Pirinioetako panteoia

Pirinioetan konkista erromatarraren aurretik eta garai erromatarrean gurtza jaso zuten jainko eta jainkosen multzoa da panteoi pirenaikoa. Panteoi emankor eta anitz horren jainko-jainkosa bakoitza, oso eremu mugatuetan gurtzen zutela ematen du, tokian bertan, salbuespenak salbuespen. Panteoi horretako batzuk jainko-jainkosa erromatarrekin parekatu ziren (interpretatio romana).

Saint-Aventin eliza: Abellion jainkoari eskainitako bi aldare berrerabili ziren, horman sartuz, eta horien artean bikote baten hileta-oroigarria jarri zuten.

Jainko-jainkosa horien izenen hizkuntza Akitaniera da gehienetan; euskararen modu zaharra edo aurrekaria, alegia. Izenak, dena den, aldare horietan dauden latinezko idazkunetan gorde dira, Comminges eskualdean, batez ere.

Aztarnen jatorria

Berrerabilpenaren beste adibide bat, Saint-Aventingo elizan, baina oraingoan hileta aldare batena (hildakoaren Man jainkoei eskainia).

Iraun duten Pirinioetako jainko eta jainkosen izenak (berrogei inguru), funtsean, oraingo Aroko I. mendetik IV. mendera bitarteko botozko-aldareetan jasotako inskripzio latinoetan irakur daitezke. Aldare horietako asko Pirinioetako kapera eta eliza erromanikoak eraikitzeko berrerabili ziren. Gauza bera gertatu zen beste zenbait harrizko objekturekin, hala nola hileta-aldareekin.

Epigrafia lan garrantzitsua egin zen XVI. mendean hasita (Joseph Justus Scaliger XVI. mendean eta Arnaut Oihenart XVII. mendean). Ondoren, XVIII. mendean, ikerketa, eguneratze eta bilduma pribatuen eraketak egin ziren, hala nola, Pierre Rivalz zaldunak egin zuen lana, Tolosako Antigoaleko museoko bildumaren jatorrian egon zen. XIX. mendean Alexandre du Mège-ren lana garrantzitsua izan zen, nahiz eta guztiz zientifikoa izan ez, baina Julien Sacaze-ren lana funtsezkoa izan zen, eta gaur egun oraindik erreferentziazkoa. XX. mendean aldiro eta han hemenka aurkitu edo berreskuratu izan dira epigrafeak eta bestelako aztarnak, garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Saint-Béat-eko Erriape jainkoari eskainitako santutegia.

Aztarna horietako asko guztiz desagertu dira (hala nola: dokumentatuta geratu ziren hainbat epigrafe, eta kultu-lekuak ere, hala nola Aruse (edo Harauso?) santutegia, Cier-de-Rivière herrian[1].[2]

Gainerako aztarna gehienak, eliza batzuetako hormetan oraindik erabiltzen direnak ezik, museo hauetara eraman zituzten: Agustindarren Museoa Tolosan (XIX. mendeko Alexandre Du Mège arkeologoak eraman zituen); Tolosako Musèu de Sant Ramon; Saint Germain en Layen dagoen Arkeologia museo nazionala, Banhèras de Luishongo museoa, etab. Saint Béateko elizatik eta Arloseko eliza zaharretik eramandako lau aldare, Nanteseko Dobrée museoan daude, Maurice Gaurdonek dohaintzan utzita.

Banaketa geografikoa

Epigrafeak, oro har, Garonako haran altuetan eta Pique ibarraren inguruan aurkitu dira. Hor daude Saint-Comminges eta Saint Béat, Larbost haraneana eta Banhèras de Luishon ingurua.

Gurtzarako aldare gehienak Commingesen eskualdean jaso ziren, bai eta Aran ibarrean ere. Epigrafeak idatzi ziren garaian, Comminges Lugdunum Convenarum izena zuen hiria zen, eta, funtsean, Convenoen lurralde zaharra zen, egungo Garona Garaiko departamenduaren hegoaldea eta Pirinio Garaietako zati bat hartzen zituena. Kontuan izna behar da, erroamtar hiria eskualde oso bat zela; erdigune urbano bat zuen eta zentro horren inguruan, lurrak eta herrixak zeuden. Zentro urbano hori, egungo Saint-Bertrand-de-Comminges izan zen. Aran ibarra, bestalde, Commingeseko eskulade historikoari lotutako Espainiako zatia da.

Garona ibaiaren lautada (Garonako lautada) beste herriekin batera (Cier-de-Rivière, Ardiège, Martres-de-Rivière eta Labarthe-Rivière), okupazio garrantzitsua izan zuen erromatar garaian, eta horregatik edo, bertakoek esaera hau erabiltzen dute: katu bat joan liteke Saint-Bertrand de Commingesetik Valentinera teilatutik teilatura salto eginez.[3][4]

Horretaz aparte, badira beste arrazoi batzuk eskualde horietan aztarna gehienak agertzeko: batetik, Lugdunum Convenarum oso hiri garrantzitsua izateaz gain inguruko eskualdeetan eragin sakona izan zuen. Banhèras de Luishongo bestalde, terma famatuak zituen. Eskualde horietan biztanleen zati batek erromatar ohiturak bereganatu zituen eta jainkoei erromatarren modura sakrifizioa eskaintzen zien, hau da, aldareak erabiltzen eta aldareetan idazkunak egiten. Gainera marmol-harrobiak gertu zeuden (Saint-Béaten, esaterako) eta beraz, aldare horiek egiteko behar zen lehengaia eskura zuten.

Saint Bertrand de Commingesen aurkitu dira akitanierazko idazkun gehienak. Erromatar garian Convenen hiriburua izan zen: Lugdunum Convenarum

Kultuak, haien jatorria eta hedapena

Teonimoen[oh 1] heren handi bat aurkikuntza bakan batean baino ez dira topatu. Besteen eragin-eremua, Comminges osoan gurtzen zen Abellio jainkoa izan ezik, mugatua zela esan daiteke. Akitaniako hegoaldean, herriak zatituta zeuden, garai hartan Estrabon eta Plinio Zaharra historialariek adierazi zuten bezala; mendialdeko komunitateak autarkia handi batean bizi ziren, eta elkarrekin harreman gutxi zuten.[5] Kultu horiek bertakoak ziren eta oso hedapen txikia zuten.

Jainko batzuk, idazkun gehiagotan agertu baziren ere, santutegi bakarretik zetozen dedikazioengatik baino ez dira ezagutzen: Montsérien zegoen santutegiak hogeita lau eskaintza zituen Erge jainkoari; Saint-Béatetik hurbil, hogei aldare zeuden Erriaperi eskainiak; Ardiègen, Leheren jainkoaren hogei aldare berrerabili egin ziren Saint-Pierre kaperan (gaur egun suntsituta dago), eta era berean, Saint-Pé-d'Ardet-en Artahe jainkoari eskainitako sei aldare aurkitu ziren. Ez dirudi jainko horien gurtza santutegitik haratago gertatu zenik.

Beste kasu batzuetan, jainko-jainkosa jakin batzuk gurtza jaso zuten eremu txiki bat identifika daiteke: ezagutzen diren Lahe jainkosaren bost aldareak Loja/Louge ibaiaren haranean daude. Ageio jainkoarentzako zazpi aldare Campan haranaren eta Montréjeau artean daude. Sexsarbor jainkoa gurtu zuten Arbas haranean.

Teonimoen jatorria

Jainko-jainkosa hauen izenei latinezko forma eman zitzaien idazkun latinoetan sartu baitziren. Hala eta guztiz ere, Pirinioetako jainkoen izenak erromatarren presentziaren aurreko hizkuntza batetik datozela zalantzarik ez dago.

Izen horietako batzuen eta euskararen arteko antzekotasuna adierazi zuen lehenengoz Achille Luchaire 1879an, nahiz eta beste aditu gehienek, bere garaian ohikoa zen bezala, erro zeltak, edo zehazkiago galiarrak, egozten zizkieten.

Orduz geroztik, zenbait eztabaida akademikoak gertatu ziren jainko horien izenek iberiar, zelta, ligurak edo euskal erroekin izan zitzaketen loturengatik. Baina gero ikerketek beste bide bat hartu zuten. Alde batetik, euskara (edo hobeto esanda antzinako euskara ) Pirinioetako eremu zabalean hedatuta zegoela egarian geratu zen, toponimiaren bidez ikus daitekeenez. Bestalde, iberiera deszifratu eta zeltiberiarrekiko bereiztea lortu zen, eta euskal-iberismoaren hipotesia bertan behera utzi zen. Horrek guztiak, 1950eko hamarkadako Koldo Mitxelena eta René Lafonen ikerketak ahalbidetu zituen, eta berrikiago Joakin Gorrotxategirenak . Horrela, hainbat egungo euskarak hainbat aztarna semantiko eman ditu.

Pirinioetako jainko-jainkosen izenetan bukaerako -e bat egotea ohikoa da, eta Akitanikoaren datiboaren morfema edo deklinagaitza den forma bat izan daitekeela uste da. Izen beraren hainbat aldaera egon daitezke (adibidez, Baigorix-renak edo Harauso-renak). Aldaera ezberdin horiek leku bereko aldareetan aurkitu izan dira batzuetan (adibidez, Alardos / Alardost, Cierp-Gauden) eta horrek adieraz dezake zailtasunak egon zirela akitaniar hizkuntzaren soinuak latinez transkribatzeko, baita latinezko deklinazioetara egokitzeko ere, edota, herritarrek latinaren ezagutza mugatua izan zutela, erromatartuenek barne.

Erromatarren jainko-jainkosenen asimilazioa

Hèches herrian aurkitu zen batere ohikoa ez den Jupiterren irudia.

Bertako jainko eta jainkosen gurtzak erromatarrek ezarri berri ziren jainko eta jainkosen gurtzarekin batera jarraitu zuen. Jainko eta jainkosa berri horiek erromatar jatorrikoak izan zitezkeen, edo erromatarren bereganatutako beste batzuk, besteak beste, ekialdeko jatorrikoak ziren Zibele eta Attis, eta Mitra.

Jupiter

Jupiter bertako jainkoa izango litzatekeen Beisirisserekin identifikatu izan zen; Ikerle batzuek, Auctor bonarum tempestatium ("eguraldi onak ematen dituena") gisa ezagutzen zen Jupiterren alderdirekin parekatu zela uste izan zuten [6], baina irakurketa hori ukatzen dute beste batzuek[7]. Atribuzio hori, dena den, egin zitzaion Jupiterri Akitanian, eta beste inon aurkitu ezin den atribuzioa da. Hèchesen, aldiz, Jupiter bat irudikatzen da gaztea eta bizarrik gabe, oso ez-ohikoa den irudia[8].

Beste jainko klasikoak

Marte tokiko jainkoei sarritan egokitu zen, honelako jainkoen izenekin batera agertzen baita: Leheren, Sutugius, Dahus, Arixo eta, beti ere Akitanian, baina Pirinioetatik kanpo, Lelhunnus jainkoa Landetan dagoen Airan (Aire-sur-l'Adour). Marteri eskainitako hilabetean hari eskainitako sakrifizioak ospatzen zen, urteko azken aldian, non eguraldia kaskartu zitekeen eta, beraz, elurte edo izotzaren aurkako laguntza eskatzeko sakrifizioak egiten ziren (kristauen artean, "Izotzaren Sainduen" garaia izaten zen: Mamerto Deuna, Pancras Deuna eta Serbatio Deuna, maiatzean ospatzen direnak. Olivier de Marliaveren arabera, gurtza horiek Prestous, Bacairols eta Ariègeko eta Andorrako Malevatseko tradizioen bidez iraun zuten[9]. Abellionek Apolo ordezkatzen bide du. Minerva, erromatar jainkosa, Belisamaren ezaugarrien azpian dago. Besteen artean, gehienak jainko edo jainkotutako izakiak edo lekuak dira: Dis Montibus, "mendietako jainko-jainkosak", tximista [10], iturriak, eta ninfa asko.

Irudiak

Jainko-jainkosen ikusizko irudikapenak erromatarren okupazioaren ondorengoak dira, jainkoak giza moduan irudikatzeko ohiturarik ez baitzuten, galiarrak bezala, eta Tazitok aipatzen dituen herri germaniarrak bezala ere: "Jainkoak harresietan kartzelaraztea, edo giza forman irudikatzea, duintasun eskasekoa da germaniarrentzat. Baso trinkoak, oihan ilunak, sagaratzen dituzte; eta, jainko-jainkosen izenpean, beren begiek ikusten ez duten horri euren errespetua eta gurtza adierazten diote leku bakarti eta misteriotsu horietan».[11]

Ondorengoak

Jainko-jainkosa zaharren oroitzapena pixkanaka desagertu zen bertakoen oroimenetik. XIX. mendean gertatu zen aldareen aurkikuntzak adituen arreta piztu zuen, baita poeta batzuena ere. Horietatik ezagunena José-Maria de Heredia da. Garona eta Pique ibaien artean dagoen Marignacen herrian zegoenean, inguruko aldareen berri izan zuela uste da, Les Trophées bildumako zenbait poematan horietako batzuei buruz ari baita. Hori da, bereziki, Le vœu olerkiaren kasua:

Aujourd'hui, comme aux jours d'Iscitt et d'Ilixon,
Les sources m'ont chanté leur divine chanson;
Le soufre fume encore à l'air pur des moraines.
C'est pourquoi, dans ces vers, accomplissant les vœux,
Tel qu'autrefois Hunnu, fils d'Ulohox, je veux
Dresser l'autel barbare aux Nymphes Souterraines.
"Gaur, Iscitt-en eta Ilixonen egunetan bezala, Iturriek abesti jainkotiarra kantatu didate; Sufreak oraindik ere morrenetako aire garbira isurtzen da. Horregatik, bertso hauetan, botoak betez, Lehen bezala, Hunnu, Ulohox-en semea, jaso nahi dut aldare barbaroa lurpeko ninfei."
Nistoseko eski estazioan jainkoen izenak eman dizkiete eski-pistei.

Beste olerki batzuk ere aipa daitezke: L'exilée (...Tu dresses des autels aux Monts hospitaliers / Dont les Dieux plus prochains te consolent de Rome), Le Dieu Hêtre, Aux Montagnes divines...

Bestalde, Abellio jainkoari izengoitia hartu zion Raymond Abellio idazleak.

Guregandik hurbilago, 1997an, jainko piriniar batek inspiratu zuen Philippe Ward idazlea Artahe eleberri fantastikoan: Pirinioetako herri txiki batean "Hartz jainko" honen gurtza betikotu egiten da kontakizunean.

Azkenik, Nistos neguko kirol estazioak, Domaine des dieux izendapena erabili izan du bere komunikazio kanpainetan eta pista nagusiek jainko-izenak dituzte: Ergé (Erge), Sylvain (Silvanus), Cybèle (Kibele), Abellio, Belisama, Ageion, Arixo eta Fagus.

Pirinioetako jainko-jainkosa nagusien zerrenda

Abellion jainkoaren irudikapena eta idazkuna. Akitaniar jiankoen irudi bakanetako bat da.

Grafia aldatu egin daiteke leku batetik bestera (adibidez, kontsonantea bikoiztea), eta deklinabideen auzia oraindik ez da konpondu; ezin izan da beti jakin izen batek amaieran duen bokal edo letra multzoa, latinezko deklinazioari zor zaion, akitanierazko balizko deklinazio bati edo izenaren erroaren parte den. Zerrenda horretan jainko-izenen transkribatzeko modua hurbilketa bat baino ez da.

Aurkitutako jainko-jainkosak

  • Abellio (edo Abellion), seguru asko kate pirenaikoko jainko garrantzitsuena, hamalau idazkunetan agertu da Garona Garaian herri hauetan: Aulon, Vilhèra/Billière, Bots/Boutx eta Boucou (Sauveterre-de-Commingeseko herrixka), Burgalays, Cardelhac, Fabas, Garin, Montauban-de-Luchonen, Saint-Aventin eta Saint-Béat. Leku horietan aurkitutako botozko aldare ugariek (eta batzuetan kontserbatu direnak, Saint Aventingo elizaren hormetan gertatu den bezala) agerian uzten dute haien kultuaren garrantzia. Teonimoaren jatorria, eta jainkoaren funtzioa, polemikoa da oraindik ere. Bigorren, Lesponne eta Oussouet haranen artean, Beliouko gurutzea dago. Alde batean aurpegi biribila du. Olivier de Marliave folkloristak Abellion jainkoari eskainitako aldare pagano zahar bat ikusten du gurutze horretan, nahiz eta beste ebidentziarik ez dagoen, kristau-ezarpenaren hasieran berriz tailatua gurutze forma emateko. Tradizioaren arabera, Millaris-en hilobia da, mitologia pirenaikoaren legendetan fundatzaileen artzaina.
  • Æreda: Siradanen lekukotasuna duen jainkoa (Garona Garaia).
  • Ageio(n): aldareak toki hauetan aurkitu zituzten: Asque/Asca-n, Beudian/Baudéan-en, Coume des Arésen (Esparrosko udalerria), Montéguten, Hèches udalerrian dagoen Rebouc herrixkan. Pirinio Garaietako Baroniak (Baronias Gasconas) eskualdean gurtzen zen tokiko jainkoa izan zen. Ageio pagus-aren (erromatarren administrazio-eremua) jainko babesle bihurtu zen, eta, ondoren, burdinaren metalurgiarena.[12][13]
  • Aherbelste: aldare bat aurkitu zuten Garona Garaian, baina jatorria galdu egin zen (Aulon edo Saint-Aventine edo, seguruenik, Landorthe). Etimologiarako euskal sustraiak proposatu dira: aker edo harri; eta belex / bels erroa, euskara beltza edo iberieraz beles (beltza). Aker beltzaren irudiak Deabruarena ekartzen digu gogora. Aherbelste izenean Larbost toponimoaren jatorria ikusi nahi izan da.
  • Alardos: Valcabrèren eta Cierp-Gauden.
  • Alardostus: Cierp-Gauden. Ez dakigu jainko hori Alar jainkoarekin identifika daitekeen, beste horren aldarea Cierp-Gauden bertan aurkitu baitzen.
  • Algassis: Galienen (Garona Garaia).
  • Ande, Andei edo Ander: Caumonten (Ariège) aurkitu zuten jainkosa honen aldarea. Raymond Lizopek, Andossus izenarekin egin bezala "Handi" hitzarekin erlazioa ikusi zuen.
  • Andos, Aniendo, Andossus: termino hori ez da inoiz bakarrik aurkitzen, baizik eta beste jainko baten izenarekin lotuta beti, hala nola Herkules jainko erromatarra Saint-Élix-Theuxen (Gers) eta Narbonan (Aude) edo Basce jainko piriniarra Mellesen (Garona Garaia) (ikus Basce beherago). Horregatik uste da, jainkotasun baten izena baino gehiago, epiklesi bat dela (jainkozko tasun bat deskribatzen duen epitetoa), Herkulesek zein Bascek izango zutena. Antzinako Akitanian pertsona-izen zabalduenetako bat ere bada Andossus, modu sinplean edo konposatuan, eta horregatik agertzen da beste aldare batzuetan, eskaintza gisa. and- erroa jatorri eta esanahi ezberdinak dituen osagaia da eta Europa osoan aurki daitekeena. Bestalde, (h)andi euskal erroarekin lotuta egon daiteke eta bereaz, zaila da euskal edo indoeuroparra etimologien artean erabakitzea.
  • Arixo: Loudenviellen (Pirinio Garaiak). Marte jainkoarekin parekatua.  Agian jainkotutako haritz[14].
  • Arpenninus: Cardelhacen. Galierazko penn (mendiko punta) hitzarekin lotzen da. baliteke Iuppiter Apenninus-aren moldaketa izatea.
  • Arsilunnus: Argeinen (Ariège), Consorannien lurraldean. Beherago agertzen den Astoilunnus bezala, ez dakigu Ilunnusekin nahas daitekeen. Ikus Ilunnus.
  • Artahe, Artehe: bost eskaintza-aldare topatu ziren Saint-Pé-d'Ardet-en eta beste bat aurrekoaren ondoan dagoen Lurda udalerrian. Horrek adierazten du, han gertu, santutegi zahar bat egongo zela. Jainkoaren izena eta Ardet toponimoa elkarri lotuta egon daitezkeela esan da.  Jainko hau Hartzaren kultuarekin identifikatu da: euskarazko hartz izenarekin (Galiako zeltaz, "artos" ), baina arte zuhaitzarekin identifikatu izan da ere bai.
  • Astoilunnus: Saint-Béaten (Garona Garaia).
  • Baeserte: Gourdan-Polignanetik, gertu dagoen Seilhan udalerrian, Bazert auzoan. Euskal baso (edo basa, basati) hitzaren bidez esanahia eman diote hainbat ikertzailek. Aurkikuntza egin zen lekuaren izenak (Bazerteko Gurutzea, Bazert auzoa), jakina, jainko horrekin erlazionatzen dira. Aldarearen alboetan ez-ohiko ikonografia dago: basurde bat eta, ardo-anfora izan daitekeen irudi bat, eta ez gehienetan tailatzen zen libazio-edalontzi bat. Horrek ehizarekin eta ardoarekin lotutako errituzko bankete zelta gisa ulertu izan dute ikerlariek, eta ez, erromatar erara egindako gurtza jarduera gisa.
  • Baiase: Bazus-Nesten (Pirinio Garaiak).[15] Berriro ere, teonimoa eta toponimoa hurbil daudela ikus daiteke.
  • Baiosis: Gourdan-Polignanera (Garona Garaian).[15]
  • Baigorix: Huosen; Baigoris: Balestan; Baicorrix: Montmajou herrixkan (Cier-de-Luchon); Buaicorix: Labarthe-Rivièren. Baigorri euskal toponimoarekin parekatzea onartzen da, ibai gorri etimologia emango lukeena.
  • Basce: Mellesen (Garona Garaian), izen hori Andossus -i lotuta dago. Agian izango da Bascer izenaren eta egungo Bachos toponimoaren arteko erlazioa egitea nahitaezkoa da. Erdi Aroko Vaxosio eta Baxosium toponimoen eta Vaxus teonimoaren (ikus Vaxus) arteko harremana ere ikus daiteke. Hare gehiago, edo aranerazko badè / basè (lur malkartsua) edo euskal basoa hitzak ere teonimo honetatik gertu daudela ematen du.
  • Beisirisse: Cadéacen (Pirinio Garaiak), Jupiterrekin parekatua.[oh 2]
  • Belgo(n): Gazosten (Pirinio Garaiak). Uren jainkoa.
  • Boccus: Boccus Harauso, Boucou herrixkan, Sauveterre-de-Comminges udalerrian; Bocco Harouso Aulonen, eta Boucco Valentinen (Garona Garaian). Jainkoaren teonimoa Boucou herrixkaren toponimoan gordea da.  Bakorekin (Dionysos) edota Liber Pater italikoarekin parekatu izan da.
  • Boriennus: Anla/Anlarren (Pirinio Garaiak).[15]
  • Buaicorix: ikus Baigorix.
  • Carpentus: Huosen, Péguilhanen eta Sarrecaven (Garona Garaian). Haren izena karbanto delako sustrai zelta batetik etor liteke, "gurdia" esan nahi duena.
  • Dahus: Gourdan-Polignanen (Garona Garaian).[15] Marte jainkoarekin parekatua.
  • Eberri: Gensac-de-Boulognen (Garona Garaian).
  • Edelat: aldarearen jatorria galdu da. Benque, Eoux edo Montoulieu-Saint-Bernard izen daitezke, denak Garona Garaian.
  • Ele (edo Elhe): Eupen (Garona Garaian).
  • Erda: Créchets-en (Garona Garaian).
  • Erditse: Scaligerrek Tolosan ikusi zuen XVI. mendean, baina gaur egun desagertuta dago. Dena den, piriniar jatorri omen zuen.
  • Erge: jainko honen izenaren etimologia zalantzazkoa da. Montsériétik (Pirinio Garaiak) gertu santutegi garrantzitsu bat zegoen: brontzezko maskara eder bat aurkitu zen, Ergeri eskainitako hogei aldare baino gehiago, zazpi Marteri eta bat Jupiterri. Baina Leheren jainkoarekin gertatu ez bezala, Erge jainkoa ez da inoiz jainko erromatarren izenarekin nahastu[16]. Badirudi santutegitik gertu dauden egitura batzuk K.a. III. mendekoak direla, beste objektu asko I. eta II. mendekoak.
  • Erriape: Saint Béaten, 21 aldare aurkitu ziren 1946an Malh de las Higurasetik (aurpegien labarra) gertu, eta gaur egun Saint Bertrand de Commingeseko museoan gordeta daude. Mendiko jainkoa izan zitekeena, marmolen babesle bihurtu zela ematen du.
  • Expercennius: Catherviellen (Garona Garaian).
  • Fagus: Ladivert herrixkan Saint Béaten (Garona Garaian) eta Pirinio Garaietan, Tibiran-Jaunac eta Generest artean. Fagus latinezko pagoa da. Sexsarbor bezala, izen horrek, ezbairik gabe, Pirinioetako jainko baten izenaren latinezko itzulpena da, edo tokiko mundu erlijiosoaren berezko kontzeptu baten interpretazioa.
  • Garre: Shaumen eta Cierp-Gauden (Garona Garaian). Jainkoaren eta Pic du Gar izenen arteko lotura egon daiteke (Garraux toponimoa ere daukagu gailur horren oinean), baina, hala ere, ezerk ez du bermatzen Garre hau mendi jainkotua izango zenik. Etimologiarako, euskara modernoari hurbiltzeko saiakerak ez direla oso sinesgarriak esan izan da.
  • Harauso edo Harouso: ikus Boccus .
  • Herauscorritsehe: Zuberoako Atarratzek-Sorholuzeko Maidalena ermitaren horman.
  • Horolat: Shaumen (Garona Garaian).
  • Idiatte: Saint-Pé-d'Ardet-en
  • Ilixo(n): Banhèras de Luishon/Bagnères-de-Luchon eta Montauban-de-Luchonen (Garona Garaian). Luishon toponimoa bera, Onesii-ek gurtzen zuten jainko honen izenaren bilakaera da. Aldare bakarra aurkitu zuten erromatar termak egon ziren gunean bertan. Hori dela eta, iturrien eta osasunaren jainkoa zela esan izan da, baina kontuan izan behar da terma horietan Ninfei eskainita zeudela aldare anitz.
  • Ilumber edo Ilumberris: Sent Biaten (Saint Béat) eta Sent Bertran de Comengen, Garona Garaian. Ezbairik gabe, jainko honen izenaren bigarren zatia "berria" esan nahi duen euskal berri hitzean agertzen da. Lehen zatiak Ilurberrixus, Iluron edo Ilurgorri teonimoetan dagoen ilur- erroa, edo Ilunnus-en agertzen den ilun- erroa darama . Etimologiarako, ikus Ilunnus eta Iluro(n).
  • Ilunnus: Banhèras de Luishonen eta Juzet-de-Luchonen; Ilunus: Montauban-de-Luchonen eta Cadéacen (Pirinio Garaiak); Ilun: Cierp-Gauden (edo Mellesen). Jainko honen izenean euskal etimologia ikusten da, ilun adjektiboa edo hil aditza, edo Iluro(n) iberiar sustraia, "hiria" esan nahi duena. Ilunnus en epiteto gisa ere erabiltzen da Narbonan.
  • Ilurberixus (edo Ilurberrix): Tibiran-Jaunacen (Pirinio Garaiak), Escunhaun-en[17] (Vielha e Mijaran udalerria, Arango harana), Sant Pere d'Escunhau elizako horman eta, zalantzarik gabe, Saint-Pé-d'Ardeten.[18]
  • Ilurgorri: Sariac-Magnoacen (Pirinio Garaiak).
  • Iluro(n): Mondilhanen (Garona Garaia). Jainko honen izena antzinako Iluro toponimotik gertu dago, eta Oloronen eta Louron haranaren jatorri etimologikoan dago, seguruenik. Toponimo hori Espainian ere badago, Bartzelonatik gertu Iluro zegoen, gaur egun Mataro udalerria, eta Malagatik gertu beste bat, Municipium Iluronensium, egungo Álora. Bi toponimo horiek iltur- / ildur- sustrai iberiko batetik datozela uste da. Euskal sustrai zahar bat ere proposatu izan da. Bi kasuetan, "hiria" esan nahi du.
  • Iscittus: Garinen (Garona Garaian)[19].
  • Kantae Niskae: Ekialdeko Pirinioetan dagoen Amelie-les-Bainseko terma-iturrien ninfak edo jainkosak izan daitezke. Niskae pluralezko forma da, singularrean Niska litzateke, eta euskal "neska" hitzarekin lotu izan da.
  • Lahe: jainkosa honi eskainitako bost aldare aurkitu zituzten Lougeren ibarrean, Alanen, Castelnau-Picampeaun, Franconen, Marignac-Laspeyresen, Sanan (denak Garona Garaian). Raymond Lizop-ek uren jainko zela uste zuen, inolako argudiorik gabe. Kofradia erlijioso bat Laheren babespean zegoen.
  • Larraso(n): bi inskripzio latino eta santutegi txiki bat aurkitu dira Alaric mendian aurkitu zituzten, Mouxetik gertu (Auden, Carkasonatik hego-ekialdera).[20] Gorrotxategik uste du Akitaniarren eremutik urrunegi dagoela eta izena euskararekin lotzeko etimologia arazoak daudela.
  • Leheren, Leherennus edo Leherenn: Hogei aldare Ardiège-n (Garona Garaian) eta beste bat Franqueviellen (Garona Garaian). Horrek pentsaarazten du jainko horri eskainitako santutegi bat egon zitekeela leku hauetatik gertu.[21]Leheren Marte jainkoarekiko asimilatu zen. Etimologiarako, euskararekin egin nahi izan diren hurbilketa deserosoak (lehena, lehena; leher, esplotatzea) oraindik ez dira oso sinesgarriak.. Gaur egun etimologia leher edo ler (pinua) hitzarekin azaltzen da.
  • Sexsarbor: "Sei zuhaitz" edo Sexs zuhaitz jainkoa gurtzen zuten Arbasten eta Montespanen (Garona Garaian).
  • Stolocus: Askan (Pirinio Garaiak).
  • Sutugius: Saint-Plancarden (Garona Garaian). Marte jainkoarekin parekatua.
  • Vaxus: Montauban-de-Luchonen (Garona Garaian).
  • Xuban: Arbasten (Garona Garaia).

Mapa

Aurkikuntza hauek mapan kokatuz gero, Garona ibaiaren goialdean duten dentsitatea ikus daiteke.

Asmatutako edo zalantzazko jainko-jainkosak

Lepontio legionario erromatarraren hilobiko estela, Estrasburgen aurkitua. Prosper Mérimée-k gaizki irakurri zuen eta Leherennus jainko piriniarraren aldarea zela uste zuen .

Aurkikuntzen zaletasunean, XIX. mendeko arkeologo askok, sarritan zaleak, latinaren irakurketa eta itzulpen oilkerrak egin zituzten, eta batzuetan jainko berriak ere asmatu zituzten. Hala, Pirinietako jainkoen zerrenda benetazko lekukatasunik ez zuten teonimoez bete zen.

  • Aceio: Ageio jainkoaren irakurketa txarra. Ikus Ageio.
  • Andli: Alejandro del Mègek Caumonteko aldarean dagoen idazkunaren irakurketa okerra. Berez, Ande jainkosari eskainita dago. Gainera, Heliodore Castillon d'Aspetek Bagnères-de-Luchonen zegoela esan zuen. Ikus Ande.
  • Agho: XVII. mendean Oihenartek gaizki irakurri zuen Asken aurkitutako aldare batean. Ikus Ageio.
  • Ardus: faltsutzea ala irakurketa okerra?
  • Armaston: Valcabrère-n omen zegoen aldarean; Alexadre du Mège-ren beste asmakizun bat.
  • Arteia: Artahe jainkoaren aldaera asmatua. Ikus Artahe.
  • Averanus: Alejandre du Mègek asmatutako jainkoa, Mellesen zegoela esan zuen.
  • Barka edo Barga: Du Mègeren beste jainko faltsu bat.
  • Cagiris, ikus Kagiri.
  • Dunsio edo Dunzio: irakurketa okerra.
  • Eviguris: irakurketa okerrra?
  • Helioucmoun edo Heliougmoun: Du Mège-ren asmakizuna izan daiteke.[oh 3]
  • Kagiri: Castillon de Aspetek XIX. mendearen erdialdea oker irakurri zuen Garona Garaiko Arguenosen dagoen hileta aldarea, bozka aldaretzat hartu zuena. Arkeologo amateurrak asmatutako jainko hori Pic de Cagireko jainkoa bihurtu zuen.
  • Lavictus edo Mars Lavictus: Pirinio Garaietan dagoen Pouzaceko aldare baten irakurketa okerra. Izatez, Mars Invictus-i (Marte garaiezinari) esakinia dago.
  • Lex: Les (Aragno haranean) herriari izena eman bide zion jainko hau faltsutzaile baten lana da.

Julián Sacazek Pirinioetako beste jainko faltsu asko aipatzen ditu, hala nola Eteioi (Du Mège-k Júpiterri eskainitako Saint-Béateko aldareko idazkunaz egin zuen irakurketa faltsua), Sir (Galiéren dagoen aldare batean agertzen den latinezko servus (esklabua) hitzaren irakurketa faltsua), Nardosion, Tuste, Arithras, Nethon, Teotan, Isornaus, Teixonox, Aplato, Aram, Sosoni, Belex, Serona, Souloumbrié[22], etab.


Oharrak

  1. Teonimoa: jainko edo jainkosa beten izena.
  2. CIL, XIII, 370 idazkuna honela irakurtzen da: I(ovi) O(ptimo) M(aximo) Beisirisse M. Val(erius) Potens V. S. L. M. Itzulpen proposamena: Jupiter Gorenari, Onenari, Beisirisseri (eskaintzen dio) M. Valerius Potensek, bere botoa betez, askatasunez eta gogo onez.
  3. De Mège-k zioenez, Ilargi-Eguzkitar jainko ezezagun horren botozko idazkun bat, zeinaren etimologia grekoaren eta germaniarraren nahasketa arraro bat baita, Martres-Tolosane-n aurkitu zuten, ez botozko aldare baten gainean, baizik eta zazpi izpiz eta ilargierdi batez apaindutako irudia zeraman pitxar baten gainean. Jakina, ezohiko objektu hori ez da inoiz aurkitu. Julien Sacazek esan zuen bezala: «publié par Du Mège, il est bien suspect.» (Du Mègek argitaratua, oso susmagarria da.)

Erreferentziak

  1. Joseph Pouy-Fourca de Parra-ren, "Prieuré d'Aruse" artikuluan ( Mosaïque du Midi, I. lib.,‎ 1837, 98-100 or. (online irakurri) xehetasunez deskribatzen ditu Cier-en egindako eraikin baten aurriak eta hainbat jainkori eskainitako botozko-aldareak; besteak beste, Mars Leherenn-i.
  2. «...Ardiègeko herrian aurkitutako monumentu horiek (...) ikusnahi batek hartu, eta ondoren uharri edo oztopo batean apurtu zen baltsa edo almadia batean eraman zituen." Alexandre du Mège, hemen aipatua: Barry, Le dieu Leherenn d'Ardiège, 10. or.
  3. Valentine Saint-Gaudens ondoan dago.
  4. H. Castillon d'Aspet, Histoire de Bagnères de Luchon et des vallées environnantes, Tolosa- Saint-Gaudens, 1851, berrinprimaketa Éché, Tolosa, 1982.
  5. Robert Sablayrolles, Marie-Laure Maraval eta Francis Dieulafait. "La religion", Pyrénées antiques – L’occupation de la haute vallée de la Garonne à l’époque romaine , Tolosako unibertsitatea.
  6. "Inscription de Lescure, en Couserans", hemen: Olivier de Marliave, Panthéon pyrénéen.
  7. Gorrotxatregi Txurruka, Joakin: "Sobre la romanización religiosa en los Pirineos". Veleia, 24-25, 2007-2008.
  8. Jean-Luc Schenck-David: "Jupiter chez les Convènes (Pyrénées centrales) dieu romain ou dieu aquitain?" hemen: Marie-Odile Charles-Laforge: Les religions dans le monde romain. https://books.openedition.org/apu/805. 95-132 or.
  9. Olivier de Marliave, Panthéon pyrénéen, 24. or.
  10. 2006ko L'Année Epigraphique-n, 809. zenbakian, Fulguri Deo idazkun bat aipatzen du Pouzac-en.
  11. Tazito, De origine et situ Germanorum liber, IX.
  12. Rodriguez eta Sablayrolles, 2008, 104. eta 215. or.
  13. Agitxu Beyrie, Jean-Marc Fabre, Robert Sablayrolles. "Les hommes de fer du dieu Ageio. Exploitation antique du fer dans les Hautes Baronnies (Hautes-Pyrénées)", Gallia, 57,‎ 2000, CNRS editions. Paris. 37-52 or. (on-line irakur daiteke).
  14. (Gaztelaniaz) Gorrotxategi Txurruca, Joaquín. (1984). Estudio sobre la onomástica indígena de Aquitania. Euskal Herriko Unibertsitatea, 307 or. ISBN 8475850138..
  15. Ikusi eskemak hemen: Rodriguez eta Sablayrolles 2008, 30-31. or.
  16. Rodriguez eta Sablayrolles. 2008. 106-108 or.
  17. CIL XIII 23 = IRC II, 61
  18. I[lu]rberi / d[e]o honen erabera: L'année épigraphique 2006, 00807.
  19. (Frantsesez) Sablayrolles, Robert. (2009-03-01). «De l’inscription d’Hasparren aux régionalismes : le particularisme aquitain, réalités du terrain et écritures des histoires» Anabases. Traditions et réceptions de l’Antiquité (9): 25–39.  doi:10.4000/anabases.310. ISSN 1774-4296. (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
  20. Michel Christol eta Gilbert Fédière. La présence italienne dans l'arrière-pays de Narbonne, hemen: Dialogues d'histoire ancienne, 25/1, 1999, Presses universitaires franc-comtoises, Université de Besançon, Centre de recherches d'histoire ancienne.
  21. A. E. Barry. Monographie du dieu Leherenn d'Ardiège, C. Rollin, Paris - E. Privat, Tolosa, 1859.
  22. Julien Sacaze, "Les Anciens dieux des Pyrénées, Nomenclature et distribution géographique", Revue de Comminges (Pyrénées Centrales). Bulletin de la Société des études du Comminges à Saint-Gaudens et de l'Académie Julien-Sacaze à Bagnères-de-Luchon, Saint-Gaudens, 1 lib.,‎ 1885, 222-224 or.


Bibliografia gehiago

  • Du Mège, Alexandre-Louis-Charles-André. Monumens religieux des Volces-Tectosages, des Garumni et des Convenae ou Fragmens de l'archéologie pyrénéenne, et recherches sur les antiquités du département de la Haute-Garonne. Recherches sur les Antiquités du département de la Haute-Garonne, Johanneau Alexandre, 1814.
  • Charles-Louis Frossard, Societé Ramond-en boletinean idati zituen komunikazioak:
    • Le paganisme dans les Hautes-Pyrénées, 163-173 or., 1870-4
    • Petits monuments ibéro-romains de Monsérié, 24-26 or., 1871-1
    • Le dieu Ergé, 74. or., 1871-3
  • Julien Sacazeren lanak:
    • Les Anciens dieux des Pyrénées, nomenclature et distribution géographique. Revue de Comminges (Saint-Gaudens) aldizkariaren laburpena, 28 or., 1885.
    • Inscriptions antiques des Pyrénées, Tolosa, Édouard Privat, coll. « Bibliothèque méridionale. 2e série, tome II », 1892, 576 p. (on-line irakurri). faksimile-berredizioa, ESPER, Tolosa, 1990 ISBN 2907211072.
    • Inscriptions antiques du Couserans, Tolosa, Édouard Privat, 1892, 28 or. faksimile-berredizioa, C. Lacour, Nîmes, 2001, (Rediviva).
  • Émile Espérandieu, Recueil général des bas-reliefs de la Gaule romaine, II lib.: Aquitaine, Imprimerie nationale, 1908 (on-line irakurri).
  • Robert Sablayrolles eta Argitxu Beyrie. Carte archéologique de la Gaule 31-2 : Le Comminges (Haute-Garonne), Paris, Académie des inscriptions et belles-lettres, Maison des sciences de l'homme-en edizioa, 2006, 516 or. (ISBN 978-2-87754-101-5, OCLC 173183453).
  • Laëtitia Rodriguez eta Robert Sablayrolles, Les autels votifs du musée Saint-Raymond, musée des Antiques de Toulouse: catalogue raisonné, Musée Saint-Raymond, Musée des Antiques de Toulouse, 2008, 285 or. (ISBN 978-2-909454-26-9).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.