiaren erreferentziak etengabekoak dira, zehatzago esanda, Bernaberen eskuari buruzkoak, XVII. mendearen hasieran egindako lanak hizpide direnean, eta beroien dokumentuak falta dira, 40 urte lehenago Joan Antxietaren aipamenekin gertatu zen moduan. Joan III.a Inberto familiako azken laguna, lantegiaren sortzailearen iloba da, berau ere Joan zeritzona eta XVII. mendeko erromanista tradizioari eutsi ziona.
Aipatu Joan III.aren leialtasun erromanista honako erretaula hauetan sumatzen da:
- Amillaoko San Erroman zaindariaren irudi bikain bat tailatu zuen erretaulan,
- eta Etxarrentxuloko elizan (1618);
Baina gerora nolabaiteko naturaltasun barrokoa azaltzean aldi berri bat aldarrikatu zen:
- Galdeanoko erretaulan –Joan Troasek bukatu gabe utzi zuen hartan–,
- Ziraukiko bi albokoetan erretauletan (1614)
- eta gehiago oraindik Zubielkin (1624), Sesman (1625) eta Villatuertako (1641) erretauletan; kanon luzezko irudiak dira, aurpegietako ezaugarri errealistetan eta tolesdura zokotsuetan eragina sortu zion gaztelar eskoletan inspiraturiko zaletasuna sumatzen den, zeren eta agirietan azaltzen denez 1614an Valladoliden eta 1621ean Segovian lan egina zen.
XVI. mendearen bigarren erdiko gizartea, espiritua eta sentiberatasuna
Mende handiaren erdialdera euskal arkitektura handiaren erlijio eta politikako agertokia den momentu historiko honi buruzko zerbaiten berri ematea komeni bada, zerbait hori Felipe II.aren erregealdi hasieran eta Trentoko Kontzilioaren amaieran sortu zen egoera espiritual berria izan daiteke. Hispaniako gizartearen bizitzarako eta, orokorki esanda, egitura artistikoen garapenerako, oinarrizkoak izan ziren bi gertakariok. Baina kapitulu honetan Euskal Herriko erlijiozko arkitekturaren mugetan kokatuko dugu gaia; hain zuzen ere, “eliza kolumnarioen” eszenari lotuz.[153]
Eliza zabalagoak
Espainiako erresuman eta baita Baskonian ere hazkunde demografiko[154] garrantzitsu bat eman zen XVI. mendeko lehenengo erdian eta ondorioz: gertakari migratzailea.
Hazkunde biak batera gertatzeak, kontzejuetan, elizgizon, parrokietako kofradia eta orokorrean kristau-elkarteetan eliza handiagoak eraiki beharraren kontzientzia sortu zen. Agiriek adierazten dutenez, “de algunos años a esta parte se ha poblado de gentes en esta dicha villa (San Sebastián) en tanta manera que en los divinos oficios no caben en las yglesias, en especial en la Iglesia de Santa María”.
Eraikuntza publikoak zurezko[155] egiturez eraikitzearen ohitura zaharra betirako alde batera uzteaz gain, zabalera eta handitasun neurritsu bat bilatu zen.
Administrazio aldaketa. Bestalde gurtzarako eraikinen zuzendaritza eta administrazioa esku pribatuetatik eliza-elkarteko aginpidearen eskuetara igaroz joango zen. Erdi Aroaren amaieran gehienetan liturgia ofizialetik at zeuden zenbait dogma edo misterio, edo emakume ala gizaseme santu zaindari jakinen bereziki zale ziren kofradia eta talde edo pertsona pribatuen bidez bideratzen zen herri jaierak beste itxura bat hartu zuen: kapilautza, eta zerbitzuak Patronatuzko elizen sistema zaharra ordezkatzen zuen.
Mendearen erdialdean Trentoko Kontzilioko Gurasoek zerbitzu hauek bideratzeko norabideak markatu zituzten eta horren ondorioz, Trentoko dekretuak ezarri nahian zebiltzan elizbarruti askotako Sinodo Kontseiluek arau zehatzak eman zituzten berauei eusteko, bai erakunde laguntzaileen aldetiko gehiegikeriak eragozteko eta bai apaiz onuradunen bizitza duin eta zintzoa babestu eta zaintzeko. Eliza, bere konpetentzien jeloskor jarri zen arrazoi osoz, gurtza eta sakramentuak ematearen egitekoari zegokionean, eta ondorioz bere eskubideak eskatu zituen iragankorrak ziren ondasunak kudeatzeko ere.
Baskoniari dagokionez, Ahaide Nagusiak, orain parrokia edo kapera bihurturiko monasterioen Nagusiak zirenez, amore ematen hasi beharrean gertatu ziren errenta edo kudeaketa-eskubide batzuk mantendu ahal izateko, erabat zaharkituak izaten hasiak baitziren erlijio-zerbitzuak ordaindu eta eskatzeko moduan bitartekaritzarik nahi ez zuen herri kristau baten kontzientziarentzat. Honela, herri eta elkarteen ekimeneko bilakatuko zen eliza eta kaperen eraikuntza, XVI. mendeko Elizbarrutiko Sinodo batzuek zehazki adierazi zituzten gehiegikerien egile ziren gizon boteretsuen kontroletik bereiziz.
Lasaialdi ekonomikoak eta herri-ekimena
Bestalde, merkataritzaren hazkundeak hiribilduen populazioan eragin zuen lasaialdi ekonomikoak aldeko egoera bat eskaintzen zuen gurtza lekuak berritu eta zabaltzeko.
Ameriketako urrea. Karmelo Etxegaraik, XVI. mende honetako Gipuzkoako erlijiozko monumentuen historia egiterakoan, ezinbestekoa du aberaste hau Ameriketatik ekarritako urreari lotzea eta Debako parrokia aipatzen du, hain zuzen ere; berau delarik kapitulu hau eskaini nahi diogun eliza zabal horietako bat: [156] “El dinero que vino de América, por la participación extraordinaria que los hijos de este país tuvieron en las magnas empresas de exploración y colonización del Nuevo Mundo, y el mayor bienestar material que como consecuencia de nuevos elementos de riqueza se difundió en la tierra guipuzcoana, contribuyó por modo poderoso a la transformación más ó menos radical según los recursos con los que se contaba de muchos edificios destinados al culto...”.
Herriaren partaidetza. Herriak hartzen zituen erabakiak bere parrokia, ermita eta gurtza lekuetako (kontzejuak, zaindariak eta etxezainak) kudeaketa lanetan zituen ordezkarien bitartez, zein artelan egin eta zein maisuk burutu behar zituzten,. Hala ere, lanak ordaintzeko mugak zituzten, parrokiak izan zitzakeen fondoak ezarritakoak eta Gotzainak emandako arauenak besterik ez.
Arkitekturaren oinarriak eta ideiak
Esan dezagun XVI. mendearen bigarren erdiaren hasieran, arkitekto hispaniarren sentiberatasun estetikoak soiltasun formal handiago baten aldera egin zuela. Estiloa bi oinarriren argitan garatu zen:
- egitura gotikoen iraunkortasuna,
- eta eraikuntza eta forma aldetiko garbitasun handiago bat (gruteskoen pixkanakako desagertzea eta abar); horren paradigma El Escorialeko Errege Monasterioa da, eraikuntza erraldoi honetan “Bizkaiko harginek” oso era berezian esku hartu zutelarik.
Arkitekturan irizpide arautzaile bihurtu ziren ideiak dira eta teorian bederen, tratatuen bidez ere elikatu zirenak, esaterako, Vitrubio, Serlio, Palladio, Vignola eta Joan de Herrera; berauen argitalpena mendea bukatu aurretik Espainiara irisi joan ziren:
- neurrietan handitasuna,
- espazioetan bateratzea,
- trazatuetan soiltasuna.
Bizkaiko harginak
Baskonian zurezko eliza zaharrak harrizko eraikuntzez ordezkatuak izatearen ohitura zabalduz zihoan heinean, hargin lanetan adituak ziren gizonen beharra sumatzen hasi zen.[157] Gai gogor eta iraunkorretan eraikitzeko beharra osatzera Kantabriako eta Galiziakoekin batera euskal harginak etorri ziren; gehienak herriaren barnealdetik etorritakoak ziren.
Aitoren semetasunaren balioa ezarri. Orokorrean –kapitulu honetan jarraituko diogun Barrio Lozaren azterketa dokumentatuaren arabera– jende anonimoa zen, beren lurrean sustraituriko ondasunik gabeak, baina hala ere, hau ez zen eragozpen izan beren aitoren semetasunaz harro egoteko, El Escorialen eraikuntza bitartean euskal hargin ofizialek sentiarazi zuten moduan, 1577an, altxamendu bat eragin, eta danbor‑kolpez greba aldarrikatu zuten, hiribilduko Alkate Nagusia hilko zutela mehatxatuz, azkenik barkatuak izan baziren ere, P. Sigüenzak pasadizo soila gainetik pasa eta esanguratsua den kontakizun batean dioenez.
Gertakari honek, El Escorialeko monasterioa izan zen ekimen izugarri hartan barnean harrapatutako langile euskaldun batzuen giza eta gizarte sentiberatasunarekin duen esanahia dela eta, ez dugu uste beraien kontakizuna hemen soberan dagoenik:
“Garrantzi handirik gabeko arau hausteren bat zela eta, El Escorialeko hiribilduko Alkate Nagusiak... hargin bizkaitar batzuk atxilotu zituela gertatu zen. Eta berak esan zuenez, ez lotsatzeko asmotan, ikaratzekotan baizik, asto batzuk bilatu eta ekarrarazi zituen zigortzera atera ahal izateko... Ahoz aho pasa zen berria. Hauek eta menditarrak, beraien buruak hain zituzten aitoren semetzat sentitzen, non matxinatu egin ziren eta askok gau osoa beilan igaro zuten beren ezpatekin kartzela zaintzen, arratsaldean atxilotu baitziren, baldin eta Alkate Nagusia eta Aguazila haiek hiltzeko asmotan kartzelakoak ateratzen bazituzten. Goizerako guztiak elkartuta zeuden jada eta lan egiten zuten harrobietan inor ere gelditu gabe, leku honetara etorriak ziren danborra eta bandera batekin, beraien kapitaina seinalatuz. Gogor jo zuten lanera deitzen zuen kanpaitxoa eta momentu hartan dena gelditu egin zen eta lan egiteari utzi egin zioten...” Azkeni matxinatuekin mintzatu ziren... “eta amorrua hoztu eta arindu egin zitzaien”... eta fraideak bitarteko zirela egun haietan El Escorialera etorria zen Erregeak barkatu egin zien errudunei, izan ere “eurek ez baitzuten aitoren seme, zintzo eta ergelak izatea beste bekaturik egin”.[158]
Izenak eta jatorria. Haietariko gehienak bere jatorrizko lekuaren izenez izendatzen ziren eta ez berezko abizenez: honela, Joan Arabakoa, Joan Lesakakoa, Diego Bergarakoa, Pedro Gatzari (Salinas) eta abar.
Barrio Lozaren iritziz alderdi geografiko eta ekonomikoak egiturazko mendekotasunak, harginaren lanbidea Baskonian (Kantabrian bezalaxe) alde guztietan modu berean banatu gabe egotea ekarri zuen: “Hegoaldeko eskualdeetan oinarrizko betebeharrak nekazaritza mailakoak dira; Kantabria aldekoetan, berriz, lanbide eta zerbitzuzkoak ziren nagusi. Eskuetan darabilgun dokumentuen arabera, Kantauri isurialdean bertan ere ikusten dugu, esaterako ia ez dugula itsasertzeko Donostia, Zarautz, Zumaia, Mutriku, Ondarroa, Bermeo, Santurtzi... hiribilduetan bertan jaiotako harginik ezagutzen, aldiz, Kantauri eta isurialde mediterraneoa banatzen duten mendilerroaren oinetan kokaturiko eskualdeetakoak, Gipuzkoako Goierri, Durangaldea eta Aiarako ibarrak edo Leintz eta abarretan ugari.
Gizarteko pentsamoldeak. Ongi ikasitako lanbide baten jardunarekin bizitza irabazteko bere lurretik zeharo irtenda, badirudi euskal hargina ez dela espiritualki atzerriratzen, zeren eta “euskaraz pentsatzen baitu beti” eta sarritan argudiatzen du bere aitoren seme izaera eta bere jatorrizko “viscaino” izaera.
Emigranteak izanagatik hargin guztiak ez ziren, beren herrialdean bizitzeko modurik ez eta, besteren menpe lan egin behar zuten proletarioak. Baziren bai ofizialak eta baita maisuak ere; hauentzat hargin-langintza lantegi bat zen eta beren ondasunak ere zorpetzen zituzten. Baziren jauntasunezko jabe zirela aitortzen zutenak ere.
Giza sakabanaketa. Nahitaez giza merkatua hedatua zegoeneko garaiak ziren. Asko ziren, eta lanbide oso ezberdinetakoak gainera, XVI. mendean zehar Euskal Herritik kanpo joan zirenak: harginak, eskribauak, itsasgizonak, artisauak eta mirabe eta morroiak Gaztelan eta bere kolonietako lurretan sakabanatuz joan zirenak[159]. Mendeak ziren arkitekto, margolari, taillagin, imajinagile eta abarren nazioarteko joan‑etorri hau ezagutzen zela.
Lanbide-mailaketak. Euskaldunak normalean hamabosteko nekazari koadriletan joan ohi ziren, ia penintsulako eskualde guztietan zehar enkante lehiaketetan parte hartuta.
Gehienak hainbat teknika ezberdinetan jantzitakoak ziren: leuntzaileak, lankari edo harbastatzaileak, harlangileak, harginak, harri‑pikatzaileak, ezartzaileak eta abar.
Ofizialen artean baziren aparejadoreak, langilezainak eta abar. Eta azkenik baziren maisu edo arkitektoak ere. Eta hauetatik izen euskaldun asko gelditu zaizkigu, batzuk eraikuntzako benetako enpresari bilakaturik.
Arkitekto-leinuak
Eskultoreen artean bezala, arkitektoen artean ere badira, sarriagotan agian, belaunaldi batetik bestera beren lanbidea eskualdatzen duten leinu edo familiak. Kontaezinak dira XVI. mendetik irten gabe, dokumentuetan dauden familien abizenak:
- Otsoatarrak jatorriz Ispastertarrak izan eta, Errioxan lan egiten zutenak;
- Ganboatarrak, XVI. mendean Salamancara bizitzera joan eta XVIII. mendera arte probintzi horretako lanen eta auzien ardura izan zutenak;
- Garaizabaldarrak, Errioxan herritartu arren, Euskal Probintzietan ere lan egin zuten bizkaitarrak;
- Garitatarrak, Bilbo eta Begoñakoak, Bizkaiko elizetan Beaugrantarrekin elkarlanean aritu zirenak;
- Lanestosatarren hiru belaunaldiak, Salamancan herritartu eta eskualde horretan lan egin zutenak;
- Olabetarrak, XVI. mende guztian zehar Calahorrako katedraleko lanen zuzendariak;
- Perez Solartetarrak, jatorriz Markinarrak, Errioxan bizitzen jarri eta hainbat elizen eraikuntza ardura izango zutenak;
- Tolosatarrak, Salamanca eta Valladolideko eskualdeetan jardundakoak;
- Zarragatarrak, Baskonia, Errioxa eta Kantabriako ingurune zabal honen barruan mende horretako hargintzak izan zuen familiarik esanguratsuenetako bat;
- Olartetarrak, Lantziegon kokatuta Bizkaiko (Ziortza), Arabako (Fuenmayor) eta Errioxako (Naiara) lanen arduradunak;
- Agirretarrak, izan bereko hainbat familietako kideak, hauetariko zenbait Espainia hegoaldean sakabanaturikoak;
- eta gauza bera esan daiteke Arteagatarrengatik ere, besteak beste penintsulan barreiaturiko Araba, Errioxa, Burgos, Salamanca, Valentzia eta Granadan eraikuntza lantegi oso ezberdinetan agertzen den izen bizkaitarrak.
Hargin euskaldunak Espainian
Beren lurretan ohikoa zen elkartasunarekin, euskal harginak bata bestearen fidatzaile agertzen ziren kontratetan eta batzuetan auzietan elkarren ordezkari ere izaten ziren, Erdi Arotik XIX. mendera arte iraun zuten artisau-kofradiei oso loturik dagoen gizarteko gertakari bat delarik berau.[160]
Talde bizkaitarrek El Escorialen, Salamancan, Kordoban, Granadan, Sevillan, Errioxan, Huescan, Barbastron eta abarretan egin zuten lan. Eta lantegi hauetariko batzuetan maisu nagusi mailara iritsi ziren.
Maisu bizkaitar batzuei buruzko erreferentzia oso zehatzak ere badaude:
- Joan Arandia elgoibartarrak Toledoko Alkazarrean eta Valladolideko San Benito eta San Santiago elizetan lan egin zuen.
- Joan Olozaga, Hernialdekoa, Cuencako katedralean tratua egin eta eraikitzaile eta eskultore moduan aritu zena;
- Martin Gaintzakoa eta Migel Zumarragakoa Sevillako katedralaz arduratu ziren;
- Domingo Lasartekoa Salamancakoaz;
- Diego Mendietakoak Cartuja de Mirafloresen egin zuen lan;
- Goiazko Joan eta Martin Mendiolakoa Karlos V.aren zerbitzura egon ziren.
Granadako katedraleko maisu Diego Siloerekin gipuzkoar eta bizkaitar maisu askok egin zuten lan. El Escorialen lan egin zuten hamalau harginen zerrendatik, zortzi euskaldunak ziren. Hauetako bat, Pedro Tolosakoa, gerora Uclesera pasa eta han ospe handia irabazitakoa. El Escorialeko monasterioan bertan, P. Sigüenzak dioenez, Zalduatarren estiloko arkitekto onen jaioterria zen Asteasuko harginek egin zuten lan.[161]
Lanbidea eta artea
Dudarik gabe, ez dira soilik esperientzia duten eta lanbidea menperatzen duten gizonak. Beraien artean ere izango ziren egiazko ertilariak, formen edertasunaren zentzu fina zutenak, jatorriz atzerrikoak izan arren, beren norabide estetikoa asaldatuko zuen platereskoaren erdian aurkitu zituzten irtenbideek salatzen dutenez.
Euskal Herrian lan egin eta “eliza kolumnarioen” aldera hartu zen norabidearen erantzule gisa aurkitu ditugunen arteko ospetsuenek merezi dute euren izenak Euskal Artearen Historian gogoratzea:
Francisco Marrukiza, Domingo Aranzalde, Joan Olozaga, Martin Armendia, Pedro Mendiola, Andres Leturiondo, Pedro Ibarra, Joan Emasabel, Martin Agirre, Domingo Legarra eta beste zenbait.
Ustekabean harrapatu eta harriturik utzi zituen barrokoaren gainbehera bat‑batean etortzean, XVIII. mendean batez ere, estilo honek euskal hargin-talde batzuk Ameriketara joatera behartu zituen.
Eliza kolumnarioak: jatorria eta deskribapena
Txantiloi:Wikipedia Baskongadetako eliza gotikoa (Lampérez) edo Areto‑eliza izena ere eman izan zaie, eta kopuruagatik –herrialde txiki honetan ugari samar direlako– eta bere estilo jakinagatik, arkitekturako historialarien arreta merezi izan duen gertakizun tipiko baten barruan daude. Alemaniar jakitun batek (Otto Schubert), “Hallenkirchen” hauei buruz ari dela, “euskal probintzietan” garaiera bereko hiru habearte duen eliza-mota honek izan zuen garapen berezia azpimarratzea oso esanguratsua da.[162]
Estilo baten ezusteko sarrera
Gotikoari dagokion kapituluan ikusi dugu zeintzuk izan ziren XII. eta XIII. mendeko europar eraikitzaileek gurutze-ganga asmatzera eraman zituzten arrazoiak eta ondorioz estilo berri bat nola sortu zen. Euskal Herrian, XII. eta XIII. mendeetan hiribilduen eraikuntzak, Europako beste herrialdeetan sortu zituenen antzekoak ziren, eta delako arazoak gotiko estiloaren sistema berriaren bitartez konpondu ziren.
Gotikoa atzerapenarekin sartu zen gure herrialdean, XIV. mendearen erdialdean, hain zuzen. Mende honen bigarren erdian eta XV.aren hasieran, etengabeko hazkundean ari zen populazio batentzat sagaratuak ziren tokietan eraikuntza gero eta premiazkoagoa zenean, aurreko orrietan aipatu ditugun hiru habeartetako eliza batzuk altxatzen hasi ziren astiro-astiro:
- Gasteizen, Santa Maria eta San Pedro;
- Bizkaian, Santiago katedrala eta San Anton parrokia, eta Lekeitio eta Gernikakoak;
- Gipuzkoan, Getariako San Salbatore, Oñatiko San Migel, besteak beste.
Eta besteak beste diot, ez baitago dudarik gotiko klasikoko eraikuntzak, nolabait esatearren, beste tokietan ere eraiki zituztela lehen eliza erromanikoak ordezkatuz, nahiz eta eliza erromanikoetatik zuzenean XVI. eta XVII. mendeetako beste irtenbideetara pasa zirenen kasuak ere falta ez diren. Dokumentuetatik dakigu XVI. mendean eraiki ziren ia eliza kolumnario guztiak, guztiz gotikoak ziren beste batzuen lekuan altxa zituztela.
Eliza hauen egitura eta formak iradoki zituen arrazoirik erabakigarriena zein izan zen galde daitekeen gauza da. Gotiko klasikoaren berezko espazioaren zatiketa eragozteko joera zuen estetika eta erlijio-aldarte berezi gisa izenda dezakegun borondatea izan al zen? edo Chueca Goitiak jada esana zuen moduan “arbotanteen erabilera eskatzen zuen eta okerturik amaitzen duten pilareetan zama eszentrikoak sortzen zituen altura ezberdinetako bultzaden arazo estatiko zaila” konpondu nahia edo arrazoi teknikoagoak izan ote ziren?
Hortxe dago gertaera: XVI. mendean zehar katedraletako elizgizonei, kontzejuei, nagusiei eta fededunei beraien parrokia‑elizak modu oso berezi batean zabaltzera eta handitzera eragin zien eraikitzeko gogo handi baten leherketa moduko zerbait izan zen. Gogo honek kantauriar kostaldean zutik gelditzen ziren eliza erromaniko ia guztien eta neurri txikiko gotiko batzuen desagerpena eragin zuen.
Ezaugarriak
Estalki gotikoak eta errenazimentuko eusgarriak. Beren tradizioei atxikirik, XVI. mendeko euskal harginek nahiago zuten eurek ikasi zuten estalgarri-mota gotikori eustea; baina estalki horiei eusteko estilo berri bateko osagaiak onartzen hasi ziren, errenazimentukoak alegia, mendearen bigarren herenean Espainian zehar zabalduz zena: zutabe handiak pilare gotikoa ordezkatu zuen. Espazioa bateratzea. Honek Eliza horien itxura formalean aldaketa ikusgarri bat eragin zuen: espazioa bateratzea. Eliza hauetan sarreratik bertatik, begirada bakar batek barruko espazioaren zabalera handia barneratzen du, soila, xaloa, apaingarririk gabea ageri dena eta begiradak aurrez aurre, pilare gotikoen ordez jarri dituzten harrizko euskarri zilindro-formako bakarrekin egiten du topo, gainetik palmondo erraldoien moduan, itxura harrigarriko gangetako arkuak sortzen direlarik.
Hasieran, kapitelik gabeko fusteetatik sortzen dira gangetako arku hauek, ez baita frogatuko dituen ezer ikusten, Gasteizko San Bizenten gertatzen dena bera. Gero izar-gangen jaiotzak eusten dituzten txertaketen konplexutasunetik saihestu nahirik, kapitel sasiklasikoak landu ziren: doriko, joniko edo toskanoa.
Eraikuntzaren ezaugarriak. Ondorioz, eliza mota berriak ondorengo ezaugarriak ditu:
- Oinplano angeluzuzena;
- Hiru habearte, erdikoa normalean alboetakoak baino zabalagoa den abside bat duela;
- garaiera berekoak dira hiru habearteak;
- arbotanterik eza;
- gangen zama barruko euskarri ikaragarrietara eta normalean harlandu gogor eta ongi landuz prestatu eta barruko aldetik hormari itsatsitako pilarez sendotuak eta batzuetan kanpotik mailakatuak diren kontrahormez indarturik dauden hormetara jausten da.
- Gangak gotikoak izanik eta berauek sostengatzen dituzten zutabe altuak, berriz, leunak, kapitelen abakoetan edo fustearen jarraipen soilean hartzen du atseden gurutzeriak.
- Izar-gangen itxurakoak izan ohi dira gangak, askotan lotura eta era desberdinetako konkorrak dituztenak, arkuen nerbioak apaintzen dituztelarik.
- Ganga gotikoak XVII. eta XVIII. mendeetan beste ganga trenkatu batzuez ordezkatu zituzten, sare itxurako nerbioek kasetoiak osatzen zituztelarik.
Horrek guztiak hutsune harrigarri eta itzela sortzen lagundu zuen, argi gris batez, nahikoa baina diskretuki argitu daitekeen eremua, gotiko klasikoko argi koloredun eta Errenazimentuko argi gardenarekin kontrajarriz.
Gotikoa ala errenazimentukoa? Eliza hauetan gotikotik habearteen altuera eta gangetako gurutzadura besterik ez da geratzen. Zilegi da, beraz, eliza hauek gotikoak ala errenazimentukoak bezala kontutan hartu eta sailkatuak izan behar ote diren galdetzea.
Guk nahiago dugu errenazimentua hautatzea eta hala izendatzea, arkitektura gotikoaren oinarrizko irizpideak alde batera uzten baitira:
- gotikoko egitura artikulatuaren irizpidea, egitura bateratuak ordezkatu zuen;
- eta arbotanteen bidez zama guztietatik hormak arinduz garden bilakatu eta kristal bihurtzeko irizpidea ere ez zen errespetatu, zeren eta hormak hemen, erromanikoan bezala, euskarritako osagai bilakatu ziren berriz eta ez ziren itxitura soila.
Argiztapena. Gotikoan hainbeste arduratzen zituen argitasunaren auzia egoki asko konpon zitekeen, izan ere leihateak altura bereko alboetako habearteetan zehar zuzenean habearte nagusira irekitzen baitira, giro garden bat sortzeko behar adinako altuera duten baoak irekiz.
Baina egia da Euskal herrian argitasuna nabarmen samar neurtzen dela, izan ere bao gutxi eta txikiak irekitzen baitziren, honetan klimaren baldintzak eragile ziren, zalantzarik gabe, Martin eta Pedro Armentiako maisuek Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokiarako beren diseinua aurkeztean sinatu zuten idatzian ziurtatzen den bezala: “iparraldetik bost leiho egitea komeni da... sei horma‑bularren artean, erlaitzaren gainean... uraren eta haizearen haserreak ugariak direla eta beste leihoen beharrik gabe, eta ez lirateke aski beirateak eta beste tresnarik ere... eta abar”.[163]
Aurretikoak eta penintsulan barrura sartzea
Eliza mota hauen jatorria dela eta, gogora dezagun –Barrio Loza eta Moya Valgañonek [164] egiten duten moduan– XII. eta XIII. mendeetan jada Frantziako Poitou‑en bazirela garaiera bereko hiru habeartetako elizak, gero eredu hau, XIII. eta XIV. mende bitartean Alemanian zabalduko zela eta Hallenkirchen (areto‑elizak) izena hartu; eta handik Europa erdialdean barrena zabalduko ziren.
Iberiar [165] Penintsulan ia garai berean XVI. mendean hainbat eskualdetan agertu ziren, eta Gaztelan batez ere. Oraindik ere badira zutik jarraitzen duten batzuk, besteak beste probintzia hauetan: Toledo, Burgos, Soria, Guadalajara, Badajoz eta Logroño.
Otto Schubert historialariaren arabera, eraikitzeko “modu” hau Euskal Herrira Gasteiztik sartu zen. Frogatzen ez duen arren, San Bizente Martiriaren eliza “euskal parrokia-elizentzat eredu bilakatu zela” pentsatzen du.
Bestalde, hispaniar eskualdetara euskal harginek eta menditarrek zabal zezaketen; horixe da askoren ustea. Castor de Uriarte arkitektoak, gai honi buruzko bere lan monografikoan, Espainiako eskualdeetan [166] berak aurkitu dituen hiru habearte berdineko elizen kontaketa bat egiten du, dokumentuetako kokapen oharrik eman gabe, Eliza mota honen funtsezko ezaugarrien agerpena zehaztasun apur batez datatu ahal izateko; baina berak “Euskal herriko areto‑elizen eragina dutenen” moduan kontutan hartzeko joera du. Hala ere, ez dugu ahaztu behar Rodrigo Gil de Hontañónek egin zuen testigantza goiztiarra, alboetako habearteak nagusiaren garaierara altxatzeko aholkatuz.[167]
Azkaratek Toledoko eskualdekoak [168] ikertu ditu bereziki, eta hauetako batzuetan pilare gotikoak mantentzen direla ohartzean, pilare gotikotik errenazimentuko zutabera eman zen urratsa naturaltasunez eman zela iradokitzen du “batez ere menditar eta bizkaitar hargin maisuen” lanari esker.
Barrio Lozak, bere aldetik, esanguratsua izan litekeen gertaera jakin baten inguruko datuak eskaintzen ditu: Antso Legarra euskal harginarena, Cuencako San Klemente elizaren eraikuntzaren arduraduna izanik, 1554an zaindariei alboetako hormak goraino altxatzen utz ziezaiotela eskatu zien, alboetako kaperak kenduz; eta garestiegi irudituko balitzaie, nahi zutena egin zezatela; baina berak proposatzen zuena “askoz hobea eta dotoreagoa izango zela... azpimarratuz, modu horretara jarriz (habearteak) alaiago egongo zirela eta kapera bakoitzean leiho bat egon zitekeela eta elizari argitasun handia emango liokeela”.[169]
Lanak
Ez da zaila Euskal Herrian “eliza kolumnarioa” izena bere zentzu osoan merezi duten eliza ia guztiak izendatzea. Eraikuntza bukatzeko erabili behar izan zen aldia luzea zela eta, bera bukatzeko lanetan hainbat gorabehera eta jasandako etenak zirela medio, batzuetan berari dagozkion dokumentuek eskaintzen dituzten iluntasunek, ez zaigu beharrezkoa iruditzen, Mª Asunción Arrazolak nahiago izanagatik, XVI. mendearen lehenengo edo bigarren erdian eraiki zirenen artean gure azalpenek diferentziaren bat kokatu nahi izatea.
Zabaleragatik arreta berezia merezi duten elizetan baino ez gara geldituko. Hala nola:
- Araban, Gasteizko San Bizente Martiriarena;
- Gipuzkoan, Irungo Junkalekoa eta Errenteria, Azkoitia, Azpeitia, Eibar eta Bergarako San Pedro eta Santa Marina parrokiak;
- Bizkaian: Abandoko San Bizente, Elorrioko Sortzez Garbia eta Zamudion, Arteaga, Markina-Xemein eta Gernikako parrokiakoak (azken hau XVI. mendean eraldatua);
- Nafarroan: Cintruénigo eta Cascantekoak.
Euskal herriko hiribildu garrantzitsuei dagokien tokien izendapen hau nahikoa da behartua sentitzeko historialariak atal berezi bat eskaini eta Errenazimentu Klasikoko une historiko horretan euskal lurretan halako eraikuntza-mota honen nagusitasuna zergatik eman zen galdetzera.
Gasteizko San Bizente Martiria
Euskal Herrian eliza kolumnarioen lehen adibidea da 1484 eta XVI. mende hasiera bitartean eraiki zen Gasteizko San Bizente eliza. Eta ia bakarra dela ere gehitu behar da, zeren eta ez baitzen errotu eliza mota hau Arabako lurraldean.
Diseinugilea nor zen ez da agertu. Kareharrizko eraikina da, 32’69 m x 22’60 m-ko oinplano angeluzuzen baten gainean, 16 m-ko garaiera duena. Handitasun sentipen orokor bat ematen duen neurri handiko harlanduen teknikaz ederki landutakoa da.
Gurutzadura bakuneko gangak zuzenean txertatzen dira, kapitelik gabe, 2’50 m-ko diametroa duten zortzi zutabe lirainetan, hauek oraindik ere gizenago diren beste atzeko koruari eusten dioten birekin kontrastatzen dutelarik; izan ere, lodiera hau (10’50 m zirkunferentziak) lehenagotik zeuden bi zutabeak erdiraino harriz estaltzean iritsi zuten. Zortzi euskarriak palmera moduan eta hormetako hamabi mentsulen gainean oinarritzen diren ojiba-arkuetan irekitzen dira. Gangako arkuetan irudiz eta armarriez apainduriko 54 giltzarri biribil daude.
Elizaren eraikuntza data baino dezentez beranduago, alboetan edo hormei itsatsirik aldare, irudi eta hilarridun kapera batzuk sortuz joan ziren. Bi gorputzetako dorre lirain bat eraiki zen XIX. mendean eta oraintsu berriz kanpoko aterpe bat erantsi zaio desagertutako San Frantzisko komentuko arkuak aprobetxatuz.
Esan bezala, eliza mota hau ez zen errotu Arabako lurraldean. Gesaltzan besterik ez zen azaldu berriro; hemen ikus dezakegu Villaconeseko Santa Mariaren eliza zaharra (XVI. mendea), bere oinplano angeluzuzena, gurutzaduraz estalitako bere hiru habearteak eta poligonozko absidea dituela.
Errenteriako Jasokundea
Gipuzkoara etorriko bagina, altuera bereko hiru habearteen gainean ganga gotiko batzuk zutabe klasikoekin bateratzea burutu zuen Probintziako lehena izan behar du Errenterian aurki dezakegun Jasokundeko parrokiak; eta edonola ere, Eliza berean gotikotik Errenazimenturako aldaketa nola egin zen adierazten duen adibide da.
Eraikuntza 1523an hasia da, nerbio-ganga gotikoak biltzen dituen baketa handiak gordetzen dituen kapera nagusiko pilareak orduan eraikiak direlarik. Ahaztu dezagun une honetan XVIII. mendean Bentura Rodriguezek Kapera Nagusia erabat eraldatu zuela. Hiru mende lehenago, 1542an, lanen zuzendaritza Francisco Marrukizak hartu zuen. Ziur asko estilo berri alderako urrats erabakitzailea eman zuena bera izan zen, alboetako habearteak nagusiaren altura berera igotzea erabakiz eta estalkia eutsi ahal izateko zutabe dorikoak jarriz: gotiko aldian normalean erabiltzen zirenak baino konplexuagoak diren gangak, baina XVI. mende aurreratuko urte hauei dagozkienak baino xumeagoak.[170]
Domingo Aranzalde arduratu zen 1557an hasi eta 1571ra arte bukatuko ez diren lanaren jarraipenaz. Marrukiza eta Aranzaldek eta ondorengo guztiek, aldaketa barneratuz, emaitza honek momentu historikoaren eskakizun espiritual eta erabilgarriei erantzuten ziola oso sinetsita egon behar zuten, zeren eta dudarik gabe elizaren egitura eta formetan sartzen zituzten inkoherentziak sentituko zituzten, gaur egun elizak dituen zortzi euskarrietatik –lau alde bakoitzean– presbiteriotik gertuen daudenak pilare gotikoen itxura gordetzen baitute ordutik.
Bergarako San Pedro eliza
Gure maisuek XVI. mendean garapen horren eta sortzeko askatasunaren beste adibidea Bergarako San Pedro elizan aurki dezakegu. Bazen 1348an ere ziur asko gotikoa izango zen eliza bat, 1527an beste berri bat eraikitzea erabaki zenean.
Lanaren tratua egun haietan Oñati eta Azpeitian aldi berean ziharduen Pedro Lizarazu maisuari egin zitzaion. Dudarik gabe, berari zor zaiona da kapera nagusiaren zatian ganga gotikoaren abiapuntua. Eliza honi zabalera handi bat eman nahi zitzaion, baina gotiko klasikoaren kanonetatik irten gabe. Nolanahi ere, gangaren nerbioek, logikoki, eskakizun zuten euskarria gangako nerbioei dagozkien baketa handiak dituen pilare bat izatea, kasu honetan biribila. Kapera nagusia besterik ez zen eraiki 1545erako. Ziur asko esparruaren zabaltasun handia jadanik erabakia zegoen, habearteen zabaleran kontraste ikusgarria zuelarik: habearte nagusiak 13’35 m neurtzen ditu eta alboetakoek 4’60 m; habearteko luzerak, 9’75 m eta zutabeen diametroa berriz 1’68 m-koa da.
Urteak igaro dira eta 1569an Pedro Ibarra arduratu zen lanez. Bakarren batek eraikin moderno bat nahi zela aginduko zion eta arkitektoak erromatarren erara eraikitzea erabaki zuen. Emaitza gaur egun oraindik begi bistan dago: lau zutabe klasiko jarri ziren –alde bakoitzeko bina–; baina presbiteriotik gertueneko bietan gangaren nerbioei dagozkien baketa handiak mantentu ziren. Aldiz, atzeko korutik gertuen dauden bi zutabeak lauak dira.
Pedro Ibarrak 1569an bukatu gabea zuen lana eta bere seme Pedro Martinez Ibarrak eman zion jarraipena.
Lanak luze joan ziren, atzeko euskarriak ahulak zirela konturatu zirelarik. Anaia Migel Aranburuk XVII. mende hasieran, aipatutako euskarriak aztertu ondoren eman zuen informean, aholku bat eman zuen “toskanar oinarri bat eman ziezaietela”. Argi dago XVI. mende amaiera aldera zutabe klasikoetan oinarrituz eraikitzera behartu egiten zutela. Eta, hain justu, korutik gertu dauden azken bi ostikoek kapitel klasikoak dituzte.
Bergarako Santa Marina
Anaia Migel Aranburu bera izan zen Bergaran bertako San Pedro elizaren garaikidea izan zen Santa Marinako eliza aztertzeaz arduratu zena.
Aldi berean, Azkoitiko elizaz arduratzen zen Andres Leturiondo maisuaren zuzendaritzapean hasia zen 1542an. Santa Marinako lanak, San Pedrokoak bezala, luzatuz joan ziren eta beste maisu batzuekin jarraitu behar izan zuten: Pedro Estibururekin (1552‑1559), Pascual Iturrizarekin (1559‑1563) lehenago Eibarko lantegia zuzendu zuen, Joan Emasabelekin (1563‑1575), Gaspar Balzola (1575-1581) eta beste batzuekin. Azken txanpa Hernando Loidiren zuzendaritzapean egin zen, 1607an bukatuz, data hau delarik lan guztia anaia Migel Aranburuk gainbegiraturikoa.
Hala ere, 40 urte beranduago (1648) Madrilgo mezenas bati lanen konponketarako diru laguntza eskatzen zitzaion, “eliza itxi zeneko zureria eta oholak kaltetuak eta ustelduak baitzeuden baldintza klimatikoen eraginez”.[171]
Santa Marinaren elizak altura bereko hiru habearte ditu, diametroz 1’68 m-ko zutabeak dituena, atikadun oinarri baten gainean eta kapitel doriko batekin koroatuak daudelarik. Habearte nagusiak 10 m neurtzen du eta alboetakoek, 5’45 m, eta distantzia hau bera dute habearteek. Atzeko koruak ostiko sendo eta arku burudunek eutsitako hiru habearteak hartzen ditu bere baitan. Kanpoaldean, eraikina prismazko kontrahorma indartsuetan itsatsia dago eta hego-mendebalde eta ipar-ekialdean, berriz, bi arkupetan kokatua.
Azkoitiko Santa Maria
Azkoitiko hiribilduak, aurreko mendeetatik, bazuen eliza ba, Antigua edo Baldako Andre Maria izenekoa. Eliza berri bat eraikitzea erabaki zen 1528 aldera: gaur egungo Santa Mariaren parrokia‑eliza dena.
Planoak 1528an diseinatu ziren. Honetaz hiru maisu arduratu ziren: jadanik aipaturiko Pedro Lizerazu, Pedro Alzega, Soreasuko San Sebastian elizan ere lan egin zuena, Azpeitian, eta San Joan Arteaga delako bat, inondik ere 1512 inguruan Calahorran Santiagoren kapera nagusiaz arduratu zena.
Badirudi 1540‑1547 urte bitartean lanez Pascual Arrandolaza arduratu zela. Bera hiltzean hainbat arkitektok esku hartu zuten, 1559an, lana Bergarako Santa Marinarako planoak eman zituen Andres Leturiondoren eskuetan gelditu zen arte. Lana 1564an bukatutzat eman zen. Eliza berriak sute bat jasan zuen urte gutxi batzuk beranduago eta ondorengo urteetan berritu beharra izan zen. Altura bereko hiru habearteko areto oinplanokoa da, aipamena egiten ari garen eliza mota hauen kanonei dagokienez. Harroin atikadun eta zokalo prismatikoen gaineko kapitel dorikoko zortzi zutabe zilindriko handik eusten dute sabaia.
Euskarrien garaiera 14 m-koa da. Kapitelen gainetik arkuak tarte jakin batetik irteten dira. Zabaleran 9’82 m-koa den habearte nagusiko gangak petxina gaineko kupuladunak dira; alboetako habeartetakoak (5’52 m-koak) arku apaldukoak dira eta bertara kapera batzuk irekitzen dira. Koru garai batek Elizaren zabalera osoa hartzen du, hiru arku beheratuko aurrealde batean oinarriturik. Zortzi zutabeez gain hormari itsatsitako zirkuluerdi-formako ebakidura duten ostikoek eta angeluzuzeneko ebakidurako kanpoko kontrahormek laguntzen diote gangari eusten.
Logikoa dirudi, Mª Asunción Arrazolak uste duen bezala, Errenazimentu alderako itzulia Leturiondo maisuak eman zuela pentsatzea, izan ere Bergarako Santa Marinan ere bera izan baitzen Gotikotik estilo berrirako trantsizioa erabaki zuena.
Azpeitiko Soreasuko San Sebastian
Azkoitiko elizaren garaikidea da Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokia berria. Hemen ere bada 1534an Pedro Alzegari agindu zitzaion elizako lanen berreraikuntza baten hasieraren berri ematen duen dokumenturik. Hainbat maisu etorri ziren bata bestearen segidan, lan honetaz 1541ean Domingo Olozaga arduratu zen arte; honek ordea, Hernaniko elizarekin kontratu bat sinatu ostean 1545ean Azpeitiarekiko bere konpromisoak bertan behera utzi zituelarik. Hasitako lanen geldotasunak Udala bilera garrantzitsu bat egitera behartu zuen 1568ko urriaren 7an, bertan, egina zegoen eraikinaren zati bat aprobetxatuz eliza berri baten eraikitzeko erabakita. Iruñeko Gotzainaren onespena lortu zuen eta lan berria Pedro eta Martin Armendiako hargin maisuei agindu zitzaien. Hauen hautatzean, 1570eko urrian, elizak habearte bakarra ala hiru izango dituen erabakitzeko uzten da. Egia esan Iruñeko Gotzain Don Diego Ramirezen ideia izan zen, Azpeitira 1568an eginiko bisitaren ondoren aholku hau eman zuena, eliza berrian “diseinuaren arabera hiru habeartetakoa egitea, eta ez zedila habearte bakarrekoa egin sortu zitezkeen arazoak zirela eta, eta oinarritu behar zireneko pilareak biribilak izan zitezela eta errematean jartzen ziren diseinu eta aginduekin bat etor zitezela”.[172]
Haiek berak dira 1571ko urriaren 2an Udalaren onarpena eskuratzeko aurkezten duten diseinu xehean zehazten dutenak: “hiru habeartetako eliza, habearte bakarrekoa baino hobea da, bai betikotasunerako nahiz horrelako eraikin baten osperako eta inongo norbanakoren kalterik gabe, gainera erabilgarri eta mesedegarriagoa da norbanakoarentzat zein orokorrerako, zeren eta pilare toralak txikiagoak egingo dira eta bi pilare-erdiak kendu eta burualdeko hormara gerturatuko dira, eta hori dela eta burualdea itzal handikoa eta zabala geldituko da eta delako elizak lehenagokotik duen horretako zabalera eta luzera berean geldituko da, eta abar.”
Aizarnan, Zestoan, Deban eta Seguran esku hartu zuen Martin Armendia Errezilgoa maisu oso preziatuak berak erabaki zuen eta altura bereko hiru habeartetako eliza baten diseinua aurkeztu zuen, elizaren neurriak, luzeran, zabaleran eta altueran zehaztuz eta euskarri zilindrikoetan burualdearen ondoan zeuden “bi pilare-erdien” eraldaketa, eraikin osoan zehar geroago eraiki beharko zirenak guztira zortzi zutabe doriko zoragarri nolakoak izango ziren erabakirik.
Proiektu hau gauzaturik ez zen berehalakoan ikusi. Lan honen aurrean bata bestearen segidan hainbat hargin aritu ziren (Migel Bolivarkoa, Joan Apoitakoa, Pedro Mendiolakoa) eta hauek, Armendiaren diseinua gauzatuz joan ziren, ez ordea auzi haserrekorrik gabe, eta hauei zor zaiena da ziur asko gangen eraikuntza; berau XVII. mendera arte amaitu ez zen lan luzea izan zen.
Habearte nagusiak 8’30 m-ko zabalera du eta alboetakoek 4’50 m-koa, habearteak 6’45 m-ko luzerarekin, presbiteriotik gertuen daudenak izan ezik, 10’90 m neurtzen baitute. Absidea poligonala da; eta elizaren oinetan Azkoitikoaren antzekoa den korua eraiki zen.
Eibarko San Andres eliza
Eliza kolumnario mota honen jaiotza eta garapenean kasu berezi eta irakasgarria da Eibarko San Andres. Etengabeko hazkunde demografikoak (1551n 250 biztanle bazituen) Eibarko “elizateko” Kontzejua elizaren handitzearen beharra proposatzera behartua zegoen 1499an, bere zaintza “elizaren harremanak eraman izan eta eramaten dituen” Olasotarren etxeko jaunaren eskumenean zegoelarik.
Elizaren eraikuntzarako, hiribilduak Jaunari (on Joan López Ganboakoaren Ahaide Nagusiari) honako hau eskatzen dio: “que dexe a la dicha yglesia para ello las dos tercias partes de los dichos diezmos que son menester; el cual dis que non lo ha querido nin quiere faser, poniendo a ello sus escusas e dilaciones yndebidas”.[173] Auzia Errege Kontzejura eraman zen eta azkenean jaun-zaindariak etsi egin behar izan zuen. Baina, gaia eliztarrek nahi baino gehiago luzatu zen eta lokalaren estutasunean jarraitu behar izan zuten, aspalditik Kontzejua biltzen zeneko arkupearen moldaketa batez baliaturik.
Deba Behereko hainbat elizetan parte hartu zuen eta jatorriz Mutrikuarra zen Pascual Iturriza maisuaren zuzendaritzapean jarri ziren lanak, 1538‑1540ean hasi ziren arte. Eta nahiz eta “Maese Pascual tenía en su compañía cinco o seys hombres de su oficio”, 1548an Eibarko lana utzi egin zuen alboko Elgoibarren lan egiteko. Lanek jarraitu zuten eta gurtza bere onera etorri zen, 1558an sinatu baitzen, ikusi genuen bezala, erretaula handiaren kontratua Andres Araotzekin. Bere seme Joanek 1572an jarraitu zuen eta XVII. mendearen hasierara arte ez zen bukatu lana.
Berezitasunak. Eibarko elizak baditu hainbat berezitasun. Horietako bat, ohiko eliza kolumnarioetan agertzen ez den gurutzadurako habeartea izatea; bestea, bere kapitelak estilo ezberdinetakoak direla; batzuk dorikoak dira eta besteak korintioak; hurrengoa eta bereziena, bere norabidea aldatu zitzaiola. Eliza beti bezala presbiterioa ekialdera begira zuela hasi zen eraikitzen. Gero, XVII. mendearen hasieran alderantzizko norabidea ematea erabaki zen: oraingo burualdea mendebaldera dago eta XVII. mendean jada eraikia zegoen. Horregatik kapitel dorikoak (lanketa zaharrena dutenak) atzeko zutabeetan gelditu dira; eta korintioak, berrikien eginak direnak, aurrealdean daude, gurutzadurarekin batera.
Altura bereko hiru habearteetatik erdikoak zabaleran 8 m neurtzen ditu eta 4 m alboetakoek. Habearteak neurri ezberdinetakoak dira: gurutzadurakoak 9 m neurtzen ditu, ondorengoak, 4’40 m eta koru azpian (hiru habearteak hartzen dituena) 6’20 m. Eibarko San Andres elizako gangak izar-gurutzadurak dira, lotura oso konplexuekin, eta edertasun handiko giltzarrietan domina handiak dituztenak, bereziki koruko gangetan kokaturikoak, esan dugun bezala, zaharrenak direlarik. Hiru absideak poligonalak dira. Kanpotik ikusirik, nahikoa goian kokaturiko bere leihateak, trantseptu guztiz irtena, kontrahorma soilak eta paramentu guztiz latzak dituen eliza hau euskal eraikuntza estiloaren paradigma da bere historiako une honetantxe.
Tolosako Santa Maria
Tolosako Santa Maria eliza estilo honetan handienetariko bat da. 1501ean erre zen beste baten ordez zegoen eliza hau, XVI. mendearen bigarren erdian eraikitzen hasia (1548) eta XVIII.aren amaieran bukatua; hain justu, 1789ko urriaren 9an Joan Bazkardoren erretaula ederra irentsi zuen beste sute ikaragarri bat nozitu, eta gerora XIX. mendean Silvestre Perezen egitura jarri zen ordezko: jaspezko baldakino baten azpian aldare nagusi bat,1820an derrigorrezkoa zen bezala, guztia estilo neoklasiko batean. Jasokundearen koadro bat ere jarri zen, Antonio Zabala bergararrak margoturikoa.
Ziur asko eliza kolumnario honen arkitekto arduraduna Martin Agirre maisua izan zen, lanak 1559tik 1581ra arte berak zuzendu baitzituen; alboko Ibarrako elizaz ere arduratu eta Donostiako San Bisenetakoa ere aztertu zuen urte horietan.
Luzeran 59 m, zabaleran 34 m eta altueran 31 m neurtzen dituen Tolosako eliza handi horretan ikuslearen arreta erakartzen dute segurtasun arrazoiak direla eta 2 metro eta erdiko diametrora iristen diren eta astuntasun eta liraintasunik ezaren inpresioa sortzen duten Silvestre Perezen berritze lanean gizenduriko sei zutabeek. Altura bereko habearteak izar-itxurako gurutze-gangaz estalirik daude, habearte nagusian erdi-puntuko arkuak eta albokoetan arku zorrotzak daudelarik. Sei zutabe sendoz gain, karga botatzeko balio dute hormei itsatsiriko harroin erdiek ere. Erdiko habearteak 11’40 m neurtzen ditu, eta albokoek 6’63 m, luzeran 10’80 m-ko habearteekin.
Kanpoaldera, fatxadak atari ederra bistaratuz, dorreak eta Martin Karrerak (1761-1764) diseinatutako kanpai‑horma airosoak jadanik aldi barrokoan gaudela adierazten du. Baina alboetako hormak guztiz dira soilak “kolumnario” estiloan.
Irungo Junkaleko Andre Maria
Irungo zaindaria den Junkaleko Andre Mariak eliza zoragarri bat du, hiribildu horretan. Ez dakigu zaharraren toki berean dagoen ala tokiz aldatua den. Errenazimentuko beste euskal elizetako bat da, bere eraikuntza ustekabean luzatzen dena –kasu honetan ia mende bat– eta, horren ondorioz, hainbat alditako eraikuntza eta hainbat ezaugarri estilistiko dituena. Proiektua, edo gutxienez bukatzeko erabakia 1587tik 1605era arterako ordainketa-eskutitzak sinatzen zituen Domingo Legarra maisuarena da.
Hemen, XVI. mendeko urteetan ongi sarturik egonagatik, azkenean gotikoa hasten da, Joan Bazkardoren erretaula bat (1647) jarri zeneko presbiterioko pilareek erakusten dutenez. Eliza kolumnarioen artean azken hau ezohikoa da, erdiko bi tarteetan baino ez dituelako hiru habearte berdin, presbiterio eta koruko zatia habearte bakar batekoak baitira. Nahikoa ditu, beraz, bi zutabe gurutze-gangari eusteko alde bakoitzean (1’65 m-ko diametrodunak); presbiteriokoa mendearen azkenaldian eman ohi zena oso korapilatsua da. Harrizko ganga hauek indarra galdu zutenez, zementuzko gangez ordezkatu ziren XX. mendearen hasieran. Eliza mota honetako erdiko habearte zabalenetako batek, 14’50 m neurtzen ditu; eta alboetakoek 4’60 m, habearteak, berriz, 9’17 m-koak dira.
Kanpoaldean, irten samarrak diren kontrahormak ikusten dira. Idi-begiak XVII. mendea oso aurreratuan ireki ziren, beirateak jarri zireneko leiho batzuk, halaber.
Zumarragako Santa Maria
Zumarragako kristau-elkarteak zortea du bi eliza zahar gordetzean. Menditik lautadara jaisteko eskatu zuten, 1565ean, bertako bizilagunek, gaur egun “Antigua”, “ermiten katedrala” deritzon parrokia. Zaindari-jendearen aldetik aurka azaldu ziren. Baina azkenean, bizilagunen alde ebatzi zen auzia. Ordurako, hazkunde demografikoak gurtzarako toki berri eta zabalak eskatzen zituen toki haietan eraikitzeko modu berria ezartzen hasi ziren.
Lanak 1578an hasi ziren eta Santutu Arresti eta San Joan Altuna maisuei eman zitzaizkien. Honen heriotzan Joan Agirrek hartu zuen bere lekua (1600); baina honen lanak ez ziren apaizgoaren eta Kontzejuaren gustukoak izan eta, auzi luzeetan hasita, elizaren amaiera hamarkada luzez atzeratu zen. Horrek guztiak ez zuen eragotzi sei euskarri biribileko harroin atikadunak, ekinoetan arrabak dituzten kapitel dorikoak eta barnean balkoi jarraikia duen altura bereko hiru habeartetako eliza eder eta zabal bat egiteko. Erdiko habearteak 7’20 m neurtzen ditu, alboetakoek 5’35 m, eta habearteek 5’60 m.
Debako Santa Maria
Debako Santa Maria eliza, bere jatorri gotikoa ezkutatzen ez duen Gipuzkoako beste eliza handienetako bat da. Bazen XIV. mendeko eliza bat, sarrerako arkupea egiteko defentsako gaztelu zahar baten dorrea aprobetxatu zuena. XVI. mendeko eraikin berriarentzat Joan Arostegi maisuaren diseinua jarraitu zen, Gorosabelek dioenez, eta 1629an Joan Martinez Olaetak amaitu zuen.
Jada 1554rako lan garrantzitsuak eginak ziren. Aurreko eraikin aldiko hormak gordeta, aurreko horma‑bular gotikoak zortzi zutabe klasiko handiz ordezkatu ziren, alboetako habearteak erdikoaren altuera berera igoz. Azpiko korua eta bi kapera egitea ere erabaki zen. Martinez Arrona maisuak 1554 eta 1557 artean erdiko habeartea estali zuen. Lanak hasi zituen 1557 eta 1575 bitartean, kapera nagusian Migel Armendiaren diseinuan oinarrituz gurutzadura egin zen; eta honen heriotzan, bere lehengusu Pedro Mendiolak amaitu zuen aipaturiko kapera.
Mende erdi bat baino gehiagoko lanaren emaitza 37 m x 22 m dituen eta Gipuzkoako altuenak diren hiru habearte berdineko eliza kolumnario itzel bat da. Nagusiak, 7’20 m neurtzen du, eta alboetakoek 5’30 m. Habearte nagusiari baino ez dagokion abside oktogonal bat du. Bere zortzi euskarri zilindro bakarrekoetan (azkeneko biek koruri eusten diote) oinarri atikadunak eta kapitelak doriko‑toskanoak dituela. Gangak aberatsak dira tertzelete eta nerbio gotikoetan. Garaiera handi samarrekoak direnez, ez da erraza harrizko giltzarri eta filigranen edertasuna estimatzen.
Segurako Jasokundeko eliza
Segurako Jasokundeko elizan alboetako habearteen zabaltze eta altxatze lanak 1564an hasi ziren. Horretarako, Burgosko katedraleko Joan Vallejo arkitektoaren laguntza eskatu zen; eta lanak egiteko Azpeitiko lanak zuzendu zituzten Domingo Urrestarazu eta Martin Armendia hargin-maisuei agindu zitzaien. Hamabi urteko epea eman zitzaien baina gero 1580ra arte luzatu zitzaien.
Jatorriz gotiko estilokoa zen, ziur asko XIV. mendekoa. Beharbada horregatik estua egiten da kapera nagusia elizaren zabaltasunarekin alderatuz. Hiru habearteak zabalera ezberdinekoak dira (10’50 m-koa erdikoa eta 6’75 m-koak alboetakoak) baina altuera berekoak. Lehenengo zutabe pareen fusteetan oraindik gordetzen dira jatorrizko habearteetako arkuak biltzen zituzten kapitelak; eta presbiterioko arku formeroei eusten dioten euskarri gotikoetan, aipaturiko kapitelen altuera berean ikus daiteke kapera nagusia lehenengo zutabe parearekin lotu behar zuen toral arkuaren hasera.
Euskarriei dagokienez, ez da zilindro bakarren araua jarraitzen. Bere sei zutabeetatik azken biak soilik dira doriko‑toskano ordenako klasikoak, koruari eusten diotenak; beren harroinak handiak dira, ebaketa angeluzuzenekoak. Beste lau zutabeen fusteek moldurak egokitzean kapitel bitxiak sortzen dituzten angeluetan itsatsiriko zutabetxoak dauzkate. Gangek fintasun handiko trazeria aberats bat bistaratzen dute, oso giltzarri apain eta guzti. Absidea oktogonala da eta kapera nagusi modura dagoen beste tartearen ondoren jarria dago. Denborarekin kanpotik ikusten ziren bi kapera gehitu zitzaizkion, horietaz gainera kontrahorma handiak ere nabarmen agertzen dira.[174]
Idiazabalgo San Migel
Idiazabalgo San Migel eliza ere errenazimentu estilo honetakoa da, baina XVII. mendekoa. Bere gurutze-gangak hiru tartetako espazio bat mugatzen duten harroin lauki eta kapitel dorikoak dituzten lau zutabe zilindrikok eutsita daude. Zutabeek 1’52 m-ko diametroa dute. Erdiko habearteak 8’10 m neurtzen du eta poligonozko abside batean amaitzen da, eta alboetako habeartek 3’70 m besterik ez dute, 7’25 m-ko habearteekin. Hiru habearteen zabalera osoa hartuta, 1709an goiko koru bat eraiki zen, arku apalduen bidez lotutako azken zutabeei jarritako gehigarri batzuetan oinarriturik. Gangen oinarria, zutabe txiki itsatsiak dituen kontrahormekin osatzen da, barrualdean zirkuluerdi-formako egituraz eta kanpoaldean angeluzuzenez.
Habearte bakarreko elizak
Nahikoa da eliza kolumnario hauei buruz esandakoa, habearte bakar bateko beste elizak deskribatzeko beharrik gabe, dagokion neurrian estimatzeko zenbatekoa zen gogoa eta zein zen lanaren izaera XVI. mendeko gipuzkoarren aldetik; gogora ditzagun, besterik gabe, XVI. eta XVII. mendeetan errenazimentuaren pareko seriotasun eta edertasunez sortuz joan ziren haiek. Beraien historia Mª Asunción Arrazolak dagoeneko kontatu eta deskribatzen du hamaika dokumentuz jantziriko lanean.
Hauek izan ziren delako elizak: Hernaniko San Joan Bataiatzailea eliza (1540‑1595), Zestoako Andre Mariaren Jaiotzakoa (1550-1594), Usurbilgo San Salbatore (1556‑1596), Zarauzko Santa Maria Erregina (1563‑1600), Plentziako Santa Maria (1532‑) eta Orioko San Nikolas (1563-1596).
Abandoko San Bizente
Abandoko San Bizente XII. mendetik izen bereko elizateari egokitzen zitzaion Bilborekin elkartu zen arte, eta gaur egun beraren erdian aurki daiteke. Beste toki askotan bezala, orain ikusten dugun eliza baino lehen on Velak, lehen Aialako Kondearen oinordeko zen Garci Galindezek sortutako antzinako eliza bat zegoen Abandon, Erdi Aroaren amaieran gotikorantz garatuko zena ziur asko. Denborarekin auzo sakabanatu samarrak zituen herri bat bilakatuz joan zen Abando, 1890eko uztailean Bilboko hiribilduak multzo guztia zurgatu zuen arte.
Eliza, gaur egun ikusten dugun bezala, zazpi urtekoa (karlisten lehenengoa) izena eman zitzaion gerran jasan zituen erasoen ondorioz, 1840an emandako berrikuntzaren emaitza da. Zabal samarra da: luzeran 37’87 m neurtzen ditu eta 28 m zabaleran. Altuera bereko hiru habearte ditu, harroin atikadunak eta kapitel dorikoak dituzten zortzi zutabe zilindriko, 1’40 m-ko diametrokoak, eta izar gangaz estaltzen dena. Abside eta kontrahormak kanpoaldetik ditu. Habearte nagusiak zabaleran 7’20 m neurtzen ditu eta alboetakoek 5’30. Badu hiru habearteren atzealdea hartzen duen koru altu bat. Agian aurreko elizarena izango zen ate gotikoa gordetzen du.
Aurrealde nagusia oso garai dagoen horma‑hobi batez konpondua dago, alde banatan erdi-puntuko arkuen bitartez amaiera jasaten duten kontrahormak dituelarik arkupea estaliz, Joan de la Peñaren lana (1556) da. Elizaren eraikuntza-lanek gutxi gorabehera mende bat iraun zuen, 1650ean Martin Ibañez de Zabildea maisuak bere estalkia erabat itxi zuenera arte.
Elorrioko Guztiz Garbia
Elorrioko Guztiz Garbiaren eliza 1459an hasia zen egiten eta kaperak 1506an gehitu zitzaizkion.
Egungo eliza 1550az geroztik Pascual Iturrizaren diseinuaren pean egin zen handitzearen emaitza da, honi berriz, bere egitekoan,1566tik 1589ra bitartean alboetako habearteak estalarazten ari zen Andres Mendraka maisuak jarraitu zuen bere arduran. Beste maisu batek, Martin Omarrek, hain zuzen bukatuko zuen erdiko habeartearen estaltze lana 1595 aldera. Katedral handietan bezala, mende bat eta erdi luzatu zen eraikuntza baten fruitua izan zen, beraz. Gaur egun ikusten duguna Euskal Herriko eliza handienetariko bat da; luzeran baditu 43’68 m eta zabala bezain altua da: 26 m. Bere hiru habearteek hiru tarte dituzte eta burualdea oktogonala nahiko korapilatsua da eta habearte nagusiaren zabalera hartzen du. Eta hainbat alderdi apaingarri bitxien bidez nabarmentzen da, hala nola “zutoihal leihoak, sabai leihoak, errotuluak, giltzarriak eta kapiteletan irudi polikromatuak, Euskal Herrian parekorik ez dutenak, Eibarko San Andres elizakoak baino askoz gorago jarririk”.
Oso lirainak dira bere lau zutabe zilindrikoak, diametroz 1’50 m dutenak. Luzeran habearteek 9’20 m neurtzen dituzte, gurutze-gangaz estaliak.
Zamudioko San Martin
Zamudioko San Martin elizak lehen begiradan harridura atsegin bat sortzen du bere harlanduen estereotomia bikaina dela eta. Altura bereko hiru habearte ditu, lau tartez eginak, 1’05 m diametroko ebakidura biribila duten sei zutabe, plinto altu hexagonal eta kapitel toskanoak taulamendu moldurazio bat duen atikadun harroina. Arku toralak eta formeroak zorrotzak dira, eta bere gangak erzdunak. Gangen diseinu fin honek eta euskarrien liraintasunak xumetasun eta arintasun zirrara atsegina sortzen du. Habearte nagusiak 7’05 m-ko zabalera du, alboetakoek 3’40 m-koa, habearteen luzera 7’05 m-koa delarik. Habearte nagusia abside poligonalean amaitzen da; eta koru altu batek beheratutako hiru arku dituzten bi zutabek eutsiriko hiru habearteen hondoa hartzen du.
Elizaren barnean 1545eko data ageri da; baina igeltsuzko gangak 1748an kokatu ziren, Gabriel de Elorriagaren lanak dira eta aurreko lanaren ildotik ez dira asko aldentzen. Dorrea ere neoklasikoa da, Joan Bautista Belaunzaranen diseinuaren arabera altxaturikoa.[175]
Arteagako Jasokundea
Arteagako Jasokundeko eliza ere, XII. mendean eraikia, antzekoa da. Errenazimentuko eliza hauen eredua jarraituz 1600ean berreraiki zen. Gurutze-gangei eusten dieten lau zutabe zilindriko ditu. Elizaren oinetan dagoen koruak hiru habearteen zabalera hartzen du. XVII. mendearen hasieran amaitu zuten baina geroztik zaharberritu eta aldaketa batzuk jasan ditu. Habearte nagusiak 6’75 m-ko zabalera du; alboetakoek 5’60 m neurtzen dute; habearteak 8 m-koak dira. Kanpoko kontrahormen artean daude kaperak, sarrera kanpoko arkupetik dutela.
Elorrioko Guztiz Garbia elizak bezala, bi sarbide ditu: bata, nagusia, elizaren atzealdean, koruaren azpian, atari barroko bat duelarik; eta beste sarrera, Epistolaren aldetik, ataria erromaniko alderakoa duena, eliza zaharraren hondarra dena zalantzarik gabe. Hirugarren sarrera, Ebanjelioaren aldeko horman eta gotiko estilokoa, gaur egun hormaz estalia dago. Bada, halaber, Epistolaren aldeko hormari eta zati batean baita sarrera nagusikoari ere erantsiriko arkupe bat.
Markina‑Xemeingo Santa Maria
Markina‑Xemeingo Santa Mariaren jatorria, diotenez X. mendeko Hiri Gutunean aipatzen den Xemeingan izeneko lehen “monasterio” batean dago. Litekeena da kokapen honetan altxatua izatea XVI. mendeko eraikina, bere hedaduran 1.120 m karratu eta guzti; ziur asko hauxe izango da Euskal Herriko elizarik zabalena. Eraikitzeko modu berri honekin zer lortu nahi zen ondoen erakusten duena ere bada: konpartimendurik gabeko zabalune handi bat.
Aurreko eraikinetatik ezer gelditu ez denez, oinplano berrikoa dela uste izatekoa den eta dokumentu dezente duen eraikuntza honen tratua 1510ekoa da. Hargin maisuen lehenengo izenak 1545‑1555ekoak dira: Martin Albisuakoa zen garrantzizkoena, Rodrigo Albiz eta Migel Elorriaga laguntzaile zituelarik. Gangen eraikuntza fasea (1564) Bergarako Santa Marinan egindako lanagatik ezaguna dugun Joan Emasabel maisuari dagokion fasea da.
Badirudi eliza honen eraikuntzak ez zuela eten aipagarririk izan. Eta XVII. mendeko lanak erantsitako zatiei dagozkie: korua, sakristia, dorrea eta abarri. Ez dakigu eraikina diseinatu zuenaren izenik. Baina beste lanen inguruan ditugun datuen arabera, oso litekeena da Emasabel izatea elizaren eredua erabaki zuena.
Bere hedadura guztiak angeluzuzen ikaragarri bat estaltzen du: 37’80 m luzeran, 28’50 m zabaleran eta 19 m altueran absidea kontutan izan gabe. Esparru handi hau hiru habeartetan lau tartez eta 1’85 m-ko diametroa duten hiru zutabeko bi lerrotan banaturik dago. Habearte nagusiko gangen tarteek gutxi gorabehera 12’25 m x 9’50 m neurtzen dute.
Kareharri landuzko zilindrikozko zutabeek, hauek ere zilindrikoak diren plintoen gainean altxatakoek, kapitelen bitartekaritzarik gabe jasotzen dituzte erdiko gangetako arkuak. Gainera, alboetako habeartetakoak metro bateko lodiera duten kanpoko hormetan sostengatzen dira mentsulen bidez kanporako irekigune apurrak. Gurutze gangen diseinua oso ezberdina da, konkordunak dituztelarik eta gangarik korapilatsuena oso beranduko data duena korukoa izanik: 1619‑1623.
Eliza handi honek bi sarbide ditu: nagusia, elizaren oinetan, ia erabiltzen ez dena, bi kontrahorma lodiren arteko 8 m-ko argia duen horma-hobia ikaragarri bat da eta hauetako batek dorrera igotzen den helize-formako eskailera bat du. Alboko beste sarrera, bikoiztua da eta hau ere bi kontrahormen artean irekitzen da.
Espazio bateratua. Markina‑Xemeingo eliza hau bertatik ikusteak, ziur asko hemen aipatutako ale guztietatik, hunkipenik sakonenaz eta garbitasunik handienaz sentiarazten du mota honetako elizen artean espazio nagusi bateratua. Iluntasuna da bere gabezia nagusia, zeren eta Epistola aldeko tarteetara irekitako erdi-puntuko leiho txiki batzuk baino ez baititu batez.
Gernikako Jasokundea
Bizkaiko arkitektura gotikoari buruzko kapituluan adierazi dugu, osagai gotiko asko izanagatik ere, ez ginela eliza batzuetan geldituko, eraikuntza alderdirik begi bistakoenak XVI. mendeari eta Errenazimentuko espirituari zegokionak zirela-eta. Gernikako Jasokunde elizarena horrelako adibide bat dugu.[176]
Eliza honen historia luzea eta gorabeheratsua da. Bere eraikuntzari buruzko lehenengo berriek 1418ra garamatzate; baina sute bat jasan zuen 1470ean eta honen konponketaren ondoren beste bat jasan zuen 1521ean. Santiago Emparan maisuak hasi zuen berreraikuntza 1518an. Baina bere diseinua XVI. mendeko hirugarren hamarkadan aldatu egin zen, Foruako hargin Martin Basagoitiari egindako lehen ordainketak dokumentatzen direnean.
Elizak, altueran irabazi egin zuen baina argirik galdu gabe, bost leihate handi egin baitzitzaizkion, lau alboetako hormetan eta bat aurrealdearen erdian. Gangez estali zen, korapilatsuak gurutzadura faltsuak baino ez zirelarik; eta hiru habearteak diametro ezberdinetako zortzi zutabe zilindrikoen gainean kokatu ziren: 1’56 eta 1’35 m arteko diametrokoak. Azken zutabe parearen gainean eraiki zen korua berrogeita hamar urte beranduago. Lanak ez ziren bukatu XVIII. mendera arte[177].
Beste eliza batzuk
Honen antzera, “areto‑elizen” kronologia normalari dagokionez ezohikoa den beste kasu bat Errigoitian Idiubalzagako Santa Maria izeneko elizarena da; gaur egun hiru habearte berdin dituena baina agirietan azaltzen denez, behin baino gehiagotan berriro eraiki zen. Badakigu oraingo eliza honen aurreka habearte bakar batekoa zela, gangarik ez zuela, dorre bat ere bazuela eta XVIII. mendearen amaieran egoera galgarrian zegoela. Gaur egun ikusten duguna ia erabat berritua izatearen emaitza da, XIX. mendearen hasieran egina.[178]
Bizkaian eredu honi dagozkion elizak ere ikus daitezke, Guenesen, habearteetako batean gorabeheraren bat baldin bada ere garaieran, Galdakaon, Arratzun, Amoroton, Aulestin... inola ere, guztiak XVI. mendekoak ez direla jakinaren gainean gaudelarik.
Amorotoko San Martin parrokia bazen, adibidez, XV. menderako jada, baina baliteke bere egungo egoeran, bere hiru habearte eta bi zutabe-ilara toskanarrak 1798az geroztik burutu zen berreraiketa baten emaitza izatea.
Eliza kolumnarioak Nafarroan
Cintruenigoko San Joan Bataiatzaile
Cintruenigoko San Joan Bataiatzailea parrokia ere mota honetako eliza handitako bat da. Eta XVI. mendeko lehen urteetan hasi baziren ere eraikuntza-lanak, hainbat alditatik igaroz mende beraren bukaera arte luzatu ziren.
Aurreko eliza erraustu ondoren, lau tartetako eliza berri bat bururatu zuen Iñigo Zarra maisuari dagokio lehen diseinua. Lehen etapa hau, lana tasatu zenean, 1520an amaitu zen, eraikuntza-lanak 1577ra arte gelditu zirelarik. Orduan markinarra zen Pedro Aulestiren zuzendaritzapean hasi ziren berriro lanak, Martin Urizar eta Pedro Nabaskuesen laguntzarekin eta hauek, gangak eta estalkiak modu egokian bukatzen dituzten tasatzaileen iritziz. Dudarik gabe maisu hauei zor zaie eraikinaren egungo itxura; nahiz eta elizari, XIX. mendean, tarte bat gehiago erantsi eta habearte nagusian zegoen korua kendu zitzaion, presbiterioaren eskuinetara eramanez.
Gaur egungo egoeran baditu altuera bereko hiru habearte, hamar zutabe zilindrikoz markaturiko bost tarte, atikadun harroinak dituztenak, plinto altuak eta kapitel toskanoak. Zutabeak 1’55 m-ko diametroa dutenak dira. Erdiko habearteak 8’75 m neurtzen ditu eta alboetakoek 5’95 m. Habearteak ia 6 m-ra iristen dira, presbiteriotik gertuenekoak 8 m-koak izanik. Alboetako habearteen burualdeek 3’45 m-ko sakonera dute.
Aurreko mendeetako Euskal herriko ohiko elizekin alderaketak eginez harrigarria gertatzen den espazio hau izar gurutze-gangaz estaltzen da, tarte bakoitzean diseinu ezberdin bat duten nerbio zuzen eta okerdunak txandakatuz. Absidea poligonala du, aurreko kapituluan aipatu dugun Esteban Obray‑ren Errenazimentuko erretaularekin.
Eliza handi honek bi sarbide ditu: bata habearte nagusiaren atzealdean eta bestea Epistolako habeartean.
Cascanteko Jasokundea
Cintruénigotik ez oso urrun, beste eliza handi hauetako bat bisita daiteke: Cascanteko Jasokundeko parrokia. Biak ere Joan Lopez Soroa eta Luis Garmendia eta Anton de Albiztur Tuterako harginen diseinuaren arabera eraiki ziren 1527 eta 1558 urte bitartean. Mende beraren bukaeran konponketa lanak egin beharrean gertatu zen.
Ia altura bereko hiru habearte ditu, zilindroz-formako zortzi zutabe, harroin altuak, moldurazio gotikoa eta kapitel erdi-jonikoak eta izar gurutze-gangak. Zutabeak 1’50 m-ko diametrokoak dira. Erdiko habeartearen zabalera 8’35 m-koa da eta kapera nagusian amaitzen da. Alboetako habearteen zabalera 6’20 m-koa da, eta habearteak 7’30 m-koak presbiteriotik gertuen daudenak izan ezik; hauek 8’35 m-ra iristen dira.
Eliza handi honen barrualdea, duela gutxi berreraiki beharrean gertatu zen, 1939an gertatu zen ustekabeko sute baten ondorioz. Berreraiketa honek korua, euskarri zilindrikoak eta terzeletedun gangak ukitu zituen; baina jatorrizko diseinuaren begirunez egin zen. Hasierako eraikinetik harlandu erregularrezko kanpoko hormak, Epistolako habeartearen atariak arku eskarzanoa du eta Lehen errenazimentuan ohikoak ziren Ebanjelarien irudiak dituzten mentsuletan oinarritzen den gurutze-gangatxo bat gordetzen da. Inguruko hormari itsatsitako kontrahormak zirkuluerdi-formako ebakidurazkoak dira, kanpokoak berriz, ertz angeluzuzeneko profilezkoak.
Estilo berriaren zabalkundea eta habearte bakarraren aldaera
Arte historialariari kezka nagusi bat sortzen dio gotiko‑errenazimentuko asmakizun hibrido honek izan zuen zabalkunde eta sakabanaketa geografiko ikaragarriak. Gaztelaren bi alderditan soilik, G. Weisek gai honi buruz bere alemanezko monografian aipatzen dituenak (argazki eta oinplanoaren diseinuarekin), ehun bat “Hallenkirchen” izatera iristen dira. Eta Barrio Loza eta Moya Valgañónek, beren aldetik, halako berrehun eraikuntza baino gehiagoren inbentarioa egin zituztela aitortzen dute.
Bistakoa da, euskarri zilindriko bakarreko estalki gotiko batekin elkartzeak XVI. mendeko euskal arkitekturari nolabaiteko izaera berri bat ematen bazion, arkitekturako historialarien arreta bereziaren merezimendua jasotzen duela “eliza kolumnarioen” berariazko balioa eta bere “areto‑elizen” izendapenak, eta, ikuspuntu teknikotik zein ulermen espazialetik, altuera bereko hiru habearteko elizak izatean datza.
Habearte bakarra
Hau horrela dela jakinik, hiribildu batzuetan Eliza handi hauek altxatzen zituzten bitartean, beste asko habearte bakar antzeko elizak eraikitzen jardun zutela aipatzea komeni da. Eliza zabalenetara mugatzearren, hemen gogoratuko ditugu lehen aipaturiko Gipuzkoako sonatuenak eta Mª Asunción Arrazolak Gipuzkoako Errenazimentuari eskainitako ikerlanean agertzen dituenak.
Araban. Hiru habeartetako eredu hau Gasteizko San Bizenten eta Gesaltzan baino ez dugu aurkitu, burualde laua duten habearte bakarreko elizak, gutxi gorabehera, bere zabaleraren luzera hirukoitza dutenak baitira ugari.
Bi Lautadetako parrokietan ohikoa da hiru tartetako elizak ikustea, besteak beste: Iregi, Etxabarri Urtupiña, Okina, Arbulo, Biloda, Alesbes, Zerio, Adana, Urabain, Gereñu eta Albeizen.
Baina, badira txikiagoak ere, bi tartetakoak, Arkauten, Artatzan, Subilan, Bolibarren, Txintxetrun, Martiodan, Aletxan eta Erroitegin.
Hauetariko batzuk abside oktogonal edo poligonaletan amaitzen dira, esaterako, Arangiz, Mendibil, Ilarratza, Lapuebla de Labarcan eta Bilarren.
Bizkaian. Behaketa bera egin daiteke Bizkaian aldi horretan eraikitako habearte bakarreko elizei dagokienez. Barrio Loza berak egindako ikerketa sakonean, areto‑eliza mota hau mende hartan lortu nahi zen ideala zela suposatzen du eta irtenbide ugari asko erakutsiz erdi bidean gelditzen ziren saio askoren bitartez bilatzen zena zirudiela.
Habearte bakarreko elizaren eredua, kontrahormen artean kaperak dituelarik, aretotik gertuen dagoena Berriatukoa da. “Adibide honetan eta beste batzuetan –Ispaster, San Bizente de la Sonsierra, Briñas... esatekoa da, egin ahala, nahia eta ezina zuzendu zirela”.[179]
Errenazimentuko manierismoa
Hiru habearteko areto‑eliza handien izendapenak, bere ezaugarri diren euskarri zilindriko bakarrak eta guzti, hiribildu bakoitzeko zaindari, kontzeju eta apaizgo mailan ondoko hiribilduarekin lehiatzeko gosea piztuz, kristau-elkarteetan sorturiko eraikitzeko grinaren ideia bat ematen badu, garai horretako maisu eraikitzaileengan, lehendik eraikita zeuden elizak osatzeko eta edertzeko izan zuten sormen sena ere ez zen azaldu gabe gelditu.
Errenazimentuko haizeek eta ondoren zetorren manierismoak berrikuntzak iradoki zizkien zaindari eta ongileei elizetan, koruetan, atarietan, eta hilobietan irekiarazten zituzten kaperetan.
Eliza kolumnarioen bikaintasun eta soiltasunak, ia guztiak XVI. mendeko bigarren erdian altxatu zirenak, ez digu garai horretan gure herrialdera errenazimentuko manierismoa iritsi zela ahaztarazi behar. Eta berari ematen zaizkio eredu berrietako adierazpen-aukerak, kalostrak eta kateamendu geometrikoez zulaturiko karelak agertzen dituzten koruak, euskarri ildaskatuetan ezarritako arku apalduak eta eskulan bikaineko eskulturak; eta, halaber, arku apalduez, kasetoiak dituzten ganga trenkatuekin, hainbat motatako armarri eta erliebeekin kaperak apaintzeko moduak ere, askotan platereskoaren mira diruditenak.[180]
Oharrak
Erreferentziak
- F. MARIAS, El Renacimiento “a la castellana” en el País Vasco: concesiones locales y resistencia “a lo antigüo”. Errenazimentuko Artearen berrikusketa. Ondare 17, A.P.M. (Donostia, 1998), 17‑31. or.
- Mª Anjeles MARTIN MIGUEL, Arte y Cultura en Vitoria durante el siglo XVI. Gasteizko Udala (Gasteiz, 1998), 513. or.
- Baskonia honetan Errenazimentu latindarra astiro egokitzeari buruz onartu behar da Chueca Goitiak adierazten zituen ohar lirikoetan badela egiarik, non “oraindik lur arkaiko eta amatiarraren usaina gordetzen duen, eta muga menditsu honetara mundu modernoaren distirak XVI. mendean iritsi orduko, are sarkorragoa izango zen. Matriarkatutik hurbil zebilen jatorrizko eta oinarrizko bizimoduan murgildurik, gizabanakoaren arimak sentitzen dituen forma eta lerrozko, proportzio eta erritmozko nahimen zehatz horiek, ez ziren iristen edo ez ziren sentitzen ibar estu eta hezeen hondoenean, zeinetatik, lurraren elikagai den humusak irakiten duen ukuiluetako lurruna behereneko zeruak ukitzera arte igotzen dela dirudielarik”. Arquitectura del siglo XVI. A.H. XI.ean, 342. or.
- Sona handikoak dira Espainiako eki-santuak, eta beroiekin oso loturik dago Arfe‑tarren izena: Toledo, Avila, Granada, Cuenca eta abarretako katedraletako eki-santuak. Haren De varia conmesuratione liburu sonatuan ohartarazten zuen “antiguamente no avía diferencia de los Artífices que aora llamamos Escultores y Architectos a los que aora son plateros; por lo cual es cosa cierta que los preceptos de los unos son necesarios a los otros”.
- Ikus, CHUECA GOITIA, El plateresco...28‑30. or.
- Badirudi delako kimu hauek italiar monumentu askotan ikusten zirela, era guztietako osagai arkitektonikoetan landuak, eta baita “Napoliko eta Erromako antzinako eraikuntzetan, lurpean, haitzuloetan edo italiarrek grote esaten zaien gangetan margotuak ere, handik atera zutelarik groteskoa”. Felipe de GUEVARA, Comentario de la pintura (c.560), 68. or.
- F. CHUECA GOITIA, Arquitectura del siglo XVI. H.A., XI.ean, 343. or.
- J. ZORROZUA, El arte del renacimiento en Alaba. (Gasteiz, 1989), 40. or.
- Pertsonaia honi buruz ikusi, Julio César SANTOYO, El doctor Escoriaza en Inglaterra y otros ensayos británicos. (Gasteiz, 1973); Juan VIDAL ABARCA, Linajes alaveses: los Escoriaza. B.I.S.S.n, 1977.
- Gasteizko etxea aztertzerakoan, Alcala de Henaresko San Ildenfonso Ikastetxeari egin zaizkion aipamen jada klasikoak, langintza horretako arkitekto bezala Luis de Vegaren partaidetza protagonista kontutan hartuz gero, izendatze horretan bertan aurkituko zuten oinarririk logikoena, Arabako Rodrigo Gil eta Aita Martin de Santiagori arabarren lana lotzeaz baliatzearen aurrean. F. Marias, O.c., 22. or.
- JO. ZORROZUA, O.c., 19. or. eta hur.
- M. PORTILLA, C.M.V. (Gasteiz, 1992), V. libk., 96. or.
- Eraikuntza-lanaren tratua bizkaitar Sancho Martinez Arego maisuarekin eta bere seme Pedrorekin egin zen, baina ez da tailagileen izenik ematen.
- “Koru honen programa ikonografikoa, ideologia Erasmo zalearen eragin handia zuen bururen batek sortua izango zen, inperioko duintasunaren aintza handiagotzeko. Hortxe bildu ziren oso goiztiarrak ziren Karlos V.aren pertsonarenganako gorespen topiko guztiak, hots, gerrari heroia, bertutetsua, garailea, bakegilea eta Erromako antzinatean sustraituriko dinastiaren ideia”. Ana Isabel UGALDE GOROSTIZA, El coro de la parrokia de Santa Maria de Salvatierra. Una loa al Emperador. Revisión del Arte del Renacimiento, ONDARE 17. A.P.M. (Donostia, 1990), 363. or.
- J. ZORROZUA, O.c., 21‑23. orriak; ikusi, halaber, J.A. BARRIO LOZA, Los canteros vizcaínos (1500‑1800). Diccionario biográfico. Kobie 1981.
- C.M.V., IV, 142. or. eta hur.
- J. PLAZAOLA, Historia y Sentido del Arte Cristiano. BAC Maior, 1996, 682. or. eta hur.
- Askoren iritziz, errenazimentuko garbiak diren Mendoza Kardinalaren hilobiko formak, Diego de Sagredoren Medidas del Romanoren (1526) emaitza izan zirela; baina, Fernando Marias‑ekin batera “lan horretatik isurtzen diren arauak askoz gainditzen dituztela” ere onar daiteke. Ikusi, 1986ko edizio faksimilaren sarrera.
- Lehendabizi G. MANSO DE ZUÑIGAk kontatu eta dokumentatu egin zen, Historia del monasterio de San Telmo lanean (Donostia, 1951); eta gerora Tarsicio de AZCONAk, Fundación y construcción de San Telmo de San Sebastián (Donostia, 1972).
- Mª Asunción ARRAZOLA, El Renacimiento en Guipúzcoa. (2. argit.) (Donostia, 1988), I, 106‑114. or.
- F. MARIAS, O.c., 17‑31. or.
- Lurperatzea San Migel parrokian egiteko nahiaren eskakizuna luzatu zitzaionean, Oñatiko Kondeak ezetz erantzutearen ondorioz etorri zen monasterio hau eraikitzeko erabakia.
- Ikusi Bidaurretako komentuari buruz Mª Jose LANZAGORTA eta Mª Anjeles MOLEROren lan monografiko dokumentatua, Los Lazárraga y el convento de Bidaurreta (siglos XVI‑XVIII). Un linaje en la historia de Oñate. Eusko Ikaskuntza 1999.
- Mª J. LANZAGORTA eta Mª A. MOLERO, O.c., 64. or.
- Ikusi, Montserrat FORNELLS, La Universidad de Oñate y el Renacimiento. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1995, 60. or. San Migel parrokiaren eraikuntzari buruz, ikusi Mª Asunción ARRAZOLA, Oñate (Donostia, 1973); Ignacio ZUMALDE, Historia de Oñate (Donostia, 1957), 470. or. eta hur.
- Egilea Siloe izan daitekeenari buruz, ikusi Manuel eta Mª Elena GOMEZ MORENO, El sepulcro de Don Rodrigo Mercado de Zuazola en Oñate. Oñate aldizkarian, 1950, 40‑46. or.; Mª A. ARRAZOLA, O.c., II. libk. 1988, 87. or.; J. M. GONZALEZ DE ZARATE eta M. RUIZ DE AEL, Humanismo y arte en la Universidad de Oñate. Ephialte Argit. (Gasteiz, 1989), 56‑57. or.; Montserrat FORNELLS, O.c., 67. or.
- “Jakinduriaren alegia bat izan beharko du, atzean Espiritu Santuaren irudia azaltzen baita”. M. FORNELLS, O.c., 65. or.
- M. A. ARRAZOLA, O.c., 35. or. Ikusi, halaber, J. LATORRE ZUBIRI, Retablo de la Piedad (Oñate). Restauración. Gipuzkoako Foru Aldundia 1999.
- G. Weise litekeena bezala jotzen du. Die Plastik der Renaissance in Spanien. I. libk. (Tübingen, 1957, 83. or.
- “Avilan gotzain aulkia berea izan zuen bitartean, 1530 eta 1540an, bere kezka nagusia izan zen bere jaioterrian Sancti Spiritus Ikastetxea sortzea eta eraikitzea, horretarako bere heriotza baino lau urte lehenago Valladoliden testamentuan bere ondasun guztiak emanaz zin egin zuelarik.” M. FORMELLS, O.c., 83. or.
- F. Mariasek, Rodrigo Gil de Hontañonen aldera erabaki du; O.c., 24‑25. or.
- Unibertsitateko kaperako erretaularen egilea ere baden Pierres Picart‑en estiloak “Gaztelako eskulturan eta zehatzago esanda, Valladolidekoaren ingurumarian guztiz lekuturiko ertilari bat erakusten du”. M. FORMELLS, O.c., 99. or.; Mª Elena GOMEZ MORENO, O.c.
- M. FORMELLS, O.c., 110‑137. or.
- Azkarateren hitzetan, gruteskoek eta elegiazko osagaiek “Gaspar de Torresillasen tailagintzako aberastasuna gogorarazten badute ere, Burgos aldeko Siloe eta Forment‑en lantegien sorburukoekin loturik azaltzen dira eta Picart frantsesak ere esku hartu izana ere oso litekeena da”. La escultura... A.H.n, IX. libk., 205. or. Echeverria Goñik ere, inolako duda‑mugarik gabe frantses eskulturagilearena dela irizten du. Erretauloak. Retablos. Eusko Jaurlaritza 2001, II. libk., 594‑600. or.
- Felix LÓPEZ DEL VALLADO, Crónica del Primer Congreso de Estudios Vascos, 755. or.; ikusi, halaber, Arqueología. Provincias Vascongadas. Geografia General den Pueblo Vasco: Provincias Vascongadas‑en, 936. or.
- P. L. ECHEVERRIA GONI, eta beste: Erretauloak. Retablos II. libk., 564. or.
- Delako inprimategiaren lan humanistiko garrantzizkoari buruz, ikusi J. GOÑI, El impresor Miguel de Eguía, procesado por la Inquisición. H.S. I.libk., 1948, 35‑88. or.
- C.M.N., V. libk., 3, 229. or.
- Ikusi, Juan Cruz LABEAGAren monografia polita, Santa Maria de Viana, joya del Camino de Santiago (Iruñea, 2001); era berean, C.M.N., II. libk., 1, Lizarrako Merindadea, 1, XXVIII.
- F. CHUECA GOITIA, Arquitectura del siglo XVI. A.H., IX, 352. or. Egile honek imajinagile izan zen Hernando Maisuaren izena idazten du, berea izan daitekeelarik “apurra ez den apainketa honen aintza”.
- Manierista da jada klaustro gaina, platereskoaren inolako arrastorik ez duena. C.M.N., II, 1, XXX.
- Mª C. GARCIA GAINZA, El mecenazgo artístico de don Pedro de Villalón de Calcena, Deán de Tudela. Seminario de Arte Aragonés, XXIII, 113‑120. or.
- Martin Agirre hartu zuten lanerako 1561ean gurutzadura eta burualdea handitzeko; lana hau ez zen hurrengo mendera arte bukatu. C.M.N. III, 33. or.
- “Agirietako datek eta eraikuntza-lanen azterketek emaitzok uzten dituzte –idatzi du Garcia Gainzak– Gabriel Joly eta Juan de Morenoren giroa dela eraginik handiena duena”. Revisión del Arte del Renacimiento. ONDARE 17, A.P.M., (Donostia, 1998), 59. or.
- Esteban Obray‑aren izaerari eta lanari buruzkoak, ikusi: J. R. CASTRO, La escultura en Navarra en el siglo XVI (Donostia, 1936); Idem, Cuadernos de Arte Navarro. Escultura (Iruñea, 1949), 18‑23. or.; M. C. GARCIA GAINZA (zuzd.) C.M.N., I, 72. or.; J.GOÑI GAZTANBIDE, El coro de la Catedral de Pamplona. P.V.n, 1966, 381. or. eta hur.; P. ECHEBERRIA GOÑI eta R. FERNANDEZ GARCIA, Precisiones sobre el Primer Renacimiento escultórico en Navarra. P.V., 168. alea, 1983ko urtarrila, 29‑60. or.
- P. ECHEVERRIA GOÑI, La Catedral de Pamplona (Iruñea, 1994), II. libk., 6‑18. or.
- “Iruñean, Guillen de Olandaren ezaugarriak zituen buru-motak irauten zuen, bere marra gogorren xehetasuna, gotikoaren argaltasuna eta aurpegien luzetasunaz, gogo bilduaren seriotasun, aszetiko eta tinko jarreran”. G.WEISE, La Plástica del Renacimiento y del Prebarroco en España septentrional: Aragón, Navarra, las provincias vascas y la Rioja. Alemanezko idatziaren laburpen bat. (Tübingen) 25. or.
- J. ECHEVERRIA GOÑI eta R. FERNANDEZ GARCIA, Precisiones sobre el Primer Renacimiento escultórico en Navarra. Esteban de Obray y Jorge de Flandes. P.V. 1983, 49. or.; J. C. LABEAGA MENDIOLA, Noticias de algunos retablos aragoneses del taller de Sangüesa (Navarra). El Arte Barroco en Aragón. Actas del III Coloquio de Arte Aragonés (Huesca, 1983), 207‑221. or.
- G. WEISE, La Plástica del Renacimiento y del prebarroco en España septentrional... Laburpen bat...17. or.
- Die Plastik der Renaissance und des Frühbarok... (Tübingen, 1957), 39. or.
- “San Saturnino eta Nekaldiaren historiak konposaketa trinko moduan daude antolaturik, aldiz, Mariaren eszenak lasaiago azaltzen dira, baina betiere pertsonaiak, espaziozko eta perspektibazko efektuak baino lehenago jarriz, nahiz eta errenazimentua ulertzera egiten duten”. C.M.N. III, 9. or.
- Gairik adierazgarrienak alde batetik, Haurra duen Birjinarena, Familia Santua eta Jaunaren Agerkundearenak dira, eta bestetik, Kalbariokoak eta Kristo hilaren gaineko negarrena”. J. ZORROZUA, El Arte del Renacimiento en Alava, 81. or. eta hur.
- Labrazan harritzekoa ez den arduraz hartu izan da erretaularen barruko taula batean erretaulatxo margotu bat azaltzea. Raquel SAENZ PASCUAL, El dualismo pictórico en la primera mitad del siglo XVI. V.V.n, Erretauloak. Retablos I, 166‑177. or.
- J. ZORROZUA, O.c., 84. or.; C.M.N. IV, 450‑451. or.
- Erretaula honen azterketa ikonografikoaren xehetasunak, ikusi, Raquel SAENZ PASCUAL, En torno al retablo de Ribera de Valderejo. Revisión del Arte del Renacimiento. Ondare 17, A.P.M.n (Donostia, 1998), 423‑433. or.
- Maria del Carmen HEREDIA, Plateria del Renacimiento. El Arte en Navarra sailean, 24. alea Nafarroako Foru Aldundia (Iruñea,1994), 374. or.
- C.M.N., V, 2, 628. or.: “A candelieri” kokapena jarraitzen duten zizelaturiko landaredi gaien apainketaz estalia du gainalde guztia, gurutzearen profil guztia zeharkatzen duen hosto eta lore handizko gailurreria batez osatua delarik”. Aurrealdeko gurutzaduran Kalbarioa dago irudikaturik, atzealdekoan berriz San Esteban eta Tetramorfoaren sinboloak.
- R. MARTIN VAQUERO, Artes decorativas en el Renacimiento Vasco: la Edad de Oro de la Plateria. Revisión del Arte del Renacimiento. ONDARE 17, 115‑151. or. Ikusi egile berberaren doktorego-tesia: La platería en la diócesis de Vitoria (1350‑1650). (Gasteiz, 1997).
- J.A.BARRIO LOZA eta J. R.VALVERDE, Platería antigüa en Vizkaya. Bilboko Arte Ederretako Museoa, 1986. Ikusi, halaber, F. SESMERO, El arte del Renacimiento en Vizcaya (Bilbo, 1954), 143‑145. or.
- V.V., Introducción a la historia de España. (Madril, 1971), 330. or.
- Henry KAMEN, Felipe de España. Siglo Veintiuno Argit. 1997, 340. or.
- C.M.N., V, 2, 459. or.
- P.L. ECHEVERRIA GOÑI, Voz “ORORBIA” . G.E.N.an, (Iruñea, 1990), 422‑428. or.
- Margolana 804 dukat zahar eta zilarrezko 9 erreal eta erditan izan zen tasatua. Joan Bustamante berak margolanarekin batera egin zuen eskulturari buruzko tratuaz ez da ezertxo ere esaten.
- F. SANCHEZ CANTON, Las pinturas de Oriz y la guerra de Sajonia. (Iruñea, 1944).
- Arma liburuak gorde eta Aitoren seme agiriak luzatzea zen karguaren egitekoa. Oskariztarren leinuari buruzko gehiago, ikusi Mª C. GARCIA GAINZA, Los Oscáriz, una familia de pintores navarros del siglo XVI. P.V.n, 114‑115. znb., 1969, 5‑52. or.; P. NAVASCUES PALACIO, R. Oscáriz, pintor navarro del siglo XVI. P.V.n, 1965, 26. or.; E. CASADO ALCALDE, La pintura en Navarra en el último tercio del siglo XVI. (Iruñea, 1976).
- Bi erretaula hauen xehetasun handiko deskribapena ikusi Mª C. GARCIA GAINZA, O.c., 19‑22. eta 26‑27. or.
- C.M.N., V, 1, 263. or.
- C.M.N., I, 255. or.; ikusi, halaber, J.R. CASTRO, Cuadernos de Arte Navarro. Pintura. (Iruñea, 1949), 37‑59. or.; E. CASADO ALCALDE, O.c., 56‑59. or.
- C.M.N., I, 51. or. eta 139. or.
- Pintura del siglo XVI. A.H.n, XII. libk., 1954, 334‑335. or.
- C.M.N., I., 5. or.
- M. PORTILLA, Los retablos de Morillas y Subijana de Morillas (Álava). B.I.S.S., 1962, 94‑97. or. eta 81‑85. or.
- Erretauloak. Retablos. 2 ale. Eusk. Jaurlaritza, (Gasteiz, 2001).
- V.V., Erretauloak. Retablos. II libk., 544. or.
- Horrela azaltzen da 1562ko dokumentu batean “vecino de Oñate, de presente residente en la villa de Huarte de Valdearaquil”.
- Haietako bat Pedro Frantzisko ozkalaria izan zen; beste batzuk, garai hartan oso estimatua izan zen Frai Joan de Beauves eskulturagilea eta Lope Larrea, Pierres Picarten suhia izan zitezkeen.
- Mª A, ARRAZOLA, Escultores del siglo XVI en el País Vasco. E.D.n, XX. libk., 45. alea, 1972, 51. or.
- C.M.N., I.ean, 295. or.
- Domingo Segurari buruz ikus, CASTRO, O.c. 51. or eta hur.; ikusi, halaber, G.WEISE, Die Plastik der Renaissance..., 84. or.
- Mª C. GARCIA GAINZA, La escultura romanista en Navarra. Discípulos y seguidores de Juan de Anchieta. 2. argit. (Iruñea,1986), 505. or.
- T. BIURRUN SOTIL, La escultura religiosa y Bellas Artes en Navarra durante la época del Renacimiento. (Iruñea, 1935), 191. or.
- M. PORTILLA, El retablo mayor de Arriola y los escultores Pedro de Borges, Andrés de Araoz y Felipe de Borgoña. “Aechivum Artis Lovaniensis”. (Lovaina, 1981), 279‑298. or. Ikusi, halaber, J.A. BARRIO LOZA, Pedro de Borges y el retablo mayor de San Martín de Amoroto (Bizkaia). L. D.n, 22. libk., 56. znb., 1992, 175‑180. or.
- Los Beaugrant. En el contexto de la escultura manierista vasca. (Bilbo, 1984).
- 26. La Plástica del Renacimiento... Un resumen. (Tübingen, 1959), 28. or.
- Idem, 27. or.
- Artzainen eszena da Guiot de Beuagrant‑en eskulturarik ziurrena. J.A. BARRIO LOZA, Los Beaugrant. 92. or., Beaugrantarren eta Araoztarren bi lantegi garrantzitsuetako emaitza, Bilarreko erretaula oso erabakigarria izan zen eskualde honetan Manierismoaren sarreran. P. L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 607. or.
- G. WEISE, Die Plastik..., 69‑75. or.
- C.M.N. II.ean, 225. orrialdearen arabera, Santa Kolomaren irudi honi Lapoblaciongo (Nafarroa) eseritako Birjinaren antza nabaria atera zaio.
- Erretaula honen zaharberritze bikaina egin zela eta bibliografia, ikonografia eta estilistikako ikerketa bat egin eta argitaratu zen, erretaula hau bere historia‑artezko testuinguruan estimatu ahal izateko eredugarri eta ezinbesteko irizten dugun eguneratutako dokumentuak berekin zituela: P.L. ECHEVERRIA GOÑI, Asunción de ORBE SIVATTE, Fco. Javier ROLDAN MARRODAN, Rául MANZANAL NOGALES: Renacimiento y Humanidades en Navarra. El retablo de Genevilla. Nafarroako Gob., (Iruñea, 1991).
- J. RUIZ‑NAVARRO PEREZ, Arnau de Bruselas, imaginero renacentista, y su obra en el valle medio del Ebro. (Logroño, 1981),16. or.
- Eragin honi buruz, ikus Mª A. ARRAZOLA, El Renacimiento en Guipúzcoa. 2. argit. (Donostia,1988), 100. or.
- Mª A. ARRAZOLA, O.c., 105. or. Andresen heriotzaren ondoren bere seme Joanek jarraitu zuen tramankulu handi honetako lanetan, Pedro Arbulo Margubetekoaren laguntzarekin, eta Hilario eta Joan Bta. Mendizabal eibartar ertilarien esku-hartzearekin XVIII. mendera arte ez zen amaitzerik izan. Ikusi Pedro L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 617‑624. or.
- Mª A. ARRAZOLA, O.c.,II, 107‑109. or.
- G. WEISE, Die Plastik...II, 16. or.; J. CAMON AZNAR, La escultura y la rejería españolas del siglo XVI. S.A. XVIII.ean, 302. or.; Jose Mª AZKARATE, Escultura del siglo XVI. A.H. XIII.ean, 301. or.
- Harrigarria egiten zaigu Azkaratek beraganako estimu berezirik ez azaldu izana, baita Errenazimentuko euskal eskulturagileengan ezaugarri diren balio formalekiko beti hain erne agon ohi den Mª A. Arrazolak anatomiako akatsak besterik ez azpimarratzea ere. Berruguete apartaren eskulturetan egongo ez balitz bezala!
- Mª A. Arrazolaren arabera, O.c., 131. or.
- Itxuraz egilea dirudienari buruz G. Weise (Die Plastik..., 55‑56. or.) Sesmeroren iritziari lotzen zaio: El arte del Renacimiento en Vizcaya. 75. or
- P. L. ECHEVERRIA GOÑI eta J. J. VELEZ CHAURRI, Un retablo mixto del primer renacimiento. Martín de Oñate y los Ayala en Domaiquia. Sancho el Sabio, 6. urtea, 2, 6. znb. 291‑316. or.
- P. L. ECHEVERRIA GOÑI eta beste, Erretauloak. Retablos. II, 636‑642. or.; Idem. eta J. J. VELEZ CHAURRI, Joan de Ayala y Jeronimo Nogueras: Adan y Eva. Mirari‑n. Un pueblo al encuentro del arte. Erakusketaren katalogoa (Gasteiz, 1989) 1‑1, 1990eko urtarrila, 252‑255. or.
- P. L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. I, 195. or.
- J. ZORROZUA, Errenazimentuko Artea Araban. Arabako Foru Aldundia, (Gasteiz, 1999), 58. or.
- Ikusi eere laguntzaileen nomina P. L. CHEVERRIA GOÑI eta R. FERNANDEZ GARCIA‑rengan: Precisiones... P.V. 44, 169‑170. znb., 1983, 30. or.
- Mª C. GARCIA GAINZA, Migel de Espinal. P.V.n, (Iruñea, 1985), 145‑160. or.
- Garzia Gaintzaren iritziz, “Fray Juan de Beauves‑en eskua egon daiteke atzean, zenbait eszenatan Lizarrako San Joanen erretaulakoekin duen antzagatik”. C.M.N., IV, 2, 323. or.
- A. HAUSER, El Manierismo. (Madril, 1965), 40. or.
- S. ANDRES ORDAX, La escuela romanista en Álava (Gasteiz, 1963).
- Georg Weise‑ren itzultzaileek “malerisch” izena literalki itzultzen duten piktorikoa esanaz, H. Wölfflin‑engan ere honako hau adierazi nahi du: teknika plastikoetan sumatzen den eta berez margoen beharrik ez duen argi-ilunen kontrasteen bizitasun hori.
- P. L. ECHEVERRIA GOÑI, López de Gámiz y Anchieta comparados... P.V.n, 105. znb., 1988, 511. or.
- J. ZORROZUA, O.c., 60. or.
- López Gámizi buruz ikusi S. ANDRES ORDAX, El escultor Pedro López de Gámiz. “GOYA” 129.ean, (1975), 156‑167. or.; G. DIEZ JAVIZ, Pedro López de Gámiz, escultor mirandés del siglo XVI. (Miranda de Ebro, 1985); A. BARRON GARCIA, B. IBARGUCHI eta P. RUIZ DE LA CUESTA, El escultor mirandés Pedro López de Gámiz. (Burgos, 1988).
- P. L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 666‑672. or.
- Bere osotasunean Antxietari buruz, ik.: J. CAMON AZNAR: El escultor Juan de Anchieta (Iruñea, 1943); 2. argit. 199.or.; Mª C. GARCIA GAINZA, La escultura renacentista en Navarra. Discípulos y seguidoren de Juan de Anchieta (Iruñea, 1969); Idem: La obra de Juan de Anchieta en Navarra. “El Arte en Navarra”‑n, 21.znb. Diario de Navarrak Argit. (Iruñea, 1994); Mª A. ARRAZOLA, El Renacimiento en Guipuzcoa. 2. argit. (Donostia,1980); G. WEISE, La plástica. Un resumen. 56‑59. or.; P. L. ECHEVERRIA eta J. J. VELEZ, López de Gámiz y Anchieta comparados. Las claves del romanismo norteño. P. V., 189. znb., 1988, 437‑534. or.; Joan PLAZAOLA, Los Anchieta. Mensajero Argit., (Bilbo,1997).
- P. Lopez Gamizekin harreman hau ez zen bakarra izan, zeren eta garai horretan Antxieta, besteak beste, Valladolideko Jordan, Inozentzio, Berruguete eta oso bereziki Joan Juni eskulturagile nagusiekin harremanetan zegoen. M. C. GARCIA GAINZA, La escultura en el último tercio del siglo XVI. 146. or.
- A. SAN VICENTE, La capilla de San Miguel del Patronato Saporta en Seo de Zaragoza. A.E.A.n, 1963, 99. or.
- J. CAMON AZNAR, O.c., 50. or.
- P. L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 679‑685. or.
- Azpeitiko zutabeko Kristoari buruz ikusi Mª C. GARCIA GAINZA, Algunas novedades sobre Juan de Anchieta. GOYAn, 1988, 207. znb., 137. or.
- F. TABAR, Del retablo de San Miguel de Vitoria: Una escultura inédita de Juan de Anchieta. A.E.A.n, 1974, 328. or.; Idem: Ante un nuevo hallazgo. Estado de la cuestión sobre el retablo de San Miguel de Vitoria, contratado por Anchieta, Velasco y Larrea. KULTURA, 4. znb., 1992, 9‑17. or.
- L. MONTEVERDE, Esculturas de Antxieta en las Huelgas de Burgos. A.E.A.n, 1955, 77. or.
- S. ANDRES ORDAX, El retablo de Antxieta en Moneo (Burgos). B.S.A.A.n, (Valladolid, 1977), 437. or.
- Garcia gainzaren iritziz, “Tafallako erretaulako Berpiztuaren irudiak Santa Maria sopra Minerva‑koa (Erroma) eredutzat hartzen du”. Navarra ante el Renacimiento y el Barroko. C.I.H.A. XXIII.ean eginiko hitzaldia (Granadan, 1973) 290. or eta hur.; ikusi, halaber, J. CABEZUDO ASTRAIN, La obra de Antxieta en Tafalla. P. V.n, 1947, 772. or.
- Ikusi Tafallako gurutze Iruñekoarekin alderatzearen azterketa egoki bat, Mª C. Garcia Gainzaren, Algunas novedades sobre Juan de Antxieta...GOYAn 1988, 207. znb., 134‑136. or.
- J.A. BARRIO LOZA, La escuela romanista en la Rioja. 17. or.
- J. J. MARTN GONZALEZ, Juan de Juni. Vida y obra... 304. or.
- M. de LEKUONA, El autor de los retablos de Pamplona y Calahorra. P.V.n, 1945.
- J.A. BARRIO LOZA, O.c., 252‑253. or.
- Ikusi honi buruzko bibliografia C.M.N. II, 1.ean, 139. or.
- Anbrosio Bengoetxeari buruzko ikerketarik osoena Mª A. Arrazolarena da oraingoz, Renacimiento en Guipuzcoa II.ean, 181‑238. or.
- Euskal Herriko erromanismoaren garapenean San Bizenteko erretaulak izan duen garrantzia behar bezala azpimarratu du P. L. ECHEVERRIAK, Erretauloak. Retablos. II, 702. or.
- La plástica del Renacimiento...Un resumen, 63. or.
- Mª A. ARRAZOLA, O.c., II, 206‑213. or.
- Honela idazten zuen Jovellanosek Hiloberatze Santuari buruz bere Egunkarian 1791eko abuztuan: “Ezingo nuke nahikoa goratu zenbat gustatu zitzaidan eskultura hori, Espainian ikusi ditudanetatik, oso goi mailakoa marrazketan, gustuan, adierazpenean eta gauzatze fin eta onean. Gregorio Hernandez eta Joan de Juni oso dira atzean geratzen”. Eta Errukiaren multzoari buruz berriz: “Hainbeste errepikatu den misterio honetan, Hernandezek egin zuen onenaren apustua egiten du”. Antzeko hitzez goraipatzen du Kalbarioko multzoa ere: “Neuk honetaz zerbait ulertzen badut, sinets iezadazu dena harrigarria dela”. G. Melchor de JOVELLANOS, Diarios. (Memorias íntimas) (Madril, 1915) 28. or. Ikusi, halaber, S. INSAUSTI, Visita a ala iglesia del convento de San Francisco de Tolosa en compañía de Jovellanos. B.R.S.B.A.P.n, XI, 539. or.; eta Mª A, ARRAZOLA, O.c., II 216. or.
- G. WEISE, Die Plastik...II, 95‑97. or.
- J.A. CEAN BERMUDEZ, Diccionario de los más ilustres profesores... (Madril, 1800), I, 43‑46. or.
- Pedro Arbulo eskulturagilearen beste lan garrantzizko bat. A.E.A.n, 200. znb., 1977, 415‑417. or.
- P.L. ECHEVERRIA GOÑI eta beste batzuk, Erretauloak. Retablos. II, 677. or.; A. BARRON GARCIA, Juan Fernández de Vallejo en Lanciego y Obécuri. B.I.S.S.an 1996, 339‑352. or.
- J.A. BARRIO LOZA, El retablo de Berganzo (Álava). B.I.S.S.an, 1977, 261‑275. or.
- Jeronimo Larreari buruz, ikusi, halaber, Mª A. ARRAZOLA, O.c., II, 239‑257. or.; S. INSAUSTI, Jerónimo de Larrea. B.A.P., 1945.
- Arrazolaren ustez, bi irudien arteko berdintasunak asko dira: jarrera, bere lotura eskuak atzean dituela, era berean tolestutako zangoa, zimur minberarik gabeko aurpegiera, eta garbitasun oihaleko formaren antza. O.c., 248. or.
- S. ANDRES ORDAX, El escultor Lope de Larrea. Gasteiz 1976, 39. or.; ik. Egile beraren, La escultura romanista en Álava. (Gasteiz, 1973).
- M. C. GARCIA GAINZA, La escultura romanista en Navarra. 67. or.
- Mª A. ARRAZOLA, Escultores del siglo XVI en el País Vasco. E. D.an, 1972, 55. or.
- G. WEISE, Die Plastik... II, 93. or.; Dolores de MONTE FERNANDEZ, Martín Ruiz de Zubiate y el retablo mayor de Santa María de Uribarri de Durango (1578-1590). “ONDARE” 17an, A.P.M., (Donostia, 1998) 321‑334. or.
- J. M. ESPARZA GONZALEZ, El retablo de San Pedro de Munguía. L. D., 14 libk., 28. znb.,1984, 43‑58. or.
- J. ZORROZUA, Reflexiones acerca de la escultura romanista en Vizcaya. Martín Ruiz de Zubiate en Ceberio. ONDARE 17, A. P. M. 1998, 365‑373. or.
- Mª C. GARCIA GAINZA, La escultura romanista en Navarra. Discípulos y seguidoren de Juan de Anchieta. (Iruñea, 1969).
- Iruñeko Agustindar Errekoletoen komentuko erretaula nagusia dela eta 1631n, Domingo Lusa eta bere aitaginarreba Domingo Bidarte mihiztatzaileari honela esaten zitzaien: “Erresuman diren ofizialik hoberenak”. C.M.N. V, 3, 315. or.
- C.M.N. V, 2, 186. or.
- Remembranza. Las Edades del Hombre. (Zamora, 2001), 225. or.
- Mercedes de ORBE, Estudio histórico‑artístico de la parroquia de San Pedro de Mendigorria. II. Esculturas. P.V. 116. znb., maitza‑abuz. 1982, 551‑581. or.
- C.M.N., II, 2, 168. or.
- E. Tormok asmatu zuen izen hau erabili nahiago dugu, V. Lampérezek hartu zuen “Gotiko Bascongadoaren ordez eta, nahiz eta Ramon Ayerza arkitektoa gai honi buruzko estilistikako hausnarketa zentzuzko eta zorrotzetan itzulinguruka ibili.
- Parrokien kantitatearen hazkundea gogoan hartuta kontuak egiten badira, 1478 eta 1557 bitartean Bizkaiko populazioa %38a hazi zen; Arabako zati mugatuagotan ere antzeko hazkunde bat eman zela ziurta daiteke, antza denez. Hazkunde honek XVI. mendean ongi sarturik ere jarraitu zuen: Araba 1537 eta 1560 bitartean %5a eta %15a bitartean hazi zen. Luis Mª BILBAO, Transformaciones económicas (siglos XVI y XVII). Cultura Vasca‑n, (Donostia, 1978), 124. or. eta hur.
- Ezaguna da, Enrike IV.aren harriduraren inguruko pasadizoa, Durangoko hiribildua bisitatuz eta egurrezko etxeak eraikiz jarraitzearen arriskua onartzeagatik bertako biztanleari egindako kritika, Esteban Garibaik bere Compendio Historial delakoan eskainitakoa.
- C. de ECHEGARAY, Monumentos Religiosos de Guipúzcoa (Bartzelona, 1921), 8. or
- J.A. BARRIO LOZA eta J.G. MOYA VALGAÑÓN, El modo vasco de producción arquitectónica en los siglos XVI y XVII. KOBIE X, II. libk.n (1980); Los canteros vizcainos (1500‑1800). Diccionario biográfico, II. zatia. KOBIE, II, libk. 1981.
- P. SIGUENZA, La fundación del monasterio de El Escorial. Aguilar Argitl. 1988, 115. or. El modo vasco..., 287. or.
- Josetxo URRUTIKOETXEA, Euskal Demografia Historikoaz. Historia de la Población. Euskal Herria. Historia eta Gizartea. Historia y Sociedad‑en. Euskadiko Kutxa, I. libk., 171. or.
- Armando MATEO PEREZ, El marco socioprofesional. La cofradía de San José. V.V., Erretauloak. Retablos‑en. Eusko Jaurlaritza 2001, I. libk., 93‑115. or.
- Mª I. ASTIAZARAIN, Arquitectos Guipuzcoanos siglo XVII. Gipuzkoako Foru Aldundia 1988, I. libk., 861. or.
- Otto SCHUBERT, Historia del Barroco en España (Madril,1924).
- Ikusi dokumentuak: I. ELIAS ODRIOZOLA‑ren, Iglesia parroquial de San Sebastián de Soreasu de Azpeitia (Donostia, 1993), 30. or.
- El modo vasco..., 316. or.
- Die spanischen Hallenkirchen der Spägotic und der Renaissance (Tübingen, 1953).
- Kastor Uriartek biltzen dituen elizak honako hauek dira: Errioxan, Logroñoko Santa Maria la Redonda eta Donemiliaga Kukula; Sorian, Berlanga del Dueroko kolegio‑eliza; Burgosen, Villasandino eta Roa de Dueroko parrokiak eta Lermako kolegio‑eliza; Toledon, Yepes, Villatobas, Quintanar de la Orden, Toboso eta Villanueva de Alcardate‑koak; Guadalajaran, Pareja eta Albarate de Zorita‑koak; Badajozen, Olivenzako Gaztelukoa. Ikusi Las iglesias‑salón vascas del último período del gótico (Bastida, 1978).
- “Yendo así a un alto, es el edificio más fuerte, porque todo se ayuda uno a otro, lo qual no hace quando la principal sube más, porque es menester que desde la colateral se le dé fuerza a la mayor, y desde la ornacina a la colateral, lo qual se da con arbotantes”. (Mª Josefa TARIFA CASTILLA‑ren aipamena, Juan de Villarreal. Tradición e innovación en la arquitectura navarra. P.V. 2000‑n, 642. or. 119. oharra).
- J.M. AZCARATE, A.E.A. XXXI.ean, 122. znb., 213‑236. or.
- El modo vasco... 316. or
- Mª A. ARRAZOLA, El Renacimiento en Guipúzcoa, I, 120. or.
- Mª I. ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos, I, 115. or.
- I. ELIAS ODRIOZOLA, O.c., 27. or.
- Auzi honen inguruko dokumentazio guztia Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxiboan eta Simancaskoan dago, R.G.S., 302. znb. (Javier ELORZA MAIZTEGUI‑ren aip., Eibar: Orígenes y evolución. Siglos XIV al XVI. Eibarko Udala 2000, 152‑167 or.)
- L. LOPEZ DEL VALLADO, Arqueología Monumental Cristiana en el País Vasco. Euskal Ikaskuntzaren Lehen Kongresua, 755. or.
- BIZKAIA. Arqueología. Urbanismo y arquitectura histórica (Bilbo, 1989), I, 300. or.
- Eliza honetaz, bere aurrekoez eta, oro har, Gernikako Erdi Aroko historiaz, dokumentuetako ezer gutxi esan daiteke, gauza jakina den bezala, bertako artxiboak 1937ko apirilean hiribildua suntsitu zuen sute eta bonbardaketa tamalgarrian desegin baitziren.
- F. SESMERO, “Tres siglos de historia de Guernica”. Tres estudios sobre Guernica y su comarca‑n (Bilbo, 1970), 96‑07. or.; J.A. ARANA MARTIJA, Santa María de Guernica. T.V.n., 163‑164 znb., 1988.
- Durangoko lanen maisu zen Martin Etxabururen diseinuaren araberako berreraiketa 1816an hasi zen. Ikusi Eneko PEREZ GOIKOETXEA, Monografías de Pueblos de Bizkaia. Rigoitia (Bilbo, 1993), 143‑148. or.
- El modo vasco..., 315. or.
- J. ZORROZUA, El arte del Renacimiento en Alava (Gasteiz, 1999), 33. or.